Blogia
Landerren Txokoa

The Clash-en biografia

The Clash-en biografia Talka, txokea da ingelesez The Clash, punkaren munduak ordura arte zegoenarekin egin zuen talka ziurrenik. Joe Strummer (ahotsa eta gitarra elektrikoa), Mick Jones (gitarra eta ahotsa), Paul Simonon (baxua) eta Nicky “Topper” Headon bateriak osatzen zuten 1976 urtean Ingalaterran sortu zen talde mitiko hau.
Etengabe iraultza eta klase borrokaz kantatzen zuen talde bat izateko, harrigarria bada ere, The Clash-ekoek ideia tradizionalak mantentzen zituzten.
1974az geroztik, Strummerrek talde batzuetan parte hartua zuen. The 101’ers-en lehenik eta 75az geroztik, London S S. Levine-en. Ondoren The Clash-eko partaide izan zen eta aurrerago Public Image Limited-ekoa (Sex Pistols-eko Johnny Rotten-en gidaritzapean).
Lehen kontzertua 1976ko udan jo zuten Londresen Sex Pistols-en aurretik. Azken hauekin Anarchy bira egin eta 3 kontzertu besterik eman ez zituztenean, jendearen artean oihartzuna izaten hasi ziren eta CBS diskoetxe britainiarrarekin kontratua sinatu ondoren, White Riot single-a grabatu zuen. 1977ko martxoan kaleratu zuten eta Ingalaterrako begirada gehienak bereganatzeaz gain, kanpoan ere sonatua izan zen. Hala ere, diskoetxeko Ameriketako delegaziokoek hango merkaturako ez zela egokia erabaki eta ez zuten irratietarako prestatu, beraz, Ameriketan ez zuten entzun. Punk-rock ingelesaren lehen adibideetako bat izan zen, eta oraindik ere, bere generoko perlatzat hartua da.
Crimes bateriak taldearen lehen LPan parte hartu zuen, “The Clash” izenpean, 77an, baina taldea utzi zuen lana argitaratu aurretik eta bateria berria Headon izan zen. Taldeak bere punk-rock gogorra rock gogorrago batera aldatu zuen Sandy Pearlman produktore hartu zutenean. Emaitza bigarren LPa izan zen: “Give’em enough rope” (emaiezue nahiko soka), 1978an kaleratua azken hau.
1977an zehar, Strummer eta Jones hainbat alditan ibili ziren kartzelan sartu eta atera bandalismoagatik zigortuta. Bien bitartean, Simonon eta Headon atxilotu egin zituzten lasterketetako usoei airezko pistolekin tiro egiteagatik.
Taldean hedatzen hasi ziren aktibismo sozialeko ideia eta jarrerak, Rock Against Racism kontzertuaren buru izatera iritsi arte. 78ko udan “White Man In Hammersmith Palais” kantua kaleratu zuten taldearen kontzientzia soziala hazten zihoala argi utziz.
79 hasieran, The Clashekoak Ameriketan zehar beren lehen bira hasi zuten, “Pearl Harbor’79” izenburupean eta uda ondoren, “The Clash in Amerika” kaleratu eta beren Ameriketako bigarren bira hasi zuten. Talde tradizional askorekin eman zituzten kontzertuak, eta horrek liluraturik utzi zituen taldekoak, berehala aterako zuten London Calling album bikoitz izugarrian eragina somatuko zelarik. Londres deika, 79an kaleratu zuten eta Guy Stevens produktoreak lagundu zien mundu mailako arrakastara iristen. Album bikoitza izanik, normal baten prezioan jarri zuten, eta honek lagundu egin zien lehen aldiz Britainia Handiko to10ean sartzen eta 1980ko udaberrian, AEBko 27. postura iritsi ziren. Diskoak estilo ezberdin mordoa ditu et aberezko argiz dizdiratzen du, heavy, punk, reggae, blues, baladak eta abar. Taldearen bizkar hezurra da disko hau, benetan oso ona.
Orain bai, orain arrakasta izan zuten AEBtan, Britainia Handian, Europan eta abar zehar bira egin zutenean 1980ko hasieran. Uda honetan taldeak dub-arekin kutsatutako “Bankrobber” singlea kaleratu zuen alemanez Alemanian bakarrik DJ Mikey Dread-ekin batera; hala ere, diskoetxekoek izan zuten eskaera handiagatik Britainia Handian ere kaleratu egin behar izan zuten eskema guztiak hautsiz.
Laugarren LPan, “Sandinista!”, 1980, oraindik ere estilo gehiago sartu zituzten, horien artean, disko, country, eta acid rock sikodelikoa. LP hirukoitz bat behar izan zuten estilo eta esperimentu hauek guztiak sartzeko, eta taldea bera izan zen beren produktorea. AEBetako merkatuan eta Britainia Handikoan batera jarri zen salgai, eta AEBtako publikoaren artean oso harrera ona izan zuen bitartean, Britainia Handiko publikoa txikitzen zihoan pixkanaka. “Sandinista!” Ameriketako merkatuan Britainia Handikoan baino kopia gehiago saldu zituen taldearen lehen diskoa izan zen.
1981 urtea birak emanaz eta atsedena hartuaz igaro ostean, urte amaieran Combat Rock euren bosgarren LPa prestatzen hasi ziren, Borroka rock-a litzateke euskaraz, eta 1982rako kalean zuten jada. Esan daiteke, rock sinple eta zuzenago baterako bidea berregin zutela. Komertzialki begiratuz gehien saldu zen diskoa izan zen, Britainia Handiko listetan bigarren postuan jarri zelarik eta AEBn lehen aldiz top10ean sartu zirenean Rock the Casbah single arrakastatsuari esker.
Taldeak ideal oso gogorrak zituen hasieran, baina ospearekin bizitza basati rockanrolleroan erori ziren. Headon drogadikto bihurtu zen, eta 1982ko maiatzan taldetik bota zuten, “Combat Rock” grabatuta zeukatela, baina oraindik ere, kaleratu gabea. Urte bereko irailean, Jones-en txanda iritsi zen. Strummer eta Simenonen iritziz, Jones punkeko idealekin inolako zerikusik ez zuen izar bilakatu eta halako berez ez zegokion jarrera zuen. 1984ko urtarrilan The Clash guztiz eraberritu zuten eta Strummer (Ahotsa), Simemon baxua, Vince White gitarra, Nick Sheppard gitarra eta Pete Howard bateria. Urte eta erdi beranduago This is England singlea kaleratu zen, Hau Ingalaterra da, eta 1985eko azaroan Cut the Crap LPa, kendu zaborra, baina ez zuen ia arrakastarik izan eta salmentak oso txikiak izan ziren. Denbora gutxira, 1986 hasieran, taldea banantzea erabaki zuten.
77tik 80ra bitartekoak izan ziren urterik onenak, eta The Clash izan ziren talde ingelesetatik ospetsuenak mundu osoan Sex Pistols-en ondoren. White Riot, Tommy Gun, London Calling, Rock The Casbah eta Should I Stay or Should I Go bezalako kantuengatik gogoratzen dira. Azken kantu honek, Should I Stay or Should I go, taldea desegin eta handik 6 urtera ikaragarrizko arrakasta izan zuen, Levi’s Jeans-ek kanpaina publizitario batean erabili zuelako, diskoetxeak kantua berrargitaratu eta Britainia Handiko listen gailurrera iritsi zen. Berriz ere taldea elkartuko zelako zurrumurruak zebiltzan, baina ezin izan zen hori gertatu taldeko kide ohiek zituzten proiektuengatik. Strummer solista eta partaide gisa zebilen The Pogues taldean, Jones BAD taldeko liderra eta Simonon Havana 3 am talde berriko partaide zen. Headonek bere urteak kartzelan eta errehabilitazioko ospitaleetan igaro zituen.
Sex Pistols-ak britainiako lehen punk rock banda izango ziren, baina The Clash punk rockero definitiboak izango ziren. Pistols-ak nihilistak ziren bitartean, The Clash idealistak ziren, ezkertiar ideologia politikoz bustirik. Taldea musikalki abenturazalea izan zen, rock&roll gogorretik reggae, dub eta estilo gehiagotara zabaldu baitzen.
Bi letra idazle bikain zituzten, Joe Strummer eta Mick Jones, bakoitza estilo eta ahots berezi batekin. Atlantikoaren bi aldeetan izan zituzten benetan miresten zituzten zaletuak.
Britainia Handian itzelezko arrakasta zuten bitartean, Estatu Batuetako merkatuan sartzea asko kostatu zitzaien, eta azkenean, 1982an egin zutenean etengabe gora egin zuten, Atlantikoaren beste aldean ere.
The Clash-ak inoiz ez ziren bihurtu super izar, izan ere, ez zuten horrela bukatu nahi. Beti rock & roll-a pasioz eta protestarako erabili zuten. Batzuk polemiko eta probokatzaile bezala ikusten zituzten bitartean, beste batzuk, jainko eta idolo bezala zituzten, eta esan beharra dago, oraindik ere, batzuek horrela ikusten dituztela. Gustatu edo ez gustatu, argi dago, musikaren historian bere arrastoa utzi duen taldea izan dela dudarik gabe.

Lander Arbelaitz
Hala Bedi Irratirako Eguerdioff saiorako prestatua 2005eko maiatzaren 30ean.

0 comentarios