Blogia
Landerren Txokoa

Hegoa ez dagoenean hain urrun

Hegoa ez dagoenean hain urrun Donostian urriaren 15ean ekin zieten ‘Hegora Hurbilduz’ ikastaroei, duela lau urte hasi zuten bideari jarraituz. Aloña Bracerasekin aritu gara hizketan eta berak azaldu dizkigu ikastaroaren nondik-norakoak.

Ikastaroak urriaren 15etik abenduaren 17ra izango dira eta orotara 72 ordu, gazteleraz. Asteburuetan izaten dira hitzaldiak eta 20 € balio du inskripzioak. Aloña ez da Alboan taldeko kidea, soilik ‘Hegora Hurbilduz’ ikastaroan ari da parte hartzen. Kritiko hasi du elkarrizketa: “jendea kooperazioaren alde dago, hala ere, jendeari ezin zaio ezer ere eskatu, ez baitago lan egiteko prest; horregatik egiten ditugu ikastaro hauek, ea kontzientzia pixka bat ukitzen diegun”.

40 pertsonako taldea joaten da eta adin-tartea 20 eta 60 urte artekoa da, gehienak noiz edo noiz bolondres-munduarekin zer ikusirik izan dutenak; baina hala ere, badira besterik gabe, esperientziarik izan gabe, gainontzekoen bizipenak entzunez garapenaz eta herritartasunaz ikastera joan direnak. Aurtengo taldea “oso partehartzailea” delako pozik dago Braceras, beste batzuetan gertatu izan baitzaie talde interesatua bai, baina hitzaldia bukatzean ixil-ixilik geratzea denak. Orain arte, Bilbon egin zituzten aurreko edizioak, baina aurten Donostiara aldatzea erabaki dute, inolako arrazoi indartsurik gabe, “probatzeko”. Donostiako San Inazio eskolan kokatu dira.

Adibide gisa, herritartasuna hartuz, jendeak gaiaz hitz egiten du, baina hitz horrek zer esan nahi duen ez dakiela uste dute Alboanekoek. Kontzeptu honek lankidetzarekin, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko eta hiritar bakoitzarekin duen harremana bezalako puntuak jorratzen dituzte ‘Hegora Hurbilduz’ ikastaroan.

Herritar izateak munduan duen erantzukizunaz ohartzea da antolatzaileen ustez. “Egiturak, portaerak, bizimoldeak eta abar kritikatzeak pertsonen protagonismoa berreskuratzea adierazten du, nahi dugun gizartea eta mundua eraikitzen denok parte hartzeko”.

IKASTAROAREN EGITARAUAZ

Ikastaro honekin, antolatzaileek Ipar-Hego erlazioei buruz pentsa arazi nahi dute hiritarra, aldaketarako esperientziak, lekukotasunak, kontzeptuak, baliabide eta lanabesak emanez. Helburua, garapenari, lankidetzari eta borondatezko esperientziari lotutako gaietan trebatzea da.

Hiru multzotan banatu dute ikastaroa. Lehena, ‘Ni multzoa’ eta bertan hiritarron erantzukizunaz hitz egingo dute. Alboan taldeko hezi eta boluntariotza arloa arduratuko da herritartasunaz, parte-hartzeaz eta borondatezko langileez hitz egiteaz, eta hau gutxi balitz, mahai-inguru bat ere egin dute hainbat boluntarioren esperientziak azalduz.

Bigarren taldea ‘Zu multzoa’ da eta mundu berri bat eraikitzeko ildoak zehaztea izango du helburu. Bolondres munduan esperientzia duten hiru hizlari ekarri dituzte sail honetarako. Luis Guridi garapenaz, kontzeptuaz eta honen bilakaeraz, Juan Pagola Komunikazioaz, Garapenaz eta GGKEz eta Beatriz Zalacain Jabekunta eta generoaz mundu globalizatu honetan. Multzo honetako azken puntu bezala, ekonomiaren, politikaren, gizartearen eta kulturaren globalizazioaz hitz egingo dute.

Azken taldea ‘Elkargunea Multzoa’ izango da, aldaketarako arrasto eta iradokizunei buruz. Azken multzo honetan, besteak beste, kulturen arteko harremanez hitz egingo dute, gizartearen partaidetza bultzatzeko informazio eta baliabideez, eta Gernika Gogoratu taldekoak gatazkak nola maneiatuz ariko dira.

Pixka bat sakontzea eta aldaketa laguntzeko gogoetetara, esperientzietara, bizipenetara, baliabideetara eta tresnetara gehiago hurbiltzea interesatuko litzaioken publikoari zuzenduta dago ikastaroa. Baina jada ezin daiteke inor sartu, okupatuak baitaude leku guztiak, eta gainera, zerrenda bat dago oraindik, beraz, garapenerako lankidetzaren hastapenei buruzko ikastaro honetan interesa lukeen edonork hurrengo urtera arte itxaron beharko du.

0 comentarios