Blogia
Landerren Txokoa

Ikastola ikusezina begi bistara. Nafarroa Oinez 2007 Vianan

1992ko edizioak eraikin txukuna egiteko balio izan bazuen, oraingoak, 15 urte beranduago Erentzun ikastola normalizatzeko balioko duela uste dute urtebetez lanean aritu diren ikasle, irakasle eta gurasoek. Ikastolara iristeko errepide ondoko seinalea falta bada ere, ikusezin izateari utzi eta euskaltzaleen babesari esker, arreta guztia bereganatuko du urriaren 21ean.

Logroñotik bederatzi kilometrora eta Iruñetik 81era egon arren, Errioxa eta Nafarroaren arteko mugan, azkenaren aldean geratu da Viana. Ondoren muga gehiago marraztu izan dira Nafarroa zatikatuz, eta eremu ez-euskalduna deituriko zakuan sartu zuten aipatu herria, beste askorekin batera. Errealitate horretan bizi da Erentzun ikastola 1978an sortu zutenetik.

Ikastolaren ondoan bada Kueto izeneko muinoa. Bertara igotzen denak pare bat begiradatan hiru administraziotan banatutako hiru lurralde begiztatzeko aukera izanen du. Lehenik, Nafarroa ikusiko du Viana aldera begiratuz, XIII. mendeko eliza dotorearen arrasto eta guzti. Ondoren, ikastola aldera zuzentzen bada, begiak zorroztuz, atzean Logroño ikus daitekeela konturatuko da.
Azkenik, ikastolaren eskuineko soroetara egiten badu so, zeruertza Araban pausatzen dela jakin beharko du.

Kokagune geografiko horren kariaz, inguruko herrietatik ere etortzen dira ikasleak bertako ikastolara, hala Bargota (Nafarroa), Aras (Nafarroa) edo Logroñotik (Errioxa) bertatik ere. Hala ere, nahiz eta bianar gazteen zatirik handiena herriko eskola publikora joan, bianarrak dira gehiengo Erentzun ikastolan. Etengabe gora doa haur matrikulatuen kopurua eta aurten 133 ikasle dituzte, iaz baino 16 gehiago. Ikastola herrian gero eta onartuago dagoela dio Aritz Lizarraga ikastolako zuzendari gazteak, baina oraindik ere bide luzea egin behar dutela aipatu du.

Ikasle kopuruaren gorakada ikastolak herrian duen onarpenaren zeinutzat har daiteke, eta bide horretan 1992an Vianan egindako Nafarroa Oinez garrantzitsua izan zela uste du askok. Euskara eta euskal kultura guztiz arrotz zen ingurunean, milaka pertsona biltzea gauza handia izan zen bertako euskaltzaleentzat. Hala dio Lizarraga zuzendariak: “Txerritoki izandako eraikinean egotetik, eraikin txukun baterako pausoa eman zuen ikastolak ateratako diruarekin; hori historikoa izan zen”.

Lizarraga haserre dago ia 30 urtez lanean ari den ikastola izanik, inoiz errekonozimendu minimorik egin ez diotelako Nafarroako agintariek. “1978ko martxoan hasi zen hau eta inongo dudarik ez izan oso urte gogorrak izan zirela haiek. Egun herriko Udala ez dago alde, baina garai haietan Udala bera ere zeharo kontra zegoen, eta horren adibide da 14 urtetan sei lekutan kokatu dela ikastola”.

Aro “legal” berria

Urtebete pasa da Nafarroako Gobernuak Lodosako, Tuterako, Irunberriko eta Vianako ikastolak legeztatu zituenetik. Ordura arte, alegal egoeran egon ziren eta ez ziren Nafarroako ikastetxeen sareko partaide, horrek dakartzan ondorio guztiekin. “Eragin ekonomiko garrantzitsuak izateaz gain, ilegal etiketa kentzea lortu dugu”. Eremu ez-euskalduneko ikastola hauek arnasa hartu ahal izan dute, pixka bat bada ere.

Legalitatea lortzea zen orain arte helburu nagusia, orain berriz, kalitate planean dute begirada jarria. Frontoi estalia egiteaz gain, zerotik sei urte artekoentzat eraikina egingo dute. “Muturreko egoeran geunden, jantokia zena goizez, arratsaldetan liburutegia zen, eta arteko gela kendu egin dugu gela bat gehiago izan dezagun”.

Denboraren eraginez, ikastolara seme-alabak bidaltzen dituzten gurasoak “geroz eta pluralagoak” direla argi dagoela ziurtatu du, eta hori herrian duten irudia pixkanaka aldatzen laguntzen ari dela. “Badakigu non gauden eta euskararen gaitik ateratzen bagara, betikoak lepora joaten zaizkigu; oso tentuz ibili behar dugu”.

Giltza daukagu lemapean ospatuko da aurtengo Nafarroa Oinez festa; aspaldiko mamu zaharrak uxatu eta bide batez, euskarari eta euskaraz bizi nahi dutenei hiru lurraldek zipriztindutako eremu zailera atea irekitzeko.

0 comentarios