Blogia
Landerren Txokoa

“ENAK oraindik badu balioa, ez duela balio zabaldu duten arren”

“ENAK oraindik badu balioa, ez duela balio zabaldu duten arren” Urtzi Ihitza Sainz bere Bilboko ENA Elkartean aurkitu genuen lagun batekin solasean Maiatzaren 9ko arratsalde triste hartan. Euskal Nortasun Agiria sortu zuen eta zer nolako ibilbidea izan duen eta daraman jakin nahi izan dugu. Harrera beroa egin zigun eta elkar aurkeztu ondoren, mahaiaren alde banatan eseri eta elkarrizketa hasi genuen.

Nolatan bururatu zitzaizun proiektu honetan sartzea?
Hasieran egin nuen kartoizko eredu bat, Euskal Nortasun Agiria izena mantentzen zuena eta 2000 ale banatu nituenean, 2 lagun euskaltzalek proposatu zidaten eredu hobeagotu, eta modernoago bat egitea, elkarte oso bat eratuz. Nik esan nuen zer edo zer sendoa izan behar zuela, zeren aurretik bazeuden 300 ale saldu barik eta horiek 60 000 pezeta ziren. Planteatu zen elkarte ireki bat egitea, euskaltzalea eta nik baietza eman nuen eta hor hasi ginen. 97ko urrian hasi ginen kontaktuan eta 97ko azaroaren 18an egin genuen 4-5 pertsonak lehen batzar formal eta ofiziala.

Aurreproiektua zuk egindakoa zen?
Dokumentuaren asmoa nirea da, baita elkarte bat eta milaka eta milaka zabaltzearen asmoa ere, hala ere, gauza praktikoa egitearen asmoa ez da nirea. 90. urtetan esaten nuen, lan hau HB bezalako batek egin zezakeela eta udal bakoitzean nolabaiteko bulego bat jarri eta hor ere egin. Baina ez zuten nahi, eta KAS-ek beste gauza ezberdin bat atera zuen kanpaina moduan. Urteak aurrera joanda, 95eko maiatzean atera nuen kartoizko eredu hori, ENA izenarekin, eta 2 urte eta erdi beranduago elkartea eratu genuen.

Ba al du beste aurrekaririk?
Esan dudan moduan, kartoiz egindako hori. Beste bat ere bai, 85ean eskuz egindako 2 edo 3 eredu. Hasieran ez ziren ezta plastifikatzen ere eta zeuden eginak zeloz. Honen jarraipen bezala, datorren urtean kartoizkoa eta plastifikatua. EAk gerra garaian atera zuen beste bat, Eusko Izat Agiria. Nik hau gero jakin izan nuen eta hor harreman bat izan zen, Euskal Nortasun Agiria-rekin.

Hori zuk bakarrik zeneukan?
Nik eta beste batek, hau dena 86. urtean, hirugarren bat egiteko asmoa ere bagenuen, baina tartean KASek Herritartasun Agiria atera zuen. Nik kartoizkoa lan egiten nuen aldizkari batean atera nuen, hau da, Urtziadarra euskara hutsezko aldizkarian. 95. urtean jada, nik inprentan ondo egindako kartoizko bat atera nuen eta bi mila inguru banatu.

Nola hasi zen hau?
Elkartea eratu genuen eta 1.en aurkezpen publikoa egin genuen lanean hasi eta urte eta hiru hilabetetara. Ordurako eginak genituen 300 dokumentu eta aurkezpenera 9 komunikabide ezberdin etorri ziren. Bitxikeri bezala esan behar, TeleBilbaok horren berri eman zuela, dokumentua erakutsi zuten, baina modu barregarri batean “un carné vasco” esanez. Hurrengo urtean, 1 999an, 3 000 egin genituen; eta hurrengoan, 2000an, 8 000; eta hurrengo urtean, 2001ean, 17 000 Garzoni esker (barreak); 2002an, ezker abertzaleko Udalbiltzak sortu zuen Nazio Aitorpenerako dokumentua eta 2000 inguru eta 2003an, ez gara ezta 2000ra ere heldu.

Horren azkar zabaltzeko laguntzarik edo izan duzue?
99an edo hasi ginen publikoki esaten, udalei eskatzen geniela dokumentuari ofizialtasuna deklaratzeko eta herritarrak dokumentua egitera bultzatzeko. Tartean izan zen Udalbiltzaren sorrera, eta han ere izan ginen kalean. Jarri ginen harremanetan eta esan beharra dago, kalean egonak garela 200 herritan. Guk argi genuen hasiera-hasieratik herritarren eta instituzioen partaidetza beharrezkoa zela honetarako.

Nola deskribatuko zenuke zuen lana? Zein helburu dituzue?
Ekimen herritarra eta euskaltzale bezala deskribatzen dut gure lana. Elkarte bezala bi helburu ditugu: lehenengo, euskal nortasunaren kontzientzia sakondu; hor sartzen den euskalduntasuna, abertzaletasuna, lurraldetasuna…kontzeptu horiek denak landu eta nortasunari inplikatuz. Hala ere, gu ez gara elkarte abertzale bat, euskaltzalea baizik, eta ekimen euskaltzalea bultzatzen dugu. Gero, argi dago gehienak abertzaleak direla, eta bereizi egin behar dira abertzale eta euskaltzale, Euskal Herrian milaka abertzale baitira erdaldun hutsak. Gure helburuak, euskaraz identifikatzearen beharretik datoz. Bigarren helburua, ENA agiria ahalik eta gehien egin, erabili, erabilarazi eta ofizialtasuna lortzea da.

Esan duzunean zuen helburuetako bat dela ENA erabili eta ofizialtasuna lortzea, horretarako ze bide proposatzen dituzu? Desobedientzia adibidez?
2000 urtean, ofizialtasuna eskatuz, eta eskaera orriak banatzeko eskatuz 680 eskutitz bidali genituen beste horrenbeste udaletara. Orain Udalbiltzakoak egiten ari direna, guk lehendik egina genuen. Beno, 680 eskutitz bidali genituen, eta horrek esan nahi du ikaragarrizko lana. Bermeoko udala izan zen 1.en udala ofizialtasuna ematen, eta garai hartan, Euskal Herritarrok ere alde zegoen. Bigarrena Lekeitio izan zen, gero Alonsotegi, Turtzioz, Aduna, Amoroto, Astigarraga, Sopuerta, Mendexa, Etxalar, Dima, Ea, Ubide Berriz eta Arruazu, hurrenez hurren. Beste 20 udalek, ez dute pleno bat egin baina esan digute praktikan onartzen dutela. Orduan, bidea hasita dagoenez, horrela jarraituko dugu. Tartean etorri zen Udalbiltzaren apurtzea, su-etenaren amaiera… Nire ustez, desobedientzia bideetako bat izan daiteke. Egia esan tratatu genuen, baina soluzioa ez da gutxi batzuk egitea. Konpromisoa beharrezkoa da. Ni pertsonalki desobedientzia zibilaren alde nago, baina ez 3 bakarrik bagara. Nik esan izan dut Batzar Nagusi batean DNIa erretzearena, baina ez zen onartu. 200 pertsona lortuko balira, ondo, baina ez bi.

Zer eragin izan zuen ezker abertzalearen Udalbiltzak zuen lanean?
2001 urtean 17 000 dokumentu egitetik, hurrengo urtean 2000 egitera pasa ginela. Izugarrizko eragin negatiboa gainera. Ez bakarrik ENArentzat, baizik eta milaka eta milaka herritarrentzat ere. Lehengoan irakurri nuen 41 000 dokumentu eginak dituztela, baina ez dagokigu guri haietaz hitz egitea. Gu Udalbiltza sortu zen egun berean, 666 hautetsi batu zirenean orain 5 urte, Iruñako Carlos III zineman ere egon ginen. Udalbiltzak “nortasun nazionala” izeneko batzorde bat zegoela jakin eta hurrengo astean hasi ginen beraiekin harremanetan egoteko gogoz faxak, oharrak, eskutitzak, mezuak…bidaliz, baina urte eta erdi pasa zen beraiekin batzartu arte.

Holako oinarrizko gauza batean ere ez batasunik egotea gizartearen isla dela uste al duzu?
Neurri handi batean bai, baina ez neurri geometriko batean. Batzuk uste zuten gu EAkoak ginela, beste batzuk uste zuten gu EAJkoak ginela, aldi berean, EAJkoek uste zuten gu ezker abertzalekoak ginela. Printzipio honekin eskema guztiak apurtzen dira. Guk dokumentua egiten diogu euskal herritarra den orori.. Orain partidu gehienak bustitzen dira herritartasunaren gai horrekin. EAJ, EA, Aralar, Zutik, Batasuna, baita Ezker Batua bera ere. Horren harira etorri ziren “ENA Egunak”.

Zer da ENA Eguna, eta zenbat ospatu dira?
Festa bat da eta urte bakoitzean gai bat aztertzen da. Denera 4 ospatu dira eta beti ENA ofiziala den udalerritan ospatzen dugu. Lehenengoa Bermeon ospatu zen eta 1000 pertsona bildu ziren. “Euskal herritartasuna” landu genuen partidu politikoak ez zirelako mugitzen gai honekin. Bigarrena, Etxalarren eta 300-400 pertsona bildu ziren. “Herritartasun bikoitza” tratatu genuen. Euskal Herrian bizi diren galegoak, euskaldunak dira eta galegoak aldi berean. Hirugarren eguna Alonsotegin izan zen. Bertan, %6a da euskalduna eta 40 pertsona etorri ziren. Ez genuen diru iturririk, eta “paperik gabekoak eta herritartasuna” gaia landu genuen. Saharaui bat, Kolonbiako beste bat eta beraiekin lan egin zuen abokatu bat izan genituen. Eta laugarrena eta azkena, Arruazun, Herritartasuna eta Europa. Nafarroako Sakanan, herri txikia da. Gainera, herri bakarra da ENA eta EHNA ofizialdu dituena. 55 bat pertsona bildu ginen.

Izan al duzu jazarpenik edo kriminalizaziorik Espainiar Estatuaren aldetik?
Jazarpen batzuk Estatuarenak baino okerragoak dira, baina beno, utz dezagun. 2000ko urriaren 5ean etorri ziren Garzonen 4 “lagun”, AEKren aurka egin zuten egun berean. Nik euskaraz hitz egiten nien eta haiek: “o me hablas en Castellano o te vienes con nosotros a Madrid”, baina ez nengoen beraiekin Madrilera bidaiatzeko prest, eta ez nuen heroiarena egin nahi. Esertzeko esan nien, baina presaka zirela esan zidaten. 2 orduz dena miatzen ibili ziren, ez zuten ezer aurkitu. Aurretik gu zelatatzen ibili ziren, eta bazihoaztenean, gazteleraz zegon paper bat sinatzeko eman zidaten eta euskaraz zegoen bat eskatzen nuela idatzi zutenean sinatu nuen. “Sabemos como te llamas, pero firma” esan zidan batek amaieran. Handik bi egunetara, semearekin oinez nindoala, ondoko kalean auto batean aurreko eguneko 2 poliziak ikusi nituen kaleko arropak jantzita oraindik zelatan. Bestalde, ENArako lanagatik, Asegurantza Sozialetik alta eman genuen lagun pare batek, eta gero jada ez zegoen dirurik eta kontua da, orain 1113 € eskatzen dizkidala Asegurantza Sozialak. Eta ezin zaio ordaindu, zeren kalerako elkarte euskaltzale bat bagara, jende guztiarekin izan behar dugu elkarte euskaltzale bat. Eta gogorra izan arren, pultso hau irabazi egin behar zaio nahiz eta ez daukagun dirurik eta gutxi garen. Eta berdin, udaletxearekin, eta Agentzia Tributariarekin, horiek paper guztia gazteleraz dituzte, eta ez dago inor horiei aurre egiteko. Bakarrik. Hizkuntza Behatokia dago, errekurtsoak bildu eta bidaliz.
Herri honek badaki gauzak eskatzen, gauzak ondo planteatzen, baina gero ez daki behar diren lekuetan bideratzen. Nik 25 urtez amnistia eskatzeagatik ez dut lortuko, abokatuengana jo beharko da, Europara, epaileengana, etab. arlo guztiak jorratuz. Baina kasu hau ezberdina da, nik planteatzen dudan hau ideologia mailako kontua izan daiteke. Ez dagola euskara hutsezko erakunde politikorik da nik planteatzen dudana. Euskararen aldeko aldarrikapenak egiten dira, baina ez dugu gauzetaz behar bezala euskaraz eztabaidatzen. Gutxi garela? Ez gara hain gutxi, ia 800 000 lagun. Ikaragarrizko mugimendu abertzalea daukagula kontutan hartuta, euskararen aldeko mugimendu erraldoia, kontua da ez dakigula hori aprobetxatzen. Eta aprobetxatzen dakitenak momentu honetan legez kanpo daude, Euskal Herritik kanpo hartutako erabaki batzuengatik gainera. Herri bat ezin da egon hainbeste gorabeheraren arabera. Erakunde sendoak sortzearen beharra badator honekin, zeren gure nahia beti izan da elkarte sendo bat egitea. Zeren gainera behin egunkarian, modu interesatu batean, atera zen: “eta gainera, ez dute desobedientzia zibilerako deia egiten”, baina hori ezin da testuingurutik atera. Batzutan aipatu izan dugu kaleak indar handia duela, baina indar hori neurtzen jakin behar dela. Gaur egun, indar handia egon daiteke kalean, eta hurrengo egunean ezer ez. Eta ni ez naiz atzo goizean jaioa. Badira modu zuzenagoak kalean borrokatutako gauzak lortzeko.

Bai, egia da hori, zeren ni denda hontara etorri nintzen arte uste nuen jada ENAk ez zuela baliorik, eta EHNA egin behar zela…Ba balioa badu, guk eman nahi dioguna lehenengo, eta bigarren 55 000 herritarrak bizi dira ofiziala den udalerri horietan. EHko populazioaren %2a bizi den udaletan da ofiziala dokumentua. “Besteena” ez da ofizialagoa. Urtebetez ofizial izan zen udalerri gehiagotan, baina gero ilegalizazioa etorri zen eta orain, teorian bada, baina praktikan ez. Eta gurean antzera, aritu izan direla indarrak ahultzen. Orain atera dira kartzelatik Loren Arkoxa eta hau eta beste, eta Udalbiltza berrosatu eta berrindartuko da, baina ez dira 2 Udalbiltzak elkartuko ETA tartean dagoelako. Nik ez dut ez alde ez aurka hitz egingo, hori beste kontu bat da. Gu egon gara 2 Udalbiltzekin eta EA eta EAJren Udalbiltzak argi esaten du ETA tartean badago ez dagoela ezer egiterik. Eta alde biek dute arrazoi pixka bat. Gatazkan gauden edozein lekuetan 2 aldeek dute arrazoi pixka bat, nahiz eta batzuk agian besteek baino gehiago izan. Baina kontua da, gure lana oso zehatza dela eta guztiei esaten diegu hori. Ibarretxerekin hitz egin nahian gabiltza urte betez, plan bat egin du eta euskal nortasuna juridikoki jasota egotea gauza zuzena da.

Ibarretxe Planak euskal nortasun nazionalaz mintzo denean zer eragin izan dezake ENAgan?
Hori batek daki.

Eta estatu mailan?
Catalunyan ere ari dira autonomi berri batez solasean, eta suposatzen dut beraiek ere nahiko dutela beren nazio aitormena eta guzti hau. Aurretik beste gauza bat esan behar da, guk hasieratik Euskal Nortasun Agiria deitu izan diogula, baina praktikan herritartasuna ari garela lantzen, eta gehiegi ulertzen ez duen jendeak hori oso ondo onartu du. Zer eragin izango duen? Ez dakigu hau noraino iritsiko den, heltzen bada nonbaitera. Baina guri dagokiguna da hau eskaini diogun jendeak hau erabil dezala bestea balitz bezala. Guk lantzen dugun gaiari buruz, ari gara prestatzen hurrengo liburua izango dena, titulua: “euskal herritartasunaren atarian”. Hor jasoko dugu guk urte hauetan landutakoa eta dauden nolabaiteko proposamenak: nazio aitorpena, Ibarretxeren plana, Ezker Batuaren proposamena…

Helburu hau lortuko balitz zuen lana Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko prest zeundekete?
Hori zientzia fikzioa da. Guk berez, Udalbiltza egin zenean, publikoki esan genien, honelako dokumentu bat egiteko asmoa azalduko balute, guk beren esku utziko genukeela gure lana; hori esana eta idatzita dago. Orduan, Batasunako Udalbiltzak hori esan izana aurpegiratu izan digu, “Udalbiltzak hau egitea erabaki du, beraz, utzi zuen lana gure esku”, baina gauzak guztiz aldatuak ziren. 1 800 hautetsi izatetik, 700 izatera paseak ziren. Gu bertan egon ginen bozkatu zen egunean eta askok ez dute jakin zeri eman zioten botoa, bizpahiru kontzejalekin hitz egin nuen gero eta “naziotasunari” eman ziotela eta hau eta ENA gauza bera ez ote zen galdetu zidaten. Askok ez zuten jakin zeri eman zioten botoa Kursalean 2001eko otsailaren 24an. Hauek zer edo zer egiterako 2-3 urte pasa daitezke, eta herri honetan 2-3 urtetan gauzak asko aldatzen dira.
Gu gure alor txiki honetan, eraikuntza nazionala lantzen ari gara.

Amaitzeko, gainontzeko herriekin zer nolako erlazioa izan duzu?
Kantabriakoekin harremanetan jarriak gara eta poliki-poliki ari garen arren, laguntzen ari gara. Catalunyan bada eredu zahar bat, indarrean dagoena eta 70 000 ale banatuak dituenak. Egonak gara hau eramaten duen 92 urteko gizonarekin harremanetan, eta irrikitan geunden ENA Egunera etor zedin, baina adinagatik ezin zuela etorri esan zigun. ENA egin nahi izan zuen baina ez da hemen bizi, ez da hemen jaioa, gurasoak kataluniarrak dira… ba ezin izan genion egin. Hauekin harremanetan gaude. Berez eredu hau egiten laguntzen dugu, eskaera orriak banatzen laguntzen diegu.

Unibertsitaterako lan bat. 2004ko martxoan egina Bilbon

0 comentarios