Blogia
Landerren Txokoa

Betiko musikako taldeak

Proto-punkaren bidetik

Proto-punkaren bidetik

THE DICTATORS

New Yorken sortu zen 1973an, oraindik punk musikaren eztanda iritsi gabea zen garaietan. Aitzindari ahaztuak bezala ibili izan dira urteetan zehar. Lehen diskoa 1975ean kaleratu zuten: Go Girl Crazy. Hurrengo urtean hasi zen musikaren mundua aldatuko zuen punkaren iraultza eta hurrengo bi urteetan disko bana atera zituzten: Manifest Destiny eta Bloodbrothers. Inoiz ez zuten jendearen begirada bereganatzerik lortu, ezta NYn punk mugimenduak gora egin zuenean ere. Andy Shernoffek gidatutako bandaren eragina izan zuten taldeetarako zituen jendeak begiak, adibidez, Ramones.Garai hau mugarri izan zen, diskoak ateratzeari utzi eta 20 urte igaro baitzituzten bat bera ere atera gabe. Tarte horretan, beste talde batzuetan ibili ziren partaideak, hala nola, Manowar-en. 1998n berriz ere diskoak kaleratzea erabaki eta New York New York zuzeneko lana atera zuten. 2001ean D. F. F. D. euren estudioko lanik onena eta 2005ean Viva Dictators zuzenekoa.Taldeari ez zaio inoiz ere gustatu etiketaren baten barnean sartzea, punk eta heavy metal ezaugarriak izan arren, ez dute beren burua inoiz horien barnean ikusi. Hala ere, ukaezina da aitzindari izan direla punkaren bidean.  Lander Arbelaitz

Karibea Euskal Herrian

Karibea Euskal Herrian

JOXE RIPIAU

Bost urtetan lau disko kaleratu zituen taldea. Lehena Positive Bomb izan zen 1996an, jende askorentzat sorpresa handia talde honen sorrera. Euskal Herrian doinu berriak ziren, beste kultura batzuetatik hartuak. Hurrengo urtean, Karpe Diem atera zuten, aurrekoa  baino disko landuagoa eta harrera ona izan zuen. 1998an Paradisu Zinema atera zuten, planteamendu oso original batekin, abesti bakoitza pelikula bat izanik. Azkenik, 2000. urtean, Bizitza Triste eta Ederra, letra pesimistago batzuez osatua. Lan guztiak Esan Ozenki diskoetxearekin plazaratu zituzten. Musika alai eta dinamikoa egiten zuen Iñigo Muguruza (baxua eta gitarra), Jabier Muguruza (eskusoinua) eta Sergio Ordoñezek (guiroa eta perkusioa) hasiera batean sortutako hirukoteak. Hirugarren diskoarekin batera, taldea laukote bihurtzen da, Asier Ituarte tronboilaria sartu baitzen.
Karibe aldeko doinuak jorratzen zituzten, hala nola, ska, reggae, runba eta merenguea. Honi gehitzen badizkiogu eduki sozial handiko letrak, koktel potentea zen emaitza. Kontzertu aretoak benetako jai bihurtzen zituzten eta jendeak dantza egiteko parada ezin hobea izaten zuen. Zenbait kantu utzi zituzten historiarako, hala nola, Pedro Mayo, Karpe diem eta Kaiser Sose batzuk aipatzearren.
Lander Arbelaitz

Rastafarien doinu eta ahotsa

Rastafarien doinu eta ahotsa

MACKA B

Azken 15 urteetan Europako reggaearen izar bilakatu da britainiarra. Eginiko musikak nahastezinak Rastafarien politika kontzientzia pizteko balio izan du. Bere letrak gizarte egoerarekin oso lotuak daude eta konpromiso handiko gaiekin jarrera tinkoa erakutsi du beti, hala nola, berdintasun eskubideak emakume eta inmigranteentzat, langabeziaz eta arrazakeriaz. Gai hauek jorratzeko duen moduak Europan ospetsu egin du, biztanlegoaren ardurarik gertukoenekin lotura baitute.
Ume zenetik gustatu izan zaio musika eta orduan entzuten zuen reggaeren erritmoak bere “bihotzean leku bat aurkitu” zuela esan ohi du. Zenbait musikari ikusita etxean DJ probak egiten hasi zen eta Jamaikara egin bisita batek inspirazioa ekarri zion. 1983an hasi zen txapelketa batean Banion eta Rankin Ann bezalako aurkariei gailendu eta irrati batzuek gonbidatu zutenean.
Handik gutxira bere lehen single-a etorri zen Maggie’s Letter Pappa P produktorearekin, eta arrakasta itzela izan zen. Handik aurrera arrakastaz arrakasta ibili zen eta hurrengo urteetan hainbat single atera zituen horien artean, Signs of the Times, Dread a who she love eta Proud Mandela. Orduzkeroztik, askotan izan da Europako zerrenden lehen postuan eta 15 disko kaleratu ditu.

Lander Arbelaitz

COCK SPARRER

COCK SPARRER Taldea 1975ean sortu zen Londresen 11 urteetatik ikaskide izanak ziren McFaull, Mick Beaufoym Steve Burgess eta Steve Brucekin. 3 urte lehenagotik beste taldeen bertsioak egiten zituzten. Tabernetan jotzen zuten, baina Sex Pistols bezalako taldeen igoerak aukera eman zien euren doinuak aireratzeko eta Pistols-en managerraren atentzioa bereganatzeko. 1977an Cock Sparrerrek Deccarekin sinatu zuen,  ordura arte beste Oi! talde batzuen disketxe zena, eta lehen lana grabatu zuten: Running Riot eta Rolling Stones taldearen bertsio We Love You. Hala ere, eztabaidak izan zituzten disketxearekin soinuaren kalitatea zela eta, eta zenbait arrazoi medio, taldearen izen bereko lehen diskoa Espainian bakarrik kaleratu zen.
80. hamarkadan, Sham69, the Angelic Upstarts eta the Cockney Rejects bezalako taldeek langile klasea punk sensibilitatearekin nahastu zuten eta oi! azpigeneroa indarra hartzen joan zen. Sunday Stripper abestia Oi! Errekopilazio batean atera zen eta arrakasta lortu zuten. Berehala hasi zen grabaketak egin asmoz eta 1982an England Belongs to Me hit singlea kaleratu zuten. Cock Sparrerren Erresuma Batuko lehen album ofiziala Shock Troops izan zen urte berean kaleratua eta luzaroan Oi!ko faboritoen artean egon zen. 1983an gitarrista aldatu zuten. 1984an Runnin’ Riot in ’84 kaleratu zuten eta 87an Live & Loud. Berriz ere arazoak izan zituzten taldekideen artean eta baita diskoetxearekin ere.
1992 amaieran, kontzertu erraldoi batean jotzeko gonbidatuak izan ziren eta hasierako laukotea bueltatu zen harrituta zeuden 2000 pertsonaren aurrean. 1994ean Guilty as Charged diskoa atera zuten lehen aldiz material berriarekin eta tartean kontzertuak eman ostean, 1997an Two Monkeys diskoa atera zuten, material berria zuen taldearen azken diskoa izango zelako zurrumurruen artean. Ondoren, errekopilazioak, zuzeneko grabaketak eta kontzertuekin jarraitu zuten. 2000 urtean banantzea erabaki zuten.
Lander Arbelaitz

The Redskins-i buruzko informazioa Hala Bedi Irratirako

The Redskins-i buruzko informazioa Hala Bedi Irratirako

 


Dena 1981ean hasi zen Leeds-eko taberna batean. Gauza oso ongi ulertzen ez zuen ikuslegoaren aurrean, York-eko 3 skinhead-ek osatzen zuten “No Swastikas” izeneko talde batek jo zuenean hasi zen.

 

Abeslariak, komikietako Tintinena bezalako ile mozketa zuen. Punk-rock-a jotzen zuten, ez Oi zakar, mozkor eta arroa. Nolabait esateko, The Clash-en hasierako estilora hurbiltzen ziren. Hirukote hau gerora The Redskins bihurtuko zen.
1982 urtean kokatuz, Oi!a desagertua dagoeneko eta talde gutxi batzuk arrakasta zuten arren, modaz pasea zegoen rock-eko talde errebelde bat izatea; eta batez ere, rock-a jotzen zuen talde skinhead-a izatea. Hala ere, Redskins-ekoek euren sorreraren berria zabaltzea lortu zuten eta Ingalaterrako NME aldizkariak eurei buruzko datuak argitaratzen zituen, baina inork ez zekien pertsonalki nor ziren Redskins-ak.
INORK EZ ZEKIEN NOR ZIREN?
Ez, jendeak ez zekien aurpegiz nor ziren. York-eko CNT zigiluak “Peasant Army” single-a kaleratu zien eta Langileen Eskubideen aldeko martxa batean aurpegiak estalita atera izanak aldizkarien haserrea ekarri zuen eta IRArekin konparatu zituzten, ez zekitelako nortzuk osatzen zuten taldea.
Beranduago jakin ahal izan zen Chris Dean, bandako abeslaria, lehen aipaturiko NME aldizkarian lanean aritu zela ezizen batekin eta bera zela taldeari buruzko datuak sartzen zituena, esamesak zabalduz. Jada, mundu guztiak bazekienean nor ziren taldeko partaideak, euren nortasunak ezkutatzeari utzi zioten.
HASIERA MUGITUA TALDE BERRI BATENTZAT…
The Clash eta Dead Kennedys bezalako taldeekin kontzertuak jo zituzten eta kazetariekin elkarrizketak izaten hasi ziren.
BAINA REDSKINS-AK BESTE TALDEETATIK BEREIZTEN ZITUENA EZ AL ZEN POLITIKAN OSO BARNERATUAK ZEUDELA?
Bai, hala da. Redskins-ekoak Partidu Sozialistako partaide aktiboak ziren, eta garai haietan, taldea izaten ari zen arrakasta partidua bultzatzeko erabiltzea pentsatu zuten.
Garai hartan kazetari gehienek politikan bustitzen ez zen pop musika nahiago zuten arren, baina Redskins-ak ez ziren inoiz publiko bila aritu. Skin antirrazista eta ezkertiarrak, punkaren politikarekin lotuak sentitu eta islatuak ikusten ziren, mugimendu berri bati hasiera emanaz.
1984rako, Redskinsekoen letra eta jokabide iraultzaileek 70. hamarkadaren garrantzirik gabeko biharamuna zirudien, baina non zeuden hainbeste aipatzen zituzten klase langilearen amorru eta borrokarako gogoak?
Eta orduan meatzarien greba konfliktiboa iritsi zen.++
HAU EZ AL ZEN INGALATERRAKO GREBARIK LUZEENA IZAN?
Ba bai, urte eta erdi iraun zuen eta gainontzeko banda guztiak estudioan sartuta beren lehen LPa lantzen ari ziren bitartean, Redskinsekoak estatu guztian zehar bidaiatzen aritu ziren meatzarien aldeko kontzertuak emanez. Chris Dean, abeslariak, NME aldizkarian artikulu luze eta distiratsu bat idatzi zuen beste taldeek meatzariei bizkarra eman zietela kritikatuz eta bat-batean, talde guztiak politikaz hitz egin nahi izatera pasa ziren.
Nonbaitetik denbora atera zutenean, “Keep On Keepin On” kaleratu zuten, euskarara itzulita “Jarraitu jarraitzen” edo antzeko zerbait litzateke, meatzariei animoak emanaz, noski. Redskins-ak modan jartzen ari ziren, ziurrenik lehenengo eta azken aldiz. Baina hala ere, bazirudien tentsioa handitzen ari zela.
Redskins-eko partaideak benetako iraultzaileak ziren, baina hala ere, negozio diskografikoko parte ere bazirela esan behar da eta kontraesanak argiak ziren, eta laster garrantzi handia hartuko zuten.
BAINA REDSKINS-EKOEK EZ AL ZITUZTEN ISTILUAK IZATEN KONTZERTUETAN EDO ANTZEKO ZERBAIT?
Bai, zeramaten denbora laburrean, kontzertuak eman zituzten, bateria jolea aldatu zuten, album bat egin zuten, “Neither Washington Nor Moscow” eta naziek jipoitu zituzten kontzertu batean.
Egun triste hartan, “Lean On Me” kantuaren erdian, skin faxista batek botila bat bota zion taldeari eta hori seinale izan zen National Fronteko beste 30 bat skin agertokira igo eta taldekoak jotzen hasteko.
Bost minutu lehenago taldearekin gozatzen ari zen ikuslegoak, ihes egin zuen, zale batzuk eta skin antinazi batzuk taldekoei laguntzera joan ziren bitartean. Honen segidan, inguruko kaleetan jarraitu zuen jazarpenak, non jendeak ez zuen ezer ulertzen, skin batzuk beste skin batzuk jotzen ari zirela ikusi baitzuten.
Gertakari tamalgarria ezkertiar militanteek, erantzun bezala, eskuin muturreko taberna bat erasotu zutenean amaitu zen.
HAU GERTATU OSTEAN, TENTSIO HANDIKOAK IZANGO ZIREN KONTZERTUAK, EZTA?
Bai bai, izan ere hori zen naziek lortu nahi zutena. Borroken bidez kontzertu aretoen jabeek Redskinsekoei beren musika iraultzailea jotzeko lekurik ez uztea lortu nahi zuten. Orduzkeroztik, Redskinsen kontzertuak skin antinaziek zaintzen zituzten eta hauek ziren sarrerak banatzearen arduradun.
Badakigu, gainera, taldea beti kontzertuak salneurri baxuan egiten saiatu zela. Doan jotzen zuten edo bestela hainbat kausa sozialen alde: antiapartheid-a, meatzarien greba, etab.  Decca disketxeak adibidez, “Kick Over The Statues” diskoa meatzarien alde ateratzeari uko egin zionean, ez zuten dudan jarri beste diskoetxe batekin editatzea.
Hitz gutxitan, alternatiboak ziren hitzaren zentzurik zuzenean.
Taldekoak beren karrera motzean zehar askotan kexatu ziren hedabideak ez zutela objetibitate nahikoarekin epaitzen beraiek egiten zuten musika. Beren musika entzulego oso handi batengana iritsi zen (Ingalaterran) eta kalitate oso handiko musika egiten zuten; handiegia akaso.
TALDEAREN AMAIERA NOLATAN ETORRI ZEN?
Beren ospea taldea desegiteko orduan faktore garrantzitsua izan zen, diskoetxeak presioa egiten baitzien beraiek nahi zituzten gauzak baino gehiago produzitzera. Partidu Sozialistako egunkari ofizialean soilik eman zen beren banaketaren berri. Oso komunikatu motza, gai politikoak gehiago jorratuz musikalak baino. Taldekideak beste talde batzuetan sakabanatu ziren eta horrela amaitzen da estilo berri bat asmatzen jakin zuen talde baten historia. Mezu modernoa eramaten zuten, orainarekin lotua beti. Euren proletalgo egoerak kausa horrekin benetan militante egin zituen. Beste inongo taldek baldintza horietan lortuko ez zuena lortu zuten.
ETA AMAITZEKO, NOLA LABURTUKO ZENITUZKE REDSKINS-AK?
Skin modernoak izan ziren, tradizioari begiratu baina beti etorkizunera zuzentzen ziren. Mugimendu berri bati sorrera eman zioten eta skinhead gazteentzat bigarren aro bat izan ziren.
Lander Arbelaitz
Hala Bedi Irratian eginiko lehen irratsaioa

Batere moztu gabe

Batere moztu gabe

DEAD KENNEDYS

Jello Biafra Londresen izan zen 1977an, punk-aren iraultzan, bete beterik. AEBtara itzuli zenean, The Ramones-en kontzertu batean izan zen eta guztiz txundituta geratu zela aitortu zuen. Hasiera batean, AEBtako punka New York inguruan kontzentratzen zen, baina gero Los Angeles eta San Francisco inguruak hartu zuen garrantzia. Dead Kennedys San Franciscokoak ziren. Bigarren punk olde hau gogor eta basatiagoa zen, AEBn sortu zen lehena baino. 1980n, DK-k lehen diskoa atera zuten era guztiz independente batean, ‘Fresh fruit for Rotting Vegetables’ (Fruitu freskoak usteldutako berdurentzat). Diskoetxe hau Jello Biafra kantariak zuzentzen du eta Alternative Tentacles du izena. Diskoak tapatik eta guzti inpresionatzen du, polizia autoak sutan agertzen baitira. Abestien artean ‘Kill the poor’ eta ‘California Über Alles’ bezalako kantuak daude. Jende askorentzat taldearen diskorik onena. Letrak zuzenak dira, baina ironia erabiltzne du Biafrak etengabe mundu guztiarekin sartzeko.

Lehen aldiz ozeano Atlantikoa gurutzatu eta Ingalaterrara joaten dira, non Biafrak borroka mediatiko bat burutzen duen Exploited taldeko abeslariarekin. Biafrak esan zuen ez zitzaiola Ingalaterrako bandarik gustatu eta besteak gezurti bat zela, lehenago aitortua baizuen gustatu zitzaiola batenbat. Orduan, Biafraren erantzuna: “Exploited eta polizia gauza bera dira”. Exploited irudi matxista eta biolentoa duen talde bezala hartua da, ultra eskuindarra. Ordutik aurrera bi talde hauen arteko erlazioak asko gogortuko dira.

1982an bateria aldatu zuten eta D. H. Peligro sartu zen. Gainera ‘Plastic Surgery Disaster’ bigarren lana kaleratu zuten, beste askorentzat diskorik onena. Hurrengo urtean, ‘In God we trust, INC’ atera zuten, diskorik polemikoena. Azalean jesus ageri da dolarrez eginiko gurutze batean iltzaturik. Letrak extremoraino eramaten dituzte, ironia utzi eta gauzak argi eta garbi esanaz, horren adibide ‘Nazi Punks Fuck Off’ abestia.
1985ean diskorik famatuena atera zuten izandako arazo judizial batzuengatik, ez ordea onena. Binilozko edizioan ateratako poster batean H. R. Giger-ek eginiko marrazki bat ateratzen zen, Penis Landscape (zakilaren paisaia). 1986an materiale obszenoa adin txikikoei zabaltzeagatik akusatuak izan ziren. Kasu hau zentsuraren aurkako sinbolo bihurtu zen.
Epaiaren erdian, 1986an ‘Bedtime for democracy’ atera zuten, hasierako garaietara itzultzeko saiakera bat. Kantu batzuek oso letra onak dituzten, hala nola, ‘do the Slag’ , ‘I spy’ eta ‘Chickenshit conformist’.
1987an Alternative Tentacles-ek ‘Give me convenience or give mie death’ diskoa kaleratu zuen ordura arte grabatuta zituzten baina kaleratu gabeko kantuekin.

Honen ondoren etorri zen taldearen banaketa eta taldekideen arteko liskarra. 1994an punky batzuek Biafrari ikaragarrizko jipoia eman zioten eta hanka eta kostilla batzuk hautsi zizkioten. Bestalde, biafrak Levi’s markari ‘Holiday in Cambodia’ abestia anuntzio baterako 200.000$ en trukean saltzeko ezezkoa ez zuten ongi ikusi beste taldekide ohiek eta liskarrak areagotu egin ziren.

Azkenik, beste hiruek beste abeslari batekin Dead Kennedys-ekin jarraitu zuten eta Jello Biafrak bere aldetik jarraitu zuen.

Lander Arbelaitz

Panpinen jauna

Panpinen jauna METALLICA
Dudarik gabe 80ko hamarkadako talde honek mundu mailako musikaren historian bere lekua oso ongi irabazia du. Los Angeles eta San Franciscoko lagun batzuk elkartu eta taldea eratzea erabaki zuten inondik-inora heavy metalaren aroa ez zen honetan.

Taldeak kaleko gauzez eta kaleko jendeak bezala hitz egiten zuen eta musikari abiadura eta bolumena emanaz, Thrash estiloaren mugak zabaldu zituzten. 1983an Kill ‘Em All atera zuten, heavy metalaren panoraman leku garrantzitsua hartuz. Hasierako garaietan, ateratzen zuten disko bakoitzarekin, jotzeko eta kantuak idazteko modua hobetzen joan ziren eta Master of Puppets beren maisulana 1986an kaleratu ostean, Europan barrena itzulia egiten ari zirela, Suedian autobusak zoritxarreko istripua izan zuen eta taldeko baxujole Cliff Burton hil zen. Taldeak jarraitzea erabaki zuenean, Newsted hartu zuten baxu posturako.

Bi urte beranduago, intentzio handiarekin eginiko …And Justice for all kaleratu eta MTVren laguntza apur bat, baina inongo irratirik gabe, top10ean sartu ziren. 1991an, Metallica diskoarekin, kantuen egitura luze eta landuekin, AEBn bakarrik, zazpi milioi ale saldu zituen eta mundu osoan zeharreko bi urteko itzuli bati ekin zioten. Ordura arte, inongo heavy metal talderrik ez zen hain urrun iritsi.

Hala ere, 1996an ileak moztu eta itsurak aldatzea erabaki zuten. Musika ere aldatu uzten, rock alternatiboagora. Load kaleratu zuten eta hurrengo urtean Re-Load, aurreko diskotik kanpo utzi zuten materiala berriarekin nahastuz. Ez zituen oso kritika onak izan.

1998n Garage Inc. bikoitza kaleratu zuten, bertsio berri, ezohiko abestiak… 1999an beren produktuen uholdearekin jarraitu zuten, eta S&M atera zuten San Franciscoko orkestrarekin.

Hala eta guztiz ere, Napster zerbitzuarekin izandako aferan, hain herrikoia zen taldearen izena zikindu egin zen, eta bat-batean afera alde batera uztea erabaki zuten. 2002an St. Anger kaleratu zuten Robert Trujillo baxulari lekuan zutela.

Lander Arbelaitz

The Clash-en biografia

The Clash-en biografia Talka, txokea da ingelesez The Clash, punkaren munduak ordura arte zegoenarekin egin zuen talka ziurrenik. Joe Strummer (ahotsa eta gitarra elektrikoa), Mick Jones (gitarra eta ahotsa), Paul Simonon (baxua) eta Nicky “Topper” Headon bateriak osatzen zuten 1976 urtean Ingalaterran sortu zen talde mitiko hau.
Etengabe iraultza eta klase borrokaz kantatzen zuen talde bat izateko, harrigarria bada ere, The Clash-ekoek ideia tradizionalak mantentzen zituzten.
1974az geroztik, Strummerrek talde batzuetan parte hartua zuen. The 101’ers-en lehenik eta 75az geroztik, London S S. Levine-en. Ondoren The Clash-eko partaide izan zen eta aurrerago Public Image Limited-ekoa (Sex Pistols-eko Johnny Rotten-en gidaritzapean).
Lehen kontzertua 1976ko udan jo zuten Londresen Sex Pistols-en aurretik. Azken hauekin Anarchy bira egin eta 3 kontzertu besterik eman ez zituztenean, jendearen artean oihartzuna izaten hasi ziren eta CBS diskoetxe britainiarrarekin kontratua sinatu ondoren, White Riot single-a grabatu zuen. 1977ko martxoan kaleratu zuten eta Ingalaterrako begirada gehienak bereganatzeaz gain, kanpoan ere sonatua izan zen. Hala ere, diskoetxeko Ameriketako delegaziokoek hango merkaturako ez zela egokia erabaki eta ez zuten irratietarako prestatu, beraz, Ameriketan ez zuten entzun. Punk-rock ingelesaren lehen adibideetako bat izan zen, eta oraindik ere, bere generoko perlatzat hartua da.
Crimes bateriak taldearen lehen LPan parte hartu zuen, “The Clash” izenpean, 77an, baina taldea utzi zuen lana argitaratu aurretik eta bateria berria Headon izan zen. Taldeak bere punk-rock gogorra rock gogorrago batera aldatu zuen Sandy Pearlman produktore hartu zutenean. Emaitza bigarren LPa izan zen: “Give’em enough rope” (emaiezue nahiko soka), 1978an kaleratua azken hau.
1977an zehar, Strummer eta Jones hainbat alditan ibili ziren kartzelan sartu eta atera bandalismoagatik zigortuta. Bien bitartean, Simonon eta Headon atxilotu egin zituzten lasterketetako usoei airezko pistolekin tiro egiteagatik.
Taldean hedatzen hasi ziren aktibismo sozialeko ideia eta jarrerak, Rock Against Racism kontzertuaren buru izatera iritsi arte. 78ko udan “White Man In Hammersmith Palais” kantua kaleratu zuten taldearen kontzientzia soziala hazten zihoala argi utziz.
79 hasieran, The Clashekoak Ameriketan zehar beren lehen bira hasi zuten, “Pearl Harbor’79” izenburupean eta uda ondoren, “The Clash in Amerika” kaleratu eta beren Ameriketako bigarren bira hasi zuten. Talde tradizional askorekin eman zituzten kontzertuak, eta horrek liluraturik utzi zituen taldekoak, berehala aterako zuten London Calling album bikoitz izugarrian eragina somatuko zelarik. Londres deika, 79an kaleratu zuten eta Guy Stevens produktoreak lagundu zien mundu mailako arrakastara iristen. Album bikoitza izanik, normal baten prezioan jarri zuten, eta honek lagundu egin zien lehen aldiz Britainia Handiko to10ean sartzen eta 1980ko udaberrian, AEBko 27. postura iritsi ziren. Diskoak estilo ezberdin mordoa ditu et aberezko argiz dizdiratzen du, heavy, punk, reggae, blues, baladak eta abar. Taldearen bizkar hezurra da disko hau, benetan oso ona.
Orain bai, orain arrakasta izan zuten AEBtan, Britainia Handian, Europan eta abar zehar bira egin zutenean 1980ko hasieran. Uda honetan taldeak dub-arekin kutsatutako “Bankrobber” singlea kaleratu zuen alemanez Alemanian bakarrik DJ Mikey Dread-ekin batera; hala ere, diskoetxekoek izan zuten eskaera handiagatik Britainia Handian ere kaleratu egin behar izan zuten eskema guztiak hautsiz.
Laugarren LPan, “Sandinista!”, 1980, oraindik ere estilo gehiago sartu zituzten, horien artean, disko, country, eta acid rock sikodelikoa. LP hirukoitz bat behar izan zuten estilo eta esperimentu hauek guztiak sartzeko, eta taldea bera izan zen beren produktorea. AEBetako merkatuan eta Britainia Handikoan batera jarri zen salgai, eta AEBtako publikoaren artean oso harrera ona izan zuen bitartean, Britainia Handiko publikoa txikitzen zihoan pixkanaka. “Sandinista!” Ameriketako merkatuan Britainia Handikoan baino kopia gehiago saldu zituen taldearen lehen diskoa izan zen.
1981 urtea birak emanaz eta atsedena hartuaz igaro ostean, urte amaieran Combat Rock euren bosgarren LPa prestatzen hasi ziren, Borroka rock-a litzateke euskaraz, eta 1982rako kalean zuten jada. Esan daiteke, rock sinple eta zuzenago baterako bidea berregin zutela. Komertzialki begiratuz gehien saldu zen diskoa izan zen, Britainia Handiko listetan bigarren postuan jarri zelarik eta AEBn lehen aldiz top10ean sartu zirenean Rock the Casbah single arrakastatsuari esker.
Taldeak ideal oso gogorrak zituen hasieran, baina ospearekin bizitza basati rockanrolleroan erori ziren. Headon drogadikto bihurtu zen, eta 1982ko maiatzan taldetik bota zuten, “Combat Rock” grabatuta zeukatela, baina oraindik ere, kaleratu gabea. Urte bereko irailean, Jones-en txanda iritsi zen. Strummer eta Simenonen iritziz, Jones punkeko idealekin inolako zerikusik ez zuen izar bilakatu eta halako berez ez zegokion jarrera zuen. 1984ko urtarrilan The Clash guztiz eraberritu zuten eta Strummer (Ahotsa), Simemon baxua, Vince White gitarra, Nick Sheppard gitarra eta Pete Howard bateria. Urte eta erdi beranduago This is England singlea kaleratu zen, Hau Ingalaterra da, eta 1985eko azaroan Cut the Crap LPa, kendu zaborra, baina ez zuen ia arrakastarik izan eta salmentak oso txikiak izan ziren. Denbora gutxira, 1986 hasieran, taldea banantzea erabaki zuten.
77tik 80ra bitartekoak izan ziren urterik onenak, eta The Clash izan ziren talde ingelesetatik ospetsuenak mundu osoan Sex Pistols-en ondoren. White Riot, Tommy Gun, London Calling, Rock The Casbah eta Should I Stay or Should I Go bezalako kantuengatik gogoratzen dira. Azken kantu honek, Should I Stay or Should I go, taldea desegin eta handik 6 urtera ikaragarrizko arrakasta izan zuen, Levi’s Jeans-ek kanpaina publizitario batean erabili zuelako, diskoetxeak kantua berrargitaratu eta Britainia Handiko listen gailurrera iritsi zen. Berriz ere taldea elkartuko zelako zurrumurruak zebiltzan, baina ezin izan zen hori gertatu taldeko kide ohiek zituzten proiektuengatik. Strummer solista eta partaide gisa zebilen The Pogues taldean, Jones BAD taldeko liderra eta Simonon Havana 3 am talde berriko partaide zen. Headonek bere urteak kartzelan eta errehabilitazioko ospitaleetan igaro zituen.
Sex Pistols-ak britainiako lehen punk rock banda izango ziren, baina The Clash punk rockero definitiboak izango ziren. Pistols-ak nihilistak ziren bitartean, The Clash idealistak ziren, ezkertiar ideologia politikoz bustirik. Taldea musikalki abenturazalea izan zen, rock&roll gogorretik reggae, dub eta estilo gehiagotara zabaldu baitzen.
Bi letra idazle bikain zituzten, Joe Strummer eta Mick Jones, bakoitza estilo eta ahots berezi batekin. Atlantikoaren bi aldeetan izan zituzten benetan miresten zituzten zaletuak.
Britainia Handian itzelezko arrakasta zuten bitartean, Estatu Batuetako merkatuan sartzea asko kostatu zitzaien, eta azkenean, 1982an egin zutenean etengabe gora egin zuten, Atlantikoaren beste aldean ere.
The Clash-ak inoiz ez ziren bihurtu super izar, izan ere, ez zuten horrela bukatu nahi. Beti rock & roll-a pasioz eta protestarako erabili zuten. Batzuk polemiko eta probokatzaile bezala ikusten zituzten bitartean, beste batzuk, jainko eta idolo bezala zituzten, eta esan beharra dago, oraindik ere, batzuek horrela ikusten dituztela. Gustatu edo ez gustatu, argi dago, musikaren historian bere arrastoa utzi duen taldea izan dela dudarik gabe.

Lander Arbelaitz
Hala Bedi Irratirako Eguerdioff saiorako prestatua 2005eko maiatzaren 30ean.

Punketik ska dantzagarrira

Punketik ska dantzagarrira THE SPECIALS
Britainiako ska berpizteaz gain, puri-purian jarri zuten, punk taldeen energia eta jarrera, ska dantzagarriarekin nahastuz. Estilo berri baten sortzaile izango ziren polika eta arazo sozialez kutsaturiko giro hartan.
1977an, Coventryn (Ingalaterra), The Automatics punk-reggae talde bat sortu zen, baina Monkey Man kantuarekin ska klasikoa probatu eta arrakasta izan zutenez, estilo honetan murgiltzea erabaki zuten.
Momentu honetan The Specials izena izatera pasa ziren eta 2-Tone diskoetxera deitu zuten, laster musika estilo honekin lotutako taldeen diskoetxea izango zena.
Lehenik Gangsters, baina gero arrakasta bat bestearen atzetik iristen hasi ziren: Rudi a message to you, Too much too young, Rat Race, Stereotype, Rude Boys Outta Jail... diskoak ikusgarriak ziren, eta taldeko hiru abeslariak nabarmentzen ziren: Staple, Golding eta Hall.
1981 urterako, arrakastak amaitzen ari zitzaizkien, eta honela jarraitzea zail izango zutela ikusi zutenean, Ghost Town abestia sortu eta taldea banantzea erabaki zuten. Fun boy Three sortu zuten hiru abeslariek, eta beste batzuk Special A.K.A. baina 83rako biak banandu ziren. 1995ean, Terry Hall gabe taldea elkartu eta Too Much Too Young eta Ghost Town diskoak atera zituzten, baina 98an berriz ere utzi egin zuten.

Matraka: #?
Lander Arbelaitz

Sistemaren aurkako makina

Sistemaren aurkako makina RAGE AGAINST THE MACHINE

Zack del la Rocha abeslariaren Inside Out taldearen bigarren diskoaren izena zen eta hau desegitean, hurrengo taldearentzat sistemaren aurkako lelo gisa hartu zuen. Makina hori beren idealen aurka zihoan edozer zen, poliziatik politikarienganaino.

Tim Commerford baxuan, Tom Morello gitarran eta Brad Wilk bateriak osatzen zuen laukotea Zack de la Rocha abeslariarekin.

Lagun batzuen saloian lehen kontzertua jo zutenetik 1991n, Epic Records disketxearekin Rage Against The Machine diskoa kaleratu arte bi urte igaro ziren. Beti izan zen talde polemiko eta idealen defendatzaile. 1993an 14 minutuz bilutzik atera ziren jotzera zentsuraren aurka; People of the Sun EZLNaren aldeko kantua egin zuten; NBC telebistan ez zieten utzi Bullet in the Head kantua jotzen, protestetan atxiloketak pairatu zituzten...
1996an Evil Empire, eta 1999n, The Battle of Los Angeles hirugarren lanak lehen postua lortu zuten AEBn.
2000 urtean, De la Rochak taldea utzi zuen “erabakiak hartzeko orduan izandako desadostasunengatik” eta polemika tarte horretan, bertsioz osaturiko Renegades kaleratu zuten. Abeslaria bakarka hasi zen eta gainontzekoek Chris Cornellekin Audioslave sortu zuten. 2003an Live at the Grand Olympic CD eta DVDa kaleratu zuen Epic diskoetxeak.
Taldeak bere punk, hip-hop eta trash musikak nahasiz, letra ezkertiarrekin kultura inperialismo eta gobernu zapaltzaileen aurkako egin zuen beti.

Matraka: #34; 2005eko ekainren 3tik 15era
Lander Arbelaitz

Hey Ho, Let’s Go!

Hey Ho, Let’s Go! THE RAMONES
1974ean Forest Hills-en (Queens) lau lagun bildu zirenean ez zuten usteko beren bizitzetako abentura bat hastera zihoazela. Jeffrey ahotsean (bateria gisa hasi zen), John gitarra, Douglas baxuan eta Tomas manager gisa.
Ramone abizenarekin Paul Mc Cartney anaiatu nahi zuten, honek Beatles-en hastapenetan pare bat alditan erabili zuen izenorde bera jarriz. Abizena hautatua, izen artistikoak jarri zituzten, eta honela, Joey, Johnny, Dee Dee, eta Tommy geratu ziren hurrenez-hurren. Hirukote gisa hasi ziren arren, Joey ahots bezala hobea zela konturatu eta bere bizitzan bateria bat ukitu ez zuen Tommy postu hortan jarri zuten.
1976an Ramones lehen diskoa atera zuten. Hemen eta hurrengo 3 diskoetan (Leave Home, Rocket to Russia eta Road to Ruin) aurki daitezke taldearen kantu klasiko eta historiara pasa diren ia arrakasta guztiak Mundu osoan jo zituzten kontzertuak eta Euskal Herrian ere izan ziren, Donostian bi egunez eta Portugaleten. 1996an We'Re Outta Here kaleratu eta abenturari amaiera eman zioten. 22 urte taula gainean, 24 disko original grabatuta, 2000 show baino gehiago eta milaka kontatzen diren zaletuak.

Matraka: #25; 2005eko apirilaren 13tik 20ra
Lander Arbelaitz

Hey Ho, Let’s Go!

Hey Ho, Let’s Go! THE RAMONES
1974ean Forest Hills-en (Queens) lau lagun bildu zirenean ez zuten usteko beren bizitzetako abentura bat hastera zihoazela. Jeffrey ahotsean (bateria gisa hasi zen), John gitarra, Douglas baxuan eta Tomas manager gisa.
Ramone abizenarekin Paul Mc Cartney anaiatu nahi zuten, honek Beatles-en hastapenetan pare bat alditan erabili zuen izenorde bera jarriz. Abizena hautatua, izen artistikoak jarri zituzten, eta honela, Joey, Johnny, Dee Dee, eta Tommy geratu ziren hurrenez-hurren. Hirukote gisa hasi ziren arren, Joey ahots bezala hobea zela konturatu eta bere bizitzan bateria bat ukitu ez zuen Tommy postu hortan jarri zuten.
1976an Ramones lehen diskoa atera zuten. Hemen eta hurrengo 3 diskoetan (Leave Home, Rocket to Russia eta Road to Ruin) aurki daitezke taldearen kantu klasiko eta historiara pasa diren ia arrakasta guztiak Mundu osoan jo zituzten kontzertuak eta Euskal Herrian ere izan ziren, Donostian bi egunez eta Portugaleten. 1996an We'Re Outta Here kaleratu eta abenturari amaiera eman zioten. 22 urte taula gainean, 24 disko original grabatuta, 2000 show baino gehiago eta milaka kontatzen diren zaletuak.

Matraka: #25; 2005eko apirilaren 13tik 20ra
Lander Arbelaitz

Baga biga higa... eta hamalau

Baga biga higa... eta hamalau MIKEL LABOA
Gutxik izango dute hainbeste generazio ezberdin kontzertu berdin batean bildu eta Mikel Laboak bezala bereganatzeko gaitasuna. 1934an jaio zen Donostiako Alde Zaharrean familia abertzale batean baina berak bi urte zituela aitak erbestera joan behar izan zuen guda hasi zenean EAJkoa izateagatik. 16 urterekin sartu zitzaion gitarrarako griña. Medikuntza ikasi zuen Iruñea, Madril, Zaragoza eta Bartzelonan eta azken honetan sortu zuen bere lehen abestia, Gabriel Arestiren Apur Dezagun Katea poema musikatuz. Lehen jendaurreko kontzertua berriz, Zaragozan eman zuen. 1963an karrera amaitu eta goizez lanean hasi zen ospitalean, arratsaldeak gitarrari eskaintzen zizkion bitartean. Hurrengo urtean bere lehen diskoa kaleratu zuen, lau kantuko iraupen laburreko biniloa. Bartzelonatik bueltan Ez dok Amairu sortu eta emanaldiak ematen hasi ziren. Frankismoarekin arazoak izan zituen eta beste euskal abeslari batzuekin batera zentsuratua izan zen hainbat urtez. Euskal olerkigintzara askotan jo du kantuak egiteko orduan eta bere kantuetako asko historiara pasako dira ziurrenik. Gaur egun, 14 disko ditu kalean eta euskal kantagintzaren sinbolo bat bihurtu da bere 71 urteekin.

Matraka: #23; 2005eko martxoaren 23tik 30era
Lander Arbelaitz

Ustelkeriari hitz eginez

Ustelkeriari hitz eginez NEGU GORRIAK
Zaila da hain hitz gutxian lehen diskoa atera zutenetik, Ustelkeria kantuagatik Galindorekin izan zuten auzia irabazi izana ospatzeko jo zuten azken kontzertura bitartean igaro ziren 11 urteetan horrenbesteko zeresana eman duen taldearen historia laburbiltzea. 1990ean Fermin Muguruza ahots, Iñigo Muguruza eta Kaki Arkarazok osatzen zuten hirukoteari Negu Gorriak lehen diskoa kaleratu ostean Mikel Kazalis eta Mikel Abrego gehitu zitzaizkien. Zuzenean transmititzen zuten energia eta indar hori letra oso landu eta zuzenekin nahastuta koktel lehergarri ziren. 1991n Gure Jarrera, 1992an Gora Herria eta 1993an Borreroak Baditu Milaka Aurpegi diskoak atera zituzten. Orokorrean denak onak, baina azken hau, Euskal Herrian egin den diskorik onenetakoen artean kokatua. Kantu arteko loturak eta oso estilo ezberdinak jorratuz, lehen kantua den Bi Doberman Beltzen rock potentetik hasi eta Kolore Biziaren ska alai horretaraino heltzen dira 21 abestiak, inoiz ere NG-en bidetik urruntzen ez den benetako arte lana. 1993an Hipokrisiari Stop! Zuzenekoa Bilbon, 1995ean Ideia Zabaldu eta Ustelkeria, eta azkenik, 1997an hainbat talderen bertsioak jasoz Salam, Agur diskoak atera zituzten. Askoren aburuz, Euskal Herritik pasa den talderik on eta internazionalistena.

Matraka: #17; 2005eko otsailaren 9tik 16ra
Lander Arbelaitz

Teilatuz teilatu

Teilatuz teilatu ITOIZ
1974an, Indar Trabes izenarekin bildu ziren 16 urteko bost lagun. Horien artean, azkeneraino iraun zuten Juan Carlos Perez eta Jose Garate Foisis. 1978an, lehen diskoa grabatu zuten Xoxoa diskoetxean, Itoiz, eta Durangoko Azokak urteko disko onenaren saria eman zien. Kantuen artean zegoen Lau Teilatu. Kontzertuek sortutako nekeak eta bi partaidek soldaduskara joan beharrak taldea banatzea ekarri zuten: Itoiz izenarekin kontzertu bakarra eman zuten. Handik bi urtera, kantu batzuk grabatzera joan zen Juan Carlos Perez Xoxoara, eta disketxekoek Itoiz izenarekin egitea proposatu zioten. Ezekiel, Euskal Herrian, 1980an gehien saldutakoen artean egon zen, nahiz eta kritikek lagundu ez. Handik bi urtera, taldeko kideak aldatu eta Alkolea atera zuten. 1983an, Jean Mari Ecay gitarristak taldea gogortu eta progresibotasunera eraman zuen Musikaz Blai laugarren diskoan. 1985ean, Espaloian grabatu zuten, Itoizen diskorik salduena. Espainiara ateratzen hasi ziren. Ambulance atera zuten 1987an eta Frantzian jotzen hasi ziren. ...Eremuko Dunen Atzetik Dabil azken lana grabatu zuten Getxon, zuzenekoa, eta taldea banatzea erabaki zuten. Amaitzeko, Frantzian azken bira bat egin zuten.

Matraka: #9; 2004ko abenduaren 15etik 22ra
Lander Arbelaitz

Oraindik ere ez gaituzte bakean utzi

Oraindik ere ez gaituzte bakean utzi HERTZAINAK
Euskal Herriko rock-aren historian letra larriz idatzita geratu den talde honek, 1981 urteko Gabon Zaharrean jo zuen lehen kontzertua Gasteizen. Zenbait jaialditan jotzen hasi ziren eta uda iristearekin batera, Gammak, geroago M-ak taldeko abeslaria izango zenak, taldea utzi zuen, Garik bere lekua hartuz. 1983an, zuzeneko kontzertuak jotzen zituzten bitartean landutako maketa grabatu zuten IZ estudioetan. Bertan, Pakean utzi arte bezalako kantuak aurki zitezkeen. Beraiek arduratu ziren salmentaz, eta kopiak segituan agortu zituzten jarraitzaileek. 1984ko urtarrilan, Egin egunkariaren irakurleek, Arabako rock talderik onena hautatu zuten eta Hertzainaken ospea Arabatik kanpora zabalzen hasi zen. Hertzainak izeneko lehen diskoa arrakastatsua suertatu zen eta 1984 urtean gehien saldu ziren diskoen artean kokatu. 1985eko udan, jaialdi batetik itzultzean, kotxe batek Tito kolpatu zuen eta horren ondorioz, laukote bihurtu zen taldea. Hurrengo urteetan, “Hau dena aldatu nahi nuke” eta “Salda badago” lp-ak kaleratu zituzten, honekin, Euskal Herriko talde garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi zirelarik.

80. hamarkadan sortu eta 90.ean desagertu zen talde hau The Clash-en euskal bertsioa bezala hasi ziren, baina beren estilo propioarekin bukatu zuten. Azken urteetan konturatu ziren Euskal Herria txiki geratzen zitzaiela eta estatu mailan oso zail zegoela ezer egitea euskaraz abesten baitzuten.

Hiru maxi-single, hainbat single eta ondorengo Lpak atera zituzten: Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1986), Salda badago (1988), Amets prefabrikatuak (1990), Onenak (1991), Zuzenean (1991) eta Denboraren orratzak (1992). Azken kontzertua Donostian izan zen 1993ko urtarrilaren 24ean eta honen ondoren, taldea banandu egin zen.

Matraka: #7; 2004ko azaroaren 29tik abenduaren 5era
Lander Arbelaitz

Mano Negra

Mano Negra 1986an, Parisen jaioak ziren Manuel Chao eta Santiago Cassariego-k talde bat eratzea erabaki zuten eta talderako partaideak bilatzen hasi ziren Pariseko auzogune pobreenetan. Auzogune hauek Argelia, Senegal eta Marrakex bezalako herrialdeetako jedearen emigrazio masiboa jasan zuten eta aurkitu zituzten gehienak jatorriz Afrikarrak ziren Frantziarrak ziren. Mano Negra izena, Andaluzian eraso terroristak egin zituen Yugoslavia ohiko talde extremista batetik hartu zuten.
Lehen Hit-a gazteleraz kantaturiko Mala Vida izan zen. Pixkana-pixkana, irratietan indarra hartzen joan zen, eta honek, Virgin transnazionalarekin kontratua sinatzera eraman zituen. Erabaki honek hautsak harrotu zituen, baina euren erantzuna barruan baino, kanpoan arrakasta izateko askoz aukera gehiago zituztela izan zen, eta horretarako bide bakarra transnazional batekin akordio batera iristea zela.
1988an Patchanka euren lehen lana kaleratu zuten. Hurrengo urtean, kritikek eta salmenta zerrendek diotenez, euren historiako diskorik onena grabatu zuten: Puta’s Fever (Prostituten Sukarra). Album honetan, King Kong Five eta Pas assez de toi bezalako kantuak aurki ditzakegu. Album honetan estilo askoren nahastea aurki dezakegu, hip hop-a, rock-a eta ska, batzuk aipatzearren. Lan honekin, Europako panorama musikalean indarra hartu zuten eta lan hau aurkezten munduari bira eman ziotela esan daiteke.
Hurrengo urteetan, King of Bongo (1991), Amerika Perdida (1991), In The Hell of Patchinko (1992 zuzenekoa, Japonian) eta Bande Originale du Livre (1994) lanak kaleratu zituzten, baina euren estilotik urruntzen ari zirela konturatu ziren. Horrez gain, taldekideen artean liskarrak ere sortu ziren eta batzuk taldea utzi zuten. 1994an estilo latinoamerikarreko Casa Babylon diskoa kaleratu zuten, kritikoen iritzien arabera, diskorik landuena. 1995ean, taldekide-ohiekin arazo legaletansartu ziren eta Manu Chaok Radio Bemba Sound System proiektua sortzea erabaki zuen Mano Negra-ko partaide batzuekin. 1995ean, arazo ideologiko eta ekonomikoek Mano Negra-ren amaiera ekarri zuten. 1998an euren kantarik onenekin “The Best of” CDa kaleratu zuten.
(Matraka: #4; 2004ko azaroaren 8tik 14ra)
Lander Arbelaitz