Blogia

Landerren Txokoa

Abortua ugaritzen ari ei da gazteengan….

Abortua ugaritzen ari ei da gazteengan….

Julio Estebanez Esteban. 19 urte. Enpresaritza ikaslea. Donostiarra.

Nire ustez, ezin da abortua arau bezala hartu, gauza serioa baita. Etorkizunera begira, arazoak ekar litzake gazte garaian asko pentsatu gabe horrela jokatzeak.

Abortua ugaritzen ari ei da gazteengan…

Abortua ugaritzen ari ei da gazteengan…

Alex Larburu Apalategi. 19 urte. Arkitektura ikaslea. Zumaiarra.

Haurdun bazaude abortatzea ondo iruditzen zait ez baduzu haurrik izan nahi, baina ez zait ondo iruditzen arinkeriaz aritzea gero aborta daitekeelako.

Puntukako gidabaimena egokia al da?

Puntukako gidabaimena egokia al da?

Ekain Fernandez. Zarautz. 20 urte. Ikaslea

Autoeskolentzat negozio polita dela iruditzen zaidan arren, ondo iruditzen zait karneta galtzeko beldurrez istripu kopurua nabarmen jeitsiko delako.

Sistemaren aurkako makina

Sistemaren aurkako makina

RAGE AGAINST THE MACHINE

Zack del la Rocha abeslariaren Inside Out taldearen bigarren diskoaren izena zen eta hau desegitean, hurrengo taldearentzat sistemaren aurkako lelo gisa hartu zuen. Makina hori beren idealen aurka zihoan edozer zen, poliziatik politikarienganaino.

Tim Commerford baxuan, Tom Morello gitarran eta Brad Wilk bateriak osatzen zuen laukotea Zack de la Rocha abeslariarekin.

Lagun batzuen saloian lehen kontzertua jo zutenetik 1991n, Epic Records disketxearekin Rage Against The Machine diskoa kaleratu arte bi urte igaro ziren. Beti izan zen talde polemiko eta idealen defendatzaile. 1993an 14 minutuz bilutzik atera ziren jotzera zentsuraren aurka; People of the Sun EZLNaren aldeko kantua egin zuten; NBC telebistan ez zieten utzi Bullet in the Head kantua jotzen, protestetan atxiloketak pairatu zituzten...
1996an Evil Empire, eta 1999n, The Battle of Los Angeles hirugarren lanak lehen postua lortu zuten AEBn.
2000 urtean, De la Rochak taldea utzi zuen “erabakiak hartzeko orduan izandako desadostasunengatik” eta polemika tarte horretan, bertsioz osaturiko Renegades kaleratu zuten. Abeslaria bakarka hasi zen eta gainontzekoek Chris Cornellekin Audioslave sortu zuten. 2003an Live at the Grand Olympic CD eta DVDa kaleratu zuen Epic diskoetxeak.
Taldeak bere punk, hip-hop eta trash musikak nahasiz, letra ezkertiarrekin kultura inperialismo eta gobernu zapaltzaileen aurkako egin zuen beti.

Matraka: #34; 2005eko ekainren 3tik 15era
Lander Arbelaitz

Hey Ho, Let’s Go!

Hey Ho, Let’s Go!

THE RAMONES
1974ean Forest Hills-en (Queens) lau lagun bildu zirenean ez zuten usteko beren bizitzetako abentura bat hastera zihoazela. Jeffrey ahotsean (bateria gisa hasi zen), John gitarra, Douglas baxuan eta Tomas manager gisa.
Ramone abizenarekin Paul Mc Cartney anaiatu nahi zuten, honek Beatles-en hastapenetan pare bat alditan erabili zuen izenorde bera jarriz. Abizena hautatua, izen artistikoak jarri zituzten, eta honela, Joey, Johnny, Dee Dee, eta Tommy geratu ziren hurrenez-hurren. Hirukote gisa hasi ziren arren, Joey ahots bezala hobea zela konturatu eta bere bizitzan bateria bat ukitu ez zuen Tommy postu hortan jarri zuten.
1976an Ramones lehen diskoa atera zuten. Hemen eta hurrengo 3 diskoetan (Leave Home, Rocket to Russia eta Road to Ruin) aurki daitezke taldearen kantu klasiko eta historiara pasa diren ia arrakasta guztiak Mundu osoan jo zituzten kontzertuak eta Euskal Herrian ere izan ziren, Donostian bi egunez eta Portugaleten. 1996an We'Re Outta Here kaleratu eta abenturari amaiera eman zioten. 22 urte taula gainean, 24 disko original grabatuta, 2000 show baino gehiago eta milaka kontatzen diren zaletuak.

Matraka: #25; 2005eko apirilaren 13tik 20ra
Lander Arbelaitz

Kerobiaren lehen lana kalean jada

Kerobiaren lehen lana kalean jada

2003ko azaroan Euskadi Gazteko Maketa Lehiaketa irabazi zuen Iruñeako laukote honek jada kalean du Kerobia izeneko bere lehen lana. Uztaila eta abuztua diskoaren grabazioa prestatzen iragan ondoren, 3 astez K-Studios-en sartu ziren diskoa grabatzeko Alberto Porres eta Jota lan teknikoaz arduratu zirelarik. Hamar kantu eta 45 minutuko disko hau Gor disketxearekin kaleratu dute.

Zauriz betetako ura kantua ardatz duen emaitzak harrera ona izan du dendetan salgai jarri zen lehen egunetik. Eurek rock melodikoaren barnean kokatzen dute, “poparen freskagarritasuna alde batera utzi gabe, noski”. Ahotsa eta melodiari ematen dioten garrantzi handiak, Him edo Muse bezalako taldeen ukitu bat ematen dio.

Taldean lau izan arren, kolaborazioak ere izan dituzte. Abesti batzuetan bi biolin, eta txelo, biola eta tronpeta banaz gain, Berri Txarrak taldeko Gorka Arbizu izan dute Zuen Trajediak kantuan. Bestalde, Leihotikan taldeko Gorka Armendarizek ere Paradisua eta Maiatzak 5 abestietan bere ahotsa sartu du.

Kantu guztiak Kerobiak eginak dira eta letrak Xabi Fernandezek idatzi ditu. Mikel Zorrilla taldeko bateria jotzaileak diskoaren aurkezpen egunean esandakoaren arabera, euskaraz abesten dute euren hizkuntza hau delako. Letrei berebiziko garrantzia ematen diete eta “gure itoaldiak, beldurrak zoriontasuna eta abar adieraztea” izan da helburua lehen disko honetan. Euskalgraf taldeak eginiko diseinuarekin ere oso gustura daudela adierazi zuten. Diskoaren azalean kremailera bat ikusten da eta hau irekitzean bihotz bat ikus daiteke.

Matraka: #?
Lander Arbelaitz

Sharon Stoner

Sharon Stoner

Noiz eta nolatan sortu zen taldea?
Aurretik ere, hirurok biltzen ginen bertsio batzuk jotzeko baina talde moduan 2001 garren urtean hasi ginen entsaiatzen.

Nolatan aukeratu zenuten izen hori?
Garai hartan oso gustukoa genuen Stoner rock musika eta hitz joko sinple bat eginez izen hau jartzea erabaki genuen.

Zein izan dira zuengan eragina izan duten taldeak?
Kyuss, Queens of the stone age, Foo Figthers, Faith no more, Dut , Nirvana, PJ Harvey, fugazzi...

Zenbat lehiaketatara aurkeztu zarete guztira?
6 edo 7.

Debagoienako Danbaka lehiaketa irabazi izanak ze ondorio izan ditu zuentzat? Ate asko ireki dizkizue?
Gu talde moduan ezagutarazteko oso baliagarria izan da eta honez gain, gure lehen diskoa ateratzeko aukera eman digute. Esperientzia paregabea dudarik gabe.

Saria disko bat grabatzea izan da, noizko Sharon Stoner-en diska dendetan?
Esan duzun bezala saria disko baten grabaketan datza, edizioa eta distribuzioa beste kontu bat izango dira. Printzipioz, martxoa eta apirila bitartean grabatuko dugu diskoa eta gero diskoetxeetan aurkeztuko dugu lan hori.

Zuek talde berri bat izanik, nola ikusten duzue euskal rock eta orokorrean euskal musikaren egoera?
Talde berri asko ari dira sortzen eta gogo handiz datozela nabari da. Bestalde, Euskal Herrian lehen jorratzen ez ziren musika mota desberdinak lantzen dituzte talde berriek eta hori oso aberasgarria dela uste dugu.

Zer egin behar du talde berri batek plano musikalera iristeko?
Hor, bi zirkuito daude oso garbi desberdintzen direnak; bat, diskoetxe batekin disko bat atera ondoren kontzertu handiak eta talde ezagunekin jotzearena da eta bestea, autoeditatutako disko batekin gaztetxe eta tabernetan zehar jotzea.

Zein talderekin joko zenukete zuen kontzertu ideala?
Queens of the stone age edo Hermano – rekin.

Zer plan dituzue etorkizunerako?
Gure lehen diskoa kaleratu eta honekin bira berri bat hasi Euskal Herrian zehar eta agian Europan zehar ere.

Galdetu ez dizudan zerbait komentatu nahi zenuke?
Eskerrak eman nahi dizkiegu orain arte lagundu digun jende guztiari, batez ere hasiera-hasieratik hor daudenei eta gure kontzertuetara etortzen diren guztiei.

Zer egin behar da zuekin kontaktuan jartzeko kontzerturen bat jotzeko?
Gure web orrialdean sartuz aurkitu daiteke gurekin kontaktatzeko behar den informazio guztia. www.sharonstoner.com

Matraka: # ?
Lander Arbelaitz

Borroka oraindik ez da amaitu

Borroka oraindik ez da amaitu

Euskal Herrian Euskaraz taldeak borroka berezia hasi zuen dela bost urte, Gernikako Epaitegiak hizkuntza eskubideak bermatzen ez dituelako.

Duela bost urte hasi zen borroka. Euskararen inguruko arloz-arloko analisi bat egin zuten irakaskuntza, Osakidetza, justizia administrazioa eta abar aztertuz. Osakidetzarekin batera, gaizkien zegoena justizi arloa zela konturatu ziren eta hor hasi zen dena. “Euskal Herriko epaibarruti euskaldunean, 64000 euskaldunentzat egoten den zerbitzuan, konturatu ginen hiru epaileak erdaldunak zirela. Hori gutxi balitz, langileen %80 ere erdalduna zen (langile, fiskal…).” Oso inguru euskaldun honetan epaitegiak gaztelania hutsez funtzionatzen zuen. Egoera zein zen ikusita, sozializazio lana hasi zuten EHEko kideek eta beste aldetik, “nolabaiteko markaje lana, epaileak deseroso sentziteko”. Pixkanaka-pixkanaka, udaletxe guztiek hauen aldarrikapenarekin bat egin zuten eta epaitegia euskalduntzeko jendearen aldeko jarrera bat ere bazegoela konturatu ziren. “Momentu horretan, beste pauso bat eman behar zela pentsatu genuen eta hor hasi zen intsumisoen borroka, oihartzun gehien izan duena.”

Epaitegi horrek sistematikoki urratu egiten zituela euskaldunon hizkuntza eskubideak eta lege unibertsal batzuk (justizian aurrean denok berdinak garela) salatuz paper batzuk jarri zituzten jendeak sinatzeko. Hasiera batean 10 pertsonak bat egin zuten salaketarekin eta Gernikako Auzitegiak beren eskubideak bermatzen ez zituen bitartean joango ez zirela esan zuten. “Horrek kanpaina bat hastea dakar eta gaur egun ia 3000 intsumiso gaude Lea Artibai eta Busturialdean. Horrek esan nahi du 3000 pertsona (adin guztietakoak: zaharrenak 80tik gora eta gazteenak 15 inguru) ez direla epaitegira joango hizkuntza eskubideak bermatzen ez zaizkien bitartean. Hala ere, justizia administrazioak jendearekin oso harreman gutxi du, ez da medikuarengana joatea bezala”. Nahiz eta paper gainean intsumiso kopuru altua izan, pausua eman dutenak 16 inguru dira, behin deituta joan ez direnak. 8 pertsona atxilotuak izan dira. “Intsumisoen bideari atxiloketekin erantzuten diete eta hori gutxi balitz, arazoak ekiditeko, euskararen inguruan sortzen diren kasu guztiak epaitegiak sistematikoki ixten ditu epe laburrean” salatzen digu Ierak. Gaur egun, lau pertsona intsumisio egoeran daude, horietako bi bilatze eta atxilotze egoeran, eta beste biak laster egongo dira honela. Honez gain, gose-greba ere egin zuten oso jende ezberdinarekin 10 astez eta denbora hau gerora begira zer landuko zuten aztertzeko erabili zuten.

Bost urteko borroka eta gero, langileen artean aldaketak behintzat hasi dira. Gose greba amaitzean, 12 langile euskaldun sartu zituzten epaitegian, epaileek eta fiskalek berdin jarraitzen duten arren. “Jaurlaritzaren aldetik, hitz politak daude, baina gero, egoera konpontzeko aurrera pausurik ez dute ematen” dio Iera Aritzabalegik, “adibidez, epaitegian dauden funtzionario guztiak Jaurlaritzan menpe daude, 12 dira euskaldunak eta gainontzeko 30ak erdaldunak”. Intsumituek, orain, zigor ekonomikoa ere badute eta “txantaia ekonomikoa” egiten diete intsumituek. “Bati 600 euro kendu dizkiote eta beste bati zuen diru apurra. Orain isuna heldu eta heldu ari dira. Argi dagoena zera da, 5 urte hauetan lortu duguna, Gernikan epaitegi barruan oso egoera deserosoa sortzea izan dela”. Gernikako epaitegia oso konfliktibitate baxuko epaitegia da, ez da kasu politikorik epaitzen berton. Gaur egun arte, oso leku “erosoa da epaileak egoteko eta egun, ez du ezta epaile batek hona etorri nahi gure kontuagatik”. Horrekin lotua, udaletxearen aldetik jarrera aldaketa bat izan dela aitortzen digu Ierak. “Lehen Ezker Abertzaleko udalek ematen ziguten apoio hori ez digute ematen hain argi EAJren udalek, ez diote behar bezalako garrantzirik ematen euskararen aferari“.

Duela 5 urte sortutako borrokak gaur egun ere jarraitzen du eta beste pausu batzuk eman nahi dituzte. Adibidez, urtarrilean hiru eguneko kanpaldi bat egingo dute EHEko kideek eragile ezberdinekin, eta bertatik argi atera nahi dute eragile bakoitzak jokatuko duen papera Gernikako epaitegiaren aferan. Horrekin batera, herri erreferendumaren kontua egongo litzateke. “Herriak bere posizioa argi eta garbi erakuts dezan, nahiz eta eskubideak ez diren denon artean bozkatzen, argi gera dadin daukagun apoioa, herri kontsulta bat egin nahi dugu” Hala ere, hori ongi antolatzea oso zaila dela diote.

EHEko kideak positibo ikusten dute gauza. Jendearen atxikimendua, langile euskaldunak hartu izana eta duela bost urte gazteleraz bakarrik zetozen paperak, orain elebidun datozela borrokan ongi ari direlako seinale direla diote. Ikusiko dugu nolako amaiera duen honek.

Matraka: #14, 2005eko urtarrilaren 19tik 26ra
Lander Arbelaitz

Mugimendu zailak dantzan

Mugimendu zailak dantzan

Nazioarteko “breakdance” topaketak egin berri dituzte Durangon. Euskal Herrian ere egiten den seinale. Iruñean bada mugimendua. Horko dantzari bateka zaldu digu.

Breakdance-a jakin, Euskal Herrian gehienok dakigu zer den, baina ez da zabalduegi dagoen ohitura, dantza edo kultura; ez behintzat AEB edo munduko beste leku batzuetan adina. Leioako Campusean ospatu “Matraka Txou”ean parte hartu zuen Patxi break-dantzariarekin aritu gara aferaz hizketan eta bere ustez “ikasteko erraza ez delako ez da horrenbeste zabaldu hemen, baina hala ere, hip hop musika iristen ari da eta gero eta publiko gehiago duenez gora eginen du dantzak ere.” Hemen hedatzen joan dadin, informazio errealago bat ematea garrantzitsu jotzen du, jendeak burutik ken dezan ume kozkor batzuk kartoi batzuen gainean dantzan ari direnaren irudia. Jendeak jakin behar luke dantza bat baino gehiago dela eta show eta koreografia ikusgarriak antola daitezkeela, dantza konpainia onenen moduan.

15 urterekin Iruñeko kaleetan graffitiak marrazten zituen dantza mota hau praktikatzen zuten lagun batzuekin. Bere hitzetan, “telebistan ikusia nuen noiz edo noiz, baina zuzenean lehen aldiz ikusi nuenean, hain txunditurik geratu nintzen, non ikasten hastea erabaki nuen.” Afizio gisa hasi, eta oraindik ere hala jarraitzen duen arren, txapelketetan eta show-etan parte hartzen hasteko momentutik, serioago hartu behar dela iritzi du. Gutxi dira dantza honetatik bizi direnak, hemendik bizitzea oso zaila baita. Irakasteko gaitasuna izanik klaseak ere eman daitezke, baina hortik bizitzea ere oso zaila da. Gaur egun, 23 urte ditu eta txapelketetan parte hartzen du. Azken hauetarako prestatzean askoz denbora gehiago eskaintzen badio ere, gainontzeko egun guztiak ezberdinak direla dio, “egun batzuetan ia ez dantzarik egitetik beste egun batzuetan arratsalde osoak dantzan gelditu gabe ibiltzera pasa ditzaket”.

Badakigu rapa, graffitia, Breakdance-a eta Dj’ak Hip Hop kulturaren lau elementu direla. Baina Patxiren ustetan ez da beharrezkoa bat praktikatzeko besteak maitatzea. Hip Hop musika gustatu gabe graffiti zaletasuna izan daitekeen bezala, Breakdance-a dantza daiteke rapa gustatu gabe. Horrelako jendeak funk, breakbeat, electro, house musika eta abarrekin egiten du dantza. “Elementuak loturik joan litezke lotu nahi dituenarentzat, norberaren gustua da garrantzitsuena.”

Breakdance-a oso zabala da eta barnean estilo ezberdin asko daude. Iruñear hau horietako hainbat jorratzen saiatzen da, baina batez ere Footwork-ak (zoruko pausuak), Freeze-ak (postura edo jarrerak) eta Powermove-ak (mugimendu akrobatikoagoak) jorratzen ditu. Poping eta Locking-a beste estilo batzuk dira, lurrera bota gabe eta musika zehatzago batekin dantzatzen direnak. Bere aburuz, entrenamenduarekin edonork dantza lezake, baina hala ere, norberaren kualitate fisikoek paper garrantzitsua jokatzen dute. Indarra, flexiblitatea eta arintasunari esker mugimendu zailagoak lor daitezkeen arren, erritmoaren zentzua edukitzea ere oinarrizko jotzen du, baina hori dena praktikarekin lortzen joaten dela dio.

Norbait hasteko dudatan badabil, oinarrizkoa musika eta kiroletako arropa eramatea da, azken hau, erosoago egoteko. Break dantzariaren aholkua: “Lehenik eta behin umiltasunez has dadila esango nioke. Has dadila baseak ikasten, oinarrizko mugimenduak, senti dezala musika eta errespeta ditzala lehendik zeudenak, horiek izango baitira gehien irakatsiko diotenak.”

Matraka: #33; 2005eko ekainaren 1etik 8ra

Ostalaritzaren gatza eta piperra

Ostalaritzaren gatza eta piperra

Euskal Herrian maila gastronomiko altua dagoela gauza ziurra da, baina izen hori irabazteko jendeak lan asko egin behar izan duela ere bai. Batzuen lan horren ostean, generazio berriek izen on hori goian mantentzeko egin beharko dute borroka, eta gaur egungo sukaldariak bezain garrantzitsu ditugu ostalaritza eskoletan lanean ari diren ikasleak.

“Goizeko 8etan Leioan dagoen Ostalaritza Eskolara joan eta 10.30ak arte klase teorikoak. Ordu erdiko atsedena. Gero, 11etatik 15etara aritu beharko genuke sukaldean printzipioz, baina campuseko ikasleei jaten ematen diegunez, 16ak arte aritzen gara.”

Horixe da bi hitzetan EHUrekin hitzarmena lortuta Leioan dagoen ostalaritzako eskolako ikasleen eguneroko ogia Idoia Belaustegigoitia gernikarraren hitzetan. 23 urte ditu eta goi zikloa egiten ari da. 17 urterekin hasi zen baina utzi egin zuen; hala ere, behin utzita, ostalaritza zela benetan berea konturatu eta bueltatu egin zen. Jatetxe arloko goi mailako teknikaria izateko bi urteko goi zikloa egin behar da; pastelgintza eta okintza teknikari, hiltegiko eta harategi-urdaitegikoa, jatetxe eta taberna zerbitzuetakoa eta sukaldaritzakoa izateko, berriz, gutxienez urte eta erdiko zikloak.

Ostalaritza lan gogorra dela gauza jakina da eta Idoiak ere badaki, eta horretarako prest egon behar dela uste du. Berari erraza egiten zaion arren, ez du uste denek balio dutenik.

Leioako Ostalaritzako Eskolan jatea 4 euroren bueltan ibiltzen da eta menuak eskolak hautatzen ditu. Egunero, 2-3 lehen plater, beste 2-3 bigarren plater eta azken buruko pare bat izan ohi dituzte; hala ere, suertatu izan da lehen platerak ahitzea eta egun hartan jatera joandako ikasleak hala ere oso ongi portatzen direla aitortu digu Idoiak. “Buffetera ordea, irakasle gehiago joaten da eta baten batek esan izan digu zerbait, baina beno, orokorrean jendea ez da batere problematikoa” azaldu digu Belaustegigoitiak.

Bizkaian, Galdakaon beste eskola bat dago eta Artxandan beste bat, azken hau pribatua. Gipuzkoan ere badago Ostalaritza Eskolabat. Hala ere, berak Leioakoari alde on nabarmena ikusten dio, campusean dagoela eta egunero ikasle askori ematen diotela jaten, eta hori azken batean, oso positiboa dela, praktikarekin asko ikasten baitute bere hitzetan.

Leioan kurtsoko 300 lagun inguru ibiliko dira eta kanpotik ikasle ugari etortzen dela aipatu digu Idoiak. Hori izan da ikasketak utzita pasa zituen bost urteen ondoren gehien aldatu den gauzetako bat bere ustez. “Duela bost urte, ia denok hemengoak ginen, gaur egun berriz, kanpoko asko dago, gehienak emigranteak. Filipinetatik, Argentina, Mexiko, Dominikar Errepublika, Espainiar Estatutik… etortzen dira, baina gehienak Hego Ameriketakoak dira. Martxa honetan jarraituz gero, urte batzuen buruan denak kanpokoak izango direla komentatu ohi dut txantxetan”.

Jatetxeetan lan egitea “ez dagoela gaizki” dio, baina etorkizunera begira, nahiago luke ospitaleren batean aritu jatetxe bateko sukaldean baino. Hala ere, ilusiorik handiena egingo liokeena kanpora joatea litzatekeela esan digu. On egin diezaiola.
_________________________________________________________________________________________________
"Garrantzi handia dute eskolek"

Hilario Arbelaitz, Oiartzungo Zuberoa jatetxeko sukaldaria euskal sukaldaritza modernoaren giltzarrietako bat izan denari galdetu diogu ea zer pentsatzen duen ostalaritza eskolez.

1- Zer nolakoa iruditzen zaizu Ostalaritza Eskolek jokatzen duten papera?
Oso garrantzitsua. Gaur egun, eskoletan denetik ikasten dute. Ez soilik praktika, baizik eta teoria, administrazioa… Sukaldeko lanaz gain, bestea ere garrantzitsua da eta hori eskoletan erakusten diete.

2- Ikasle asko etortzen zaizkizue praktikak egitera?
Bai, asko etortzen dira, izan ere, ateak irekitzen dizkiegu eskoletako gazteei. Beraientzat garrantzitsua da eguneroko bizitza egiten duen jatetxe baten martxa nolakoa den ikustea, organizazioa nolakoa den…

3- Zuengana etortzen direnak Euskal Herriko Ostalaritza Eskoletakoak dira, ala kanpotik ere etortzen dira ikasleak?Denetik izaten dugu. Batez ere hemengoak, baina hauez gain, Katalunia, Galizia, Andaluziatik… dei asko jasotzen ditugu. Hala ere, lehen orain baino gehiago etortzen ziren hemengoak eta pena bat da hori.

4- Zer moduzko jakintza mailarekin ateratzen dira ikasleak Ostalaritza Eskoletatik?
Base batekin irteten dira eta base hori ez da txarra. Lan egiteko ordurako ohitura batzuekin ateratzen dira eta ahal dena praktikan jartzen saiatzen gara. Hala ere, ostalaritza ez da soilik kategoria handiko jatetxeetan oinarritzen; erretegiak, hotelak, ospitaleak, jatetxe txikiak… hori ere ostalaritza da eta oso ezberdinak bata bestearekin konparatuz gero. Etorkizunean non bukatuko duten ez dakite eta horregatik edozertan lan egiteko prest egon behar dute.

5- Zuen garaian ba al zegoen horrelako Ostalaritza Eskolarik?
Ez. Gauza hauek geroago sortuak dira. Hala ere Luis Irizarrek Euromar izeneko leku batean hartzen zuten basea sukaldari askok, horien artean Karlos Argiñano, Pedro Subijana, eta abar. Orain Donostian eskola bat jarrita daukala uste dut. Hala ere, gure garaian gehienok gure kontu ikasiarekin funtzionatu behar izan dugu, amari ikusia eta gero guk lanean ikasi duguna aplikatuz. Oraingo ikasleek zorte ikaragarria dute.

6- Gaur egun jatetxe bat jarri nahi duenak ikasketa hauek edukitzea behartua dagoela uste duzu?
Nik uste baietz. Baina hala ere ez da hain erraza jatetxe bat montatzea. Familiatik edo ez badatorkio oso zaila da. Lokala erosi egin behar da, jatetxe moduan jartzeko moldatu, langileei ordaindu… dirutza handia da eta gaztea izanik ez da garairik onena izaten. Hala ere, lana gogor eginez lor dezake ikasle batek etorkizunean jatetxe bateko buru izatea.

7- Nola prestatzen dituzue eskola horietako ikasleak?
Guk momentuan dugun kartara moldatzen ditugu. Karta 3 hilabetero aldatzen dugu eta garaikoa ikasi behar izaten dute. Janari horren elaborazioan parte hartzen dute zuzenean, hasieratik bukaeraraino.

8- Galdetu ez dizudan zerbait esan nahi zenuke?
Ba garrantzi handia dutela eskola hauek etorkizuneko gure erreleboa izango diren sukaldariak prestatzen. Eta ikasleei esango nieke jatetxe ona nahi badute, sufritu, jaietan lan egiteko prest egon behar dutela, eskolan eta praktiketan ibilitako jatetxeetan serio ikasi beharko dutela, etorkizunean ongi etorriko baitzaie agian nonbait ikasitakoa gero bere jatetxean aplikatzeko.

Matraka: #28; 2005eko apirilaren 27tik maiatzaren 4ra
Lander Arbelaitz

Giltzen bila

Giltzen bila

SKUNK
14 urte munduko leku ezberdinetako bazterrak alaitzen daraman talde honek, Giltzak diska berria atera du. Europa osoan, Libanon, Kanadan jo dituzte kontzertuak. Gitarra jotzeaz gain, taldeko abeslaria den Rafarekin aritu gara hizketan.

1-Zer topa dezakegu disko berrian?
Beti bezala, estilo eta erritmo ezberdinen nahasketa bat. Batzuek diote gero eta gogorragoak garela, baina, badaude gauza lasaiak ere. Ska, reggae, punk, rock, hardcore eta ekialdeko doinu batzuk ere hor daude. Toke flamenkoa duen kantu bat ere egin dugu. Giltzak-eko ia abesti guztiak euskaraz dira, bi frantsesez eta bat gazteleraz. Bilduma baterako egin genuen Nolakoak Gara abestia ere sartu dugu. Hirugarren diskoko Dirua kantaren ordenagailurako pista bat ere ikusgai dago.

2-Lehen, zuen zigilu propioa den “Skunk Diskak” ekin kaleratzen zenituzten diskoak. Kinki Metak-ekin, eta orain berriz,, Giltzak Gor disketxearekin. Zer dela eta aldaketa hau?
Guk ekoizpena gure zigiluarekin egiten dugu, baina gero, Frantzian lizentzia bat dugu hango zigilu batekin eta Espainian Gor-ekin aterako da. Kinki, gure azken diska, berdintsu egin genuen: ekoiztu gure zigiluarekin, lizentzia bat Metak disketxearekin eta Frantzian beste batekin.

3-Zer esan nahi duzue izenburutzat jarri duzuen Giltzak-ekin?
Alde batetik, Giltzak izena duen abesti bat dago eta hor hizkuntza ezberdinetan errepikatzen da askotan: “nork dauzaka furgonetareno giltzak?”. Baina horrez gain, diska osoan zehar errepikatzen den beste ideia bat da aurrera jotzearena, ateak ireki egin behar direla.

4-Izan al duzue sekula oztoporik Euskal Herrian, Iparraldekoak zaretelako?
Arazoak ez, baina nire ustez askotan aurreiritziak daude eta hori ez da batere ona. Adibide bat jartzearren, Irurtzunen jo genuen duela bi aste, Pikurock festibalean. Jotzen azkenak gu ginen eta baten batek, talde bat falta zela esan beharrean, “Iparraldekoak falta dira” esan zuen. Ez dugu ulertzen zergatik. Euskal festibal bat zen eta gu euskaldunak gara. Aspalditik daramagu muga hori ezabatu nahian eta badirudi ezin dugula. Gauzak bai Iparraldean eta bai Hegoaldean egiten saiatzen gara gure ustez ez baita batere ona bereizketa hori egitea.

5-Prestatu duzue birarik azken disko hau aurkezteko?
Bai. Suitzan izan gara, Frantzia osoan baditugu kontzertuak eta hemen, Irurtzunen, jo genuen diska atera eta berehala. Abenduaren 1ean kontzertua izango dugu Iruñean. Belgikara ere joango gara. Ia beti mugimenduan gabiltza.

6-Talde orok izaten du talderen bat mitifikaturik, euren estiloa eredutzat harturik. Zein izan dira Skunk-entzat talde horiek?
Talde asko dira oso mitikoak guretzat, baina asko garenez eta gustu ezberdinetakoak gainera, ag ian, norbaiti gehien The Clash gustatzen zaio, beste bati Slayer, eta horrela. Nik uste gustu ezberdinak ditugulako ateratzen dela hainbeste estiloren arteko nahasketa.

7-Giltzak zuen seigarren lana da. Etorkizunera begira zer plan daukazue?
Datorren urtea arte, diskoa aurkezteko kontzertu asko joko ditugu. Horrez gain, datorren urtean, DVD bat atera nahi dugu eta irudiak jada baditugu, Toulouse eta Herri Urrats-en 3 kamerekin grabatua. Bestalde, musikari askorekin diska bat egiteko asmotan gabiltza. Ez da gure asmoa, guk gure diska bat sortu eta koroak egiteko jendea gonbidatzea; baizik eta, hasieratik abesti bakoitza norbaitekin lantzea. Jada egina dugu abesti bat italiako abeslari batekin eta baita Kuraia-ko Fernandorekin ere Iruneko AEK-k Durangoko Azokarako aterako duen bilduma baterako. Niko Etxart-ekin ere egin nahi dugu. Hau gutxi balitz, orkesta sinfoniko batekin kontzertu bat egin nahi dugu. Iparraldeko Euskal Kultura Erakundea eta Okzitaniakoarekin elkarlanean, telebista grabatzeko interesatua dagoen kontzertu bat edo bi egingo genituzke.

8-Nola ikusten duzu Euskal Herriko musikaren egoera?
Denetarik dago, estilo ezberdinak, batzuk oso interesgarriak eta niretza beste batzuk ez hainbeste (barreak). Kontzertuena beste kontu bat da. Badaude Berri Txarrak, Kuraia, Gatibu eta Ken Zazpi bezala jendea mugitzen duten talde batzuk, baina oso talde gutxi dira. Batzutan oso kontzertu interesgarriak egiten dira eta ez da jende gehiegi joaten. Ag ian ohiturak aldatu egin dira, ez dakit. Guk adibidez, gero eta gehiago jotzen dugu kanpoan.

Matraka: #6; 2004ko azaroaren 22tik 28ra
Lander Arbelaitz

“Eguzkiaren falta dut bereziki”

“Eguzkiaren falta dut bereziki”

Joyce Kim. Berverly Hillsetik Bilbora etorri da. 19 urterekin, parranda ezagutu du

Beverly Hills handitik etorri da Joyce Kim Bilbora. Alde handia topatu du bi hirien artean, bain ahemen ere gustura dagoela dio. Eguzkiaren falta duela aitortu du, eta hemengo jendea itxi samarra iruditu zaiola ere bai. Gaztelania hobetzeaz gain, euskara apur bat ere ikasi duela dio.

Zergatik etorri zara Euskal Herrira?
Gaztelera praktikatu nahi dudalako eta Euskal Herria eta Espainiaz gehiago jakin nahi nuelako.

Ezagutzen al zenuen Euskal Herria etorri aurretik?
Pixka bat, baina soilik hedabideetatik jasotzen nuen informazioa nuen. Euskal Herriaz diren albiste guztiak azken finean ETAz dira eta horrek Euskal Herriaren izena zikintzen du nazioartean.

Noiz arte geratuko zara hemen?
Maiatza arte.

Oraingoz, gustura al zaude?
Bai, oso gustura nago. Familiagandik libre naiz hemen eta Deustuko Unibertsitatean oso pozik nago.

Zer da gehien gustatu zaizuna?
Hemen nagoenetik, Galizara joan naiz, Santiago de Compostelara eta asko gustatu zitzaidan bidaia. Bestela, Bilbon ikaragarri gustatzen zait gau-giroa eta hemengo tabernak, han ezin baitut edan 19 urte ditudalako, ilegala da.

Eta zer gutxien?
Hemen ez dagoela kultura dibertsitate hori. Hemengo jendea pixka bat itxia da, ez dago ohituta beste kulturetako jende asko ikusten.

Zer botatzen duzu faltan zure herrialdetik?
Eguzkia.

Zer eramango zenuke zure herrialdera Euskal Herritik?
Gaztelera hobe bat eraman nahi nuke, lagun berriakGaztelera beren hizkuntza mintzatzen diren pertsona na

Ba al dakizu euskaraz hitzik?
Bai, noski. Irteera, kaixo, agur, bai, ez, Euskal Herria, etxe, lehendakari… Deustuko unibertsitatean euskal kulturari buruzko klase bat daukat eta hor euskarazko hitzak ikasi ditut.

Beverly Hills:

Los Angelesen dagoen hiri honek 40 mila biztanle inguru ditu. Batez ere bi gauzak bereizten dute Euskal Herriagandik: klima bero eta eguzkitsuak alde batetik, eta bestetik, mansioz beteriko kale luzeek, batez ere 90210 gunean daudenak. Rodeo Drive etorbidea dendaz garrantzitsuz betea dago. Bisitan joanez gero, Lacma eta Moca museoak bisitatzea gomendatzen da. Bertako gazteak gaugiroaz gozatzera Sunset Boulevard-era joaten dira, dena diskoteka eta tabernaz betea baitago.

Matraka: #21; 2005eko martxoaren 9tik 16ra
Lander Arbelaitz

“Jada ez naiz dibertitzen…”

“Jada ez naiz dibertitzen…”

NIRVANA
Kurt Cobain eta Krist Novoselic 1985ean Seattlen Dale Crover-ekin elkartu zirenean hasi zen dena. Hiriko areto txiki batzuetan hasi ziren jotzen eta hauek izan ziren Grunge musika deituko zitzaionaren bultzatzaile nagusiak. Ordurako Kurt etxetik botea zuen aitak eta Novoselic eta biak “God is Gay” edo “Die God” bezalako graffitiak egiten ibiltzen ziren.

1986an lehen maketa editatu zuten. 1988an 606 dolarreko aurrekontu oso apalarekin moldatu behar izan zuten Love Buzz eta Big Cheese kantuez osatua egongo zen lehen single-a kaleratzeko.

1989an Jason Everman gitarrajolea laugarren kide bihurtu zen, baina 3 hilabeteren buruan utzi egin zuen taldea. Ordurako, kontzertuen amaierarako instrumentuak hausteko ohitura zuten, honek euren egoera ekonomikoa nabarmen okertuz. 1990an Nevermind bigarren albuma grabatu zuten Geffen diskoetxearekin. Bi diskorako kontratua, lanerako baldintza hobeak, eta komertzialago bihurtzeko estilo aldaketa izan daitezke 15 milioi ale saldu izana ulertzeko arrazoi batzuk.

Bi urteren buruan, editatu gabeko kantuekin Incesticide grabatu zuten eta 1993an In Utero grabatzeko estudioan sartu ziren berriz ere. Nahiz eta harrera ona izan zuen, ez ziren gustura geratu eta urte amaieran MTV Umplugged grabatu zuten. Disko hau ez zen 1994aren erdialdea pasatxo arte atera, Kurt Cobain-en heriotzea izan zela eta.

27 urte zituela joan zen, fama eta ospearen pisuak eraman zuen. Esan ohi da adierazteko aukerarik ez zuten askoren ahotsa izan zela. Drogen munduan murgildurik bizi zen eta “jada ez naiz dibertitzen…” izan zen idatzita utzi zuen esaldietako bat bala batekin bere buruaz beste egin baino momentu batzuk lehenago.

1996an gainontzeko taldekideek From the muddy banks of the wishkah kaleratu zuten, eurei gehien gustatzen zitzaizkien kantuekin, eta azkenik, 2002an Best of errekopilazioa atera zuten.

Matraka: #20koaren edizio laburtu gabea
Lander Arbelaitz

Disko Berria Urrian

Disko Berria Urrian

Benito Lertxundik urriaren erdialderako, zuzeneko disko bikoitza aterako du. Bertan, bere kantu arrakastatsu guztiak biltzeaz gain, bilduma horretarako sortutako beste kantu bate re sartuko du. Martxoaren 3an Gernikan eta 11n Tolosan egin zituen kontzertuetan oinarrituko du Zuzenean izeneko lana.

Matraka #22, 2005eko martxoaren 16tik 23ra.
Lander Arbelaitz

Baga biga higa... eta hamalau

Baga biga higa... eta hamalau

MIKEL LABOA
Gutxik izango dute hainbeste generazio ezberdin kontzertu berdin batean bildu eta Mikel Laboak bezala bereganatzeko gaitasuna. 1934an jaio zen Donostiako Alde Zaharrean familia abertzale batean baina berak bi urte zituela aitak erbestera joan behar izan zuen guda hasi zenean EAJkoa izateagatik. 16 urterekin sartu zitzaion gitarrarako griña. Medikuntza ikasi zuen Iruñea, Madril, Zaragoza eta Bartzelonan eta azken honetan sortu zuen bere lehen abestia, Gabriel Arestiren Apur Dezagun Katea poema musikatuz. Lehen jendaurreko kontzertua berriz, Zaragozan eman zuen. 1963an karrera amaitu eta goizez lanean hasi zen ospitalean, arratsaldeak gitarrari eskaintzen zizkion bitartean. Hurrengo urtean bere lehen diskoa kaleratu zuen, lau kantuko iraupen laburreko biniloa. Bartzelonatik bueltan Ez dok Amairu sortu eta emanaldiak ematen hasi ziren. Frankismoarekin arazoak izan zituen eta beste euskal abeslari batzuekin batera zentsuratua izan zen hainbat urtez. Euskal olerkigintzara askotan jo du kantuak egiteko orduan eta bere kantuetako asko historiara pasako dira ziurrenik. Gaur egun, 14 disko ditu kalean eta euskal kantagintzaren sinbolo bat bihurtu da bere 71 urteekin.

Matraka: #23; 2005eko martxoaren 23tik 30era
Lander Arbelaitz

Aita-semeak aurrez aurre

Aita-semeak aurrez aurre

Sortzailea eta sortua. Egilea eta pertsonaia. Patxi Gallego eta Xabinaitor. Komikietako azken euskal heroia eta bere egilea elkartu ditugu.

Xabinaitor-i elkarrizketa:

1-Zer moduz daramazu famatu izatearen kontu hori?
Ni ez nabil fama bila, arriskuan dauden poxpoliñen bila baizik, baina famak ni bilatzen banau ez zait geyegi inporta nire lana taxuz egitea eragozten ez didan bitartean, eta nire lana badakizue zein den (ta bestela liburua irakurri).

2- Zu bezalako super-heroi porno neskarik ezagutzen al duzu munduan?
Neretzat neska guztiak dira super-heroiak, mende luzeetan zehar gizonak aguantau behar izan dituztelako, besterik ez bada ere, ta ez da gutxi. Eta pornoarena ez det ulertzen zergatik galdetzen didazun… Aaa, salbatu eta gero alua zurrupatzen diedalako? Baina hori ez det nahita egiten, saihestu ezin dudan zerbait da.

3- Nolakoa da neska perfektua zuretzat?
Orain esan beharko nuke ez dala existitzen, denok garela inperfektuak eta guzti hori, baina ez! Existitzen da. Xudurluzia da —Asterix eta Cleopatra irakurri nuenetik dudan fijaziyu bat da, “hori da hori sudurra” zioen Panoramix druida jakintsuak, liluraturik, eta agureek asko dakite—, maiukizkoak ditu ezpainak (Ahokoak), esternoi gaineko zulotxoa eta lepauztaiak asko nabarmentzen zaizkio, hala nola saihets ttipiak ere, eta ferekatzerakoan piano baten teklak dirudite, ipurdi borobila haragiz eta graziyaz betea dauka, urtsua da, oso urtsua, hurbiltzerakoan elektrizitate sentsazio horiii (Itoiz-en kanta hartan bezala) erradiatzen du, malaletxe dexente dauka, baina irribarre egiten duenean mundua zabaltzen da nere aurrean, eta mugitzerakoan dantzan ari den marrazki bizidun baten grazia dauka. Eta, batez ere, pozik ala haserre, barrez ala eztabaidan, baina orduak eta orduak eman ditzaket berekin hizketan.

4- Poxpoliña euskaldunez gain, ba al daukazu salbatu eta gero denetik egingo zeniokeen sex symbol-ik?
Hori galdetzia ere! Ez! Ez daukat. Ez dago euskaraz mintzo diren ezpainen parekorik (Ahokoak zein besteak), eta usaina, mmm, ez dago euskal herriko poxpoliñen gaztain morkotsaren usaina bezalakoik.

5- Zein da zure sexu fantasiarik handiena?
Ta zuri esangoizut… Ez det oso ongi ulertzen nolatan erantzuten dien jendeak horrelako galdera intimo eta kuxkuxeroei. Dena den, esangoizut oso “gauzatzeko modukoak” direla neure fantasiak, eta horrexegatik, hain zuzen ere, batenbat preokupatzen hasi aurretik ez ditudala aipatu ere egingo.

6- Zer gertatuko litzateke zure uniformearen azpian dagoena zein den argituko balitz? Pistarik emango al diguzu nor zaren?
Ni Xabi Lizuniaga naiz, hori liburua irakurri duen edonork daki, eta historioan argituko balitz ere ez zukeen garrantzirik izango nere betebehar bakarra betetzen jarraituko bait nuke, poxpoliñak salbatzea.

7- Ertzaintza atzetik duzu. Seguruenik Espainiako epaile jakin batzuk ere zure pistaren atzetik ibiliko dira. Bizi osoa ihesean pasatzea pentsatzen duzu?
Zuk uste duzu neronek, fikziozko pertsonai honek, errealitate gordineko epaile ustel horiei beldurra diedala? Datozela nahi badute, datozela, eta nire gaztanbera emango diet dasta dezaten…

8- Zer diote zure gurasoek guzti honetaz?
Ez dakit, aspaldian ez det eta beraiekin hitz egin, batez ere nire aitarekin. Ez diot sekula barkatuko jarraitxuekin ligatzen ez utzi izana. Nire homeopatak gainditu beharreko trauma bat dela dio, eta sakonean maite dudala onartu behar dudala, baina ez dakit… Egiya esan bere koxkabiloetako “sustantziya”-gatik izan ez balitz orain ez nuke poxpoliñen lurrin zorabiagarria ezagutuko…

9- Zer esango zenieke sexista bat zarela diotenei?
Baietz, diskriminatzaile bat naizela, nik diskriminazio positiboa egiten det, neskatxak bakarrik salbatzen ditut. Mutilak hor konpon marianton.

10- Nola jakingo duzu hemendik aurrera zurekin dauden neskak interesagatik edo benetan maite zaituztelako dauden?
Nerekin dagoen neska bakarra historioaren une konkretu honetan (Liburu amaieran) Kariñe da, eta ez dago ez interesagatik ez eta maitasunagatik, nik behartuta baizik, gorrotatu ere egiten nauela esango nuke —kirtena hozkatu ez zidan ba! Hoi malaletxia!—, baina denborarekin bere bihotza neureganatzea lortu behar det, lortu egin behar det, berea bezalako poxpolin lurriñik ez bait dago eta bera bait da neure bizitza ilunari argia ematen dion eguzkia!

___________________________________________________________________________________________________
Patxi Gallegori elkarrizketa
Arte ederretako lizentziaduna. Irakalsea lanbidez eta komikizalea bokazioz. Xabinaitorren aita bigarren liburua prestatzen ari da dagoeneko.

1-Nola deskribatuko zenuke komiki-liburu hau?
Euskaraz eginiko helduentzako nobela grafiko bat da, asmo zirikatzailearekin sortua, batetik hemengo gizartearen zenbait topiko astintzeko eta, batez ere, geure buruaz parre pixkat egiteko.

2-Politika, gizartea, jende ezagunarekin parodiak, kultura, sexua, folklorea… Denetik sartu duzu.
Eta itxoin pixkat, bigarrenean gauza gehiago sartuko ditut eta… Dena den, egia da nik ere hasiera batean pentsatu izan nuela kaka nahaste handiegia ez ote zen izango, baina, ez dakit, neri “kostunbismoa” eta errealismo soziala asko gustatzen zaizkit, badakit, bai, liburua parodia bat dela, fantasia asko duela, super-heroiarena, etab., baina hori aitzakia bat baino ez da errealitateaz hitz egiteko, eta hain da aberatsa errealitatea, hain konplexua “euskal kostunbrismoa” hain aberatsa, zertarako murriztu konplexutasun hori?

3-Nori dago zuzendua?
Ba, lehenik eta behin, neure buruari (Ze egoista naizen…), arrazoi bategatik: nik ezin izan dudalako euskaraz horrelako lanik irakurri (itzulia ez dena, esan nahi dut), beti gaztelerara edo eta atzerritarrek egindako lanetara jo behar izan dut, beraz, komikizale eta euskaldun izanik hor hutsune bat bazegoela ikusten zuten guztiei ere zuzendua dago, jakina. Adinari dagokionez, esan nuen helduentzako zela, 25-40 urte bitarte horretaz ari nintzen, batez ere, baina jakin badakit 50 urtetik gorako jendeak ere irakurri izan duela eta parre gustora egin dutela, nahiz eta baten batek esan didan bere generazioarentzat obszeno xamarra dela. Jakina, gazteagoek ere irakur dezakete problemarik gabe, baina iruditzen zait gauza asko ongi ulertu ahal izateko gurasoei edo anai-arreba zaharragoei galdetu beharko dietela. Amaitzeko, herri honen inguruan dauden topiko, tabu, dogma, etab.-ekin aspertuta bizi gean guztiei zuzendua zegoela, hasiera batean behintzat, ze nik uste nuen gutxi ginela eta gutxik onartuko zutela halako begirada ironikoa geureari, baina nonbait, liburuak izan duen harrera ikusita, asko gara oso aspertuta gaudenak. Akordatzen naiz lehengoan ez dakit ze idazleri irakurri niola orokorrean idazleek irakurleak gutxiesteko joera dutela, berez direna baino ergelagoak direla uste dutela. Ba niri ere antzeko zerbait gertatu zait, akaso. Beraz, Euskal Herri guztiari dago zuzendua! Bide batez baliatu nahiko nuke une hau ETB-ren arduradunei mezu bat helarazteko: ez gaitzazue gutzietsi, euskaldun “jatorrak” ez gara hain ergelak.

4-Nolatan erabaki zenuen formatu hau erabiltzea?
Ez nuen erabaki, sortze prozesuak eraman ninduen horretara. Nik, berez, dena komikia izatea nahi nuen, hori bai, luze xamarra izatea nahi nuen, ahal izan ezkero mesanotxean gutxienez bizpairu gauez edukitzeko modukoa. Baina kontua da aspalditik buruan pilatuta neuzkan ideia guztiei irteera komiki formatuan ematen hasi nintzenean alde batetik ikusten nuela sekula santan ez nuela amaituko, eta bestetik, ez nuen argi ikusten komiki formatua bera egokiena ote zen, pasarte asko mahai batean eserita dauden bi pertsonen arteko elkarrizketak direlako(Xabi eta bere homeopata), eta beste asko, aldiz, beste pertsona baten gogoetak (Kariñe). Orduan, neure buruari galdetu nion ea zerk galarazten ninduen generoak nahastea? Azken finean, kontua istorioa ondo kontatzea zen, eta, tira, nik ez daukat neure burua idazletzat —baten batek honezkero “titulu” horrekin izendatu banau ere—, baina ausartu nintzen, gainera banekien nire gabezia “literarioak” marrazkitxoekin eta ilustrazioekin estali nitzakeela, eta azkenean hor dago emaitza, hibrido bat.

5-Barre egiteko da, baina sakonean errealitatearen zati batzuk oso ongi islaturik dagoela esan daiteke. Nabari da gaztea zarela eta gazte kontuak oraindik buruan dituzula (peneuvero-hatxebero liskarrak, asanbladak ikastolan...)Nik kontrakoa esango nuke, liburua irakurrita nabari dela beste garai batetakoa naizela, “gazte izpiritua” mantentzen saiatzen naiz baina liburuan kontatzen ditudan gauza asko “jurasiko” garaikoak dira, horregatik diot helduentzako dela gaztetxoentzako baino, liburuko egoera asko gazteenek ez dituztelako identifikatuko. Dena den, eskerrik asko “gazte” deitzeagatik, nik ere maite zaitut kazetari fiña, jatorra ta lerdena. Bestalde, zuk esan bezala, barrea, humorea, satira bezala ulertua eta ironiarekin nahastua, sakonean tranpa bat da gauza serioez hitz egiteko, eta baita ere defentsa bat, babes bat munduaren ankerkeriaren aurrean (Jesus, ze sakona!), gogoratu Woody Allen-ek behin esandakoa: komedia tragedia gehi denbora da.

6-Jazteko modu finko bat eduki beharra euskalduna izateko, musikan errebeindikatiboa izan behar arrakasta izateko…Euskal gizarteko hainbat topiko eta obsesio hankaz gora jartzen dituzu zure ironiarekin…Nik ez dut ezer hankaz gora jarri nahi izan. Liburua, besteak beste, herri txiki honetan ikusten ditudan zenbait joerek sortzen didaten amorrua eta osti txarra kanporatzeko baliatu dut, hori baino ez; diotenez, sormenak, literaturak, edo dena delakoak barne mamu eta deabruak uxatzeko ere balio omen du. Baina ni “igorlea” naiz kasu honetan, eta guzti hori hankaz gora jartzea “hartzailea”-ren eskuetan dago. Eta, gainera, ni ez naiz nor jendeari nolakoa izan behar duen esateko, soilik nik nola ikusten dudan azaltzen saiatu naiz, eta bide batez geure buruaz barre pixka bat egiten.

7-Zer dela eta euskalkien erabilera hori?
Zer dela eta ez? Euskarak baditu bere mugak eta gabeziak, baina bere aberastasuna ere badu, zergatik murriztu hortaz aberastasun hori? Ni, beste asko bezala —Asisko Urmeneta, Olariaga, Kike Amonarriz, Egaña, eta beste euskalzale asko, espero det— euskararen “erabilerak” arduratzen nau, kaleko hizkuntzak; bestea, “batua”, nahikoa landu da baina kalean bada lana oraindik. Eta ba al dago egungo euskalkiak baino euskara kaletarragorik eta naturalagorik? Gainera uste dut komikia, besteak beste, kaleko hizkuntza hori sustatzeko tresna egokia izan daitekeela. Liburuari dagokionez, niretzat errealismoa eta sinesgarritasuna, oso garrantzitsua da, eta Behe Nafarroako edo Muxikako poxpoliña bat euskara batuan hitz egiten ikusteak ez dauka inongo sinesgarritasunik (Ene uste apalean).

8-Euskaldunen sexu-gabezia hemen ere agertu zaigu… topikoa ala errealitatea?
Topikoa, batez ere, eta bada garaia alde batera uzteko topiko aspergarri hori, azkenean topikoak sinistu egiten ditugu-eta. Egia da, zenbait mutilentzako bereziki, “errealitate” gordin ere badela, baina hori geure errua da, zerbait gaizki egiten dugun seinale, eta bada espabilatzeko ordua. Gainera, bizitzan ezagutu izan ditudan neskak lizun xamarrak ere badirela esatera ausartuko nintzateke, baina ez hitzez, mutilen moduan, ekintzetan baizik. Praktikoagoak dira, gu baino intelijenteagoak, dudarik gabe; ea genero berdintasuna inoiz iristen bada ez diren gu bezain babuak bihurtzen.

9-Egilearen isla al da pertsonaia?
Ez, pertsonaia ez, baina liburua neurri batean bai, egilea eta bere zirkunstantziena. Nahiko gardena izan naizela uste dut eta pertsonaia guztietan dago nire “zerbait”, edo nire ezagunena, ia dena nahiko erreala da, pasadizo gehienak niri pasatakoak ez badira lagunen bati gertatutakoak edo entzundakoak dira.

10-Komikiak batez ere mutilei gustatzen zaizkielako topikoa gainditu nahi zenukeela esan zenuen elkarrizketa batean. Hortik al dator Kariñeren presentzia?
Egia esan, ez. Nik aldarrikapen txiki hori egin nuen, baina Kariñe-rena ez zen behartutako zerbait izan, emakumezko protagonista beharrezkoa zen, hasieratik pentsatua bainuen Xabinaitorrek poxpoliña bat bahituko zuela eta poxpoliña horrekin harreman “sakonagoa” izango zuela. Eta oso txukuna geratuko zait, eta oso ongi geratuko naiz munduaren aurrean hau esaterakoan, baina esan behar dut emakumeak objektu sexual bat baino gehiago direla, beraz, derrigorrezkoa zen poxpoliña horren deskribapen psikologikoan sakontzea. Ez dakit ongi egin dudan dena den, ni mutila bainaiz, baina badekot alderdi femeninua bebai, ez pentsa, eta gainera ongi “dokumentau” naz.

11-Euskal komikigintzan inflexio puntua izan daitekeela ahoz-aho dabilen kontu bat da. Zer iruditzen zaizu?
Ez dakit, nik ez diot neure buruari holakorik planteatu, poztuko nintzateke, jakina, baina ez ditut horrelako lan asko espero, arrazoi bategatik: horrelako zerbait egitea kriston lana da eta ez da soldata batekin ordaintzen, eta hori, azken finean sakrifizioa da, demontre! Behar bati erantzuten dion sakrifizioa, baina sakrifizioa azken finean, eta nik ez dakit zein diren jendearen beharrak baina azkenaldian badirudi erosotasuna eta dirua direla, eta sakrifizioaz eta lanaz hitz egiten hastea, ez dakit ba… Kontua ez da herri honetan ez dagoela horrelako gauzak egiteko prest dagoen jendea, egon badago, baina daudenak diseinuan, maketazioan, umeentzako ilustraziogintzan edo auskalo zertan dabiltzan, eta normala da, jendeak jan egin behar du, eta horrelako liburu bat gauzatzea luxu bat da atzean mezenas bat ez badaukazu. Aspaldi irakurri nuen Olariagak, Jokin Mitxelena eta beste ez dakit ze marrazkilarik helduentzako komiki sail bat kaleratu nahi zutela, baina ez dut berri gehiagorik izan, hor jarraitzen dute majo lanean, baina beste kontu batzuetan. Dena den, horrelako lan bat egiteko asmotan dabilenari zerbait esan nahiko nioke, sakrifizioa eta lana aipatu ditut, baina sakrifizio hori egin izan ez banu ziurrenik orain ultzera bat izango nuke, eta iruditzen zait gainera nire bizitzako urterik zoriontsuena izan dela liburuan buru-belarri sartuta egon naizen hau… “gizona neure bakardadean”.

12- “Pololoak 2. Poxpoliñaren bahiketa” prestatzen ari zara. Noizko izango dugu? Aurrera al dezakezu zerbait? Bilduma bat egiteko asmoak dituzu?
Urtea amaitu baino lehen nahiko nuke bukatu, baina ez dakit gai izango naizen; iaz liburuarekin bakarrik aritu nintzen buru-belarri, paroa kobratzen nuen bitartean, baina aurten, horrekin batera, “bestelako” lanean ari naiz eguneroko ogia irabazteko eta mantsoago doa. Hasiera batean bigarren honekin jarri nahi nion amaiera historioari baina geroz eta indar gehiago hartuz doa trilogiaren ideia, oso liburu mardula atera behar zait eta bestela. Dena komikia izango da, aurrekoa ez bezala, eta lehenengo liburuko pertsonaia guztiez gain osagai berriak izango ditu, sexu pasarte esplizituagoak, pikoletoak, road-movie pixkat, spaghetti-western ukitu bat, musikala eta opera-rock moduko pasarteak, mitologia… Buooo, jendeak pentsatuko du: tipo hau flipauta do!

13-Galdetu ez dizudan zerbait esan nahi zenuke?
Ba horretarako aukera ematen didazunez eskerrak eman nahiko nizkioke liburua erosi ta irakurri duten guztiei, kriston ahalegina egin baitut, eta konpentsaziorik handiena jendearen harrera ona baita. Eta hori, zuek segi liburua erosten eta irakurtzen, eta ez kezkatu, ni behintzat ez naizela zuen kontura aberastuko bikoitza salduta ere, zaudete ziur.

Matraka: #23; 2005eko martxoaren 23tik 30era . Erantzunak laburtu gabe daude.
Lander Arbelaitz

Betagarri – Zuzenena (CD + DVD)

Betagarri – Zuzenena (CD + DVD)

Talde gasteiztarraren zazpigarren lana dugu 10 urteko ibilbidearen ondoren zuzenean grabatu duten hau. Duela urtebete, euren webgunean intentzio hau zutela esan zutenean, jendeari ea zein kantu egotea nahiko zukeen galdetzen hasi ziren eta hainbat lista jaso ostean, 17 kantu hauek hautatu dituzte. Ia beti, zuzeneko CDak ordura arte kaleratutako lanen sintesi bat izaten dira, kantarik onenen bilduma gehienetan eta Betagarriren CD hau bada, ez da salbuespena; “Zure ingurua”, “Euskadi antifaxista”, “Jabe izan arte”, Baldin Bada-ren “Baldin bada” eta hainbestetan entzun dugun “Revolution mix” daude besteak beste Salt-eko (Girona) publikoaren oihu eta animoen artean. Obrint Pas talde kataluniarreko bi kideren partaidetza eta soinu kalitate paregabea ezin aipatu gabe utzi, soinua txapela kentzeko modukoa. Bestalde, DVDan kontzertu osoa, 66 minutuko dokumental bat eta hiru bideoklip aurki ditzakegu. Musika alaia, esanahi sakoneko letrak, jende lehiala eta talde paregabe bat Betagarriren Zuzenena lanean aurki ditzakegun osagai batzuk besterik ez dira.

Lander Arbelaitz

Berredizioak eta DVD-a

Berredizioak eta DVD-a

R.E.M.

Athens-eko banda honek Warner diskoetxearekin duen katalogoa berreditatzea erabaki du. Green (1998) diskotik euren Around The Sun bitarteko disko guztiak biko CD batean eta material estrako DVD batean bildu dituzte. Kontzertuen egunak zehaztu dituzte eta oraingoz behintzat ez dute Euskal Herrira etortzeko asmorik.

Matraka: #11; 2004ko abenduaren 29tik 2005eko urtarrilaren 5era
Lander Arbelaitz

Selekzioen auzia jokoz kanpo

Selekzioen auzia jokoz kanpo

ESAIT Selekzio propioa, noizko?

Euskadi-Honduras. Nafarroa-Maroko. Bi partida herri bakarrarentzat. Urteroko polemikaz aritu gara hizketan Iker Sarriegi ESAITeko kidearekin

Gabonetako partida gaur jokatuko du Euskadiko Selekzioak Hondurasen aurka. Baina berak bakarrik ez: Nafarroako Selekzioak ere jokatuko du, Marokoren aurka. Iaz polemika piztu zen. Egoera aldrebes honen gainean ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko kide den Iker Sarriegirekin aritu gara solasean. Eurak ez dira joango.

1.- Duela bi urteko leloan konpromezua eskatzen zenuten. Aldaketarik nabaritu duzue politikari, jokalari e.a artean? Nori eskatuko zeniokete konpromezu handiagoa?ESAITeko kideen artean egin dugun hausnarketaren arabera, ikusten dugu alde batetik Euskadiko Federazioak ez duela inolako arazorik pankarta ateratzeko eta gauza guztiei baietz esaten dien arren, aldarrikapen hauek eraikitzeko behar diren urratsak ez dituztela ematen. Azken finean, hitzak asko, baina pausurik ez. Guk konpromezua eskatzen diegu kirolean parte hartzen duen agente orori, baina batik bat federazioei, hauek baitira selekzioak antolatzen dituzten erakundeak.

2.- Iazkoa berriz, “Bat eta ofiziala” izan zen, eta argi dago leloak lelo jarraitzen duela. Gainera nafarroako selekzioaren sorrerarekin gauzak aldrebestu egin dira, izan ere, Athletic-eko nafarrek Euskadirekin jokatu zuten eta Osasunakoek aldiz Nafarroarekin. Zer deritzozu honi?
ESAITekoak oso kritikoak izan gara gabonetako partidarekin, nahiz eta beti honekin bat egin dugun. Kritikoak izan gara ikusten dugulako ez dugula aurrera egiten, baizik eta atzera, izan ere urte andana daramatzagu partidu hau ospatzen eta gainera gauzek okerrera egin dute. Orain, Euskal Herrian bi selekzio dauzkagu bat beharrean. Iaz, Nafarroako selekzioaren auzia sortu zenean, pastela banatzea izan zen egin zuten gauza bakarra, hau da, Athletic-eko nafarrek Euskadiko selekzioarekin jokatuko zutela hitzartu eta Osasunakoek berriz, Nafarroarekin. Arazoak sortzen diren bakoitzean Euskadiko Federazioak atzera egiten du. Irizpide Nazionala mantendu izan du komeni izan zaiolako eta horregatik deialdian sartu zituen Lizarazu edota Puñal, azken hau Osasuna 2. mailan zegoenean. Jada ez du inork ulertzen kontu hau: nafar batzuek batekin, besteak aldiz bestearekin.

3.- Ofizialtasuna lortzeko aukerarik ikusten al duzu epe laburrean?
Benetan borondatea badago eta federazioak ekimen bidez indarra eginez gero, gutxienez Kataluniako Irristatze Selekzioa iritsi den muga horretara iristeko aukerak egon badaude, batik bat gureak diren kiroletan.

4.- Kataluniakoa aipatu duzunez, zer iruditzen zaizu Irristatze Selekzioaren auzia? Ez al genuke haiek jarraitu duten bidea jorratu behar ofizialtasuna lortzeko?
Pilotan adibidez, egin zen saiakera bat, baina ez genuen lortu Federazio Nazionalak onartzeko behar adina bozka eta hori dela eta eman zioten ezetza Euskal Federazioari. Gure helburua Federazio Nazionalak sortzea litzateke, gerora Nazioarteko Federazioan barneratzeko, izan ere Euskadiko Federazioarekin EAEko jendeak bakarrik joka baitezake.

5.- Orain arte Euskadi-Katalunia partidua jokatzeko izan dira hainbat saiakera. Nola ikusten duzue partida hau?
Interesgarria litzateke beti ere pausuak emateko baldin bada, eta ez folklore kutsua duen zerbait antzua bezala. Sinbolismoz beteriko partidua izango litzateke eta konnotazio ugarikoa.

6.- Duela sei urte Anoetan ospatu zen partidua. Orduko hartan ez bazen erdia ere bete, zer dela eta jokatu behar da partidua Donostian jakinik San Mamesen jendearen parte hartzea bermatua dagoela?
Hiru instituziok eskatu diete federazioari partida Anoetara eramateko. Donostiako, Udaletxeak, Gipuzkoako Diputazioak eta Realak. Hauen bultzada dela medio jokatuko da aurtengo norgehiagoka Anoetan. Nahiz eta aurreko hartan eserleku asko hutsik geratu, oraingoan beteko delako ustea daukat.

7.- Zer deritzozu Frantzia eta Espainiar selekzioei uko egiteari?
Benetan interesgarria izango litzateke, izan ere behartzen gaituzte jende horri alternatiba bat bilatzen. Argi dago kirol bakoitzeko hainbat jokalarik uko egingo balute, honek bultzada handia emango lukeela. Dena den, hau eginez gero ziur jende horri egurra emango lieketela alde guztietatik

8.- Azkenik, etorkizunari begira zer plan dituzue?
Urte asko daramazkigu aldarrikapen maila batean eta gustatuko litzaiguke beste fase batetara igarotzea: eraikuntza maila batetara.

Matraka: #11; 2004ko abenduaren 29tik 2005eko urtarrilaren 5era
Lander Arbelaitz eta Ander Altuna

Hertzainaken lehena euskal diskorik onena

“Rock Delux” aldizkariak, 20 urte bete zituela ospatzeko, Espainian egin diren 100 diskorik onenak aukeratu zituela azaldu zuten duela bi hilabete inguru Sustatu webgunekoek. 5 euskal diskorik onenak zein diren jakin nahian, internautei iritzia eskatzen hasi ziren, eta, ordutik hona, hamaika zerrenda bildu dituzte. Ondorioak atera dituzte dagoeneko, eta Hertzainak taldearen lehen lana jarri dute txapeldun; bigarren, berriz, Negu Gorriak taldearen Borreroak baditu milaka aurpegi, eta hirugarren lekuan, Itoizen Espaloian gelditu da. Zerrenda osoa ikusi gura duenak Sustaturen webgunean dauka oraindik ikusgai: www.sustatu.com

Matraka: #12; 2005eko urtarrilaren 5etik 12ra
Lander Arbelaitz