Blogia
Landerren Txokoa

Aitor Osa txirrindularia

Aitor Osa txirrindularia Espainiako Vueltan eroriko ikusgarria izan ondoren etxean zegoela egin genuen elkarrizketa. Telefono mugikorrarekin ez da oso ongi moldatzen. Lepa-uztaia (klabikula) hautsi eta operatu berria zen.

Zure anaia eta zu Liberty taldera joango zaretelako zurrumurruak dabiltza. Zer deritzozu?
Zurrumurrua kalean dago, hori badakit. Baina hala ere, oraindik ez dago ezer ere sinatuta eta nahiago nuke horretaz ez ezer ere esan. Zerbait gertatzen bada, esango dugu, baina oraindik ere ez dugu ezer sinatu. Hori da esan dezakedan gauza bakarra.

Zer iritzi daukazu Armstrong-i egin diotenaren inguruan?
Nik uste ez dagoela ongi hain berandu ateratzea gauza hauek. Bere garaian atera izan balute ongi, baina hainbeste urteren ondoren, eta gertatua-gertatu ondoren, ez zait ongi iruditzen polemika hau guztia orain sortu izana.

Zer iritzi daukazu Pro Tour Ligari buruz?
Nik uste ongi dagoela. Noski, argi dago Pro Tour Ligatik kanpo geratuz gero maila baxuagoko karreretan hartu behar dutela taldeek parte. Baina, bestela, sistema aldetik, nik uste ongi dagoela.

Itzuli ‘handiak’ Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta izanik, ezberdintasun handia al dago Vuelta eta Tourraren artean?
Bai, oso handia. Frantziako Tourrean jende asko izaten da bide bazterretan lasterketa ikusten eta Espainiako Vueltan berriz oso gutxi. Honez gain, Tourrerako prestatzen dira pelotoiko korredorerik onenak eta horra huts egiten dutenak joan ohi dira Espainiako Vueltara, beraz, maila aldetik ere aldea badago. Hala ere, izaten gara batzuk, Espainiako Vuelta ere buruan izaten dugunak.

Zein izan da zure idolorik handiena?
Delgado. Oso txirrindulari erasokorra zen eta betidanik gustatu izan zait.

Aurten itzuli handietan ez dugu euskal txirrindularirik izan, erreferenterik gabe omen gabiltza. Zer moduz ikusten duzu euskal txirrindularitza?
Beno, ez dut gaizki ikusten. Egia da aurreko urteetan euskal txirrindulariak izan ditugula munduko lehen postuetan eta orain ez daukagula ‘erreferenterik’. Baina orokorrean maila ona ikusten dut.

Nondik datorkizue bi anaiei txirrindularitzarako afizio hori?
Ume ginenetik dut gustuko txirrindularitza. Hasieratik lagunak futbolean ibiltzen ziren bitartean, ni bizikletan ibiltzen nintzen. Gainera, anaiari ere txirrindularitza gustatzen zitzaion eta batak bestearen laguntzaz aurrera jarraitu genuen afizioa ofizio bihurtu arte.

0 comentarios