Blogia
Landerren Txokoa

Europa zure eskuetan

Europa zure eskuetan INTER-RAIL Bidaiatu zeure kabuz

Azterketak eta bestelakoak amaitzear direla, oporretan du burua gazte askok. Bidaiatzea da gehienen ametsa, baina dirua izaten da oztopo. Inter-rail delakoak bidaia luzeak oso modu onean egiteko aukera ematen du.

Laster dator uda. Eta, jendea udarako planak egiten ari den honetan, gazteen artean arrakasta duen bat aukeratu dugu: Inter-rail; Europan barrena lagunekin trenean hilabete inguru, inoiz imajinatu ere egingo ez zenituzkeen lekuak bisitatuz, gurasorik gabe bizirik irauteko gai garela demostratzeko aukera itzela.

http://www.inter-rail.org helbidean informazio ugari dago. Baina, nolabait laburbiltzeko, Europa hainbat gunetan bereizia dute, eta zenbat eta gune gehiagorako hartu, orduan eta garestiagoa da bidai txartela. Bidai txartel horrekin doan ibil zaitezke guneko tren guztietan, baina trena erreserbatzea ordaindu egin behar izaten da batzuetan. Hala ere, ez da garestia izaten. Gune bat edo batzuk hartuz, horietatik kanpoko trenetan %50a ordaintzen da. Aurreko urteekin konparatuz, prezioak %10 jaitsi dituzte.

Garrantzitsuena ilusioa izatea eta zurekin norabait joan nahi duen lagun pare bat aurkitzea da. Jendea mugitzea zaila izaten denez, lauko taldea talde perfektua da, trenean askotan konpartimentuan launaka joan behar izaten baita, logela aurkitzeko zenbaki polita baita eta edozein gauza egitekotan ere binaka egin baitaiteke.

Bidaia prestatzeko:

1 Argazki makina, inongo dudarik gabe. Oso gutxitan izango duzu joango zaren lekukoak bezalako paisaiak aurkitzeko aukera.

2 Bidaia antolatzean, kontuan hartu noiz diren asteburuak eta non egon nahi zenukeen ostiral eta larunbatetan.

3 Liburu bat gutxienez. Trenean ordu asko pasatu behar dira, eta hitz egiteko gaiak amaitzen direnean, ongi etortzen da liburu bat eskura izatea, nahiz eta literaturarako zaletasunik ez izan.

4 Musika entzuteko discman batek eta ordenagailuko bi bozgoragailuk asko anima ditzakete arratsalde eta gauean atera aurreko orduak.

5 Betetzea zaila den arren, inter-raileko eguneroko bat idazteko koaderno eta karpeta; bueltan dena buruan izaten den arren, milaka pasadizo izaten dira hilabete batean eta gauzak ahaztea pena handia izaten da.

6 Karta joko bat eraman, askotan tren-itxoiten denbora egin behar izaten baita eta karta jokoak une galdu asko salba baititzake. Pilota bat, jolasteko.

7 Maleta gurpilduna eramatea gomendio
ona da, askotan bizkarreko motxila handi horiek nekagarriak izaten baitira eta ez hain erosoak azpian duzun zerbait atera nahi izanez gero.

8 Gehienetan, honelako bidaietan onena bidaia prestatzeko unean izaten den ilusio eta gogoa izaten da. Benetan merezi du.

Inter-raileko aukera bat:
Euskal Herria - Italia - Kroazia - Eslovenia - Kroazia - Italia - Suitza - Euskal Herria

Hilabete inguru. Gune guztietako txartela. Gutxi gorabeherako prezioa: 1.200 euro, txartela barne. Hemengo proposamena ideia bat egiteko da. Bidaia polita egiteko leku bakoitzean zenbat egun gomendatzen dizkizugun jarri dugu.Irten Euskal Herritik eta lo egin trenean.

Florentzia (3 gau)
Bidaiako lehen geltokia. Trenean hainbeste ordu pasatu ostean hiri eder honetara iristea gozagarria da. Hiri turistikoa da eta artelanez josia dago. Oso polita. Gau giroa, batez ere, alde zaharreko tabernetan eta diskoteketan dago. Tabernak 03:00etan ixten dituzte, eta diskotekak, geroago. Pisa hiria trenean ordubetera dagoenez, egun-pasa hara joatea ez da plan txarra egun baterako. Hirian bertan Daviden eskultura famatua kalean dago, denen bistan. Katedrala eta Ponte Vecchio (zubi baten gainean dena etxetxoak eta etxetxo horiek guztiak bitxi dendak dira). Ez da hiri merkea eta Youth Hostel egokia dauka.

Erroma (2 gau)
Bigarren geltokia, munduko hiriburua izan zena. Koliseoa, Foru Erromatarra, Espainia Plaza... Zer ez dago ikusteko! Egitura arkeologikoz beteriko hiri handi bat denez, autobus turistikoa hartzea merezi du, nahiz eta 13 € balio, bestela ezin baita dena ikusi eta ulertu zer den gauza bakoitza. Gauean, 02:00etan ixten dituzte tabernak aste barruan; eta asteburuetan, 04:00etan. Jendea plazan geratzen da, zerbait hartu eta gero tabernetara joateko. Giro polita izaten da gauean, baina, tabernak goiz ixten dituztenez, ez da ohikoa diru asko xahutzea. Lo egiteko lekua, nahiz eta pixka bat kosta, azkenean aurkitu egiten da. Oharra: tren geltoki kanpoan dirulapurrak ibiltzen dira eta bizkarreko motxilako patrika txikian ez sartu dirua.
Barira joan eta han ferrya hartu, Kroaziara pasatzeko. 35 € balio du.

Dubrovnik (4 gau)
Gaua trenean igaro ondoren, ilusio ikaragarria sortzen duen hiria. Fantasiako hiria da, benetan ikusgarria. Ferrytik jaistean hango jendeak harrera beroa egiteko ohitura du, eta beren etxeak alokatzen dituzte. Ikaragarrizko giroa alde zaharrean. Tabernak 07:00etan ixten dituzte.
Ikusi beharrekoa: Egun-pasarako barku bat hartu inguruko uharteetatik ibiltzeko (bidaiako gauzarik ederrena). Harresian ibili.
Prezioa: merkea
Lo egiteko lekua: Jendeak bere etxea eskainiko dizue, oso prezio merkean. Beraz, ez eraman ezer hartuta.

Makarska (3 gau)
Herri txikia da, baina polita, udatiar eta gazte jende asko dabilena. Hango gau giroa da Kroaziako sonatuena. Jendetza handiak, hondartzetan aire libreko festak…
Kilometro askoko hondartza bat du, eta atzean ikaragarrizko mendia. Atentzioa ematen du. Lekurik merkeena da. Han ere jendeak bere etxea oso prezio merkean eskaintzen du. Beraz, alokaturik ezer ez hartuta eramatea onena. Hondartzan jarduera asko egiten dira, baina gomendagarriena, barkuei lotutako donutsak. Lagunekin izateko esperientzia polita da.

Split (3 gau)
Besteekin konparatuz, hiria handia da, eta zati batzuk, industrialak. Portu garrantzitsua du, eta alde zaharra dotorea da. Han ere jendeak etxea eskaintzen du. Gauetan jende asko ibiltzen da, eta tabernak 06:00etan ixten dituzte. Portuko kafetegi eta tabernak gauetan diskoteka bilakatzen dira.
Spliten trena hartu eta gaua trenean pasatu ostean, Zagreben esnatu.

Zagreb (1/0 gau)
Zati batzuk eraberritzen ari diren arren, hiria zaharkitu samarra dago, oro har. Udan kroaziarrak kostara joaten direnez, ez dago giro handirik. Jaarun aintzira, katedrala eta zentroa politak dira. Aste barruan ez dago girorik gauean, eta asteburuetan aipatutako aintziraren inguruan tabernak 05:00ak arte daude zabalik. Lo egiteko, Youth Hostel-a zaharkitu eta zikina da.
Oharra: Bidaiako lekuren bat kendu nahi izanez gero, hau kentzea gomendatzen dugu. Udan kroaziarrak kostara joaten direnez, ez dago ez giro ez ezer ikusteko.

Ljubljana (2 gau)
Oso hiri polita da Esloveniako hiriburua. Oso txukuna da eta eraberritua dute. 300 mila biztanle ditu hiriak. Erdi-erdian dagoen mendixkako gaztelua eta hiriaren erdigunea oso politak dira. Gau giroa diskoteketan oinarritzen da eta jende asko ibiltzen da. Hango jendea oso adeitsua eta jatorra da. Lo egiteko, Youth Hostel dotoreak daude. Bitxikeria gisa, euskaldun izatea oso gauza ontzat ikusten dute, eta hango jendeak gauetan euskaldun direla esaten omen duenez, euskaldunei ere ez diete sinesten benetakoak direla.

Pula (3 gau)
Berriz ere kostara itzuliz, herri polita da hau. Italiar giroa dago, mugatik gertu baitago. Koliseoa, hondartza eta alde zaharra ikusgarriak dira. Gauetan, ondoko herrira joaten da jendea autobusez, Medulin herrira, eta herri hartan diskoteka besterik ez dago. Jende asko ibiltzen da hemen, horretarako dago prestatua. Youth Hostel-a hondartzan bertan dago. Bungalowetan egiten da lo, eta, aurretik ordaindu behar den arren, gomendagarria da hartzea. Hemen ere, egun-pasarako barkuak antolatzen dituzte eta, ahal izanez gero, hartu barku bat lagun-taldearentzat soilik.

Venezia (2 gau)
Berriz ere Italiara bueltan, hiri ezagun, polit eta ametsetakoa. Filmetan bezalakoa. Hala ere, oso garestia da. Ez dute ezta hiriko mapa oparitzen ere eta, adibide gisa, kafe batek San Marko plazan 10 € balio ditu. Ez dago gau girorik, alde batetik bestera ibiltzen diren barku-busak gauean gelditu egiten direlako, eta ateraz gero, bueltatzerik ez dago. Ikusi beharrekoa da San Marko plaza. Turista mordoa ibiltzen da han. Youth Hostel-a gaueko 11:00etan ixten dute, eta gela bakoitzean 20 pertsona inguru sartzen dira.
Goizean goiz trena hartu, eta eguerdirako Milanen (Italia)

Milan (0 gau)
Modaren hiriburua. Polita, baina oso handia. Duomo katedral txundigarriaz gain, denda famatuak dauden gunea eta futbol zelaia ikustea gomendatzen da. Tren geltokia artelan bat da, ikusgarria. Garesti samarra den hiri honetan dirulapurrak ibiltzen dira. Beraz, kontuz.
Gaua trenean pasatu eta Bernan esnatu (Suitza).

Berna (0 gau)
Bankuen hiriburua. Oso hiri polit eta zaindua. Aarne ibaiak korronte oso handia du eta jendea bertan bainatzen da. Parlamentua oso ederra da eta plaza batean hartzak daude. Horiek ikusi ostean, atseden hartzeko igerilekuak dauden parke publikoan eguna pasatuz azken eguna aprobetxatzea polita da. Prezio aldetik garestia da, eta hango txokolateak famatuak dira. Lo egin nahi izanez gero, Youth Hostel-a ere badago.
Gaua trenean pasatu eta Euskal Herrira iritsi.

GUZTIRA, 28 gau eta mila oroitzapen.

0 comentarios