The Redskins-i buruzko informazioa Hala Bedi Irratirako
Dena 1981ean hasi zen Leeds-eko taberna batean. Gauza oso ongi ulertzen ez zuen ikuslegoaren aurrean, York-eko 3 skinhead-ek osatzen zuten “No Swastikas” izeneko talde batek jo zuenean hasi zen.
Abeslariak, komikietako Tintinena bezalako ile mozketa zuen. Punk-rock-a jotzen zuten, ez Oi zakar, mozkor eta arroa. Nolabait esateko, The Clash-en hasierako estilora hurbiltzen ziren. Hirukote hau gerora The Redskins bihurtuko zen.
1982 urtean kokatuz, Oi!a desagertua dagoeneko eta talde gutxi batzuk arrakasta zuten arren, modaz pasea zegoen rock-eko talde errebelde bat izatea; eta batez ere, rock-a jotzen zuen talde skinhead-a izatea. Hala ere, Redskins-ekoek euren sorreraren berria zabaltzea lortu zuten eta Ingalaterrako NME aldizkariak eurei buruzko datuak argitaratzen zituen, baina inork ez zekien pertsonalki nor ziren Redskins-ak.
INORK EZ ZEKIEN NOR ZIREN?
Ez, jendeak ez zekien aurpegiz nor ziren. York-eko CNT zigiluak “Peasant Army” single-a kaleratu zien eta Langileen Eskubideen aldeko martxa batean aurpegiak estalita atera izanak aldizkarien haserrea ekarri zuen eta IRArekin konparatu zituzten, ez zekitelako nortzuk osatzen zuten taldea.
Beranduago jakin ahal izan zen Chris Dean, bandako abeslaria, lehen aipaturiko NME aldizkarian lanean aritu zela ezizen batekin eta bera zela taldeari buruzko datuak sartzen zituena, esamesak zabalduz. Jada, mundu guztiak bazekienean nor ziren taldeko partaideak, euren nortasunak ezkutatzeari utzi zioten.
HASIERA MUGITUA TALDE BERRI BATENTZAT…
The Clash eta Dead Kennedys bezalako taldeekin kontzertuak jo zituzten eta kazetariekin elkarrizketak izaten hasi ziren.
BAINA REDSKINS-AK BESTE TALDEETATIK BEREIZTEN ZITUENA EZ AL ZEN POLITIKAN OSO BARNERATUAK ZEUDELA?
Bai, hala da. Redskins-ekoak Partidu Sozialistako partaide aktiboak ziren, eta garai haietan, taldea izaten ari zen arrakasta partidua bultzatzeko erabiltzea pentsatu zuten.
Garai hartan kazetari gehienek politikan bustitzen ez zen pop musika nahiago zuten arren, baina Redskins-ak ez ziren inoiz publiko bila aritu. Skin antirrazista eta ezkertiarrak, punkaren politikarekin lotuak sentitu eta islatuak ikusten ziren, mugimendu berri bati hasiera emanaz.
1984rako, Redskinsekoen letra eta jokabide iraultzaileek 70. hamarkadaren garrantzirik gabeko biharamuna zirudien, baina non zeuden hainbeste aipatzen zituzten klase langilearen amorru eta borrokarako gogoak?
Eta orduan meatzarien greba konfliktiboa iritsi zen.++
HAU EZ AL ZEN INGALATERRAKO GREBARIK LUZEENA IZAN?
Ba bai, urte eta erdi iraun zuen eta gainontzeko banda guztiak estudioan sartuta beren lehen LPa lantzen ari ziren bitartean, Redskinsekoak estatu guztian zehar bidaiatzen aritu ziren meatzarien aldeko kontzertuak emanez. Chris Dean, abeslariak, NME aldizkarian artikulu luze eta distiratsu bat idatzi zuen beste taldeek meatzariei bizkarra eman zietela kritikatuz eta bat-batean, talde guztiak politikaz hitz egin nahi izatera pasa ziren.
Nonbaitetik denbora atera zutenean, “Keep On Keepin On” kaleratu zuten, euskarara itzulita “Jarraitu jarraitzen” edo antzeko zerbait litzateke, meatzariei animoak emanaz, noski. Redskins-ak modan jartzen ari ziren, ziurrenik lehenengo eta azken aldiz. Baina hala ere, bazirudien tentsioa handitzen ari zela.
Redskins-eko partaideak benetako iraultzaileak ziren, baina hala ere, negozio diskografikoko parte ere bazirela esan behar da eta kontraesanak argiak ziren, eta laster garrantzi handia hartuko zuten.
BAINA REDSKINS-EKOEK EZ AL ZITUZTEN ISTILUAK IZATEN KONTZERTUETAN EDO ANTZEKO ZERBAIT?
Bai, zeramaten denbora laburrean, kontzertuak eman zituzten, bateria jolea aldatu zuten, album bat egin zuten, “Neither Washington Nor Moscow” eta naziek jipoitu zituzten kontzertu batean.
Egun triste hartan, “Lean On Me” kantuaren erdian, skin faxista batek botila bat bota zion taldeari eta hori seinale izan zen National Fronteko beste 30 bat skin agertokira igo eta taldekoak jotzen hasteko.
Bost minutu lehenago taldearekin gozatzen ari zen ikuslegoak, ihes egin zuen, zale batzuk eta skin antinazi batzuk taldekoei laguntzera joan ziren bitartean. Honen segidan, inguruko kaleetan jarraitu zuen jazarpenak, non jendeak ez zuen ezer ulertzen, skin batzuk beste skin batzuk jotzen ari zirela ikusi baitzuten.
Gertakari tamalgarria ezkertiar militanteek, erantzun bezala, eskuin muturreko taberna bat erasotu zutenean amaitu zen.
HAU GERTATU OSTEAN, TENTSIO HANDIKOAK IZANGO ZIREN KONTZERTUAK, EZTA?
Bai bai, izan ere hori zen naziek lortu nahi zutena. Borroken bidez kontzertu aretoen jabeek Redskinsekoei beren musika iraultzailea jotzeko lekurik ez uztea lortu nahi zuten. Orduzkeroztik, Redskinsen kontzertuak skin antinaziek zaintzen zituzten eta hauek ziren sarrerak banatzearen arduradun.
Badakigu, gainera, taldea beti kontzertuak salneurri baxuan egiten saiatu zela. Doan jotzen zuten edo bestela hainbat kausa sozialen alde: antiapartheid-a, meatzarien greba, etab. Decca disketxeak adibidez, “Kick Over The Statues” diskoa meatzarien alde ateratzeari uko egin zionean, ez zuten dudan jarri beste diskoetxe batekin editatzea.
Hitz gutxitan, alternatiboak ziren hitzaren zentzurik zuzenean.
Taldekoak beren karrera motzean zehar askotan kexatu ziren hedabideak ez zutela objetibitate nahikoarekin epaitzen beraiek egiten zuten musika. Beren musika entzulego oso handi batengana iritsi zen (Ingalaterran) eta kalitate oso handiko musika egiten zuten; handiegia akaso.
TALDEAREN AMAIERA NOLATAN ETORRI ZEN?
Beren ospea taldea desegiteko orduan faktore garrantzitsua izan zen, diskoetxeak presioa egiten baitzien beraiek nahi zituzten gauzak baino gehiago produzitzera. Partidu Sozialistako egunkari ofizialean soilik eman zen beren banaketaren berri. Oso komunikatu motza, gai politikoak gehiago jorratuz musikalak baino. Taldekideak beste talde batzuetan sakabanatu ziren eta horrela amaitzen da estilo berri bat asmatzen jakin zuen talde baten historia. Mezu modernoa eramaten zuten, orainarekin lotua beti. Euren proletalgo egoerak kausa horrekin benetan militante egin zituen. Beste inongo taldek baldintza horietan lortuko ez zuena lortu zuten.
ETA AMAITZEKO, NOLA LABURTUKO ZENITUZKE REDSKINS-AK?
Skin modernoak izan ziren, tradizioari begiratu baina beti etorkizunera zuzentzen ziren. Mugimendu berri bati sorrera eman zioten eta skinhead gazteentzat bigarren aro bat izan ziren.
Lander Arbelaitz
Hala Bedi Irratian eginiko lehen irratsaioa
1 comentario
PELLO -