Blogia
Landerren Txokoa

Erasmus

“Amonak prestatzen dizkidan afariak botatzen ditut faltan”

“Amonak prestatzen dizkidan afariak botatzen ditut faltan”

Iban Aizpurua donostiarra Bordelen dago ekaina arte. Esandakoarekin ez dirudi batere gaizki dagonenik behintzat.


1- Zer dela eta joan zara Bordelera? Espero zenuena bezalakoa al da?
Enpresaritzan ez zegoen joateko lekuen aukera handiegirik. Hasieran ingelesa hitz egiten den leku batera joan nahi nuen, baina gero, frantsesa pixka bat dominatzea gustatuko litzaidakeela bururatu zitzaidan. Iparraldera batzutan joan izan naiz eta frantsesa hitz egin ahal
ez izateak ez zitzaidan gustatzen. Azkenean, Paris eta Bordeleren artean aukeratu behar izan nuen. Lehena sei-hileko bat bakarrik zenez eta nik urte osorako joan nahi nuenez... “goazen Bordelera, ze arraio!” esan nion neure buruari.
 

2- Zerk harritu zaitu gehien?
Hemen daukadan sentimenduak. Lotsatiak lotsa galtzen du eta gainera, guztiz aske naiz nahi dudana egiteko. Nire etxean bizi naiz, bakarrik nago etxeko lan guztiak egiteko (bizilagun askorekin, hori da onena!). Lehenengo egunetan familia bat hezitzeak dituen zailtasunak ikusi nituen. Garbigailua jarri, janaria prestatu, gela garbitu, astean bitan edo erosketan egin, bankuan gauzak egin behar dira hasieran, etab. 
 

3 - Zer botatzen duzu faltan Euskal Herritik familia eta lagunak kontatu gabe?
Amonak prestatzen dizkidan plater goxoak ezin ditut jan. Gabonetan ondo-ondo jateko irrikitan nago. Taberna batean tortila bokadilo bat eskatu ahal izatea ere faltan botatzen dut. Donostian dena gertu dago; hemen, aldiz, denbora gehiago behar da leku guztietara joateko. Donostiako bidegorriak ikaragarri botatzen ditut faltan. Hortaz aparte, lokal kanpoko mus partidak, soziedadeko afariak. A! Sagardoa izango da Donostiara itzultzean afaltzen edango dudan lehenengo gauza.
 

4 - Euskal herritar bat eta bordeletar bat ezberdintzen al dira zerbaitetan?
Galdera ona. Bordeleko jendea batzutan ez da batere atsegina. Nire ustez gutxi diren arren, batzuk oso gaizki tratatzen gaituztela pentsatzen dugu nik eta nire lagunek. Hemen atzerritarren aurkako zerbait badutela nabari da. Bordeaux IV-ko Erasmuseko bulegoko arduradunak gehienetan nazkagarriak dira (jefa batez ere!) eta oso gaizki tratatzen gaituzte. badirudi lan gehiago ematen diegula, baina beraien lana gu laguntzea da; ez dut uste beste ezer egiten dutenik. jajaja!
 

5- Egia al da Erasmusekoak parranda eta parranda ibiltzen direla?
Erasmus parrandarekin guztiz erlazionatua dagola argi dago, hori aitortu beharra daukat. Kar, kar! hemengo bizitza ikaragarria da. Nahi dudana egiten dut eta denbora libre dexente daukat. Urte bete aukeratu izanaz ea naiz batere damu! Hemengo kanpotar batzuentzat bekaren ehuneko 80a edo gehiago parranda dela diote. Pittin bat exageratzen dutela uste dut.
 

6- Eta zer moduz Bordele parrandan ibiltzeko?
Ondo. Ostegun, ostiral eta larunbatetan festa handia dago eta aste barruan beti aurki daiteke zerbait irekita. Hala ere, asko ateratzen banaiz, Erasmuseko bekarekin ez dut nahikoa izango, edariek asko balio baitute. Diskoteketan Heineken txiki batek 8 euro balio du. Etxera itzultzeko, ostegun, ostiral eta larunbatetan, orduro autobusa daukagu. Hau batzutan gaueko gauzarik onena izaten da eta Donostiako ‘Ilunbe’rako bidearen antzekoa izaten da. Badirudi rally batean gaudela. jajaja!

7- Neska aurkitu duzula enteratu gara. Errazagoa al da Erasmus bekarekin joanda ligatzea?
Asko gara eta festa asko daude. Alkoholak eragin ere izaten du gauetan dauden erlazioetan...
Hona bikotearekin etorri diren neska asko ezagutu ditut, eta oso zaila egiten ari zaie. Proba ikaragarria da beraientzat; mutil edo neska laguna benetan maite duten hemen ikusten dute. Mutil eta neska asko ezagutzen dira eta gure artean gauzak gertatzea ezin dela saihestu uste dut. Neska frantsesekin ez dut erlazio handirik izan, baina oso politak direla uste dut. Kar, kar, kar!
 

8- Oraingoz ikusiarekin, gomendatuko al zenioke norbaiti denbora baterako kanpora joatea?

Dudarik gabe! Esperientzia ahaztezina da. Independizatzen hasteko, beste hizkuntza bat ikasi, beste kulturak ezagutu, bidaiatu, zure gauzetan pentsatzeko denbora piloa daukazu… Gauza bat gaineratuko nuke: Kanpora joan nahi duzuen guztiontzako mezua: bidaiatu eta kanpoan zaudela aprobetxatu!

Lander Arbelaitz

Kerobiaren lehen lana kalean jada

Kerobiaren lehen lana kalean jada 2003ko azaroan Euskadi Gazteko Maketa Lehiaketa irabazi zuen Iruñeako laukote honek jada kalean du Kerobia izeneko bere lehen lana. Uztaila eta abuztua diskoaren grabazioa prestatzen iragan ondoren, 3 astez K-Studios-en sartu ziren diskoa grabatzeko Alberto Porres eta Jota lan teknikoaz arduratu zirelarik. Hamar kantu eta 45 minutuko disko hau Gor disketxearekin kaleratu dute.

Zauriz betetako ura kantua ardatz duen emaitzak harrera ona izan du dendetan salgai jarri zen lehen egunetik. Eurek rock melodikoaren barnean kokatzen dute, “poparen freskagarritasuna alde batera utzi gabe, noski”. Ahotsa eta melodiari ematen dioten garrantzi handiak, Him edo Muse bezalako taldeen ukitu bat ematen dio.

Taldean lau izan arren, kolaborazioak ere izan dituzte. Abesti batzuetan bi biolin, eta txelo, biola eta tronpeta banaz gain, Berri Txarrak taldeko Gorka Arbizu izan dute Zuen Trajediak kantuan. Bestalde, Leihotikan taldeko Gorka Armendarizek ere Paradisua eta Maiatzak 5 abestietan bere ahotsa sartu du.

Kantu guztiak Kerobiak eginak dira eta letrak Xabi Fernandezek idatzi ditu. Mikel Zorrilla taldeko bateria jotzaileak diskoaren aurkezpen egunean esandakoaren arabera, euskaraz abesten dute euren hizkuntza hau delako. Letrei berebiziko garrantzia ematen diete eta “gure itoaldiak, beldurrak zoriontasuna eta abar adieraztea” izan da helburua lehen disko honetan. Euskalgraf taldeak eginiko diseinuarekin ere oso gustura daudela adierazi zuten. Diskoaren azalean kremailera bat ikusten da eta hau irekitzean bihotz bat ikus daiteke.

Matraka: #?
Lander Arbelaitz

Teilatuz teilatu

Teilatuz teilatu ITOIZ
1974an, Indar Trabes izenarekin bildu ziren 16 urteko bost lagun. Horien artean, azkeneraino iraun zuten Juan Carlos Perez eta Jose Garate Foisis. 1978an, lehen diskoa grabatu zuten Xoxoa diskoetxean, Itoiz, eta Durangoko Azokak urteko disko onenaren saria eman zien. Kantuen artean zegoen Lau Teilatu. Kontzertuek sortutako nekeak eta bi partaidek soldaduskara joan beharrak taldea banatzea ekarri zuten: Itoiz izenarekin kontzertu bakarra eman zuten. Handik bi urtera, kantu batzuk grabatzera joan zen Juan Carlos Perez Xoxoara, eta disketxekoek Itoiz izenarekin egitea proposatu zioten. Ezekiel, Euskal Herrian, 1980an gehien saldutakoen artean egon zen, nahiz eta kritikek lagundu ez. Handik bi urtera, taldeko kideak aldatu eta Alkolea atera zuten. 1983an, Jean Mari Ecay gitarristak taldea gogortu eta progresibotasunera eraman zuen Musikaz Blai laugarren diskoan. 1985ean, Espaloian grabatu zuten, Itoizen diskorik salduena. Espainiara ateratzen hasi ziren. Ambulance atera zuten 1987an eta Frantzian jotzen hasi ziren. ...Eremuko Dunen Atzetik Dabil azken lana grabatu zuten Getxon, zuzenekoa, eta taldea banatzea erabaki zuten. Amaitzeko, Frantzian azken bira bat egin zuten.

Matraka: #9; 2004ko abenduaren 15etik 22ra
Lander Arbelaitz

“Hemen dinamikoagoa da gaua”

“Hemen dinamikoagoa da gaua” Italia hegoaldetik etorri da, baina ez du hotz handirik sentitu Euskal Herriko neguan.

Claudia Di Spiezio Sardo italiarra da; Napolikoa. 21 urte ditu, eta Ekonomia ikasten dihardu. Aurtengo ikasturtea Bilbon egingo du, eta orain arte ikusi duena, behintzat, gustatu zaio. Esperientzia berria bizi du gurean, eta asko ikasten ari den sentsazioa dauka; pozik dago.

Zergatik etorri zara Euskal Herrira?
Bilbo, Almeria eta beste hiriren bat neukalako aukeran, eta niri Bilbon zen gehien gustatzen zitzaidana, besteak baino handi eta politagoa delako.

Ezagutzen al zenuen Euskal Herria etorri aurretik?
Ez, ez nuen ezagutzen.

Noiz arte geratuko zara hemen?
Otsaila arte.

Oraingoz, gustura al zaude?
Bai, oso pozik nago. Oso polita da hau.

Zer da gehien gustatu zaizuna?
Tabernak eta Bilbo hiria. Euskal jendea ere asko gustatzen zait, oso parranderoak zarete.

Eta zer gutxien?
Ikastetxe Nagusiko janaria. Horrez gain, hemen ezagutu dut gurekin (kanpotarrokin) oso itxia den jendea kanpokoak garelako, eta jarrera hori ez zait gustatu.

Zer botatzen duzu faltan zure herrialdetik?
Italiar baten erantzun tipikoa botako dizut: pasta, jajaja.

Zer eramango zenuke zure herrialdera Euskal Herritik?
Hemengo jaigiroa. Han gaugiroa diskotekekin lotzen da beti. Hemen berriz, oso gustuko dut gauaren hasieran Alde Zaharreko tabernetara joatea eta hauek ixtean beste batzuetara joatea. Hemen gaua dinamiko eta luzeagoa da.

Ba al dakizu euskaraz hitzik?
Bai, kaixo eta agur.

Matraka: #7; 2004ko azaroaren 29tik abenduaren 5era
Lander Arbelaitz

"Budweiser zerbezaren falta dut"

"Budweiser zerbezaren falta dut" Hiri handiago batera joateak ikasketetan traba egingo ziola eta, Bilbora etorri da.

Patrick Byrne Chicagokoa da (AEB) izatez. Orain, baina, Bilbo du bizileku, eta gustura dago gurean; oraingoz behintzat. 22 urterekin ozeanoa zeharkatu du, ikasketak egiten jarraitzeko eta esperientzia berri bat bizitzeko.

Zergatik etorri zara Euskal Herrira?
Bilbora etorri naiz txikia delako eta nire ikasketetarako hobea delako adibidez Madril baino.

Noiz arte geratuko zara hemen?
Abenduaren 20a arte

Oraingoz, gustura al zaude?
Bai, oso gustora nago. Oso gustuko dut Euskal Herria.

Zer da gehien gustatu zaizuna?
Festa handiak ditut gustuko. Siesta ere gustuko dut. Hemengo jendea ere asko gustatzen zait, irekia iruditzen zait. Bai, jende jatorra dago hemen.

Eta zer gutxien?
Zerbaitez kexatzekotan, eguraldiaz kexatuko nintzateke

Zer botatzen duzu faltan zure herrialdetik?
Familia, lagunak, hanburgesak eta Budweiser garagardoa.

Zer eramango zenuke zure herrialdera Euskal Herritik?
Hemengo futbola. Hemengoan askoz ere maila altuagoa dago han jokatzen dena baino. Hemen izar handiek jokatzen dute eta han berriz ia erretiratu direnek.

Ba al dakizu euskaraz hitzik?
Bai, lehendakari (ahoskera amerikar batez esana) eta gudari (ondoko paretean dagoen pintada batetik irakurri du momentuan).

Matraka: #6; 2004ko azaroaren 22tik 28ra
Lander Arbelaitz