Blogia
Landerren Txokoa

Raivo Vetik: "Gertatutakoak errusiarrak mobilizatuko ditu, lotura sendoa aurkituko dute"

Raivo Vetik: "Gertatutakoak errusiarrak mobilizatuko ditu, lotura sendoa aurkituko dute"

Gizon serioa da Raivo Vetik. Tallinngo Unibertsitateko Nazioarteko eta Gizarte Institutuko zuzendaria da eta Estoniako errusiarren integrazioari buruzko zenbait liburu idatzi ditu. Tallinngo portu osoa ikusgai duen bulego argitsuan hartu gaitu eta pil-pilean dauden gaiak jorratu ditugu.

Zer garrantzi du hezkuntzak gutxiengo bat integratzeko?
2000. urtean Estoniako integrazio programan hezkuntza puntu garrantzitsuenetakoa zen. Integrazioa belaunaldi gazteenei zuzendua dago eta gazteak hezkuntza sistemako parte dira. Hala ere, badira beste ikuspegi batzuk, sozio-ekonomikoa, politikoa…

Zein da zure iritzia azken 16 urteetako Estoniaren hezkuntza politikaz?
16 urte denbora-tarte luzea da. Alde txar eta onak daude. Sobiet Aroan bi hezkuntza sistema zeuden, errusiarra eta estoniarra, programa ezberdinekin. Independentzia aldarrikatu genuenetik, arazorik handiena sistema bateratzea izan da. Nahiz eta hizkuntza ezberdinetan ikasteko aukera izan, ideologikoki bera da. Orain, sistema berrira trantsizioa hasiko da, pausoka, eta sei urtetan errusiar eskoletako curriculumaren %60a estonieraz izango da. Orain arte dena errusieraz zuten, Estoniar hizkuntza izan ezik, baina sistema ez da estoniar hizkuntza irakasteko gai izan.

Asimilazio prozesuaz kexatu dira errusiarrak.

Kexu nahiko komuna da hori immigrazioa jasandako herrialdetan. Pentsaera nazionalista duten estoniarrentzat, orain arteko politika ahula zen, traizio bat. Gogorragoa izateko eskatzen zuten. Bestalde, errusiarrek diote dagoeneko gogorregia dela. Honela ikusita, Estoniako Gobernuaren politika bi jarrera hauen arteko konpromisoetan oinarritua izan dela esango nuke. Integrazioa estatu baten barruan arazo asko sortzen dituen prozesua da, ezinezkoa da alde guztiak pozik uztea.

Amnesty International erakundeak dio errusiarrak ez direla lehen mailako biztanle bezala hartzen.

Errusiar askok diote ez direla bidez tratatuak eta beren akusazioetako bat da ezin dutela errusiar hizkuntza nahi duten guztietan erabili. Estoniar legeen arabera, estatu hizkuntza bakarra dago eta talde ezberdinek ezberdin begiratzen diote lege honi. Estoniarrek uste dute justifikatua dagoela Estonian estoniera izatea estatu hizkuntza, eta errusiarrek ez dute hala uste. Azken finean, gauza berari nola begiratzen zaion da kontua.

Orokortu badaiteke, zein da errusiarren jarrera estoniar hizkuntzarekiko?
Hizkuntzaren jakintza behintzat asko igo da. 1989ko inkesta baten arabera, independentzia lortu aurreko urtean, errusiarren %14ak esan zuen estonieraz hitz egiteko gai zela, eta orain gutxi egindako inkestek diote ia erdia dela gauza. Belaunaldien arteko ezberdintasuna handia da eta banaketa geografikoa ere egin daiteke: ipar-ekialdean gehienak errusiarrak dira eta ez dago estoniar girorik, ezin dute estoniar hizkuntza erabili.

Zer nolako arazoa da Estoniarentzat bertako biztanleen %20-25ak hiritartasunik ez izatea?
Oso handia da, Europar Batasuneko hiritartasunik gabeko populaziorik handiena dugu. Arazo ezberdinak sortzen ditu, estatuaren eta biztanleen arteko erlazioan adibidez. Hiritartasunarekin, eskubide eta betebehar batzuk izaten dira eta dena arautua dago, eta ez bada hala, arazoak etortzen dira. Ikuspuntu subjektibotik ere, herrialdearen parte ez zarela pentsa dezakezu, eta hori ez da integraziorako batere lagungarria.

Nondik dator arazoa?

90eko hamarkadan hartutako hiritartasun politika, aurreko Estoniar errepublikako hiritartasun politika bera da, 1940koa. Urte hartan okupatu zuten Estonia eta lege berriaren arabera, 1940an hiritartasuna zutenei eta beren ondorengoei bakarrik eman zitzaien hau. Baina kontua da garai haietan Estonia etnikoki oso homogeneoa zela (%97 inguru estoniarrak) eta II. Mundu Gerraren ostean, errusiar asko etorri zirela, ia populazioaren %40 izateraino. Mundu Gerra baino lehen 26.000 errusiar zeuden, eta 1990ean 600.000. Lege berriaren arabera, ezin zuten hiritartasuna automatikoki lortu naturalizazio prozesu batetik igaro gabe. Estoniar hizkuntza jakitea eskatu zitzaien, baina gehiengoak lehenagotik ez zuen ikasi, sobiet aroan ez zutelako zertan egin. Hizkuntza ez zekitenek ezin izan zuten estoniar hiritartasuna lortu, beraz errusiarra izan edo ezer gabe bizitzea aukeratu behar izan zuten.

Eta zer nolako egoera dago Lituania eta Letonian?
Letonian arazo berdintsua dutela esango nuke, baina orain isilik dago. Duela hiru bat urte arazo handiak izan ziren, hezkuntza erreforma hasi zutenean. Lituanian ezberdina da egoera, honek 90eko hamarkadan hiritartasuna denei ematea erabaki baitzuen. %15 ziren errusiarrak, eta orain gutxiago. Ez zen kultura nazionalarentzat arazo. Letonia eta Estonian kopuru askoz handiagoak ziren eta jende askok kultura nazional eta hizkuntzaren normalizaziorako mehatxu bezala hartu zituen.

Nola eragingo du Sobietar Soldaduaren leku aldatzeak?
Integrazioan atzerapauso handia izango da, akats politiko handia. Ezin dugu historia aldatu eta orain, joko politikoaren zati bihurtu da, partidu batek baino gehiagok kendu egingo zuela hitz eman zuelako eta zaila da atzera egitea. Honek errusiarrak mobilizatu egingo ditu, orain arte oso zatituak zeuden, parlamentuan sartzea ere ez dute lortu, partidu txiki asko direlako. Orain oso lotura sendoa aurkituko dute.

Etorkizunean zer egin daiteke bi aldeek integrazioa bultzatzeko?
Estoniako Gobernua integrazio programa berriz prestatzen ibili da, eta ni neu ere oso erakarria sentitu naiz programa honetan nire ekarpenak egiteko. Arazoa da asko hitz egiten dela eta gutxi egin. Gainera, integrazioa hain gauza handia da, ezin dela talde txiki askoren esku utzi. Egunerokotasun batean barneratu behar da, ministerioren baten esku, eta ez proiektu txiki askoren baitan.

Eta errusiarrei zer edo zer eska al dakieke?
Estonia honezkero 16 urtez existitu da, eta oraindik hizkuntza ikasi nahi ez duten pertsona kopurua handia da oso. Konturatu behar lukete, lan merkatuan, hezkuntzan… arrakastatsu izan nahi badute, jakitea beharrezko dutela, eta nolabait esateko, gizartean aktiboago izan behar dutela.

0 comentarios