Blogia
Landerren Txokoa

Pagari Zugastiri elkarrizketa

Pagari Zugastiri elkarrizketa Zergatik joan zinen San Franciscora eta ez beste nonbaitera?
Ingelesa ikasteko aitzakiarekin, argi neukan kanpoko herrialderen bat ezagutu nahi nuela. Agentzia batera jo nuen eta aukeren artean San Franciscokoa izan zen gehien gustatu zitzaidana eta horregatik joan nintzen hara. Sei astetarako joan nintzen lagun batekin eta familia batekin egon nintzen denbora guzti horretan.

Zer gustatu zitzaizun gehien?
Hiria orokorrean, parke erraldoiak, kale guztiak aldapan, tranbiak, Alcatraz... Jende ezberdin mordoa dabil han kalean. Zuriak, beltzak, japoniarrak, txinatarrak, homosexualak, heterosexualak… Han ezberdintasun kultural horretara guztiz ohiturik daude. Ez da hemen bezala, hemen denok ‘berdinak’ gara. Hemen ia denok zuriak gara eta gainontzekoak gutxiengoa dira. Han ilea berdez pinta dezakezu eta ez dizu inork arraro begiratuko. Hori hemen lortzea polita litzateke, baina oraingoz behintzat oso zaila izango da.

Zer gustatu zitzaizun gutxien?
Konpondu beharreko arazo handia dute eskaleekin. Ia kale-kantoi guztietan daude. San Franciscoko jendea AEBtako beste lekuetakoa baino irekiagoa denez eta parke ikaragarriak dituztenez, Reaganek meategiak itxi zituenean, AEB osoan kalean geratu zen jendea pixkanaka SFra joaten joan zen urte osoan duten klima epelagatik.

Egia al da hango jendea irekiagoa dela?
Bai, askoz ere irekiagoa. Kalean mapa batekin joatea nahikoa duzu norbait zuregana etorri eta ea galdua zauden galdetzeko. Horrelako mila adibide bizitu ditut sei astetan. Kanpora ateratzen zarenean konturatzen zara zergatik dioten atzerritarrek euskaldunok itxiak garela.

Ba al dute Euskal Herriaren berri han?
Ez denek, baina askok bai. Beste leku batzuetan ez bezala, ez dute euskaldun izatea terrorismoarekin lotzen. Askok badakite Euskal Herriaren egoera zein den eta galderak egiten dizkizute, eta interes handiarekin entzuten dizute.

Euskal Herria aipatuta, izan al zinen San Franciscoko Euskal Etxean?
Bai eta benetan hunkigarria izan zen eman zidaten tratua. Eraikin oso bat da eta igandero bertan biltzen dira 200 lagun inguru bazkaltzeko. Frontoi handi bat, jatetxea, musean jokatzeko lekua, hemendik bidalitako pilota partidak ikusteko telebista gela, mus gela… oso leku ederra daukate. Gainera, anaia bat bezala hartu ninduten eta bazkideentzako bazkarira gonbidatu ninduten. Hemengo jendeari hango euskaldunak existitzen direla gogoratzeko esan zidaten eta noizbait norbait hara joanez gero bisitan joateko dudarik gabe, horrekin kitatzen nuela haiekin nuen ‘zorra’. Askotan ez gara hango euskaldunez gogoratzen eta gehiago egin behar genuke. Autoetako matrikuletan “baztan” bezalako izenak dituzte idatzita ikustea oso polita izan zen.

Azaldu zure egun normal bat.
Goizeko 8etan jaikitzen nintzen, ‘muni’ trentxoa hartzen nuen klasera joateko. Klaseak goizeko 9etatik eguerdiko 13ak arte izaten ziren astelehenetik ostiralera. Gero klaseko lagunekin bazkaltzera joaten ginen eta arratsaldero zerbait bisitatzen genuen. Ostiral eta larunbat gauetan hango diskotekaren batera joaten ginen.

Gaugiroa zer moduzkoa San Franciscon?
Hemengoarekiko oso ezberdina. Diskoteketara joaten zen jende guztia, eta hango diskoteketan ‘reggaeton’ musika jartzean ikusi egin behar zenuen nola dantzatzen duen jendeak! Pelikuletan ikusten ditugun beltzak bezala, denek.

Egia al da Ameriketako neskak hemengoak baino irekiagoak direla?
Inongo dudarik gabe gainera. Han, gauean, neskak zuregana etortzen dira zu beraiengana joan zaitezkeen bezala. Hori hemen ez da gertatzen, edo mutila mugitzen da, edo ez dago ezer. Gainera, lotsagabeagoak direla ere esango nuke, zuri begiratzen harrapatzean, ez dute begirada kentzen.

Zer nota emango zenioke bidaiari? Zergatik?
9.5. Ikaragarrizko bidaia izan zelako, oso esperientzia polita.Ingelesa asko hobetu dut eta leku guztietako lagunak egin ditut. Hala ere, sei astetarako joan nintzenez, lagunak egin eta nola joaten ziren ikustea gogorra da eta bizitu beharra izan dut. Hala ere 9.5 nota ona da, e?

Deskribatu San Francisko zure hitzekin:
Hiri handia den arren, 700 mila pertsona bakarrik bizi dira. Golden Gate zubia da hango gauzarik ospetsuena kanpora begira, baita Alcatraz irla ere. Hiriaren erdigunean bakarrik daude etxe-orratzak, eta zentrotik ateratzean (kale bat: Market St.) dena maldaz josia dago, kale guztiak daude maldan. Uda iraila eta urrian da, eta gainontzeko hilabeteetan, itzaletan hotza egiten du eta eguzkitan bero. Hondartza erraldoia du, baina sartzen den haizeagatik ia inor ez da joaten hara. Goizero eta gauero laino oso itxia sartzen da. Erraldoia den parke bat dute: Golden Gate Park, hirian zaudela ahazten duzu bertan, baso erraldoi bat da eta bufaloak eta dena daude bertan.

1 comentario

natalia -

NO ENTENC RES PERO ESPERO QUE PAGA PARLI BE DE MI. AMB LO SENZILL QUE ES EL CATALA I EL VASC NO HI HA QUI L'ENTENGUI!!! MOLT XULA LA PAGINA LANDERN!