Irakurtzeko doinuak
Itoiz, The Clash, Ramones eta Public Enemy taldeak, albiste dira berriz ere. Oraingo honetan ez disko berririk atera dutelako, euren historiari buruzko lau liburu kaleratu berri dituelako Gaztelupeko Hotsak disketxeak, euskaraz.
“Beste hizkuntzetan bai, baina euskaraz ez genuen musika taldeei buruzko irakurgairik. Hori zela eta, batzuk premia ikusi genuen eta hortik sortu zen proiektua”. Honela hasi zuen aurkezpena Joxe Felix Azkarate Xarra-k, Gaztelupeko Hotsak disketxeko arduradunak, bere hitzaldia. Aipatu disketxeak liburu sail berri bat kaleratu du, Bosgarren Harian izenekoa, eta lehen lau liburuak kalean dira jada. Bakoitzak talde mitiko bat du solasgai: Jon Eskisabelek Itoiz, hari xingle bat liburua idatzi du; Asier Leozek Public Enemy beltzegi, indartsuegi; Gotzon Hermosillak Ramones familia maitagarria; eta Paddy Rekaldek The Clash, punk, rock’n’roll matxinada.
Paper Hotsak duela bi urte sortu zuten, baina poesia eta bertsogintza liburu batzuk besterik ez zeuden. Bosgarren Harian “datu objektiboak, baina idazlearen ikuspegitik” eman nahi dituzte eta helburu batzuk finkatu zituzten hasieratik: itzulpenik ez, sakelako liburuak izatea eta liburu didaktikoak baino, dibulgaziozkoak egitea. Irakurterrazak dira eta ikuspeegi historiko-kritiko bat bildu nahi izan dute. Idazleak pozik agertu ziren liburuak kalean ikusteaz eta Asier Leozen hitzetan “hutsune handi bat dago, eta hutsune hori euskaraz dago; bilduma hau proiektu eder baten hasiera bezala ikusten dut”. Honez gain, Dokumentazio grafikorako El Tubo eta Musikaria-ren artxiboa erabiltzen uzteagatik eskertuta agertu ziren. Koldo Izagirre arduratu da liburuak gainbegiratu eta zuzentzeaz. Bakoitzak 10-12 euro bitartean ibiliko dira eta denak euskaraz dira. Aurkezpena amaitzeko, Asier Leozek behin baino gehiagotan azpimarratu zuen “proiektu bati aurre egiteko modurik onena, hastea izaten da; ezin da bizi osoa planeatzen ibili”.
JON ESKISABEL: Euskal pop mitikoaBilduma honen ideia azaldu ziotenean, hasieratik ikusi zuen antzeko zerbaiten beharra. Itoizen izena etorri zitzaion berehala, euskal musikan eta pop musikan izan zuen garrantziagatik. Eta taldearen beraren bilakaeragatik bere 14 urteetan.
Liburua gehienbat elkarrizketen bidez egina dago: taldekide, manager, lagun, musikari eta abarri ateratako hitzen laguntzaz. Idazlearen hitzetan, “ez da musika liburu bat, ez baitago taldearen musikari buruzko saiakerarik.” Hemeroteketara jo du diskoek nolako harrera izan zuten jakin eta aipatzeko. Taldekideekin modu humanoago batean egin nahi izan ditu elkarrizketak, gertutik, biografia bat gorespen hutsean geratu gabe. “Talde arrakastatsu baten istorioa kontatu nahi nuen.”
Liburuak bi zati ditu, lehena taldearen zatirik ezezagunena, Indar Trabes taldearen sortzetik Alkolea diskoa kaleratu zuten arte eta bigarrena, Musikaz Blai diskotik 1988an taldea desegin arte. Itoizek bere 14 urteetan lehen eskutik bizitu duen bilakaera guztia kontatzen du ‘Itoiz, hari xingle bat’ liburuan.
GOTZON HERMOSILLA: Historiaren aldatzaileakHistoria aldatu zuten, rockaren norabidea. Ramonesek bezala gutxik lortu izan dute estilo berri bat sortzea eta ondorioz, gaur egun milaka taldek imitatzen dute hauek eginiko bidea mundu osoan. Punkaren aitzindari, asmatzaile eta esanguratsuena Sex Pistols eta The Clash-ekin batera.
Barakaldoko idazleak batez ere taldearen filosofia azpimarratu nahi izan zuen: alaitasuna, nerabezaroaren bizipoza, amorrua eta oldartzeko animo hori. Bere ustez Arkaitz Canok ezin hobeto zehaztu zuen taldea “nerabe eternoak” esan zuenean.
Ramones familia maitagarria liburuan oreka mantentzen saiatu da. “Oso gustuko talde bati buruz idaztean, fanzineetatik, bideoetatik… informazioa metatzen hasi eta arriskua baitago zu bezalako gaixo batzuentzat bakarrik egitea liburua.” Alde batetik, informazio asko ematen duen eta bestetik, irakurterraza izan dadin saiatu da. An American Band edo On the road with the Ramones ingelesez dauden liburuak ez itzultzen saiatu da. Euskal Herrian lehen kontzertua jo zuenean joandako jendearen iritzi eta testigantzak bildu ditu Hermosillak. Honez gain, zein eragin utzi duen Euskal Herrian eta hainbat letra euskarara itzulita aurki daitezke liburuan. “Ramonesen historia geure artetik kontatuta”, honela deskribatu zuen idazleak bere lana. Beste aldetik, sakelarako, gazte nahiz zaharrentzat eta lehen aldiz talde haietara iristen diren jendearentzat egin nahi izan liburua.
Aurkezpenean, amaitzeko, Nuevo Catecismo Catolico taldeko baxulari Gonzalo Ibañezen laguntza eskertu zuen.
PADDY REKALDEK: Matxinatuen doinuekin batLiburua idaztearen proposamena iritsi zitzaionean, The Clash taldea aukeratu zuen oso gertuko gelditzen zitzaiolako. Ez da Rekaldek idatzi duen lehen liburua, izan ere, hainbat bildumatan parte hartua baita eta gainera, hainbat aldizkaritan kolaboratzen ere ibiltzen da.
Eleberria idatziz joan hala, konturatu zen ez zuela liburu “konpleto” bat egin nahi eta hori dela eta, nolabait esateko, atalak ez ditu oso-osorik kontatu. Ez da xehetasun gehiegi ematen ibili eta irakurleari pistak ematen doa liburu osoan zehar. Irakurleak atal jakinei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, bibliografiarekin osa ditzake.
Liburuan The Clash-en sorrera, bere garaian bizi zuten giroa, diskoetxeekin izan zituzten gora-beherak, diskoek izan zuten harrera kapitulu eta kapitulu artean kantuen letra zatiak eta askoz elementu gehiago aurki ditzake irakurleak, beti ere The Clash zale amorratu baten ikuspegi kritikotik.
ASIER LEOZ: Poligonoaren beste alde batHutsune bat beteko zuen liburu bat idatzi nahi izan du. Proposamena egin ziotenerako beste hiru liburuak zeintzuk ziren bazekien eta hiru talde horietan bazegoen gaur egun eraginkorra izan daitekeen musikaren isla, Ramones, The Clash eta Itoiz. Buruan talde asko izan arren, “poligono batek zenbat eta alde gehiago izan, hobe” pentsatu eta Public Enemy taldea aukeratu zuen.
Kosta egin zitzaion nondik hasi erabakitzea, “musikazalea izanagatik, mugak mantendu behar baitira beti” bere hitzetan. Libururik inoiz ez idatzi izanak buruhauste handiak ekarri zizkiola aitortu arren, Koldo Izagirreren laguntza benetan eskertu zuen liburuaren aurkezpen egunean.
Public Enemy beltzegi, indartsuegi liburuan korrontearen aurka hasi eta merkatuak onartu ondoren, bereganatu egin duen taldea da mintzagai. Mugimendu musikal eta sozial bat izan da. Taldeak beltzen ‘nazioa’ erakusten du nolabait esateko eta disko jartzailea taldekide bezala onartu zuen lehenari omenaldi egin nahi izan dio idazle bilbotarrak.
Lander Arbelaitz
2 comentarios
Lander Arbelaitz -
Diego Gutiérrez -
Eso si, no estoy de acuerdo con todo lo que dices en el texto... pero bueno...
libre expresion...