Blogia
Landerren Txokoa

Albisteak

Bizikidetzarako pausoa ematea erabaki du Australiako gobernuak

Bizikidetzarako pausoa ematea erabaki du Australiako gobernuak Berri ona atzokoa. Australiako gobernuaren izenean barkamena eskatuko die datorren otsailaren 13an Kevin Rudd lehen ministroak bertako indigenei aurreko urteetan “zibilizatu asmoz” indigenei umeak familiei kendu eta 'zibilizaziora' eramateagatik. Mundu osoko indigenek eta hauen alde lan egiten duten erakundeek pozik hartu dute berria, bizikidetza eta errespeturako pausu garrantzitsutzat jotzen baitzuten hau. Hainbeste sufrimendu sortu ostean, barkamena eskatzea erabaki du azkenean “gizon zuriak”.

Hala ere, Bringing Them Home (Etxera Ekarriz) giza eskubideen alde lan egiten duen taldeak Australiako gobernuari eskaera egin zionetik pausoa ematera ausartu den arte hamar urte baino gehiago igaro dira. Christine King, Stolen Generations Alliance (Lapurtutako Belaunaldien Aliantza)ko kideak ezin omen zuen sinetsi ere barkamenerako data behingoagatik jarri dutela. Negarrez hitz egin zuen King andereak: “jende heldua sinetsita zegoen ez zutela egun hau inoiz biziko, oso hunkigarri eta garrantzitsua da guretzat”.

Oposizioaren eskaera baten karietara erabaki du Kevin Rudd lehen ministroak eskaria egitea eta australiar guztiak “harro sentitzeko unea” dela adierazi du, iraganean egindako akatsak onartzen ari direlako. Parlamentu berria otsailaren 12an osatuko dute, eta Welcom to Country (Ongi etorri herrialdera) aborigenen ongietorri tradizionala egingo dute. Hurrengo egunean, otsailaren 13an, Camberran burutuko duten legebiltzarreko saioan eskatuko die barkamena formalki lehen ministroak.

1998an Kanadako Gobernuak antzeko barkamen eskaera egin zien bertako jatorrizko biztanleei. Indigena eta inuit gazteak hartu eta gurasoengandik urruntzen zituzten betirako, eta politika hori zela eta barkamena eskatu zieten.

XVIII. mendearen amaieran Australian bizi ziren talde aboriginenen kopurua 350 eta 700 artekoa zela kalkulatu dute zientzialariek, baita beste horrenbeste hizkuntza ere. XXI. mendearen hasieran 200 besterik ez zirela geratzen ondorioztatu zuten, eta hogei inguru kenduta, denak galtzeko arriskuan daudela. Australiak dituen 21 milioi biztanletik, 450.000 dira aborigenak eta orokorrean askoz bizi baldintza txarragoetan bizi dira.

1606an europarrak iritsi zirenetik, sufrimendua besterik bizi izan ez duten talde hauetako kideek barkamena eskatzeaz gain, aborigenen eskubideak errespetatu eta bizikidetzan lan egiteko benetako konpromisoa eskatu diete gobernuari.

Informazio gehiago:

http://news.theage.com.au/govt-plans-aboriginal-apology-on-feb-13/20080130-1p00.html

http://www.dnathan.com/VL/austLang.htm

http://www.galdu.org/web/index.php?odas=2514&giella1=eng

http://en.wikipedia.org/wiki/Australian_languages

Ikastola ikusezina begi bistara. Nafarroa Oinez 2007 Vianan

1992ko edizioak eraikin txukuna egiteko balio izan bazuen, oraingoak, 15 urte beranduago Erentzun ikastola normalizatzeko balioko duela uste dute urtebetez lanean aritu diren ikasle, irakasle eta gurasoek. Ikastolara iristeko errepide ondoko seinalea falta bada ere, ikusezin izateari utzi eta euskaltzaleen babesari esker, arreta guztia bereganatuko du urriaren 21ean.

Logroñotik bederatzi kilometrora eta Iruñetik 81era egon arren, Errioxa eta Nafarroaren arteko mugan, azkenaren aldean geratu da Viana. Ondoren muga gehiago marraztu izan dira Nafarroa zatikatuz, eta eremu ez-euskalduna deituriko zakuan sartu zuten aipatu herria, beste askorekin batera. Errealitate horretan bizi da Erentzun ikastola 1978an sortu zutenetik.

Ikastolaren ondoan bada Kueto izeneko muinoa. Bertara igotzen denak pare bat begiradatan hiru administraziotan banatutako hiru lurralde begiztatzeko aukera izanen du. Lehenik, Nafarroa ikusiko du Viana aldera begiratuz, XIII. mendeko eliza dotorearen arrasto eta guzti. Ondoren, ikastola aldera zuzentzen bada, begiak zorroztuz, atzean Logroño ikus daitekeela konturatuko da.
Azkenik, ikastolaren eskuineko soroetara egiten badu so, zeruertza Araban pausatzen dela jakin beharko du.

Kokagune geografiko horren kariaz, inguruko herrietatik ere etortzen dira ikasleak bertako ikastolara, hala Bargota (Nafarroa), Aras (Nafarroa) edo Logroñotik (Errioxa) bertatik ere. Hala ere, nahiz eta bianar gazteen zatirik handiena herriko eskola publikora joan, bianarrak dira gehiengo Erentzun ikastolan. Etengabe gora doa haur matrikulatuen kopurua eta aurten 133 ikasle dituzte, iaz baino 16 gehiago. Ikastola herrian gero eta onartuago dagoela dio Aritz Lizarraga ikastolako zuzendari gazteak, baina oraindik ere bide luzea egin behar dutela aipatu du.

Ikasle kopuruaren gorakada ikastolak herrian duen onarpenaren zeinutzat har daiteke, eta bide horretan 1992an Vianan egindako Nafarroa Oinez garrantzitsua izan zela uste du askok. Euskara eta euskal kultura guztiz arrotz zen ingurunean, milaka pertsona biltzea gauza handia izan zen bertako euskaltzaleentzat. Hala dio Lizarraga zuzendariak: “Txerritoki izandako eraikinean egotetik, eraikin txukun baterako pausoa eman zuen ikastolak ateratako diruarekin; hori historikoa izan zen”.

Lizarraga haserre dago ia 30 urtez lanean ari den ikastola izanik, inoiz errekonozimendu minimorik egin ez diotelako Nafarroako agintariek. “1978ko martxoan hasi zen hau eta inongo dudarik ez izan oso urte gogorrak izan zirela haiek. Egun herriko Udala ez dago alde, baina garai haietan Udala bera ere zeharo kontra zegoen, eta horren adibide da 14 urtetan sei lekutan kokatu dela ikastola”.

Aro “legal” berria

Urtebete pasa da Nafarroako Gobernuak Lodosako, Tuterako, Irunberriko eta Vianako ikastolak legeztatu zituenetik. Ordura arte, alegal egoeran egon ziren eta ez ziren Nafarroako ikastetxeen sareko partaide, horrek dakartzan ondorio guztiekin. “Eragin ekonomiko garrantzitsuak izateaz gain, ilegal etiketa kentzea lortu dugu”. Eremu ez-euskalduneko ikastola hauek arnasa hartu ahal izan dute, pixka bat bada ere.

Legalitatea lortzea zen orain arte helburu nagusia, orain berriz, kalitate planean dute begirada jarria. Frontoi estalia egiteaz gain, zerotik sei urte artekoentzat eraikina egingo dute. “Muturreko egoeran geunden, jantokia zena goizez, arratsaldetan liburutegia zen, eta arteko gela kendu egin dugu gela bat gehiago izan dezagun”.

Denboraren eraginez, ikastolara seme-alabak bidaltzen dituzten gurasoak “geroz eta pluralagoak” direla argi dagoela ziurtatu du, eta hori herrian duten irudia pixkanaka aldatzen laguntzen ari dela. “Badakigu non gauden eta euskararen gaitik ateratzen bagara, betikoak lepora joaten zaizkigu; oso tentuz ibili behar dugu”.

Giltza daukagu lemapean ospatuko da aurtengo Nafarroa Oinez festa; aspaldiko mamu zaharrak uxatu eta bide batez, euskarari eta euskaraz bizi nahi dutenei hiru lurraldek zipriztindutako eremu zailera atea irekitzeko.

Nire artikuluak sarean

Azken samien erreportaia izan da orain arte inoiz idatzi dudan gauzarik onena. Gainera, Argia aldizkarian argitaratzeaz gain, interneten zenbait lekutan aurkitu dut. Argitu nahi nuke, lehenik eta behin, eskolarako proiektu bezala idatzi nuela ingelesez, baina jakinaren gainean edukita Argian ere argitaratu behar nuela. Hori dela eta, euskarazko bertsioa askoz ere osatuago dago, zerbait zuzenduta eta elkarrizketez hornitua. Bestetik, urtegi baten protestatik sami kontzientziara nola pasa ziren eta joika zer den (Argian argitaratutako artikuluan "yoika" jartzen du, baina gero leku ezberdinetan ibili naiz begira, eta zuzen esateko, joika idatzi behar nuela konturatu naiz).

Hemen, artikulua  atera den lekuen lotura:

 Ingelesez:

Gàldu. Resource centre for the rights of indigenous people

Danish School of Journalism

 

Euskaraz:

Argia 

Askapena 

Indymedia Euskal Herria 

 

Aipatzekoa ere, Argiak aste horretan bere webgunea berritu zuela eta ordutik aurrera multimediatikoagoa dela hau. horren berri eman zuten zenbaitek, sustatu -k kasu.

When restriction means life

When restriction means life Due to several regulations in the Danish driving license system, in 35 years the number of killed in traffic accidents have decreased 66%. By Lander Arbelaitz 

“We have more cars because we want freedom of movement and as our economy is strong, we buy cars”. The director of the Danish Road Directoratet —the organization to manage the national roads—, Sven Krarup Nielsen, used these words to explain the fact that Denmark has twice as many cars it had 35 years ago. The increasing of private cars is a phenomenon we are used to see in almost all the countries. But that often mean more traffic accidents. In order to prevent this, during more than 30 years the Danish government has made different restrictive laws and the number of killed is going down every year.

 The Spanish government’s decision to change the driver’s licence system created a big polemic in the Basque Country and in Spain. The main reason was to decrease the accidents on road and the public opinion was divided. Some found it the possibility to lose the driver’s licence in one single day too restrictive. On the other hand, others found correct every measure to decrease the number of killed on road. After two months, the fact that the number of accidents went down has been the best support to the government to justify the change. This system is used in several countries, for example Denmark started using a similar one a year ago and people in general are happy with it. Since 1971, the number of mortal traffic accidents is continuously decreasing in Denmark. In 1970 there were 1.200 killed people and the government decided to do something. Two of the decisions taken were the introduction of speed limits and mandatory use of seatbelts. Since that year, the mortality rate on the road started going down. In 2005, the number decreased to a number that 35 years earlier it would be unbelievable: 331 dead. That means that the number of killed per 100.000 inhabitants in Denmark is 6,8. According to Eustat –Basque Statistics Office–, in the Basque Country the number of killed per 100.000 inhabitants last year was 8,8.  Despite the number of killed was little by little going down, the Danish government decided the introduction of a new punishment system. The penalty point system took effect on 1st September 2005. It is used for violations of the traffic regulations that do not involve confiscation of the driving licence, but are dangerous. There is a list with 18 actions and if the police officers see you doing one of these, you have a cut in your driving license card. The change in law means that in addition to a fine, the offender also gets one penalty point. Each point is valid for three years, and then, it is deleted. Sven Krarup Nielsen thinks it is a very good system because it works. “People don’t want to lose the driver’s license”. The Danish Road Safety Council (TDRS) is a private association of authorities and national organisations in Denmark. The Council works to increase public road safety through information and traffic education. They aim for the public to gain knowledge and understanding of the aspects of road safety. They have four main initiative areas: accidents at too high speed, drunken driving accidents, accidents in crossings and accidents with cyclists. They are very happy with the new system because they think it helped to decrease the number of accidents. “It is the most successful change ever. It is dramatically successful. The number of accidents has dropped”, said Pernille Ehlers. The director of the Danish Road Directoratet is also happy with this system and he says it has been a success. However, his opinion is that in two years they will have to change it and put a little bit stronger; for example, to take off a point for not using the seatbelt. 

The safety of the cars and drivers’ change of behaviour have been the keys to decrease the number of killed in opinion of TDRS. “Nowadays everybody uses the seatbelt and the number of drivers under the influence of alcohol has dropped”. On the other hand, Sven Krarup Nielsen thinks that it is important that they did a plan with restrictive measures and that the national and local organizations follow it.

 Sanction or education 

“The most effective measure is the police control, without any doubt”, told us Pernille Ehlers. “The drivers think that if they don’t use the seatbelt, the police will catch them, so they use it”. She thinks drivers are afraid of losing the points, so they respect the law. In her opinion, the education also is important, but it is more effective the sanction. Sven Krarup Nielsen thinks sanction and education go hand to hand, but he agrees that the sanction is more effective. “The best example is that when someone loses a point and arrives home, he reads again the booklet with the rules to learn what can’t he do in order to keep on driving.

 

Pernille Ehlers is happy because nowadays in Denmark there are much more police controls. She thinks that if people see the police, they pay more attention while they are driving.

  

Optimistic future

 

On 1946 the number of killed in traffic accidents was 312. After that, 2005 has been the best year with 331 fatalities. However, last year there were 20 times as many cars there were on 1946. “For the year 2012 the number of killed will be under 200, and we will work on that”, confirms Sven. Due to the number of killed people on road is going down, Pernille also is optimistic referring to the future. “All the politicians and the police agree that we have to continue the way we started, so I am optimistic”. Nevertheless, she thinks they have to ambitious and that they have to keep on working in order to decrease even more the statistics.

Noiz goaz etxera? 30 urte galdezka

Noiz goaz etxera? 30 urte galdezka

“Borrokan jarraitzen dutela transmititzen dute beraiek, baina batzuk jada esperantza galtzen hasiak dira. 30 urte daramatzate etxera itzultzeko zain eta azken finean, isilpeko gerra bat bihurtu da. Hainbeste denbora zain egotea oso gogorra da”. Honela deskribatzen dio MATRAKAri Aloña Arruti EGKren Nazioarteko Teknikariak Saharako Tinduf errefuxiatu gunean ikusitako gazteen egoera.

 

EGK taldekoek “gazteon eskubideen alde” lanean ari den gazte elkarteek osaturiko EAEko plataforma bezala definitzen dute euren burua. Aipatu taldea Espainiako gazte kontseiluaren barruan (CJE) dago eta autonomia erkidego ezberdinetako elkarteekin Red Sahara izeneko talde bateko kide da. Saharar errefuxiatuetako gazte elkarte UJSario-ekin hitzarmen bat dutenez, eta hauek ospatzen zuten seigarren kongresua bisitarako aitzaki hartuta, han izan ziren errefuxiatuek bizi duten egoera ikusten.

 

Kongresuan parte hartzeaz gain, Saharar Kulturaren Festibala ospatzen zen eta bertako kultura, jolas, dantza eta abestiak ezagutzeko aukera izan zuten. Honez gain, bosnakako taldeetan hango familien etxeetan bizitzen aritu ziren eta honen ondorioz, lehen eskutik izan zuten euren egoeraren berri. Aloñak hango biztanleekin harreman ona izan zutela ziurtatzen du eta gainera, hori izan zela gehien harritu zuen gauzetako bat. “Izan ere, nahiz eta beraiek jakin gu euskaldunak ginela eta gure afera berri izan, Espainiako gazteen taldearekin joan ginen, eta Espainiak Sahararen egoerarekin duen erantzukizuna ikusita, oso ongi hartu gintuzten”. Bestalde, amorrurik handiena beraien desesperazioa ikusteak eman ziola baieztatu zuen. “Eguna joan eta eguna etorri ikusten dute ez zaiela iristen etxera bueltatzeko eguna”.

 

Kongresuan presidentzia aldaketa egin zen eta baita postuen aldaketa ere. Ordutik kooperazio arduraduna denarekin harremanetan egoteko aukera izan dute EGK taldekoek. Aldaketaren ondoren, hango biztanleen beharrik nagusienak zein diren jakinarazi diete EGKkoei. Eskaerak denetarik direla komentatu digu Arrutik, bai janari eta medikamentuak, baina honelako beharrez Asociación de amigos del pueblo saharaui bezalako taldeak arduratzen direla aipatu du. “Guri gehiago eskatzen digute gazteentzat formazioan lagunduko duten materiala, bai astialdira begira, begiraletza formazioa, hizkuntza aldekoa, tailerrak (jostunak adibidez) eta materiala (ordenagailuak, kamarak, bideoak…). Oso mugatuta daudenez, ematen zaien laguntza guztia oso ondo datorkie, desertu erdian ez baitute ezer”. Honez gain, orain gainera uholdeen afera gehitu dela aipatu zuen. Sahararekin zuten komunikazio moztu egin zaie. “Gauzak lasaitzen direnean ikusi egin beharko dela ea beharrak aldatu diren, beharrik nagusienak formazioa izaten jarraitzen duen, ala beren bizirautea.”

 

Euskal Herrian Saharari buruzko informazio nahikoa ote dugun galdetuta, gazteen artean galtzen ari dela erantzun digu Aloñak eta zaharragoak direnek, bai soldaduska egitera hara joan zirenek informazio gehiago dutela uste du. “Saharako haurrak gure artera etortzen direnean sahararrak direla eta basamortuan han nonbait daudela badakite gazteek; baina benetan beren errealitatea zein den eta zergatik dauden horrela, ez dakitela esango nuke”.

 

Martxoaren 9an lehen batzar bat egingo dute. Berez, EGKko gazte taldeei luzatu dieten arren, norbaitek, indibidualki edo elkarte gisa parte hartu nahi izango balu, inongo arazorik ez dagoela ziurtatzen du EGKren Nazioarteko Teknikariak. Helburu dute ikustea elkarte bakoitzak zein ideia duen Sahararen inguruan, eta ea ideia horiekin eta Saharatik egin dizkieten eskaerak bateratuz proiekturen bat buru daitekeen. Noiz eta non izanen den oraindik finkatua ez dago, izan ere, Bizkaia Gipuzkoa eta Araban egoitzak dituztenez, zein lurraldetako jendea apuntatzen den gehien, han izanen da bilera. Izen emateko epea martxoaren 1ean amaituko da.

 

 

 

Lander Arbelaitz

Irakurtzeko doinuak

Irakurtzeko doinuak

Itoiz, The Clash, Ramones eta Public Enemy taldeak, albiste dira berriz ere. Oraingo honetan ez disko berririk atera dutelako, euren historiari buruzko lau liburu kaleratu berri dituelako Gaztelupeko Hotsak disketxeak, euskaraz.

“Beste hizkuntzetan bai, baina euskaraz ez genuen musika taldeei buruzko irakurgairik. Hori zela eta, batzuk premia ikusi genuen eta hortik sortu zen proiektua”. Honela hasi zuen aurkezpena Joxe Felix Azkarate Xarra-k, Gaztelupeko Hotsak disketxeko arduradunak, bere hitzaldia. Aipatu disketxeak liburu sail berri bat kaleratu du, Bosgarren Harian izenekoa, eta lehen lau liburuak kalean dira jada. Bakoitzak talde mitiko bat du solasgai: Jon Eskisabelek Itoiz, hari xingle bat liburua idatzi du; Asier Leozek Public Enemy beltzegi, indartsuegi; Gotzon Hermosillak Ramones familia maitagarria; eta Paddy Rekaldek The Clash, punk, rock’n’roll matxinada.

Paper Hotsak duela bi urte sortu zuten, baina poesia eta bertsogintza liburu batzuk besterik ez zeuden. Bosgarren Harian “datu objektiboak, baina idazlearen ikuspegitik” eman nahi dituzte eta helburu batzuk finkatu zituzten hasieratik: itzulpenik ez, sakelako liburuak izatea eta liburu didaktikoak baino, dibulgaziozkoak egitea. Irakurterrazak dira eta ikuspeegi historiko-kritiko bat bildu nahi izan dute. Idazleak pozik agertu ziren liburuak kalean ikusteaz eta Asier Leozen hitzetan “hutsune handi bat dago, eta hutsune hori euskaraz dago; bilduma hau proiektu eder baten hasiera bezala ikusten dut”. Honez gain, Dokumentazio grafikorako El Tubo eta Musikaria-ren artxiboa erabiltzen uzteagatik eskertuta agertu ziren. Koldo Izagirre arduratu da liburuak gainbegiratu eta zuzentzeaz. Bakoitzak 10-12 euro bitartean ibiliko dira eta denak euskaraz dira. Aurkezpena amaitzeko, Asier Leozek behin baino gehiagotan azpimarratu zuen “proiektu bati aurre egiteko modurik onena, hastea izaten da; ezin da bizi osoa planeatzen ibili”.

JON ESKISABEL: Euskal pop mitikoa

Bilduma honen ideia azaldu ziotenean, hasieratik ikusi zuen antzeko zerbaiten beharra. Itoizen izena etorri zitzaion berehala, euskal musikan eta pop musikan izan zuen garrantziagatik. Eta taldearen beraren bilakaeragatik bere 14 urteetan.

Liburua gehienbat elkarrizketen bidez egina dago: taldekide, manager, lagun, musikari eta abarri ateratako hitzen laguntzaz. Idazlearen hitzetan, “ez da musika liburu bat, ez baitago taldearen musikari buruzko saiakerarik.” Hemeroteketara jo du diskoek nolako harrera izan zuten jakin eta aipatzeko. Taldekideekin modu humanoago batean egin nahi izan ditu elkarrizketak, gertutik, biografia bat gorespen hutsean geratu gabe. “Talde arrakastatsu baten istorioa kontatu nahi nuen.”

Liburuak bi zati ditu, lehena taldearen zatirik ezezagunena, Indar Trabes taldearen sortzetik Alkolea diskoa kaleratu zuten arte eta bigarrena, Musikaz Blai diskotik 1988an taldea desegin arte. Itoizek bere 14 urteetan lehen eskutik bizitu duen bilakaera guztia kontatzen du ‘Itoiz, hari xingle bat’ liburuan.

GOTZON HERMOSILLA: Historiaren aldatzaileak

Historia aldatu zuten, rockaren norabidea. Ramonesek bezala gutxik lortu izan dute estilo berri bat sortzea eta ondorioz, gaur egun milaka taldek imitatzen dute hauek eginiko bidea mundu osoan. Punkaren aitzindari, asmatzaile eta esanguratsuena Sex Pistols eta The Clash-ekin batera.

Barakaldoko idazleak batez ere taldearen filosofia azpimarratu nahi izan zuen: alaitasuna, nerabezaroaren bizipoza, amorrua eta oldartzeko animo hori. Bere ustez Arkaitz Canok ezin hobeto zehaztu zuen taldea “nerabe eternoak” esan zuenean.

Ramones familia maitagarria liburuan oreka mantentzen saiatu da. “Oso gustuko talde bati buruz idaztean, fanzineetatik, bideoetatik… informazioa metatzen hasi eta arriskua baitago zu bezalako gaixo batzuentzat bakarrik egitea liburua.” Alde batetik, informazio asko ematen duen eta bestetik, irakurterraza izan dadin saiatu da. An American Band edo On the road with the Ramones ingelesez dauden liburuak ez itzultzen saiatu da. Euskal Herrian lehen kontzertua jo zuenean joandako jendearen iritzi eta testigantzak bildu ditu Hermosillak. Honez gain, zein eragin utzi duen Euskal Herrian eta hainbat letra euskarara itzulita aurki daitezke liburuan. “Ramonesen historia geure artetik kontatuta”, honela deskribatu zuen idazleak bere lana. Beste aldetik, sakelarako, gazte nahiz zaharrentzat eta lehen aldiz talde haietara iristen diren jendearentzat egin nahi izan liburua.

Aurkezpenean, amaitzeko, Nuevo Catecismo Catolico taldeko baxulari Gonzalo Ibañezen laguntza eskertu zuen.

PADDY REKALDEK: Matxinatuen doinuekin bat

Liburua idaztearen proposamena iritsi zitzaionean, The Clash taldea aukeratu zuen oso gertuko gelditzen zitzaiolako. Ez da Rekaldek idatzi duen lehen liburua, izan ere, hainbat bildumatan parte hartua baita eta gainera, hainbat aldizkaritan kolaboratzen ere ibiltzen da.

Eleberria idatziz joan hala, konturatu zen ez zuela liburu “konpleto” bat egin nahi eta hori dela eta, nolabait esateko, atalak ez ditu oso-osorik kontatu. Ez da xehetasun gehiegi ematen ibili eta irakurleari pistak ematen doa liburu osoan zehar. Irakurleak atal jakinei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, bibliografiarekin osa ditzake.

Liburuan The Clash-en sorrera, bere garaian bizi zuten giroa, diskoetxeekin izan zituzten gora-beherak, diskoek izan zuten harrera kapitulu eta kapitulu artean kantuen letra zatiak eta askoz elementu gehiago aurki ditzake irakurleak, beti ere The Clash zale amorratu baten ikuspegi kritikotik.

ASIER LEOZ: Poligonoaren beste alde bat

Hutsune bat beteko zuen liburu bat idatzi nahi izan du. Proposamena egin ziotenerako beste hiru liburuak zeintzuk ziren bazekien eta hiru talde horietan bazegoen gaur egun eraginkorra izan daitekeen musikaren isla, Ramones, The Clash eta Itoiz. Buruan talde asko izan arren, “poligono batek zenbat eta alde gehiago izan, hobe” pentsatu eta Public Enemy taldea aukeratu zuen.

Kosta egin zitzaion nondik hasi erabakitzea, “musikazalea izanagatik, mugak mantendu behar baitira beti” bere hitzetan. Libururik inoiz ez idatzi izanak buruhauste handiak ekarri zizkiola aitortu arren, Koldo Izagirreren laguntza benetan eskertu zuen liburuaren aurkezpen egunean.

Public Enemy beltzegi, indartsuegi liburuan korrontearen aurka hasi eta merkatuak onartu ondoren, bereganatu egin duen taldea da mintzagai. Mugimendu musikal eta sozial bat izan da. Taldeak beltzen ‘nazioa’ erakusten du nolabait esateko eta disko jartzailea taldekide bezala onartu zuen lehenari omenaldi egin nahi izan dio idazle bilbotarrak.

 

 Lander Arbelaitz

 

Bidea Argituz

Bidebat (2D1) taldeak bere lehen diskoa atera berri du irailaren bukaeran eta Iluntzean du izena. Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin kaleratu dute eta irailaren 21ean aurkeztu zuten Bilboko SGAEren aretoan. Talde gaztea da eta 24 urte inguru dituzte laukoteko kideek.

 

10 kantuko diskoa da Iluntzean, denak euskaraz eta azkena gazteleraz (indiferente). Beraiek sortutako kantuak dira guztiak. Hitzei dagokienez, “gai solidarioak” dira ia denak: hirugarren munduko emakumeak, biolentzia, eta batez ere, inguruan ikusten dituzten kontuen ingurukoak. AEBtako taldeak dituzte eredu: Korn, Papa Roach, Incubus, Tap Root, P.O.D., Disturbed eta Crazy Town adibidez.

 

1999an sortu zen Arrigorriagan (Bizkaia) bi talderen banaketa gisa eta azken bost urteotan aldaketatxo batzuk izan dituzten arren, elkarrekin ari dira lanean. Maketa grabatu eta 2000 urtean Euskadi Gazteako IX. Maketa lehiaketako finalistak izan ziren. Handik bi urtetara, bigarren maketa grabatu eta Euskadi Gazteako XI. Maketa lehiketako entzuleen saria eraman zuten. Azken, eta hirugarren, maketa 2003 urtean grabatu zuten. Emergenza lehiaketan bigarren postuan amaitu zuten eta Bilboko San Inazio maketa lehiaketa irabazi egin zuten.

 

Gaur egun entzun dezakegun Iluntzean diskoa 10 urteko lanaren emaitza da, baina, denbora horretan, aldaketa ugari izan dira taldean. Bi dira hasieratik gaur arte dirauten partaideak: Borja Gomez (ahots eta baxua) eta Raul Paz (gitarretako bat), Juanjo Ramirez eta Gorka Martinez dira berriz, taldean azken sartu direnak; lehena, bigarren guitarra gisa eta bigarrena, baterian. Orain dela bost urte, taldeak gaur egun duen forma hartu zuen eta rocketik metalera pasa ziren. Honez gain, diskoan kolaborazio bat sartu dute, Fjord taldeko abeslariak “Nortasun Berekoia” kantuan abesten baitu.

 

Gitarren indar eta pisuak abeslariaren ahots melodikoarekin nahastuta “zuzeneko indartsuak” lortzen dituztela aipatzen dute. Arrigorriagatik hurbil dagoen baserri batean entseatzen dute astean lau aldiz. Taldearen ezaugarri nagusia zuzeneko kontzertuaren indarra da eta agertoki gainean dena ematen saiatzen dira.

 

Gaztelupeko Hotsak, Gor y Oihukara bidali zituzten maketak, eta hiruen eskaintzak izan zituzten arren, Gaztelukeko Hotsak-ena izan zela onena aitortu dute. Beraiekin sinatu izana nolabaiteko ‘retu’ bezala ikusten dute, baina baita abantaila bezala ere, katalogoko metal talde bakarra baitira eta diskoetxeak sektore honekiko dituen beharrak beraiekin hasetuko dituztelakoan daude.

 

Lehen sigle-a zein izango den erabakia dute, “Itxaropen Uhartea” izango da eta emakumeek jasandako tratu txarrak dituzte hizpide.

 

2005/09/07 Bermeon jaietan
2005/07/21 Iruñean
2005/07/16 Arrigorriagan. Bidebat + Hamlet Jaiak
2005/07/08 Bilbon  Indautxuko Gazte Egunean
2005/06/19 Amurrion Bidebat + Urgabe, Txapelpunk, Kauta - Araba Euskaraz
2005/06/18 Madriden Bidebat + 14 talde - Divino-Aqualung Aretoa, Emergenza jaialdian gonbidatuak

Soziedad Alkoholikaren diskak Corte Inglesetik baztertuta

Soziedad Alkoholikaren diskak Corte Inglesetik baztertuta Espainian zentsurarekin arazoak izan dituztenen zerrenda gero eta luzatzen ari da —zoritxarrez— azken aldian. Su Ta Gar, Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Soziedad Alkoholika, Julio Medem… Soziedad Alkoholika taldekoentzat ez da gauza berria, AVT taldekoen ikuspuntuan jarri zituztenetik, hainbat kontzertu utzi baitizkiete bertan behera. Apirilean Japonian egin zuten biratik itzuli ostean, bi kontzertu utz dizkiete bertan behera, bata ekainaren 18an Huertan (Espainia), eta azkena, abuztuaren 24an Astorgan (Espainia). Jasaten ari diren jazarpen eta kriminalizazio hau dela eta, beren webgunean ez dituzte etorkizunean joko dituzten kontzertuak jarri, “talde ultra-eskuindarrek ez dezaten boikot kanpainarik antolatzeko denborarik izan eta kontzertu aretoko jabea ez dezaten —mehatxuak eta beldurra erabiliz— kontzertua suspenditzera behartu, orain arte egin izan duten bezala”. Lehengo astean berriz ere talde arabarrari tokatu zaio zentsuraren euri-jasa honetan bustitzea, izan ere, El Corte Ingles multinazionalak bere denda guztietatik Soziedad Alkoholikaren produktu guztiak kentzea erabaki baitu.

Kontua irailaren 19an minutodigital.com webguneak kaleratu artikulu baten ostean hasi zen. ‘¿Qué hace el Corte Inglés vendiendo discos de Soziedad Alkoholika?’ (Zertan dabil Corte Ingles Soziedad Alkoholikaren diskoak saltzen?) izenburupean, Arabako taldea ETA erakunde armatuaren aldeko taldea zela aipatzen zuen eta Corte Inglesen bere diskoak saltzen zituztela jakitera ematen zuen. Idatzian taldearen abesti baten letra irakurgai izateaz gain, irakurlea presio kanpaina bateko partaide izatera bultzatzen zuen. Multinazionalera emailak bidaltzeko zenbait lotura eta telefono zenbaki ageri ziren amaieran. Azkenik, taldearen eta ETAren logotipoak konparatzen zituzten, nolabait oso antzekoak direna esanez.

Beren hitzekin, “hiritar xumeok multinazionaleek Soziedad Alkoholika bezalako taldeak finantziatzeari uztea lortu dugun bezala, orain ere, hiritarron ekimen bati esker, Corte Inglesek duen izen ona edukita, terrorismoaren aldeko eta biktimez barre egiten duten mezuak zabaltzen dituzten diskoak dendetatik kentzea lortu behar dugu”. Corte Ingleseko Eroslearen Zerbitzurako telefonora deituta, MATRAKAk baieztatu du informazioa egia dela eta zuzendaritzaren erabakia izan dela produktu guztiak “berehala” kentzea, gainera. Hala eta guztiz ere, zenbat jendek egin duen presioa galdetzean, datu hori ezin zigutela eman erantzun digute.

Esan bezala, astebeteren ondoren, El Corte Ingleseko zuzendaritzak, taldearen produktu guztiak kendu ditu bere 80 saltokietatik.

Hala eta guztiz ere, txanponaren beste aldea da Euskal Herritik, Kataluniatik eta Espainiako leku askotatik ere izan dituzten elkartasun mezuak. Lehenago ere bai, baina zentsuraren arazoa hasi zenetik batez ere, kontzertua ematea lortzen duten lekuetan jende andana izaten dela beti, elkartasun gisara edo. Informazio gehiagorako taldearen webgunea: www.soziedadalkoholika.com

Lander Arbelaitz

Ohituren aitzakian joango al zara sagardotegira?

Ohituren aitzakian joango al zara sagardotegira? Alex Salgado. 19 urte. Donostiarra. Biologia ikaslea

Folkloreagatik ez, baina sagardotegira joaten jarraituko dudala ziur daukat 2005ean. Nik argi daukat sagardotegira joaten banaiz sagardo eta txuletarekin bapo-bapo gelditzeko izango dela, eta honen aitzakiaz gero lagun giroan parranda ederra botatzeko.

Kerobiaren lehen lana kalean jada

Kerobiaren lehen lana kalean jada 2003ko azaroan Euskadi Gazteko Maketa Lehiaketa irabazi zuen Iruñeako laukote honek jada kalean du Kerobia izeneko bere lehen lana. Uztaila eta abuztua diskoaren grabazioa prestatzen iragan ondoren, 3 astez K-Studios-en sartu ziren diskoa grabatzeko Alberto Porres eta Jota lan teknikoaz arduratu zirelarik. Hamar kantu eta 45 minutuko disko hau Gor disketxearekin kaleratu dute.

Zauriz betetako ura kantua ardatz duen emaitzak harrera ona izan du dendetan salgai jarri zen lehen egunetik. Eurek rock melodikoaren barnean kokatzen dute, “poparen freskagarritasuna alde batera utzi gabe, noski”. Ahotsa eta melodiari ematen dioten garrantzi handiak, Him edo Muse bezalako taldeen ukitu bat ematen dio.

Taldean lau izan arren, kolaborazioak ere izan dituzte. Abesti batzuetan bi biolin, eta txelo, biola eta tronpeta banaz gain, Berri Txarrak taldeko Gorka Arbizu izan dute Zuen Trajediak kantuan. Bestalde, Leihotikan taldeko Gorka Armendarizek ere Paradisua eta Maiatzak 5 abestietan bere ahotsa sartu du.

Kantu guztiak Kerobiak eginak dira eta letrak Xabi Fernandezek idatzi ditu. Mikel Zorrilla taldeko bateria jotzaileak diskoaren aurkezpen egunean esandakoaren arabera, euskaraz abesten dute euren hizkuntza hau delako. Letrei berebiziko garrantzia ematen diete eta “gure itoaldiak, beldurrak zoriontasuna eta abar adieraztea” izan da helburua lehen disko honetan. Euskalgraf taldeak eginiko diseinuarekin ere oso gustura daudela adierazi zuten. Diskoaren azalean kremailera bat ikusten da eta hau irekitzean bihotz bat ikus daiteke.

Matraka: #?
Lander Arbelaitz

Disko Berria Urrian

Disko Berria Urrian Benito Lertxundik urriaren erdialderako, zuzeneko disko bikoitza aterako du. Bertan, bere kantu arrakastatsu guztiak biltzeaz gain, bilduma horretarako sortutako beste kantu bate re sartuko du. Martxoaren 3an Gernikan eta 11n Tolosan egin zituen kontzertuetan oinarrituko du Zuzenean izeneko lana.

Matraka #22, 2005eko martxoaren 16tik 23ra.
Lander Arbelaitz

Berredizioak eta DVD-a

Berredizioak eta DVD-a R.E.M.

Athens-eko banda honek Warner diskoetxearekin duen katalogoa berreditatzea erabaki du. Green (1998) diskotik euren Around The Sun bitarteko disko guztiak biko CD batean eta material estrako DVD batean bildu dituzte. Kontzertuen egunak zehaztu dituzte eta oraingoz behintzat ez dute Euskal Herrira etortzeko asmorik.

Matraka: #11; 2004ko abenduaren 29tik 2005eko urtarrilaren 5era
Lander Arbelaitz

Hertzainaken lehena euskal diskorik onena

“Rock Delux” aldizkariak, 20 urte bete zituela ospatzeko, Espainian egin diren 100 diskorik onenak aukeratu zituela azaldu zuten duela bi hilabete inguru Sustatu webgunekoek. 5 euskal diskorik onenak zein diren jakin nahian, internautei iritzia eskatzen hasi ziren, eta, ordutik hona, hamaika zerrenda bildu dituzte. Ondorioak atera dituzte dagoeneko, eta Hertzainak taldearen lehen lana jarri dute txapeldun; bigarren, berriz, Negu Gorriak taldearen Borreroak baditu milaka aurpegi, eta hirugarren lekuan, Itoizen Espaloian gelditu da. Zerrenda osoa ikusi gura duenak Sustaturen webgunean dauka oraindik ikusgai: www.sustatu.com

Matraka: #12; 2005eko urtarrilaren 5etik 12ra
Lander Arbelaitz

Kantu Berriak biran

Kantu Berriak biran Oasis Disko Berria.

Datorren maiatzaren 16an argitaratuko dute Oasis taldeko lagunek estudioko disko berria. Oraindik izena zehaztu ez dioten arren, orain arteko diskorik onena izango dela adierazi zuen Noel Gallagherrek Radio1 irrati britainiarrean. Manchesterko taldea bira prestatzen ari oma da, eta, Erresuma Batuan jada kontzerturen bat zehaztuta duten arren, Euskal Herritik pasako diren edo ez, ez dute zehaztu. Bira horretan, disko berriko kantuako joko dituzte, betiere orain arte egindako lanak ahaztu gabe. Izan ere, urte asko daramatzate musika munduan, eta entzuleek haien kantu arrakastatsu asko dituzte gogoan. Pozik daude disko berria izango denarekin, eta grabazio estudiotik gustura atera dira.

Matraka: #15; 2005eko urtarrilaren 26tik otsailaren 2ra
Lander Arbelaitz

Borroka oraindik ez da amaitu

Borroka oraindik ez da amaitu Euskal Herrian Euskaraz taldeak borroka berezia hasi zuen dela bost urte, Gernikako Epaitegiak hizkuntza eskubideak bermatzen ez dituelako.

Duela bost urte hasi zen borroka. Euskararen inguruko arloz-arloko analisi bat egin zuten irakaskuntza, Osakidetza, justizia administrazioa eta abar aztertuz. Osakidetzarekin batera, gaizkien zegoena justizi arloa zela konturatu ziren eta hor hasi zen dena. “Euskal Herriko epaibarruti euskaldunean, 64000 euskaldunentzat egoten den zerbitzuan, konturatu ginen hiru epaileak erdaldunak zirela. Hori gutxi balitz, langileen %80 ere erdalduna zen (langile, fiskal…).” Oso inguru euskaldun honetan epaitegiak gaztelania hutsez funtzionatzen zuen. Egoera zein zen ikusita, sozializazio lana hasi zuten EHEko kideek eta beste aldetik, “nolabaiteko markaje lana, epaileak deseroso sentziteko”. Pixkanaka-pixkanaka, udaletxe guztiek hauen aldarrikapenarekin bat egin zuten eta epaitegia euskalduntzeko jendearen aldeko jarrera bat ere bazegoela konturatu ziren. “Momentu horretan, beste pauso bat eman behar zela pentsatu genuen eta hor hasi zen intsumisoen borroka, oihartzun gehien izan duena.”

Epaitegi horrek sistematikoki urratu egiten zituela euskaldunon hizkuntza eskubideak eta lege unibertsal batzuk (justizian aurrean denok berdinak garela) salatuz paper batzuk jarri zituzten jendeak sinatzeko. Hasiera batean 10 pertsonak bat egin zuten salaketarekin eta Gernikako Auzitegiak beren eskubideak bermatzen ez zituen bitartean joango ez zirela esan zuten. “Horrek kanpaina bat hastea dakar eta gaur egun ia 3000 intsumiso gaude Lea Artibai eta Busturialdean. Horrek esan nahi du 3000 pertsona (adin guztietakoak: zaharrenak 80tik gora eta gazteenak 15 inguru) ez direla epaitegira joango hizkuntza eskubideak bermatzen ez zaizkien bitartean. Hala ere, justizia administrazioak jendearekin oso harreman gutxi du, ez da medikuarengana joatea bezala”. Nahiz eta paper gainean intsumiso kopuru altua izan, pausua eman dutenak 16 inguru dira, behin deituta joan ez direnak. 8 pertsona atxilotuak izan dira. “Intsumisoen bideari atxiloketekin erantzuten diete eta hori gutxi balitz, arazoak ekiditeko, euskararen inguruan sortzen diren kasu guztiak epaitegiak sistematikoki ixten ditu epe laburrean” salatzen digu Ierak. Gaur egun, lau pertsona intsumisio egoeran daude, horietako bi bilatze eta atxilotze egoeran, eta beste biak laster egongo dira honela. Honez gain, gose-greba ere egin zuten oso jende ezberdinarekin 10 astez eta denbora hau gerora begira zer landuko zuten aztertzeko erabili zuten.

Bost urteko borroka eta gero, langileen artean aldaketak behintzat hasi dira. Gose greba amaitzean, 12 langile euskaldun sartu zituzten epaitegian, epaileek eta fiskalek berdin jarraitzen duten arren. “Jaurlaritzaren aldetik, hitz politak daude, baina gero, egoera konpontzeko aurrera pausurik ez dute ematen” dio Iera Aritzabalegik, “adibidez, epaitegian dauden funtzionario guztiak Jaurlaritzan menpe daude, 12 dira euskaldunak eta gainontzeko 30ak erdaldunak”. Intsumituek, orain, zigor ekonomikoa ere badute eta “txantaia ekonomikoa” egiten diete intsumituek. “Bati 600 euro kendu dizkiote eta beste bati zuen diru apurra. Orain isuna heldu eta heldu ari dira. Argi dagoena zera da, 5 urte hauetan lortu duguna, Gernikan epaitegi barruan oso egoera deserosoa sortzea izan dela”. Gernikako epaitegia oso konfliktibitate baxuko epaitegia da, ez da kasu politikorik epaitzen berton. Gaur egun arte, oso leku “erosoa da epaileak egoteko eta egun, ez du ezta epaile batek hona etorri nahi gure kontuagatik”. Horrekin lotua, udaletxearen aldetik jarrera aldaketa bat izan dela aitortzen digu Ierak. “Lehen Ezker Abertzaleko udalek ematen ziguten apoio hori ez digute ematen hain argi EAJren udalek, ez diote behar bezalako garrantzirik ematen euskararen aferari“.

Duela 5 urte sortutako borrokak gaur egun ere jarraitzen du eta beste pausu batzuk eman nahi dituzte. Adibidez, urtarrilean hiru eguneko kanpaldi bat egingo dute EHEko kideek eragile ezberdinekin, eta bertatik argi atera nahi dute eragile bakoitzak jokatuko duen papera Gernikako epaitegiaren aferan. Horrekin batera, herri erreferendumaren kontua egongo litzateke. “Herriak bere posizioa argi eta garbi erakuts dezan, nahiz eta eskubideak ez diren denon artean bozkatzen, argi gera dadin daukagun apoioa, herri kontsulta bat egin nahi dugu” Hala ere, hori ongi antolatzea oso zaila dela diote.

EHEko kideak positibo ikusten dute gauza. Jendearen atxikimendua, langile euskaldunak hartu izana eta duela bost urte gazteleraz bakarrik zetozen paperak, orain elebidun datozela borrokan ongi ari direlako seinale direla diote. Ikusiko dugu nolako amaiera duen honek.

Matraka: #14, 2005eko urtarrilaren 19tik 26ra
Lander Arbelaitz

Manu Chao, azkenengo geltokitik

Manu Chao, azkenengo geltokitik Hiru urte ezer grabatu gabe bazter guztietan kontzertuak ematen igaro ondoren, Manu Chao abeslari ezagunak disko-liburu bat atera du. “Sibérie m’etait contéee” (Siberia kontatu egin zidaten) 132 orriko Chao eta Wozniak karikaturista poloniarraren elkarlan bat izan da. Testuak abeslariarenak dira eta marrazkiak Wozniak-enak. 23 abesti ilun eta tristurari buruzko testuz osatua dago. Ordura arte, idatzitako testuak abestietan letra bezala erabiltzeko idazten zituen; baina gordeta zituen testu batzuk beste zerbaitetarako ere balio zezaketela konturatu zen. Oraingoz, Frantziako liburu dendetan bakarrik dago salgai eta oso osorik frantsesez dago. Abeslariak esan duenez, ez du uste liburua itzuliko duenik, poemek zentzua gal baitezakete.

Matraka: #7; 2004ko azaroaren 29tik abenduaren 5era
Lander Arbelaitz

Oraindik ere ez gaituzte bakean utzi

Oraindik ere ez gaituzte bakean utzi HERTZAINAK
Euskal Herriko rock-aren historian letra larriz idatzita geratu den talde honek, 1981 urteko Gabon Zaharrean jo zuen lehen kontzertua Gasteizen. Zenbait jaialditan jotzen hasi ziren eta uda iristearekin batera, Gammak, geroago M-ak taldeko abeslaria izango zenak, taldea utzi zuen, Garik bere lekua hartuz. 1983an, zuzeneko kontzertuak jotzen zituzten bitartean landutako maketa grabatu zuten IZ estudioetan. Bertan, Pakean utzi arte bezalako kantuak aurki zitezkeen. Beraiek arduratu ziren salmentaz, eta kopiak segituan agortu zituzten jarraitzaileek. 1984ko urtarrilan, Egin egunkariaren irakurleek, Arabako rock talderik onena hautatu zuten eta Hertzainaken ospea Arabatik kanpora zabalzen hasi zen. Hertzainak izeneko lehen diskoa arrakastatsua suertatu zen eta 1984 urtean gehien saldu ziren diskoen artean kokatu. 1985eko udan, jaialdi batetik itzultzean, kotxe batek Tito kolpatu zuen eta horren ondorioz, laukote bihurtu zen taldea. Hurrengo urteetan, “Hau dena aldatu nahi nuke” eta “Salda badago” lp-ak kaleratu zituzten, honekin, Euskal Herriko talde garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi zirelarik.

80. hamarkadan sortu eta 90.ean desagertu zen talde hau The Clash-en euskal bertsioa bezala hasi ziren, baina beren estilo propioarekin bukatu zuten. Azken urteetan konturatu ziren Euskal Herria txiki geratzen zitzaiela eta estatu mailan oso zail zegoela ezer egitea euskaraz abesten baitzuten.

Hiru maxi-single, hainbat single eta ondorengo Lpak atera zituzten: Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1986), Salda badago (1988), Amets prefabrikatuak (1990), Onenak (1991), Zuzenean (1991) eta Denboraren orratzak (1992). Azken kontzertua Donostian izan zen 1993ko urtarrilaren 24ean eta honen ondoren, taldea banandu egin zen.

Matraka: #7; 2004ko azaroaren 29tik abenduaren 5era
Lander Arbelaitz

Pikurock, Gazte jaialdia Irurtzunen

Aurreko urteetako arrakasta ikusita, 3.en urtez jarraian, Irurtzungo gazteek Pikurock gazte jaialdia antolatu dute bertako polikiroldegian. Urriak 30ean izango da gaueko 21:00tatik aurrera. Aurten 7 talde ariko dira: Fjord, Kuraia, S.A., Skunk, Trikizio, Zorabiok eta Batukada. Sarrerak jada salgai jarri dituzte eta 10 € balio du bakoitzak aurretik erosiz gero, bertan erosita berriz, 12 €.

Euskararen alde lan egiten duten taldeetako partaideak dira antolatzaileak eta hauen hitzetan “txoznagiroa” izango da nagusi. Horrez gain, bideo proiekzio eta bokadilo salmentaz aparte, lehengo urtean baino leku gehiago ere izango da. Aurreko urtean, Berri Txarrak, Reincidentes eta Gatibu aritu ziren jaialdi honetan eta antolatzaileen hitzetan, “esperientzia positiboa izan zelako jarraitzen dugu aurten ere jaialdiarekin”.

Sarrerak ondoko lekuetan jarri dituzte salgai: Irurtzunen Pikuxar Euskal Txokoan eta Martxuetan; Iruñan Xalem, Xalbador eta Planet Rock-en; Donostian Bilintx megadendan; Gasteizen Arriagan; Altsasun Lurrazpin; Etxarri Aranatzen Lekuonan eta Leitzan Gaztañaga Tabernan.

Lehengo urteko garraioaren arazoa konpontzeko, autobusak ere jarri dituzte bai Iruña, bai Leitza eta bai Sakanatik joan eta etorri egin ahal izateko. Bidai txartelak Iruñeko eta Leitzako sarrera salmenta puntuetan jarri dituzte salgai.
(Matraka: #2; 2004ko urriaren 25etik 31ra)
Lander Arbelaitz

Rammstein kaxa beltza

Rammstein kaxa beltza Rammstein-ek kaleratu berri duen Reise, Reise diskoan inork gutxik dakien sekretua topatu dugu ustekabean MATRAKAn. CD originalarekin soilik entzun daiteke ordenagailua ez den edonon. Reise, Reise kantua hastean, atzeratu -00:36 jartzen duen arte eta hegazkin batek istripua izan aurreko azken uneak entzuten dira. Soinua ez da oso garbia. Pilotu bat garrasika entzun daiteke eta ondoren hegazkineko soinu arraro batzuk. Jarraian, hegazkinaren istripuko golpea entzuten da eta hortik aurrera, makina hautsi soinua. Kaxa beltz bat. CDa irekitzean barnean istripua izan duen hegazkin baten argazkia ageri da. Interneten darabilen zurrumurruetako bat, hegazkinean alemaniako taldekoen lagun bat zihoala eta oso adi entzunda “Aeromexiko” diola, baina zurrumurruak besterik ez dira. Kaxa beltz honetatik, oraingoz atera dezakegun ondorio garbi bakarra, Rammstein-ekoei sekretuak asko gustatzen zaizkiela da; baina beste zerbait deskubritzen badugu, jakinaren gainean jarriko zaituztegu hurrengo MATRAKAren aleetan.
(Matraka: #5; 2004ko azaroaren 15etik 21era)
Lander Arbelaitz