Blogia
Landerren Txokoa

Bizitza bete hitz

Bizitza bete hitz

Kolonbian 3.000 metroko garaierako mendietan ibilaldi bat egiten ari zen 1929an Plazido Muxika, 23 urteko misiolari gaztea. Nekeari aurre egiteko, enbor batean atseden hartzea erabaki zuen. Eserita zegoela, ukondoak belaunetan eta eskuak buruan, enborpean orri zati bat aurkitu zuen zimurturik. Argia aldizkariko orri bat zen, osorik euskaraz, idatzi zen lekutik milaka kilometrotara. Bere bizitza aldatuko zuen paper hark. Barruan sentitu zuen poz eta grinak, bere hitzetan, “bere hizkuntzaren alde lan on bat” egin behar zuela zin egitera eraman zuen. Handik 36 urtetara lehen gaztelera-euskara hiztegia argitaratu zuen, 1900 orritakoa, urte askotako lanaren fruitua.  Duela 100 urte apirilaren 16an jaio zen Plazido Muxika Urnietan, Oria auzoan (egun, Lasarte Oria udalerrian). Gutxik pentsatuko zuten jaio zen inguru hartako kale batek seme haren izena izango zuela mende bat beranduago. Hamar urte zituela, Altza herrira joan zen familia bizitzera.Eskolara Andoainera joan eta jesuita sartu zen Azpeitiko Loiolan. Bertan giro euskaltzalea aurkitu zuen, eta honek bere bideetako bat erakutsi zion. Lauaxeta, Ibiñagabeitia eta Zaitegi izan zituen ikaskide, besteak beste. Bi bertsio daude Kolonbiara zergatik joan zen azaltzeko. Bata, Errepublika garaia izaki, soldaduskatik libratzeko joan zela; bestea, giro euskaltzalea zegoela Loiolan, eta hura deuseztatzeko, taldea sakabanatu egin nahi izan zutela eta horregatik bidali Kolonbiara. Dena dela egia, Kolonbian aurkitu zuen bere bizitzan misioa zein zen.

 SANTA KRUZ APAIZAREN ERAGINA 

Elkar ezagutzeko aukerarik izan ez bazuten ere, Plazido Muxikaren bizitzan eragin zuzena izan zuen apaiz karlistak. Kondairak dioenez, gudu karlistak utzi eta apaiz lanera itzuli zenean, Jamaikara lehenik, eta ondoren, Kolonbiako El Pasto herrira joan zen. San Ignacio herria ere hark sortu zuen eta larunbatero hara joaten zen turuta hotsez indigenei dei egitera. Espainiako errege Alfonso XIIIak jakin zuenean hau oraindik bizi zela, nahiz eta aurkako taldekoa izan, zilarrezko turuta bat bidaltzea erabaki zuen, opari bezala. Hala ere, turuta bidean geratu zen apaizaren heriotza zela eta, Tenerifen. Urte batzuk beranduago, Plazido Muxikari egokitu zitzaion Tenerifeko Jesuiten etxetik turuta hartu eta Pasto herrira eramatea. Honen trukean, urte batzuk lehenago hildako apaiz euskaldunaren gurutzea eman zioten. Hau bularrean zuela hil zen Plazido ia mende erdi beranduago Azpeitian, 1982ko abuztuaren 27an.

Bestetik, El Pastoko jesuiten eskola berean eman zituzten eskolak biek, eta Muxikak esaten zuenez, Santa Kruz apaizarena izan zitekeen hark 3.000 metrotara aurkitutako Argia aldizkariaren orria, ogitartekoren bat estaltzeko eramana.

 APAL ETA LANGILEA 

Bere iloba Joxe Antonio Mujikaren hitzetan, apala eta langilea dira Plazido, pertsona bezala, ongien deskribatzen duten hitzak. “Hiztegiaren lana berak bakar bakarrik egin zuen”. Gerra ondoko urteetan euskaltzaletasuna ez zen ondo ikusia, eta nagusiek beste lan batzuetara lotu zuten Plazido. Irakasle, liburuzain, artxiboetako arduradun... bazuen beti bere-berea zuen egiteko hari ekitea galarazten zion lanen bat. Hasieran, oso gizon lanpetua izaki, bere denbora librean egiten zuen hiztegirako lan, atsedenaldietan, afaldu aurretik… Azken aldera, beste lanetatik libratu zuten hiztegian zentra zitzan bere indarrik gehienak. Hamabi urte pasa zituen atsedenari orduak kenduz, liburuak arakatuz eta hiztegirako fitxak egin eta egin.

1944an fitxak biltzen hasi zenean, liburuetatik ateratzen zituen hitz eta hauen esanahiak 1900 orriko hiztegirako, lehenengo hitz guztiak fitxetan sailkatu zituen (300.000 fitxa), eta gero, denak eskuz idatzi zituen foliotan. Azkenik, dena makinara ere berak pasa zuen.

Lana amaitu aurretik, edizioa segurua izango zen jakin nahi zuenez, harpidedunak bilatzeko lana ere berak egin zuen. Gutunak bidaltzen zituen partikularren etxe eta udaletara bere lanaren berri emanaz. 4.000 ale salduko zirela ziurtatu zuen lana amaitu aurretik. Azkenean, 17.000 ale saldu zituen hiru ediziotan.

 HIZTEGI ABERATSA

“Batez ere itzultzaileentzat izan bazen erabilgarri, kaleko jendearentzat ere ondo etorri zen” ziurtatzen du Joxe Antoniok. “Ez dut esan nahi ondorengo hiztegigileek hemendik bakarrik hartu dutenik informazioa, baina bai ondorengoentzat laguntza handia izan zela”.

Plazidoren diccionario castellano-vasco hiztegia deskribatzeko orduan aberatsa hitza erabiltzea ez da aukera okerra. Izan ere, jesuita langileak gaztelerazko hitzak euskaraz nola erabili izan diren jaso zuen eta honek aukera zabala eskaintzen dio erabiltzaileari. Adibide bat jartzearren, mariposa hitzarentzat 100 aldagai baino gehiago aurkitu zizkion. Iturri askotatik hartu zituen kontzeptuak.Hitz berriak asmatzeko joera bazuen. Garbizalea zela esan daiteke, baina inolaz ere ez muturrekoa.Hitz berria gardena eta txukuna baldin bazen, hura nahiago zuen, edozein mailegu baino”.

1957ko uztailaren 26an Euskaltzain Urgazle izendatu zuten arren, Euskara Batuarekin arazoren bat izan zuen. Ez zituen Arantzazun izandako bilerako erabaki guztiak onartu. Batez ere ‘h’-ren erabilerarena. “Berak zioen nahiko arazo bagenituela euskaldunok hizkuntza salbatzen, orain zailtasunak jartzen hasteko. Berak italieraren eredua nahiago zuen, sinpleagoa da” azaltzen du Joxe Antoniok. “Hala ere, ez zen borroketan sartu eta bere bidean, lanean, jarraitu zuen”. Hurrengo hiztegia ere bere modura idatziz kaleratu zuen.

 JAIOTZA MENDEURRENA

 

Urnieta herrian omenaldia egin zioten Plazidori, apirilaren 16an. Honez gain, mendeurrena dela eta, EKIN aldizkariak bere bi eleberriak liburuki batean elkartu eta berrargitaratu egin ditu. Euskara Baturako moldaketa bere iloba Joxe Antonio Mujikak prestatu du.

Lander Arbelaitz. Irutxuloko Hitza

0 comentarios