Coldplay: xarmagarri
Ama Naturak ez zuen bat egin nahi izan ostiralean Donostiako belodromoan bizitu zen pop festa handiarekin eta eurite gogorrak bidali zituen, bost gradu inguruko tenperaturako giroarekin. Guzti honek Anoeta inguruan auto-ilara luzeak sortu zituen eta hau dela eta, jende askok ezin izan zuen Goldfrapp taldearen taularatzera garaiz iritsi. Giro hotzak, eszenatoki handiegiak eta soinu txarrak Alison Goldfrappen, Will Gregory eta gainontzeko hiru musikarien ikuskizuna zapuztu zuen. Ordu bete inguruko kontzertua eskaini zuten eta txistu hotsak ere entzun ziren publiko artetik.
Coldplay taldekoak ere oso puntualak izan ziren eta ordurako, masa jada guztiz egonkortuta, belodromoak bete itxura hartua. Euskal Herri osotik eta kanpotik (batik bat Frantziatik) etorritako 10.000 pertsonarekin topatu ziren britainiarrak. Atzealdean kokatua zegoen pantaila horizontaletik erloju digital erraldoi batek atzetik aurrera, minutu bat kontatuz Square One abestia iragartzen zuen. Abesti puska honek X&Y diskoa irekitzen du, zeinak sei milioi eta erdi kopia baino gehiago saldu diotela dioten iturri ofizialek.
Lehen abestiek jendea berotzeko balio izan zuten (Square One, Politik, Yellow eta Speed Of Sound). Hala eta guztiz ere, gero kantu ‘ez hain ezagunekin’ erritmoa jaitsi zuten (God Put A Smile Upon Your Face, See The World, White Shadows, The Scientist, Til Kingdom Come, Don't Panic eta Green Eyes). Kontzertuaren erdialdean, publikotik oso gertu abesten ari zela, lehen lerroko zaletu baten sakelako telefonoa hartu zuen eta norbaiti zuzenean abestu zion. Txalo zaparrada eragin zuen horrek guztiz bereganatua zuen zaletuen artetik. Neurria oso ongi hartua dio bitxikeria horri, ia kontzertu guztietan egiten baitu.
Coldplay taldeko frontman-ak bere 28 urterekin badirudi ordu beteko yoga saioa egiten duela kontzertu bakoitza hasi baino lehen. Nekaezina lehen minututik kontzertuak iraun zuen ordu eta erdiren azkenekoraino. Taldeko beste edozein kide ordezkatzea ez litzateke hain zaila izango, baina Chris Martin Britainiako bandako lider eztabaidaezina da, ordezka ezina.
Zuzeneko emanaldietan erakusten du Martinek berezko karisma duela, oso fisiko eta gertukoa. Publikoarekin harremanetan jarri eta jendea eserita zegoen lekura igotzeko gai izan zen eta keinu linguistikoen bitartez eskerrak eman nahi izan zituen (kosta zitzaion “eskerrik asko”-ren bigarren erdia gogoratzea).
Baina urrezko galderak bi zati ditu: Bonoren ondorengoa al da Martin eta bere taldea U2ren bigarren zatia? Eta duena baino garrantzi handiagoa eman zaion pop proposamena al da? Ukatu ezinezkoa dirudi, pop-rock doinu hauek, behin eta berriz botatako mezu sentikorrek (batzuetan sentikorregiak), tentsio emozionalak eta beren gitarrek U2ren antza ikaragarria dutela.
Duena baino garrantzi handiagoa eman zaiela? Poparen makronegozio osoa da gehiegizkoa, salmentak egitea lortzen denean, behintzat. Coldplay taldekoak oso originalak direla ezin esan, musikalki begiratuz, ez dute berrikuntza gehiegirik ekarri eta. Baina beren kantuen indar emozionalak ongi jasaten du zuzeneko emanaldia. Ziurrenik zatirik arriskutsuena zati akustikoa izan zen, hirukoitza eta batzuetan xarma gehiegirik gabekoa. Baina amaieran beren arrakastarik handienak jo izanak Belodromoan bildutakoen gozamena ekarri zuen. Ez da estadioetara joateko taldea (oraindik ez behintzat). Horretan ari dira eta etorkizunak esango du izango diren edo ez. Donostian atzo eginiko bidetik jarraitzen badute urrutira iritsiko direla gauza jakina da.
Testua: Lander Arbelaitz. Argazkia: Xabier Adrian
1 comentario
Jordan Trunner -