Espero ez zen gau baten kronika
Aurreko astean zabaldutako zurrumurruek ziotena egi bihurtu zen apirilaren 25ean. Tallinngo hiria Sobiet soldaduaren estatuaren gainean karpa zuri bat zuela esnatu zen, goizaldeko 6:00etan jarria. Ansip jaunak zuzentzen duen gobernuak bazekien Errusiako Estatua mehatxuka izateaz gain –kentzen bazuten hezur-haragizko soldaduak bidaliko zituztela 24 ordu bertan egon zitezen, adibidez–, Estoniako errusiarrak eta are gehiago, estoniarren %60a estatua lekuz aldatzearen aurka zituela. “Akats politiko handia” izan da zenbait adituren ustetan, baina hauteskunde aurretik hitza emana zuen kendu egingo zutela. Hala, krabelinak eskuetan jendea karparen parean biltzen joan zen poliki-poliki.
Eguerdi partean ehun pertsona inguru zeuden bilduta, batzuk karparen inguruko hesietan arrosak jarri nahian. Polizien bi lerrok babesten zuten hesia eta giroa lasaia zen. “Herrialde garden” bateko biztanleak direla diote harro estoniarrek, horren adibide izan daiteke poliziek izen-abizenak daramatzatela soinean josiak. Orduak pasa ahala, jende kopurua eta tentsioa handitzen joan ziren. 19:00etatik aurrera, plaza eta inguruko kaleak lepo beteta geratu ziren. “Damua” edo “faxistak” bezalako oihuak behin baino gehiagotan entzun ziren Ansip lehen ministroaren eta poliziaren aurka. Honez gain, kontzentrazio baketsua izan behar zuena zapuzten joan zen geroz eta gazte gehiago poliziari harriak eta beirazko botilak botatzen hasi zirenean. Giroa gaiztotzen hasi izanak hainbat pertsona haserretu zituen, batez ere, modu baketsuan protesta egin nahi zutenak, eta horrek manifestarien arteko ika-mikak ekarri zituen.
Hiru orduz, leher egiteko zorian egon zen dena. Tentsio handia nabari zen bai manifestarien eta bai polizien adierazpenetan. Poliziaren jarreran garbi ikusten zen ez erantzuteko aginduak zituztela. Hala ere, hiru orduz etengabe botilak eta harriak jaso ondoren, polizia-gizon eta manifestari baten arteko enfrentamenduak plaza hustutzea ekarri zuen. Jendeak gogor erantzun zion poliziaren jarrerari: plazako auto bat hankaz gora jarri zuten eta etxebizitzetako leihoetara harriak jaurtitzen hasi ziren. Poliziak su-itzalgailuak erabili zituen jendea atzera botatzeko. Manifestariak ondoko kalean bildu ziren eta 20 minutuz agenteak harrika hartu ostean, egoeraren kontrola galdu zuen poliziak. Trafikoa moztu, dendetako erakusleihoak hautsi eta denda horietako gauzak erretzen hasi ziren manifestariak. Lapurtu zuten lehen denda alkohol saltokia izateak manifestarien barneko sua bizitu besterik ez zuen egin, eta horrek eragina izan zuen hurrengo orduetan.
Kaleko hotza, bildutako gazteen berotasunarekin nahastu zen. Albistea berehala zabaldu zen eta kaleko isiltasun orokorra, tropelaren “Errusia, Errusia!” bezalako oihuek hausten zuten. Poliziak guztiz galdua zuen kontrola eta hiru orduz hiriko dendak suntsitzen eta lapurtzen aritu zen mila bat pertsonek osatutako taldea. Hurrengo goizean altzari denda bateko langileak negarrez esan zigunez, 200.000 eurotik gorako galerak izan zituzten denda bakar batean, “ez zuten gauza asko lapurtu, soilik bertakoa hautsi eta erre”. Hasiera batean denden aurka egitea haserrea erakusteko modu bat izan bazen, etxera eskuak beteta joateko mauka izaten amaitu zuen. Horren erakusgarri izan daiteke bost erakusleiho zituen liburu denda baten leihoak ukitu gabe egotea eta ondoko Hugo Boss arropa dendakoak mila zatitan lurrean barreiatuta; edo lehenik prezioa begiratu eta zapata pare ezberdinen artetik aukeraketa egitea jendeak.
Hurrengo gauean ere izan ziren istiluak, Estonia ekialdetik errusiarrez betetako autobusak etorri ziren Tallinnera. Mundu osoko hedabide garrantzitsuenetako kazetariak ere hurbildu ziren, gertakari gose. Oraingo honetan, poliziak gogor jokatzeko agindua zuen eta hori kaleko giroan nabaritu zen. Ura jaurtitzeko kamioiak zituzten eta atxiloketa ugari izan ziren. Estoniako poliziaren arabera, errusiar enbaxadak orduko bost euro eskaini zizkien gazteei, istiluak sortzeagatik. Azkenean, bi gauetako liskarren ondorioa lazgarria izan zen: gazte bat labankadaz hila, ia 1.000 atxilotu, 156 zauritu, milaka euroko galera eta atzerapauso handia integrazio prozesuan.
0 comentarios