Blogia
Landerren Txokoa

Noiz goaz etxera? 30 urte galdezka

Noiz goaz etxera? 30 urte galdezka

“Borrokan jarraitzen dutela transmititzen dute beraiek, baina batzuk jada esperantza galtzen hasiak dira. 30 urte daramatzate etxera itzultzeko zain eta azken finean, isilpeko gerra bat bihurtu da. Hainbeste denbora zain egotea oso gogorra da”. Honela deskribatzen dio MATRAKAri Aloña Arruti EGKren Nazioarteko Teknikariak Saharako Tinduf errefuxiatu gunean ikusitako gazteen egoera.

 

EGK taldekoek “gazteon eskubideen alde” lanean ari den gazte elkarteek osaturiko EAEko plataforma bezala definitzen dute euren burua. Aipatu taldea Espainiako gazte kontseiluaren barruan (CJE) dago eta autonomia erkidego ezberdinetako elkarteekin Red Sahara izeneko talde bateko kide da. Saharar errefuxiatuetako gazte elkarte UJSario-ekin hitzarmen bat dutenez, eta hauek ospatzen zuten seigarren kongresua bisitarako aitzaki hartuta, han izan ziren errefuxiatuek bizi duten egoera ikusten.

 

Kongresuan parte hartzeaz gain, Saharar Kulturaren Festibala ospatzen zen eta bertako kultura, jolas, dantza eta abestiak ezagutzeko aukera izan zuten. Honez gain, bosnakako taldeetan hango familien etxeetan bizitzen aritu ziren eta honen ondorioz, lehen eskutik izan zuten euren egoeraren berri. Aloñak hango biztanleekin harreman ona izan zutela ziurtatzen du eta gainera, hori izan zela gehien harritu zuen gauzetako bat. “Izan ere, nahiz eta beraiek jakin gu euskaldunak ginela eta gure afera berri izan, Espainiako gazteen taldearekin joan ginen, eta Espainiak Sahararen egoerarekin duen erantzukizuna ikusita, oso ongi hartu gintuzten”. Bestalde, amorrurik handiena beraien desesperazioa ikusteak eman ziola baieztatu zuen. “Eguna joan eta eguna etorri ikusten dute ez zaiela iristen etxera bueltatzeko eguna”.

 

Kongresuan presidentzia aldaketa egin zen eta baita postuen aldaketa ere. Ordutik kooperazio arduraduna denarekin harremanetan egoteko aukera izan dute EGK taldekoek. Aldaketaren ondoren, hango biztanleen beharrik nagusienak zein diren jakinarazi diete EGKkoei. Eskaerak denetarik direla komentatu digu Arrutik, bai janari eta medikamentuak, baina honelako beharrez Asociación de amigos del pueblo saharaui bezalako taldeak arduratzen direla aipatu du. “Guri gehiago eskatzen digute gazteentzat formazioan lagunduko duten materiala, bai astialdira begira, begiraletza formazioa, hizkuntza aldekoa, tailerrak (jostunak adibidez) eta materiala (ordenagailuak, kamarak, bideoak…). Oso mugatuta daudenez, ematen zaien laguntza guztia oso ondo datorkie, desertu erdian ez baitute ezer”. Honez gain, orain gainera uholdeen afera gehitu dela aipatu zuen. Sahararekin zuten komunikazio moztu egin zaie. “Gauzak lasaitzen direnean ikusi egin beharko dela ea beharrak aldatu diren, beharrik nagusienak formazioa izaten jarraitzen duen, ala beren bizirautea.”

 

Euskal Herrian Saharari buruzko informazio nahikoa ote dugun galdetuta, gazteen artean galtzen ari dela erantzun digu Aloñak eta zaharragoak direnek, bai soldaduska egitera hara joan zirenek informazio gehiago dutela uste du. “Saharako haurrak gure artera etortzen direnean sahararrak direla eta basamortuan han nonbait daudela badakite gazteek; baina benetan beren errealitatea zein den eta zergatik dauden horrela, ez dakitela esango nuke”.

 

Martxoaren 9an lehen batzar bat egingo dute. Berez, EGKko gazte taldeei luzatu dieten arren, norbaitek, indibidualki edo elkarte gisa parte hartu nahi izango balu, inongo arazorik ez dagoela ziurtatzen du EGKren Nazioarteko Teknikariak. Helburu dute ikustea elkarte bakoitzak zein ideia duen Sahararen inguruan, eta ea ideia horiekin eta Saharatik egin dizkieten eskaerak bateratuz proiekturen bat buru daitekeen. Noiz eta non izanen den oraindik finkatua ez dago, izan ere, Bizkaia Gipuzkoa eta Araban egoitzak dituztenez, zein lurraldetako jendea apuntatzen den gehien, han izanen da bilera. Izen emateko epea martxoaren 1ean amaituko da.

 

 

 

Lander Arbelaitz

0 comentarios