Blogia
Landerren Txokoa

Kerobiaren lehen lana kalean jada

Kerobiaren lehen lana kalean jada 2003ko azaroan Euskadi Gazteko Maketa Lehiaketa irabazi zuen Iruñeako laukote honek jada kalean du Kerobia izeneko bere lehen lana. Uztaila eta abuztua diskoaren grabazioa prestatzen iragan ondoren, 3 astez K-Studios-en sartu ziren diskoa grabatzeko Alberto Porres eta Jota lan teknikoaz arduratu zirelarik. Hamar kantu eta 45 minutuko disko hau Gor disketxearekin kaleratu dute.

Zauriz betetako ura kantua ardatz duen emaitzak harrera ona izan du dendetan salgai jarri zen lehen egunetik. Eurek rock melodikoaren barnean kokatzen dute, “poparen freskagarritasuna alde batera utzi gabe, noski”. Ahotsa eta melodiari ematen dioten garrantzi handiak, Him edo Muse bezalako taldeen ukitu bat ematen dio.

Taldean lau izan arren, kolaborazioak ere izan dituzte. Abesti batzuetan bi biolin, eta txelo, biola eta tronpeta banaz gain, Berri Txarrak taldeko Gorka Arbizu izan dute Zuen Trajediak kantuan. Bestalde, Leihotikan taldeko Gorka Armendarizek ere Paradisua eta Maiatzak 5 abestietan bere ahotsa sartu du.

Kantu guztiak Kerobiak eginak dira eta letrak Xabi Fernandezek idatzi ditu. Mikel Zorrilla taldeko bateria jotzaileak diskoaren aurkezpen egunean esandakoaren arabera, euskaraz abesten dute euren hizkuntza hau delako. Letrei berebiziko garrantzia ematen diete eta “gure itoaldiak, beldurrak zoriontasuna eta abar adieraztea” izan da helburua lehen disko honetan. Euskalgraf taldeak eginiko diseinuarekin ere oso gustura daudela adierazi zuten. Diskoaren azalean kremailera bat ikusten da eta hau irekitzean bihotz bat ikus daiteke.

Matraka: #?
Lander Arbelaitz

0 comentarios