Blogia
Landerren Txokoa

Joxe Antonio Agirre Lekube

Joxe Antonio Agirre Lekube Jose Antonio Agirre Lekube edo Agirre ta Lekube’tar Joseba Andoni 1904ko martxoaren 6an jaio zen Bilbon, Alde Zaharraren bihotzean. Aita Teodoro Agirre bergararra zuen eta ama Bernardina Lekube mutrikuarra. Hamar anai-arrebetatik zaharrena zen eta gizartean leku eroso bat zutela esan dezakegu bere aitaren ofizioa (abokatua) eta txokolate enpresa batean zuen postuagatik. Teodoro Agirrek Sabino Aranaren aurkako epaiketa batean defentsa lanak egin zituen, euskal nazionalismoaren aitzindariak AEBtako lehendakaria zoriondu zuelako hauek Kuba Espainiatik independentizatzeko orduan jokatu zuten paperagatik.

Lehen Lehendakari izango zenaren gurasoak euskaldun eta abertzaleak ziren eta lehen urteak Bilboko lehen ikastolan matrikulatu zuten, Plaza Berrian. Musika ikasi zuen, bizitza osoan lagunduko zion afizioa dudarik gabe, eta gainera, kirolari handia izan zen: arraunlaria, pelotaria eta modu nabarmenean, futbolaria, Athletic de Bilbao taldeko aurrelaria izan baitzen, Espainiako txapeldun izatera helduko zelarik.

Zuzenbidea ikasi zuen Jose Antonio Agirrek, baina bere ikasketekin etxeko ardura gurutzatu zen, aita berak 16 urte zituela hil baitzitzaion, eta seme zaharrenaren papera jokatuz, familiako negozioez eta amari laguntzeaz arduratu beharra tokatu zitzaion.

Aitor Zuberogoitiak Agirre liburuan oso ongi azaltzen du nola gazte-gaztetandik ikasi zuen erantzukizunen zama sorbalda gainera eramaten. Amarekin batera arduratu behar izan zuen Chocolates Aguirre izenpean sendiak zuen negozioaz. Abokatu titulua hogeita bat urterekin atera zuen eta soldaduska egin behar izan zuen hurrengo urtean Bilbon. Bukatzean, Esteban Bilbao abokatuaren bulegoan hasi bazen ere, segituan bere bulegoa ireki zuen.

Oso gazte hasi zen Agirre politikan, Primo de Riveraren diktaduraren azken urteetan, 1930. urtean, 25 urte zituela. 26 urterekin Getxoko Alkate izango da, 27 urterekin Madrilgo Korteetan Diputatu eta 32 urterekin Lehendakari. 1936ko urriaren 7an izendatu zuten Lehendakari eta Frente Popularreko partaideekin lehen Eusko Jaurlaritza eratzeaz arduratu zen: Partidu Sozialista, Partidu Komunista, Partidu Ezkertiar Errepublikanoa, ANV eta EAJ/PNV.
“Gobernuburu zela, Europako aliatuen batasun politikora hurbildu zen, ordena publikoa mantendu, eliz ospakizunak berrezarri eta gudariak eta miliziak antolatu zituen; Euskal Unibertsitatea ere sortu zuen. Bilbo Francoren eskuetan erortzear zegoela, Turtzioz-era eta handik Kantabriara joan zen Euzko Gudarosteko buruekin batera (1937); Miarritze, Paris eta Bartzelonara izan ziren hurrengo pausoak. Bartzelona ere erori zenean, Frantzia eta gero Belgikara ihes egin zuen Companys eta Irujorekin.”
Agirre Bartzelonan zela, Santoñako Hitzarmena sinatu zuen Juan de Ajurriaguera agintari abertzaleak faxista italiarrekin, Errepublikari traizio eginez modu honetan. Guzti hau Agirreren onarpenarekin egin zuen, borroka galdua jarraitzearen aurkakoa baitzen.

1940an Parisetik familiarekin Belgikarako bidean 2.en Mundu Gerra hasi zen eta naziek Frantzia eta Belgika eraso zituztelako, oinez pasa behar izan zuten muga. Familia ez arriskuan jartzea erabaki eta bakarrik joan zen Berlinera, hau baitzen bere bila inoiz arakatuko ez duten leku bakarra bere ustez. Panamako kontsulari batek paper eta identitate faltsuak lortzen dizkio eta momentu honetatik aurrera, José Andrés Alvarez Lastra izatera pasatzen da (inizialak berdin mantenduz). Bibotea utzi eta betaurreko batzuekin bere itsura fisikoa disimulatu zuen. 1941ean Hamburgora joan eta eguneroko bat idazten hasi zen. Eguneroko hau publikatzeko asmorik ez zuen eta galtzerdietan eta panpina baten buruan ezkutatuta hainbat mugetan alde batetik bestera ibili zuen. Ia urtebete bakarrik igaro ondoren bere familia Berlinera iritsi zen paper faltsuekin eta Suediara egin zuten ihes. Hemendik Rio de Janeirora eta ondoren Montevideora joan ziren. Jada bere benetako nortasuna ez zuen zertan ezkutatu eta Ameriketako euskaldunek eta bertako hainbat presidentek harrera beroa egin zioten. Buenos Airesera joan zen gero New Yorkera iristeko. AEBtako hiri honetan, 1946a arte egon ziren eta bitarte horretan unibertsitatean historiako irakasle lanetan aritu zen. 1945ean Parisera bueltatu zen eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza aldatu ostean, berriz ere erbestean zeuden euskaldunei laguntzen hasi ziren. Izaera politikoko bidaiak egin zituen hurrengo urteetan, laguntza politikoa bilatu nahian, baina ez zuen Francoren aurka egiteko laguntzarik lortu.

Manuel de Irujok xehetasun guztiz kontatzen du Conversaciones sobre José Antonio Aguirre liburuan nola iritsi zitzaion heriotzearen eguna Lehendakariari. 1960ko martxoaren 18an, Pariseko bulegoan lanean ari zirela, ez zela oso ongi aurkitzen esan zuen, sukarraren sintomak zituela iruditzen zitzaiola eta etxera joan zen. Hurrengo egunean, oso katolikoa izaki, goizean-goiz mezatara joan eta gauean eztulka ibili zen. Martxoaren 21ean, Mari bere emazteak delegaziora deitu zuen esanaz, Jose Antonio ez zela lanera joango ez zelako oso ongi aurkitzen eta medikuari deitu zion. Medikuak bronkioak oso kargaturik zituela esan eta atsedena gomendatu zion pare bat egunetarako. Hurrengo eguneko goizean, emazteak berriz ere delegaziora deitu zuen senarra gaizki zegoela esanaz, bularrean oinazea zuela. Medikua berriz ere azkar asko bere etxera joan eta hitz egitea eta guzti debekatu zion, deskantsua behar zuela azpimarratuz. Gauzak lasaitu ziren eta lehendakariak hobeto aurkitzen zela esan zien lagunei. Jose Antoniok egunkariak eta te taza bat eskatu zizkion bere emazteari hau erosketak egitera joan aurretik, arratsaldeko 17.30 inguru. Eskatutakoa ekarri eta kanpora joan zen. 18.00tan etorri zenean, bere senarraren gorpua aurkitu zuen ohe gainean, bularretako angina batzuen ondorioz historiara pasea.

Hil eta bost egunetara, Donibane Lohitzuneko hilerrian ehortzi zuten, bertaratu ziren milaka pertsonen saminaren artean.

Guda eta exilioan lider, askatasunerako urte zailak ezagutu zituen, baina hala ere, beti demokraziaren, Euskadiren eta honen askatasunen alde borrokatu zuen.

0 comentarios