Blogia
Landerren Txokoa

Ez da bidea

Bai, gure hizkuntzari buruz hitz egitera datorren beste bat naiz, baina nire idatziaren helburua ez da euskararen egoera salatzea (hori denok oso argi dugula zein den iruditzen baitzait), baizik eta hau ahalbidetzen duen jendearen utzikeria salatzea eta badakit sentsibilitate bereziko gaia dela, baina amorratu egiten nau.
Planteatzen dudan galdera hauxe da: zer gertatzen zaigu? Zer demontre egin nahi dugu “nire ama hizkuntza maitatu eta defendatuko dut” bezalako hitzekin, hori esan duenak gero ez badu erabiltzen bere lagunekin zer bazkalduko duten eztabaidatzeko orduan? Argi dagoena da hori ez dela bidea.
Lehengo egunean Leioako unibertsitatean Euskal Eskola Nazionala eskatzen zuen Ikasle Abertzaleak taldeak deitutako paroak. Bertan “euskaraz ikasi, Euskal Herria ikasi” bezalako oihuak entzun ahal izan genituen, baina zoritxarrez, zenbait manifestari elkarrekin gaztelaniaz hizketan ere iritsi zen nire belarrietara. Ez dut uste bakarra izan nintzenik horrek harritu zuena. Eta txarrena ez zen kontraesaneko egoera hortan, euskara eskatu eta euskara baztertzen zuten horiek entzun izana, baizik hizkuntza arrotz hortan hitz egiten zutenen kopurua ez zela ez bat eta ez bi. Nahi genuen ikasketa euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen genuen bertan bildu ginenok besteak beste. Baina nire ustez ez da nahikoa Montero jaunari aurpegiratzea karrera guztiak euskaraz izan nahi ditugula gero eskaria egin duenak ez badu hizkuntza salbatzeko funtsezkoena dena egiten: hitz egin.
Hala ere, Leioan gertatua mila adibideen arteko bat soilik da, zoritxarrez. Basterretxeak Aurkari Ikusezina liburuan ongi esaten duen bezala, “gazteak euskara maite du baina gero ez du erabiltzen”. Badakit hitz gogorra dela, baina horrelako jendea arduragabe baino faltsua dela iruditzen zait, zeren gero kontzientzia lasai-lasai dutela joango dira euskaraz bizi nahi dutela garrasika, baina berriro ere, ez da bidea.
Amaitzeko, hori aldatzeko, euskal herritarrengan iraultza ideologiko bat edo nolabaiteko kontzientziazio prozesu bat gertatu ezean, egoerak bere horretan jarraituko duelakoan nago eta honela ez goaz inora, eta azken aldiz, ez da bidea.
(Berria egunkarian 2003ko abenduaren 7an argitaratua, zuzendariari sailean)
Lander Arbelaitz

0 comentarios