Blogia
Landerren Txokoa

Curriculumaz informatuz Tafallatik Durangora

Curriculumaz informatuz Tafallatik Durangora

Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) taldeak ‘Euskal Curriculuma Herriz-Herri’ izeneko ekimena hasi berri du.

EHBE ez da zuzenean parte hartzen ari Euskal Curriculumaren sortze prozesu honetan, baina hala ere, herritar eragile bezala bere ekarpena egiteaz gain, proiektu honi buruzko informazioa gizartaratzea erabaki du. Taldeko kide den Edurne X-en hitzetan, “jendeak ez daki curriculum bat zer den ere, ezta Euskal curriculuma sortzen ari direla eta datorren ikasturtean eskuartean izango dugula”. Horretarako, Euskal Curriculuma Herriz Herriz ekimena hasi zuten urriaren 22an Tafallan eta 34 herritatik pasa ostean, abenduaren 3an amaituko dute Durangon Euskal Herriko. Euren lana jendea informatzea eta sorkuntzan parte har dezaten motibatzea da.

Herri bakoitzetik pasatzen direnean, ikastetxeetara joan eta irakasle-ikasle taldeekin bilkurak egiten dituzte. PowerPoint aurkezpen bat prestatu dute eta Euskal Curriculuma zer den azaltzeko hizlari batzuk dituzte. Gauza bera egiten dute guraso elkarteekin eta arratsaldeetan saio batzuk prestatu dituzte herritarrengana irits dadin informazio hori.

Honez gain, ekimenak ere badu alde sinboliko bat. Curriculumean joan behar lukeen herri horri buruzko jakintzak biltzen doaz EC sinbolizatzen duen artxibategi handi batean. Herri bakoitzetik igaro ostean, txostena loditzen eta edukiz aberasten doa. Edurneren hitzetan, “Curriculuma Euskal Herriko erreferentzi pedagogiko bat bada, izan behar du herrien erreferentziaren bat. Sinbolizatu egin nahi izan dugu”. Herriz-herriko ekimena aurrera eramateko, herrietako lan taldeekin, kultur-elkarteekin edo elkarte jakinekin elkarlanak burutzen dituzte.

Tokian-toki aldatzen den arren, “kualitatiboki parte-hartze polita” eta EHBEk proposatutako ekimena izanik herri-taldeak laguntzen ari direlako pozik daude taldekoek Edurne. Bere ustez horrek ere aberasten du, beren helburuetako bat kolektibo horiekin elkartzea baitzen. Honez gain, unitate didaktiko bat ere prestatu dute eta lehen hezkuntzako haurrekin ari dira lantzen. “Ezberdindu behar da irakaskuntza euskaraz eta irakaskuntza euskalduna. Gauza bat da hizkuntza eta bestea berriz, edukiak. Horri egin nahi diogu EC-rekin aurre”.

2006rako erreferentzi pedagogiko hori amaituta izango da eta hor ikusi beharko da nola aplikatzen den, baina hori beste eztabaida bat da EHBEko kidearen ustez eta oraindik ez dute sartu nahi aplikazio fase horretan.

Euskal Curriculuma zer den

Curriculuma edozein hezkuntza sistemaren oinarria da, Alemaniak berea du, Irlandak, Frantziak… eta Euskal Herriak berea izan dezan sortutako proiektua da Euskal Curriculumarena. Erreferentzia horretan aipatzen da 16 urteko Euskal Herriako ikasle batek derrigorrezko hezkuntza jasotzean, zer oinarri, trebetasun eta balore izan behar dituen gutxienez. Curriculum hau Euskal Herriari buruzko edukiak bideratzen dituen txosten bat da. Adibide gisa, Frantziar Iraultza aipatzean, ez da agertzen terminoarekin zerikusia duen guztia, baizik eta nola eragin zuen Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako herritarrengan, zein ondorio izan zituen… Azken finean, Euskal Herria bere osotasunean eta bere beharrak aintzat hartzen dituen erreferentzia pedagogiko bat da. EAEn, Nafarroan eta Iparraldean badira curriculum batzuk, baina inola ere ez dute kontutan hartzen Euskal Herria.

2003an sinatu zuten hitzarmen bat Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek (S-I) eta Ikastolen Konfederazioak (IK) konpromezua hartuz gaur egun ez dagoen EC sortzeko. Pausu batzuk zehaztu zituzten eta ardura hartu zuten aurrera eramateko. Bost fase zehaztu zituzten eta gaur laugarrenean daude: Herritarren ekarpena bideratzeko fasea. Sortzen-Ikasbatuaz-ek bere sare publikoan sartzen diren ikastetxeetan ekarpenak jasotzeko metodologia zehaztu eta laster hasiko dira hauek biltzen. Ikastolen Konfederazioa gauza bera egiten ari da bere sarean eta Udalbiltza herritarren ekarpen konkretuak jasotzen ari da.

Fase horiek igarota, 2006-2007 ikasturterako prest egotea espero dute eragile guztiek.

EC-ren urratsak:

1. urratsa: Egitasmoaren oinarri filosofiko eta pedagogikoak bilduko dituen eta lanaren metodologia zehazten duen txostena adostea.

2. urratsa: EC osatuko duten jakintzagaiak zehaztu eta jakintzagai horietan adituak direnen ekarpenak bilduko dituen azterlana egitea. Lan hau Ikastolen Konfederazioak hartu zuen bere gain eta EAEko Hezkuntza Sailarekin dirulaguntza batzuek hitzartu zituen. Gero lan horren aurkezpena egin zen Donostian: “Euskal Curriculuma: kultur ibilbidea. Adituen ekarpena” izeneko liburua.

3. urratsa: Euskal irakaskuntzan diharduten irakasle adituek EC-z egingo duten proposamen teknikoa biltzea. Proposamen tekniko bat izan zen. Hemen S.I. eta I.K.-k lana gauzatzeko ardura hartu zuten eta berau osatzeak beharrezkoa duen aniztasun eta adostasunari erantzuteko asmoz, zenbait hezkuntza eragilerekin (Euskal Haziak, Eskola Kristauak…) eta EAEko Hezkuntza Sailarekin bi elkarteok akordioa lortu zuten.

4. urratsa: Hezkuntza erkidegoaren zein orohar herritargoaren parte hartzea ahalbidetu eta ekarpena biltzea. Sortzen-Ikasbatuaz, Ikastolen Konfederazioa eta Eskola Kristauak arduratu dira fase honetaz. Bestaldetik Udalbiltza ibiliko da.

5. urratsa: Jasotako ekarpenekin aberastutako txostena onestea.

0 comentarios