Blogia
Landerren Txokoa

Iritzi artikuluak

Nafarroa: kate artean

Aspaldian izan ez zuten protagonismoa hartu dute azken egunotan nafarrek. Joan den apirilaren 25ean Uxue Barkos eta Zapatero bileratik horren irribarretsu atera izana horren adibide argia da. Oharkabean egotetik, agenda politikoaren erdi-erdian egotera igaro dira, eta hautsak harrotu ditu horrek. “Nafarroa Euskadi da”. Hori zioten duela 25 urteko PSOEko kideek. Hala ere, ez dirudi garai haietako tesietara itzultzeko asmorik duenik Zapateroren taldeak, baizik eta, bakea lortzeko bidean, Nafarroari aitortu protagonismoak Batasunarekin hitzartutako estrategiaren tankera du. Nafarroa eta EAEren elkarketaz ere hitz egin duenik bada. Ez Zapatero, ordea. Aukera hori, erabat ez bada ere, baztertu egin zuen orain egun batzuk. PPren kritikak ekiditeko esan zituen, ala benetan hori pentsatzen duen jakitea falta da.  Auzi horren harira, Nafarroako parlamentuan “Nafarroa nafarrek nahi dutena” izango delako leloa indartzen ari da. Hurrengo bozketen emaitzak ikusi behar nafarrek zen nahi duten, ideia bat egiten hasteko. UPN eta CDNk kezkatuta egoteko motiborik badute. Hurrengo foru hauteskundeak gertu daude eta ongi baino hobeto dakite, egun duten gehiengo osoa Batasunaren legez kanporatzearen ondorio dela. Azken hauen legeztatzeak, Nafarroa Baik aurreko emaitzak hobetzeko dituen aukerak, eta, behar-beharrean, aurreko biek PSNrekin ituna egiteak indarra hartuz doaz. Esan gabe doa, gehiengo osoa izatetik, oposiziora pasatzea golpe handia litzatekeela hauentzat. Hau guztia dela eta, kanpainan hasi dira, bakearen truke Nafarroa salduko dutela zabalduz, prezioa EAE-Nafarroa organo amankomuna izango dela ohartaraziz. Miguel Sanz Nafarroako presidentearen kexak etengabeak izan dira. Enpresaburuei idatzitako gutunak zirela medio, eta Barañaingo erasoak ETAk agindu zituela eta, su-etenaren ondorengo giro politikoan deseroso dagoela erakutsi besterik ez du egiten. 

Armarri zaharra bezain kateaturik izan da Nafarroa azken urteetan. Kate horiek askatzeko gai izango ote den Zapatero, ikusi egin behar. Bide onetik doala dirudi.

Lander Arbelaitz

Coldplay: xarmagarri

Coldplay: xarmagarri


 Ama Naturak ez zuen bat egin nahi izan ostiralean Donostiako belodromoan bizitu zen pop festa handiarekin eta eurite gogorrak bidali zituen, bost gradu inguruko tenperaturako giroarekin. Guzti honek Anoeta inguruan auto-ilara luzeak sortu zituen eta hau dela eta, jende askok ezin izan zuen Goldfrapp taldearen taularatzera garaiz iritsi. Giro hotzak, eszenatoki handiegiak eta soinu txarrak Alison Goldfrappen, Will Gregory eta gainontzeko hiru musikarien ikuskizuna zapuztu zuen. Ordu bete inguruko kontzertua eskaini zuten eta txistu hotsak ere entzun ziren publiko artetik.

 


Coldplay taldekoak ere oso puntualak izan ziren eta ordurako, masa jada guztiz egonkortuta, belodromoak bete itxura hartua. Euskal Herri osotik eta kanpotik (batik bat Frantziatik) etorritako 10.000 pertsonarekin topatu ziren britainiarrak. Atzealdean kokatua zegoen pantaila horizontaletik erloju digital erraldoi batek atzetik aurrera, minutu bat kontatuz Square One abestia iragartzen zuen. Abesti puska honek X&Y diskoa irekitzen du, zeinak sei milioi eta erdi kopia baino gehiago saldu diotela dioten iturri ofizialek.


Lehen abestiek jendea berotzeko balio izan zuten (Square One, Politik, Yellow eta Speed Of Sound). Hala eta guztiz ere, gero kantu ‘ez hain ezagunekin’ erritmoa jaitsi zuten (God Put A Smile Upon Your Face, See The World, White Shadows, The Scientist, Til Kingdom Come, Don't Panic eta Green Eyes). Kontzertuaren erdialdean, publikotik oso gertu abesten ari zela, lehen lerroko zaletu baten sakelako telefonoa hartu zuen eta norbaiti zuzenean abestu zion. Txalo zaparrada eragin zuen horrek guztiz bereganatua zuen zaletuen artetik. Neurria oso ongi hartua dio bitxikeria horri, ia kontzertu guztietan egiten baitu.


Coldplay taldeko frontman-ak bere 28 urterekin badirudi ordu beteko yoga saioa egiten duela kontzertu bakoitza hasi baino lehen. Nekaezina lehen minututik kontzertuak iraun zuen ordu eta erdiren azkenekoraino. Taldeko beste edozein kide ordezkatzea ez litzateke hain zaila izango, baina Chris Martin Britainiako bandako lider eztabaidaezina da, ordezka ezina.
Zuzeneko emanaldietan erakusten du Martinek berezko karisma duela, oso fisiko eta gertukoa. Publikoarekin harremanetan jarri eta jendea eserita zegoen lekura igotzeko gai izan zen eta keinu linguistikoen bitartez eskerrak eman nahi izan zituen (kosta zitzaion “eskerrik asko”-ren bigarren erdia gogoratzea).


Baina urrezko galderak bi zati ditu: Bonoren ondorengoa al da Martin eta bere taldea U2ren bigarren zatia? Eta duena baino garrantzi handiagoa eman zaion pop proposamena al da? Ukatu ezinezkoa dirudi, pop-rock doinu hauek, behin eta berriz botatako mezu sentikorrek (batzuetan sentikorregiak),  tentsio emozionalak eta beren gitarrek U2ren antza ikaragarria dutela.

Duena baino garrantzi handiagoa eman zaiela? Poparen makronegozio osoa da gehiegizkoa, salmentak egitea lortzen denean, behintzat. Coldplay taldekoak oso originalak direla ezin esan, musikalki begiratuz, ez dute berrikuntza gehiegirik ekarri eta. Baina beren kantuen indar emozionalak ongi jasaten du zuzeneko emanaldia. Ziurrenik zatirik arriskutsuena zati akustikoa izan zen, hirukoitza eta batzuetan xarma gehiegirik gabekoa. Baina amaieran beren arrakastarik handienak jo izanak Belodromoan bildutakoen gozamena ekarri zuen. Ez da estadioetara joateko taldea (oraindik ez behintzat). Horretan ari dira eta etorkizunak esango du izango diren edo ez. Donostian atzo eginiko bidetik jarraitzen badute urrutira iritsiko direla gauza jakina da.

Testua: Lander Arbelaitz. Argazkia: Xabier Adrian

Ez da bidea

Bai, gure hizkuntzari buruz hitz egitera datorren beste bat naiz, baina nire idatziaren helburua ez da euskararen egoera salatzea (hori denok oso argi dugula zein den iruditzen baitzait), baizik eta hau ahalbidetzen duen jendearen utzikeria salatzea eta badakit sentsibilitate bereziko gaia dela, baina amorratu egiten nau.
Planteatzen dudan galdera hauxe da: zer gertatzen zaigu? Zer demontre egin nahi dugu “nire ama hizkuntza maitatu eta defendatuko dut” bezalako hitzekin, hori esan duenak gero ez badu erabiltzen bere lagunekin zer bazkalduko duten eztabaidatzeko orduan? Argi dagoena da hori ez dela bidea.
Lehengo egunean Leioako unibertsitatean Euskal Eskola Nazionala eskatzen zuen Ikasle Abertzaleak taldeak deitutako paroak. Bertan “euskaraz ikasi, Euskal Herria ikasi” bezalako oihuak entzun ahal izan genituen, baina zoritxarrez, zenbait manifestari elkarrekin gaztelaniaz hizketan ere iritsi zen nire belarrietara. Ez dut uste bakarra izan nintzenik horrek harritu zuena. Eta txarrena ez zen kontraesaneko egoera hortan, euskara eskatu eta euskara baztertzen zuten horiek entzun izana, baizik hizkuntza arrotz hortan hitz egiten zutenen kopurua ez zela ez bat eta ez bi. Nahi genuen ikasketa euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen genuen bertan bildu ginenok besteak beste. Baina nire ustez ez da nahikoa Montero jaunari aurpegiratzea karrera guztiak euskaraz izan nahi ditugula gero eskaria egin duenak ez badu hizkuntza salbatzeko funtsezkoena dena egiten: hitz egin.
Hala ere, Leioan gertatua mila adibideen arteko bat soilik da, zoritxarrez. Basterretxeak Aurkari Ikusezina liburuan ongi esaten duen bezala, “gazteak euskara maite du baina gero ez du erabiltzen”. Badakit hitz gogorra dela, baina horrelako jendea arduragabe baino faltsua dela iruditzen zait, zeren gero kontzientzia lasai-lasai dutela joango dira euskaraz bizi nahi dutela garrasika, baina berriro ere, ez da bidea.
Amaitzeko, hori aldatzeko, euskal herritarrengan iraultza ideologiko bat edo nolabaiteko kontzientziazio prozesu bat gertatu ezean, egoerak bere horretan jarraituko duelakoan nago eta honela ez goaz inora, eta azken aldiz, ez da bidea.
(Berria egunkarian 2003ko abenduaren 7an argitaratua, zuzendariari sailean)
Lander Arbelaitz