25 urteren ondoren, DVDa
Iban Toledo errealizadore eta Iker Barandiaran kazetari-produkzio lanetan, RIP taldetik bizirik dauden Jul eta Txerra kideekin elkarlanean egin dute ‘RIP. Punkaren 25 urteko historia bizia’. Guk Barandiaranekin aritu gara solasean.
Nola hasi zen dena? Hasiera batetik egin behar al zenuten DVDa?
2003an urrian Karlos Agirreurreta –Mahoma‑ hil zenean Iban Toledo eta nik erabaki genuen Goiena TBrako dokumental bat egitea RIPen omenez, konturatu ginelako taldekideen erdiak hilda zeudela, Portu 1997an hil baitzen. Hasiera batean, bizirik geratzen direnei elkarrizketak egiten hasi ginen ‑Jul eta Txerra‑ eta ondoren, garaiko beste musikari batzuk, euren lagunak... Hitz bitan, materiala biltzen hasi ginen, argazkiak, bideo-irudiak... Momentu batean konturatu ginen arte osatuagoa zen zerbait egin genezakeela. Taldekoei proposatu genien, gero Goienakoei tea ados zeudenez hainbat diskoetxerekin harremanetan jarri ginen. Gaztelupeko Hotsak-ekin harremanetan jarri ginen eta hau izan da emaitza.
Bi urte igaro dituzue materiala biltzen. Zer nolako lana izan da materialaren bilketa, gogorra?
Bi urte esanda badirudi buru-belarri igaro ditugula, baina ez da hainbesterako izan. 2003an hasi ginen gogor, eta gero lan batzuk izan ditugulako aparkatua eduki genuen. Gero 2004an berriz hartu genuen sasoi batean eta 2005ean, uda hasieran, erabaki genuen oso gogor hartzea eta iraila arte jo ta su ibili gara. Bestetik, materiala biltzen gauza batzuk kasualitatez irten dira: gauza asko RIPekoek zeukaten, elkarrizketatutako jendeak, guk gure telebistako artxiboan...
Nola hartu zuten RIP taldekoek proiektuaren berri?
Hasiera batean esan genienean, lotsatu antzera. Baina gero DVDa egingo geniela proposatzean, harrituta. Beraientzat RIP ez zen ezer garrantzitsua izan. “Harrera edukiko du?” zioten, baina gero, proiektua nola zihoan ikustean, geroz eta ilusionatuago, eta orain, produktua ikustean, hedabide eta jendearen aldetik izandako harrera ikusira, pozik daudela uste dut.
Nolatan atera duzue CDa?
Zalantza geneukan, guk lehentasuna bideo irudiei ematen baikenien, DVD baten punturik garrantzitsuena. Orduan, zenbait kasette grabazio azaldu ziren zuzenean jotzen zituzten kantu batzuekin. Kanturik gehienak RIPekoek eta Doble Zerokoak ziren, pertsona batek jasoak kontzertuetatik. Taldekoek zituzten gehienbat, baina garrantzi handirik ematen ez zietenez, hor zituzten, besterik gabe. RIPekoen laguna zen Mac-ek komentatu zigun hasierako abestiak jendeak ez dituela entzun, eta horiek ere historiaren parte izan direla. Balio erantsi bezala, batuta genituen abesti batzuk jartzea erabaki genuen. Ez denak, baina 14 bai; batzuk bertsioak dira, baina beno, RIP zer izan zen ikusteko.
Zaila izan al da elkarrizketatuak lortzea?
Egia esan, RIPi buruz zela esaten genuenean jendeak oso ondo hartu gaitu. Kuriosoa da adibidez, Pablo Cabeza hasierako momentutik prest azaldu zen, eta asko dakien arren, ez da erreportaia askotan azaltzen; Tijuanako Jimmy ere bai. DVDan agertzen ez den Manolo Gil bideo ekoizleak ere musutruk utzi digu materiala RIPi buruz zelako... Egia esan, jendeak estimua dio taldeari eta ez dugu arazorik izan. Hala ere, gertatu da pertsona bat ez dela agertu denbora falta edo alferkeriagatik, baina nahiago nuke ez izenik esan.
Elkarrizketatuko al zenuke agertzen ez den norbait?
Portu, RIPeko abestien sortzailea berau; Mahoma, zeharka agertzen bada ere; eta adibide bat ematearren, Nacho Cicatriz, hitz batzuk sartu ditugun arren, berak ere edukiko zuen zer esana, oso tipo bitxia izan baitzen.
Dokumentalean elkarrizketatutako norbaitek aipatzen du DVD honek balioko duela RIP zuzenean ikusteko aukera izan ez zutenek ideia bat izan dezaten ikusteko taldea nolakoa zen. Zer uste duzu zuk?
Nire ustez bai gazteentzako eta bai garai hura bizi izan zutenentzako balio du DVDak, nostalgia moduan, berrafirmatzeko bizi izan zutena, gogoratzeko... 30 urtetik gorakoentzat diot. Baina hala ere, jakina da orain ere badela punk zale asko eta RIP hauentzako erreferente bat izan zela bagenekienez, taldea nolakoa izan zen eta 80ko hamarkada nolakoa izan zen erakusteko balio du. Orain dagoena nondik etorri den. DVDarekin islatu nahi dugu zelakoak ziren garai haiek. Adibidez bi kontzertu bakarrik izaten zirela asteburu batean, ‘Bat, bi, hiru...’-n ikusten zutela non ziren hauek, kontzertuetara gitarrekin bakarrik joaten zirela autostop-ean, eta horrelako gauza mordo bat. Pixka bat baloratzeko orain estetika bezala ikusten dutena jarrera bat izan zela: kontzertuak jotzea 1500 pezetaren truk eta abar.
Gehituko al zenioke jarri ez diozuen zerbait? Adibidez, liburuxka bat?
Behin baino gehiagotan pentsatu dugu liburuxka bat ez zatekeela batere gaizki egongo, baina beno, DVDa egiteak gastu handiak ditu eta azken finean, gastuak merkatzearren, pentsatu genuen liburuxkarik ez ateratzea. Gainera, DVDan badago informazio guztia, RIPen historia eta abar.
Laburbilduko al zenituzke DVDaren atal bakoitza oraindik erosi ez duen jendearentzat?
4 atal nagusitan dago DVDa: Lehenengo, ia ordubeteko dokumental batean laburbiltzen da RIPen historia guztia, sortu zenetik, Karlosen heriotzarekin utzi zuten arte. Hor barruan daude abeslari aldaketa, kontzertuak, Maximun Rock&Roll nazioarteko aldizkarian zelan izan ziren Espainiatik ateratako talde bakarra eta nola hauek ingelesez ez zekitelako ez zituztela gutunak erantzuten, hitzak, itzulera kasualak, eta errekonozimendua. Bigarren puntuan, kontzertuen grabazioak. Hirugarrenik, 75 argazki ere badaude. Eta amaitzeko, Estrak atalean, jaso genuen materiala baina beste ataletan lekurik ez zutena. Testimonio bezala ere balio dute. Adibidez, Manolo Gilek utzitako materiala: Anarquia en Euskadi Iruñean abesten hainbat talde, Mahoma tartean, Cicatriz, Kortatu eta abarrekin. Bestetik, Jimmyk Tijuana in Blue Enamorado de la Muerte abesten Karlos hil eta berehala eta Escroto hil baino lehenago, backstage-a, toma faltsuak...
Galdera pertsonalagoak. Zer izan da RIP?
Neretzat, arrasatearra izanik, talde erreferentziala. Lehen punk taldea. Baina hala ere, 20 urte inguruko jendea ikusiz, musika estilo hori gustatzen zaienek badakizkite RIPen abestien hitzak. Bestalde, eurek eduki zuten jarrera: ez zitzaien dirua ajola, ez famatu izatea, beraiek ongi pasatzea nahi zuten eta pentsatzen zituzten gauzak plazaratzeko erabiltzen zuten taldea.Talde eredugarri eta onestua. Euren jarrera nabarmenduko nuke.
Zein da gehien gustatzen zaizun abestia?
Ba kantu asko, baina bat hautatzearren, Revolución. Baina hau esaten dudan moduan, esan nezakeen beste bat. Nabarmendu nahi dut, hitz askok oraindik ere gaurkotasuna dutela zoritxarrez duela 20 urte idatziak izan arren, horrek baduela zeresana.
Lander Arbelaitz
1 comentario
Nike Air Max 97 -