Blogia

Landerren Txokoa

Aitor Osa txirrindularia

Aitor Osa txirrindularia

Espainiako Vueltan eroriko ikusgarria izan ondoren etxean zegoela egin genuen elkarrizketa. Telefono mugikorrarekin ez da oso ongi moldatzen. Lepa-uztaia (klabikula) hautsi eta operatu berria zen.

Zure anaia eta zu Liberty taldera joango zaretelako zurrumurruak dabiltza. Zer deritzozu?
Zurrumurrua kalean dago, hori badakit. Baina hala ere, oraindik ez dago ezer ere sinatuta eta nahiago nuke horretaz ez ezer ere esan. Zerbait gertatzen bada, esango dugu, baina oraindik ere ez dugu ezer sinatu. Hori da esan dezakedan gauza bakarra.

Zer iritzi daukazu Armstrong-i egin diotenaren inguruan?
Nik uste ez dagoela ongi hain berandu ateratzea gauza hauek. Bere garaian atera izan balute ongi, baina hainbeste urteren ondoren, eta gertatua-gertatu ondoren, ez zait ongi iruditzen polemika hau guztia orain sortu izana.

Zer iritzi daukazu Pro Tour Ligari buruz?
Nik uste ongi dagoela. Noski, argi dago Pro Tour Ligatik kanpo geratuz gero maila baxuagoko karreretan hartu behar dutela taldeek parte. Baina, bestela, sistema aldetik, nik uste ongi dagoela.

Itzuli ‘handiak’ Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta izanik, ezberdintasun handia al dago Vuelta eta Tourraren artean?
Bai, oso handia. Frantziako Tourrean jende asko izaten da bide bazterretan lasterketa ikusten eta Espainiako Vueltan berriz oso gutxi. Honez gain, Tourrerako prestatzen dira pelotoiko korredorerik onenak eta horra huts egiten dutenak joan ohi dira Espainiako Vueltara, beraz, maila aldetik ere aldea badago. Hala ere, izaten gara batzuk, Espainiako Vuelta ere buruan izaten dugunak.

Zein izan da zure idolorik handiena?
Delgado. Oso txirrindulari erasokorra zen eta betidanik gustatu izan zait.

Aurten itzuli handietan ez dugu euskal txirrindularirik izan, erreferenterik gabe omen gabiltza. Zer moduz ikusten duzu euskal txirrindularitza?
Beno, ez dut gaizki ikusten. Egia da aurreko urteetan euskal txirrindulariak izan ditugula munduko lehen postuetan eta orain ez daukagula ‘erreferenterik’. Baina orokorrean maila ona ikusten dut.

Nondik datorkizue bi anaiei txirrindularitzarako afizio hori?
Ume ginenetik dut gustuko txirrindularitza. Hasieratik lagunak futbolean ibiltzen ziren bitartean, ni bizikletan ibiltzen nintzen. Gainera, anaiari ere txirrindularitza gustatzen zitzaion eta batak bestearen laguntzaz aurrera jarraitu genuen afizioa ofizio bihurtu arte.

Joxean Olaskoaga 'Aizperro'

Joxean Olaskoaga 'Aizperro'

Hondarribiako traineruko arraunlari 'Aizperro'ri egin nion elkarrizketa Kontxako Banderarako bigarren igandea jokatzeko falta zenean. Astillero izan zen lehen igandean onena, bi segundo atera zizkion Castrori eta Hondarribiari 14.

Esperantzarik bai igandean nolabait 14 segundu hoiek errekuperatu eta bandera irabazteko?Esperantza beti egoten da, nik uste oso zaila dagola, baina ez ezinezkoa. Itsaso ona badago, diferentzia handia dago baina ez ezinezkoa. Nik uste itsasoan 14 segundu ez dela bentaja handia.

Errekor guztiak hautsi zenituzten, denak jaitsi zineten 20tik. Espero al zenuten 19:23ko denbora egin eta hala ere ez irabaztea?
Bai. Nik uste traineruak oso azkar dabiltzala. Beste estropadetan egin izan ditugu antzeko denborak 3 ziabogatara, eta ziaboga batera beti azkarragoak izaten dira. 19 inguru hortan ibiliko dia trainerak, itsasoa ona bada, noski.

Astillero eta Castrokoen artean GPRS-aren kontuagatik sortu den iskanbilaz ze iritzi daukazu?Beno, nik uste horri ez zaiola garrantzi handiegirik eman behar. Guk ere bageneukan Astilleroren erreferentzia, baina ezin genion jarraitu. Nik uste ongi etortzen dela erreferentzia bat izatea, baina nik uste Astillerok ez zeukala gehiago. Astillerok bere estropada egin zuen eta Castrok ere berea egin zuen. Castrok jakin izan balu Astillero 2 segundutara zegoela, ez zutela azkarrago egingo uste dut. Nik uste hori gehiago kontua dela, Castro bigarren txandan atera izan balitz ez zuela hobeto egingo.

Euskal Herriko arraunak ba al du etorkizunik Kantabriarren diruaren aurrean?
Ba nik uste baietz. Dena ez dela dirua. Kontua da momentu honetan kantabriarrak fuerte dabiltzala. Hori dena dnboraldiak izaten dira, eta azken urteetan kantabriako taldeak ari dira gogor. Nik uste gipuzkoar edo euskaldunok aurrera aterako garela, dudarik gabe gainera.

Zer nolako itsasoa nahi zenuke iganderako? Eta zergatik?Berdin zaigu. Nik uste ez dugula horrekin gehiegi obsesionatu behar. Argi dago itsaso txarrarekin aukera gehiago izango ditugula, baina niri berdin zait. Hori bai, egia da itsaso txarrarekin 14 segundo ez dela inolako aldea eta itsaso onarekin margen pixka bat badela. Dagoen itsasoarekin egin behar dugu arraunean eta kitto.

Kontxako Bandera irabazteko zail duzue. Zeinek irabaziko duela uste duzu?Ez dakit. Castro azken estropadetan aurretik ibili da eta Astillerok bi segundoko errenta du. Bietako edonork irabaz dezake, ikusi egin behar zer gertatzen den eta ea gu sorpresa emateko gai garen.

Ska bero eroa

Ska bero eroa

MADNESS
The Specials taldearekin batera, Madness izan zen ska mugimenduaren berpizkundea gehien bultzatu zuen taldea. 1976an sortu zen taldea Londresen The Invaders izenarekin lehenik, ondoren Morris and the Minors izena hartu zuten, eta azkenik, Madness izena (euskaraz ‘eromena’) 1979an hartu zuten. Erresuma Batuan benetan ospetsu egin ziren eta beren historiako zortzi urteetan zehar 21 single-ek lortu zuten Erresuma Batuko Top 10ean sartzea.
‘Ska nahasia’ jotzen zuten, reggaea baino azkarragoa, piano bat eta haize instrumentuen laguntzarekin. Segituan atera zuten lehen albuma, One Step Beyond izenarekin eta bigarren posturaino iritsi zen. Hasiera besterik ez zen. Jarraian atera zituzten Absolutely, Seven eta It must be Love diskoak. 1982an, abestirik onenekin Complete Madness diskoa kaleratu zuten eta lehen posturaino igo zen. Disko guztiak oso arrakastatsuak ziren Britainia Handian, baina AEBn, 120.postutik ez ziren igotzen. 1983an The Rise and Fall diskoa atera zuten, Ameriketan bide berri bati ekinez. Our House kantua zegoen bertan ameriketan arrakasta izan zuen kantu bakarra. MTVren laguntzarekin lortu zuten Top1eraino iristea. 80ko hamarkadaren erdialdean, salmentek behera egin zuten, eta pianistaren joatearekin batera —letra gehienak berak egiten zituen—, taldearen gainbehera hasi zen eta 1986an banandu egin ziren. Taldeko lau partaidek 1988an The Madness taldea sortu zuten.
Top10ean sartu ziren beste kantu batzuk: My Girl (1980). Night Boat to Cairo (1980), Baggy Trousers (1980), House of Fun (1982) eta It must be love (1982)

Pagari Zugastiri elkarrizketa

Pagari Zugastiri elkarrizketa

Zergatik joan zinen San Franciscora eta ez beste nonbaitera?
Ingelesa ikasteko aitzakiarekin, argi neukan kanpoko herrialderen bat ezagutu nahi nuela. Agentzia batera jo nuen eta aukeren artean San Franciscokoa izan zen gehien gustatu zitzaidana eta horregatik joan nintzen hara. Sei astetarako joan nintzen lagun batekin eta familia batekin egon nintzen denbora guzti horretan.

Zer gustatu zitzaizun gehien?
Hiria orokorrean, parke erraldoiak, kale guztiak aldapan, tranbiak, Alcatraz... Jende ezberdin mordoa dabil han kalean. Zuriak, beltzak, japoniarrak, txinatarrak, homosexualak, heterosexualak… Han ezberdintasun kultural horretara guztiz ohiturik daude. Ez da hemen bezala, hemen denok ‘berdinak’ gara. Hemen ia denok zuriak gara eta gainontzekoak gutxiengoa dira. Han ilea berdez pinta dezakezu eta ez dizu inork arraro begiratuko. Hori hemen lortzea polita litzateke, baina oraingoz behintzat oso zaila izango da.

Zer gustatu zitzaizun gutxien?
Konpondu beharreko arazo handia dute eskaleekin. Ia kale-kantoi guztietan daude. San Franciscoko jendea AEBtako beste lekuetakoa baino irekiagoa denez eta parke ikaragarriak dituztenez, Reaganek meategiak itxi zituenean, AEB osoan kalean geratu zen jendea pixkanaka SFra joaten joan zen urte osoan duten klima epelagatik.

Egia al da hango jendea irekiagoa dela?
Bai, askoz ere irekiagoa. Kalean mapa batekin joatea nahikoa duzu norbait zuregana etorri eta ea galdua zauden galdetzeko. Horrelako mila adibide bizitu ditut sei astetan. Kanpora ateratzen zarenean konturatzen zara zergatik dioten atzerritarrek euskaldunok itxiak garela.

Ba al dute Euskal Herriaren berri han?
Ez denek, baina askok bai. Beste leku batzuetan ez bezala, ez dute euskaldun izatea terrorismoarekin lotzen. Askok badakite Euskal Herriaren egoera zein den eta galderak egiten dizkizute, eta interes handiarekin entzuten dizute.

Euskal Herria aipatuta, izan al zinen San Franciscoko Euskal Etxean?
Bai eta benetan hunkigarria izan zen eman zidaten tratua. Eraikin oso bat da eta igandero bertan biltzen dira 200 lagun inguru bazkaltzeko. Frontoi handi bat, jatetxea, musean jokatzeko lekua, hemendik bidalitako pilota partidak ikusteko telebista gela, mus gela… oso leku ederra daukate. Gainera, anaia bat bezala hartu ninduten eta bazkideentzako bazkarira gonbidatu ninduten. Hemengo jendeari hango euskaldunak existitzen direla gogoratzeko esan zidaten eta noizbait norbait hara joanez gero bisitan joateko dudarik gabe, horrekin kitatzen nuela haiekin nuen ‘zorra’. Askotan ez gara hango euskaldunez gogoratzen eta gehiago egin behar genuke. Autoetako matrikuletan “baztan” bezalako izenak dituzte idatzita ikustea oso polita izan zen.

Azaldu zure egun normal bat.
Goizeko 8etan jaikitzen nintzen, ‘muni’ trentxoa hartzen nuen klasera joateko. Klaseak goizeko 9etatik eguerdiko 13ak arte izaten ziren astelehenetik ostiralera. Gero klaseko lagunekin bazkaltzera joaten ginen eta arratsaldero zerbait bisitatzen genuen. Ostiral eta larunbat gauetan hango diskotekaren batera joaten ginen.

Gaugiroa zer moduzkoa San Franciscon?
Hemengoarekiko oso ezberdina. Diskoteketara joaten zen jende guztia, eta hango diskoteketan ‘reggaeton’ musika jartzean ikusi egin behar zenuen nola dantzatzen duen jendeak! Pelikuletan ikusten ditugun beltzak bezala, denek.

Egia al da Ameriketako neskak hemengoak baino irekiagoak direla?
Inongo dudarik gabe gainera. Han, gauean, neskak zuregana etortzen dira zu beraiengana joan zaitezkeen bezala. Hori hemen ez da gertatzen, edo mutila mugitzen da, edo ez dago ezer. Gainera, lotsagabeagoak direla ere esango nuke, zuri begiratzen harrapatzean, ez dute begirada kentzen.

Zer nota emango zenioke bidaiari? Zergatik?
9.5. Ikaragarrizko bidaia izan zelako, oso esperientzia polita.Ingelesa asko hobetu dut eta leku guztietako lagunak egin ditut. Hala ere, sei astetarako joan nintzenez, lagunak egin eta nola joaten ziren ikustea gogorra da eta bizitu beharra izan dut. Hala ere 9.5 nota ona da, e?

Deskribatu San Francisko zure hitzekin:
Hiri handia den arren, 700 mila pertsona bakarrik bizi dira. Golden Gate zubia da hango gauzarik ospetsuena kanpora begira, baita Alcatraz irla ere. Hiriaren erdigunean bakarrik daude etxe-orratzak, eta zentrotik ateratzean (kale bat: Market St.) dena maldaz josia dago, kale guztiak daude maldan. Uda iraila eta urrian da, eta gainontzeko hilabeteetan, itzaletan hotza egiten du eta eguzkitan bero. Hondartza erraldoia du, baina sartzen den haizeagatik ia inor ez da joaten hara. Goizero eta gauero laino oso itxia sartzen da. Erraldoia den parke bat dute: Golden Gate Park, hirian zaudela ahazten duzu bertan, baso erraldoi bat da eta bufaloak eta dena daude bertan.

Joxe Antonio Agirre Lekube

Joxe Antonio Agirre Lekube

Jose Antonio Agirre Lekube edo Agirre ta Lekube’tar Joseba Andoni 1904ko martxoaren 6an jaio zen Bilbon, Alde Zaharraren bihotzean. Aita Teodoro Agirre bergararra zuen eta ama Bernardina Lekube mutrikuarra. Hamar anai-arrebetatik zaharrena zen eta gizartean leku eroso bat zutela esan dezakegu bere aitaren ofizioa (abokatua) eta txokolate enpresa batean zuen postuagatik. Teodoro Agirrek Sabino Aranaren aurkako epaiketa batean defentsa lanak egin zituen, euskal nazionalismoaren aitzindariak AEBtako lehendakaria zoriondu zuelako hauek Kuba Espainiatik independentizatzeko orduan jokatu zuten paperagatik.

Lehen Lehendakari izango zenaren gurasoak euskaldun eta abertzaleak ziren eta lehen urteak Bilboko lehen ikastolan matrikulatu zuten, Plaza Berrian. Musika ikasi zuen, bizitza osoan lagunduko zion afizioa dudarik gabe, eta gainera, kirolari handia izan zen: arraunlaria, pelotaria eta modu nabarmenean, futbolaria, Athletic de Bilbao taldeko aurrelaria izan baitzen, Espainiako txapeldun izatera helduko zelarik.

Zuzenbidea ikasi zuen Jose Antonio Agirrek, baina bere ikasketekin etxeko ardura gurutzatu zen, aita berak 16 urte zituela hil baitzitzaion, eta seme zaharrenaren papera jokatuz, familiako negozioez eta amari laguntzeaz arduratu beharra tokatu zitzaion.

Aitor Zuberogoitiak Agirre liburuan oso ongi azaltzen du nola gazte-gaztetandik ikasi zuen erantzukizunen zama sorbalda gainera eramaten. Amarekin batera arduratu behar izan zuen Chocolates Aguirre izenpean sendiak zuen negozioaz. Abokatu titulua hogeita bat urterekin atera zuen eta soldaduska egin behar izan zuen hurrengo urtean Bilbon. Bukatzean, Esteban Bilbao abokatuaren bulegoan hasi bazen ere, segituan bere bulegoa ireki zuen.

Oso gazte hasi zen Agirre politikan, Primo de Riveraren diktaduraren azken urteetan, 1930. urtean, 25 urte zituela. 26 urterekin Getxoko Alkate izango da, 27 urterekin Madrilgo Korteetan Diputatu eta 32 urterekin Lehendakari. 1936ko urriaren 7an izendatu zuten Lehendakari eta Frente Popularreko partaideekin lehen Eusko Jaurlaritza eratzeaz arduratu zen: Partidu Sozialista, Partidu Komunista, Partidu Ezkertiar Errepublikanoa, ANV eta EAJ/PNV.
“Gobernuburu zela, Europako aliatuen batasun politikora hurbildu zen, ordena publikoa mantendu, eliz ospakizunak berrezarri eta gudariak eta miliziak antolatu zituen; Euskal Unibertsitatea ere sortu zuen. Bilbo Francoren eskuetan erortzear zegoela, Turtzioz-era eta handik Kantabriara joan zen Euzko Gudarosteko buruekin batera (1937); Miarritze, Paris eta Bartzelonara izan ziren hurrengo pausoak. Bartzelona ere erori zenean, Frantzia eta gero Belgikara ihes egin zuen Companys eta Irujorekin.”
Agirre Bartzelonan zela, Santoñako Hitzarmena sinatu zuen Juan de Ajurriaguera agintari abertzaleak faxista italiarrekin, Errepublikari traizio eginez modu honetan. Guzti hau Agirreren onarpenarekin egin zuen, borroka galdua jarraitzearen aurkakoa baitzen.

1940an Parisetik familiarekin Belgikarako bidean 2.en Mundu Gerra hasi zen eta naziek Frantzia eta Belgika eraso zituztelako, oinez pasa behar izan zuten muga. Familia ez arriskuan jartzea erabaki eta bakarrik joan zen Berlinera, hau baitzen bere bila inoiz arakatuko ez duten leku bakarra bere ustez. Panamako kontsulari batek paper eta identitate faltsuak lortzen dizkio eta momentu honetatik aurrera, José Andrés Alvarez Lastra izatera pasatzen da (inizialak berdin mantenduz). Bibotea utzi eta betaurreko batzuekin bere itsura fisikoa disimulatu zuen. 1941ean Hamburgora joan eta eguneroko bat idazten hasi zen. Eguneroko hau publikatzeko asmorik ez zuen eta galtzerdietan eta panpina baten buruan ezkutatuta hainbat mugetan alde batetik bestera ibili zuen. Ia urtebete bakarrik igaro ondoren bere familia Berlinera iritsi zen paper faltsuekin eta Suediara egin zuten ihes. Hemendik Rio de Janeirora eta ondoren Montevideora joan ziren. Jada bere benetako nortasuna ez zuen zertan ezkutatu eta Ameriketako euskaldunek eta bertako hainbat presidentek harrera beroa egin zioten. Buenos Airesera joan zen gero New Yorkera iristeko. AEBtako hiri honetan, 1946a arte egon ziren eta bitarte horretan unibertsitatean historiako irakasle lanetan aritu zen. 1945ean Parisera bueltatu zen eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza aldatu ostean, berriz ere erbestean zeuden euskaldunei laguntzen hasi ziren. Izaera politikoko bidaiak egin zituen hurrengo urteetan, laguntza politikoa bilatu nahian, baina ez zuen Francoren aurka egiteko laguntzarik lortu.

Manuel de Irujok xehetasun guztiz kontatzen du Conversaciones sobre José Antonio Aguirre liburuan nola iritsi zitzaion heriotzearen eguna Lehendakariari. 1960ko martxoaren 18an, Pariseko bulegoan lanean ari zirela, ez zela oso ongi aurkitzen esan zuen, sukarraren sintomak zituela iruditzen zitzaiola eta etxera joan zen. Hurrengo egunean, oso katolikoa izaki, goizean-goiz mezatara joan eta gauean eztulka ibili zen. Martxoaren 21ean, Mari bere emazteak delegaziora deitu zuen esanaz, Jose Antonio ez zela lanera joango ez zelako oso ongi aurkitzen eta medikuari deitu zion. Medikuak bronkioak oso kargaturik zituela esan eta atsedena gomendatu zion pare bat egunetarako. Hurrengo eguneko goizean, emazteak berriz ere delegaziora deitu zuen senarra gaizki zegoela esanaz, bularrean oinazea zuela. Medikua berriz ere azkar asko bere etxera joan eta hitz egitea eta guzti debekatu zion, deskantsua behar zuela azpimarratuz. Gauzak lasaitu ziren eta lehendakariak hobeto aurkitzen zela esan zien lagunei. Jose Antoniok egunkariak eta te taza bat eskatu zizkion bere emazteari hau erosketak egitera joan aurretik, arratsaldeko 17.30 inguru. Eskatutakoa ekarri eta kanpora joan zen. 18.00tan etorri zenean, bere senarraren gorpua aurkitu zuen ohe gainean, bularretako angina batzuen ondorioz historiara pasea.

Hil eta bost egunetara, Donibane Lohitzuneko hilerrian ehortzi zuten, bertaratu ziren milaka pertsonen saminaren artean.

Guda eta exilioan lider, askatasunerako urte zailak ezagutu zituen, baina hala ere, beti demokraziaren, Euskadiren eta honen askatasunen alde borrokatu zuen.

San Franciscon bueltaka

San Franciscon bueltaka

Uztailaren 3an atera nintzen Bilboko aireportutik lagun on baten konpainian San Frantziskora joateko asmoz. Bidelaguna Frankfurten utzi (SFra hegaldi ezberdina baikenuen) eta 10 orduko bidaiari ekin nion. Familia batera nindoan ingelesa hobetzeko asmoz, 6 aste pasatza. Berehala beldurtu nintzen baina, hegazkinean inkesta bat pasa eta ez nekienean zer zioen inkestak! Ondoko indiarraren laguntzaz bete eta SFra iritsi ginen. Lehen ezustekoa ordea nire maletak eman zuen. Leku borobil batean maletak ateratzen hasi ziren eta hor egon nintzen zain ea nirea noiz aterako. Ez zen etortzen, eta hegazkinetik bistaz ezagutzen nuen inor ere ez nuen ikusten. 10 minutu inguru neramatzanean horrela konturatu nintzen hori Chicagotik zetorren hegazkinari zegokina zela, nirea beste bat zela. Ahoan irribarrearekin joan nintzen niri zegokidanera. Kontua da, hemen ere ez zirela nireak ateratzen, eta 25 minutu ostean, tripajaten, informazio gunera joan nintzen niren ingeles oso kaxkarrarekin. Bertan lasai-lasai esan zidaten ez zela nire maleta iritsi eta etxera bidaliko zidatela, barkamenik eskatu ere egin gabe. Bigarren ezustekoa, familia ezagutzean jaso nuen, paperetan bi senar-emazte zirela jartzen baitzuen eta honek metroa dirudi, 3 japoniar, italiar bat, Donostian urtebetez bizitako kanadar bat, madrileko mutil bat, 28 eta 29 urteko bi seme, “Happy” txakurra, gurasoak eta ni bizi gara, ahalik eta armonia onenean. Benetan jatorrak dira denak eta edozertarako ea beraiekin joan nahi dudan esaten dit edonork. Goizetan ingleseko klaseak ditugu eta arratsaldeak hiria bixitatzeko erabiltzen ditugu: Golden Gate Bridge, Golden Gate Park, Forrest Gump-en denda, Aquarima txokolate museoa, Chinatown... Euskal Etxera joatea falta zaigu. Eskolan paper batzuk daude, eta bertan apuntatzea nahikoa da aktibitateak egiteko. Donostiako laguna eta ni lehen egunean aktibitate guztietan apuntatu ginen, soccer partidua dela, volleyball in the beach, museum, Beisball partidu batera joateko, Six Flags delako atrakzio parke batera... Ongi dago, behintzat arratsaldeak ez ditugu alperkerian pasako. SFren alderik txarrena, beti lainotua dagüela da, beti-beti! Arratsalde partean eguzkia ateratzen du, baina handik 15 minutura berriz ere lainotzen da eta honela etengabe. Kalean dauden eskale kopurua ere ikaragarria da! Asko daude, klima dela eta hona etortzen omen dira AEB osoko eskaleak, Ez ditugunez 21 urte, ezin dugu ez edan ezta diskoteketara joan ere, baina atzo, 18 urtetik gorakoen diskoteka bat aurkitu eta bertara joan ginen. Benetan oraindik ezin dut sinistu atzo ikusia! Ez da Euskal Herrian bezala inondik ere, bakoitzak sorbaldak mugitzearekin nahiko, beste muturra dela esatera ausartzen naiz. Diskotekan hiphop musika jartzen zuten areto batean, eta bestean, Reggaeton delakoa. Gu hiphop aldean egon ginen eta hemen jendeak pelikuletako beltz raperoek bezala dantzatzen du, urrezko lepokoak erakusten, eguzkitako betaurrekoekin, gerrikoan supermerkatutan bezela, letra gorriak pasatzen, gauzak idatzita! eta neskek ere nola dantzatzen duten! hemen neskak mutilarengana joaten dira asko, eta ipurdia aurrean jarriz dantzatzea da munduko gauzarik ohikoena, zure eskuak eutsi eta dantzatzen! eta aspertzean beste batekin eta lasai-lasai. Pertsona batekin horrela dantzatzeak ez du ezer ere esan nahi hemen. Gerta liteke neska batekin dantzan aritzea, eta bere beste aldean beste tipo bat jartzea natural-natural. Nik, benetan, ez nuen ezer edan eta oso ongi pasa nuen. Hurrengo ostiralean han egongo naiz berriz ere. Amaitzeko, esan, familiakoei Benito Lertxundiren CD bat oparitu diedala eta asko gustatu zaiela, eta hor aritzen direla kantuen izenburuek zer esan nahi duten galdezka. Oraindik ere bost aste falta zaizkit hemen, eta oraingoz, ez naiz etorri izanaz damutzen.

The Clash-en biografia

The Clash-en biografia

Talka, txokea da ingelesez The Clash, punkaren munduak ordura arte zegoenarekin egin zuen talka ziurrenik. Joe Strummer (ahotsa eta gitarra elektrikoa), Mick Jones (gitarra eta ahotsa), Paul Simonon (baxua) eta Nicky “Topper” Headon bateriak osatzen zuten 1976 urtean Ingalaterran sortu zen talde mitiko hau.
Etengabe iraultza eta klase borrokaz kantatzen zuen talde bat izateko, harrigarria bada ere, The Clash-ekoek ideia tradizionalak mantentzen zituzten.
1974az geroztik, Strummerrek talde batzuetan parte hartua zuen. The 101’ers-en lehenik eta 75az geroztik, London S S. Levine-en. Ondoren The Clash-eko partaide izan zen eta aurrerago Public Image Limited-ekoa (Sex Pistols-eko Johnny Rotten-en gidaritzapean).
Lehen kontzertua 1976ko udan jo zuten Londresen Sex Pistols-en aurretik. Azken hauekin Anarchy bira egin eta 3 kontzertu besterik eman ez zituztenean, jendearen artean oihartzuna izaten hasi ziren eta CBS diskoetxe britainiarrarekin kontratua sinatu ondoren, White Riot single-a grabatu zuen. 1977ko martxoan kaleratu zuten eta Ingalaterrako begirada gehienak bereganatzeaz gain, kanpoan ere sonatua izan zen. Hala ere, diskoetxeko Ameriketako delegaziokoek hango merkaturako ez zela egokia erabaki eta ez zuten irratietarako prestatu, beraz, Ameriketan ez zuten entzun. Punk-rock ingelesaren lehen adibideetako bat izan zen, eta oraindik ere, bere generoko perlatzat hartua da.
Crimes bateriak taldearen lehen LPan parte hartu zuen, “The Clash” izenpean, 77an, baina taldea utzi zuen lana argitaratu aurretik eta bateria berria Headon izan zen. Taldeak bere punk-rock gogorra rock gogorrago batera aldatu zuen Sandy Pearlman produktore hartu zutenean. Emaitza bigarren LPa izan zen: “Give’em enough rope” (emaiezue nahiko soka), 1978an kaleratua azken hau.
1977an zehar, Strummer eta Jones hainbat alditan ibili ziren kartzelan sartu eta atera bandalismoagatik zigortuta. Bien bitartean, Simonon eta Headon atxilotu egin zituzten lasterketetako usoei airezko pistolekin tiro egiteagatik.
Taldean hedatzen hasi ziren aktibismo sozialeko ideia eta jarrerak, Rock Against Racism kontzertuaren buru izatera iritsi arte. 78ko udan “White Man In Hammersmith Palais” kantua kaleratu zuten taldearen kontzientzia soziala hazten zihoala argi utziz.
79 hasieran, The Clashekoak Ameriketan zehar beren lehen bira hasi zuten, “Pearl Harbor’79” izenburupean eta uda ondoren, “The Clash in Amerika” kaleratu eta beren Ameriketako bigarren bira hasi zuten. Talde tradizional askorekin eman zituzten kontzertuak, eta horrek liluraturik utzi zituen taldekoak, berehala aterako zuten London Calling album bikoitz izugarrian eragina somatuko zelarik. Londres deika, 79an kaleratu zuten eta Guy Stevens produktoreak lagundu zien mundu mailako arrakastara iristen. Album bikoitza izanik, normal baten prezioan jarri zuten, eta honek lagundu egin zien lehen aldiz Britainia Handiko to10ean sartzen eta 1980ko udaberrian, AEBko 27. postura iritsi ziren. Diskoak estilo ezberdin mordoa ditu et aberezko argiz dizdiratzen du, heavy, punk, reggae, blues, baladak eta abar. Taldearen bizkar hezurra da disko hau, benetan oso ona.
Orain bai, orain arrakasta izan zuten AEBtan, Britainia Handian, Europan eta abar zehar bira egin zutenean 1980ko hasieran. Uda honetan taldeak dub-arekin kutsatutako “Bankrobber” singlea kaleratu zuen alemanez Alemanian bakarrik DJ Mikey Dread-ekin batera; hala ere, diskoetxekoek izan zuten eskaera handiagatik Britainia Handian ere kaleratu egin behar izan zuten eskema guztiak hautsiz.
Laugarren LPan, “Sandinista!”, 1980, oraindik ere estilo gehiago sartu zituzten, horien artean, disko, country, eta acid rock sikodelikoa. LP hirukoitz bat behar izan zuten estilo eta esperimentu hauek guztiak sartzeko, eta taldea bera izan zen beren produktorea. AEBetako merkatuan eta Britainia Handikoan batera jarri zen salgai, eta AEBtako publikoaren artean oso harrera ona izan zuen bitartean, Britainia Handiko publikoa txikitzen zihoan pixkanaka. “Sandinista!” Ameriketako merkatuan Britainia Handikoan baino kopia gehiago saldu zituen taldearen lehen diskoa izan zen.
1981 urtea birak emanaz eta atsedena hartuaz igaro ostean, urte amaieran Combat Rock euren bosgarren LPa prestatzen hasi ziren, Borroka rock-a litzateke euskaraz, eta 1982rako kalean zuten jada. Esan daiteke, rock sinple eta zuzenago baterako bidea berregin zutela. Komertzialki begiratuz gehien saldu zen diskoa izan zen, Britainia Handiko listetan bigarren postuan jarri zelarik eta AEBn lehen aldiz top10ean sartu zirenean Rock the Casbah single arrakastatsuari esker.
Taldeak ideal oso gogorrak zituen hasieran, baina ospearekin bizitza basati rockanrolleroan erori ziren. Headon drogadikto bihurtu zen, eta 1982ko maiatzan taldetik bota zuten, “Combat Rock” grabatuta zeukatela, baina oraindik ere, kaleratu gabea. Urte bereko irailean, Jones-en txanda iritsi zen. Strummer eta Simenonen iritziz, Jones punkeko idealekin inolako zerikusik ez zuen izar bilakatu eta halako berez ez zegokion jarrera zuen. 1984ko urtarrilan The Clash guztiz eraberritu zuten eta Strummer (Ahotsa), Simemon baxua, Vince White gitarra, Nick Sheppard gitarra eta Pete Howard bateria. Urte eta erdi beranduago This is England singlea kaleratu zen, Hau Ingalaterra da, eta 1985eko azaroan Cut the Crap LPa, kendu zaborra, baina ez zuen ia arrakastarik izan eta salmentak oso txikiak izan ziren. Denbora gutxira, 1986 hasieran, taldea banantzea erabaki zuten.
77tik 80ra bitartekoak izan ziren urterik onenak, eta The Clash izan ziren talde ingelesetatik ospetsuenak mundu osoan Sex Pistols-en ondoren. White Riot, Tommy Gun, London Calling, Rock The Casbah eta Should I Stay or Should I Go bezalako kantuengatik gogoratzen dira. Azken kantu honek, Should I Stay or Should I go, taldea desegin eta handik 6 urtera ikaragarrizko arrakasta izan zuen, Levi’s Jeans-ek kanpaina publizitario batean erabili zuelako, diskoetxeak kantua berrargitaratu eta Britainia Handiko listen gailurrera iritsi zen. Berriz ere taldea elkartuko zelako zurrumurruak zebiltzan, baina ezin izan zen hori gertatu taldeko kide ohiek zituzten proiektuengatik. Strummer solista eta partaide gisa zebilen The Pogues taldean, Jones BAD taldeko liderra eta Simonon Havana 3 am talde berriko partaide zen. Headonek bere urteak kartzelan eta errehabilitazioko ospitaleetan igaro zituen.
Sex Pistols-ak britainiako lehen punk rock banda izango ziren, baina The Clash punk rockero definitiboak izango ziren. Pistols-ak nihilistak ziren bitartean, The Clash idealistak ziren, ezkertiar ideologia politikoz bustirik. Taldea musikalki abenturazalea izan zen, rock&roll gogorretik reggae, dub eta estilo gehiagotara zabaldu baitzen.
Bi letra idazle bikain zituzten, Joe Strummer eta Mick Jones, bakoitza estilo eta ahots berezi batekin. Atlantikoaren bi aldeetan izan zituzten benetan miresten zituzten zaletuak.
Britainia Handian itzelezko arrakasta zuten bitartean, Estatu Batuetako merkatuan sartzea asko kostatu zitzaien, eta azkenean, 1982an egin zutenean etengabe gora egin zuten, Atlantikoaren beste aldean ere.
The Clash-ak inoiz ez ziren bihurtu super izar, izan ere, ez zuten horrela bukatu nahi. Beti rock & roll-a pasioz eta protestarako erabili zuten. Batzuk polemiko eta probokatzaile bezala ikusten zituzten bitartean, beste batzuk, jainko eta idolo bezala zituzten, eta esan beharra dago, oraindik ere, batzuek horrela ikusten dituztela. Gustatu edo ez gustatu, argi dago, musikaren historian bere arrastoa utzi duen taldea izan dela dudarik gabe.

Lander Arbelaitz
Hala Bedi Irratirako Eguerdioff saiorako prestatua 2005eko maiatzaren 30ean.

Europa zure eskuetan

Europa zure eskuetan

INTER-RAIL Bidaiatu zeure kabuz

Azterketak eta bestelakoak amaitzear direla, oporretan du burua gazte askok. Bidaiatzea da gehienen ametsa, baina dirua izaten da oztopo. Inter-rail delakoak bidaia luzeak oso modu onean egiteko aukera ematen du.

Laster dator uda. Eta, jendea udarako planak egiten ari den honetan, gazteen artean arrakasta duen bat aukeratu dugu: Inter-rail; Europan barrena lagunekin trenean hilabete inguru, inoiz imajinatu ere egingo ez zenituzkeen lekuak bisitatuz, gurasorik gabe bizirik irauteko gai garela demostratzeko aukera itzela.

http://www.inter-rail.org helbidean informazio ugari dago. Baina, nolabait laburbiltzeko, Europa hainbat gunetan bereizia dute, eta zenbat eta gune gehiagorako hartu, orduan eta garestiagoa da bidai txartela. Bidai txartel horrekin doan ibil zaitezke guneko tren guztietan, baina trena erreserbatzea ordaindu egin behar izaten da batzuetan. Hala ere, ez da garestia izaten. Gune bat edo batzuk hartuz, horietatik kanpoko trenetan %50a ordaintzen da. Aurreko urteekin konparatuz, prezioak %10 jaitsi dituzte.

Garrantzitsuena ilusioa izatea eta zurekin norabait joan nahi duen lagun pare bat aurkitzea da. Jendea mugitzea zaila izaten denez, lauko taldea talde perfektua da, trenean askotan konpartimentuan launaka joan behar izaten baita, logela aurkitzeko zenbaki polita baita eta edozein gauza egitekotan ere binaka egin baitaiteke.

Bidaia prestatzeko:

1 Argazki makina, inongo dudarik gabe. Oso gutxitan izango duzu joango zaren lekukoak bezalako paisaiak aurkitzeko aukera.

2 Bidaia antolatzean, kontuan hartu noiz diren asteburuak eta non egon nahi zenukeen ostiral eta larunbatetan.

3 Liburu bat gutxienez. Trenean ordu asko pasatu behar dira, eta hitz egiteko gaiak amaitzen direnean, ongi etortzen da liburu bat eskura izatea, nahiz eta literaturarako zaletasunik ez izan.

4 Musika entzuteko discman batek eta ordenagailuko bi bozgoragailuk asko anima ditzakete arratsalde eta gauean atera aurreko orduak.

5 Betetzea zaila den arren, inter-raileko eguneroko bat idazteko koaderno eta karpeta; bueltan dena buruan izaten den arren, milaka pasadizo izaten dira hilabete batean eta gauzak ahaztea pena handia izaten da.

6 Karta joko bat eraman, askotan tren-itxoiten denbora egin behar izaten baita eta karta jokoak une galdu asko salba baititzake. Pilota bat, jolasteko.

7 Maleta gurpilduna eramatea gomendio
ona da, askotan bizkarreko motxila handi horiek nekagarriak izaten baitira eta ez hain erosoak azpian duzun zerbait atera nahi izanez gero.

8 Gehienetan, honelako bidaietan onena bidaia prestatzeko unean izaten den ilusio eta gogoa izaten da. Benetan merezi du.

Inter-raileko aukera bat:
Euskal Herria - Italia - Kroazia - Eslovenia - Kroazia - Italia - Suitza - Euskal Herria

Hilabete inguru. Gune guztietako txartela. Gutxi gorabeherako prezioa: 1.200 euro, txartela barne. Hemengo proposamena ideia bat egiteko da. Bidaia polita egiteko leku bakoitzean zenbat egun gomendatzen dizkizugun jarri dugu.Irten Euskal Herritik eta lo egin trenean.

Florentzia (3 gau)
Bidaiako lehen geltokia. Trenean hainbeste ordu pasatu ostean hiri eder honetara iristea gozagarria da. Hiri turistikoa da eta artelanez josia dago. Oso polita. Gau giroa, batez ere, alde zaharreko tabernetan eta diskoteketan dago. Tabernak 03:00etan ixten dituzte, eta diskotekak, geroago. Pisa hiria trenean ordubetera dagoenez, egun-pasa hara joatea ez da plan txarra egun baterako. Hirian bertan Daviden eskultura famatua kalean dago, denen bistan. Katedrala eta Ponte Vecchio (zubi baten gainean dena etxetxoak eta etxetxo horiek guztiak bitxi dendak dira). Ez da hiri merkea eta Youth Hostel egokia dauka.

Erroma (2 gau)
Bigarren geltokia, munduko hiriburua izan zena. Koliseoa, Foru Erromatarra, Espainia Plaza... Zer ez dago ikusteko! Egitura arkeologikoz beteriko hiri handi bat denez, autobus turistikoa hartzea merezi du, nahiz eta 13 € balio, bestela ezin baita dena ikusi eta ulertu zer den gauza bakoitza. Gauean, 02:00etan ixten dituzte tabernak aste barruan; eta asteburuetan, 04:00etan. Jendea plazan geratzen da, zerbait hartu eta gero tabernetara joateko. Giro polita izaten da gauean, baina, tabernak goiz ixten dituztenez, ez da ohikoa diru asko xahutzea. Lo egiteko lekua, nahiz eta pixka bat kosta, azkenean aurkitu egiten da. Oharra: tren geltoki kanpoan dirulapurrak ibiltzen dira eta bizkarreko motxilako patrika txikian ez sartu dirua.
Barira joan eta han ferrya hartu, Kroaziara pasatzeko. 35 € balio du.

Dubrovnik (4 gau)
Gaua trenean igaro ondoren, ilusio ikaragarria sortzen duen hiria. Fantasiako hiria da, benetan ikusgarria. Ferrytik jaistean hango jendeak harrera beroa egiteko ohitura du, eta beren etxeak alokatzen dituzte. Ikaragarrizko giroa alde zaharrean. Tabernak 07:00etan ixten dituzte.
Ikusi beharrekoa: Egun-pasarako barku bat hartu inguruko uharteetatik ibiltzeko (bidaiako gauzarik ederrena). Harresian ibili.
Prezioa: merkea
Lo egiteko lekua: Jendeak bere etxea eskainiko dizue, oso prezio merkean. Beraz, ez eraman ezer hartuta.

Makarska (3 gau)
Herri txikia da, baina polita, udatiar eta gazte jende asko dabilena. Hango gau giroa da Kroaziako sonatuena. Jendetza handiak, hondartzetan aire libreko festak…
Kilometro askoko hondartza bat du, eta atzean ikaragarrizko mendia. Atentzioa ematen du. Lekurik merkeena da. Han ere jendeak bere etxea oso prezio merkean eskaintzen du. Beraz, alokaturik ezer ez hartuta eramatea onena. Hondartzan jarduera asko egiten dira, baina gomendagarriena, barkuei lotutako donutsak. Lagunekin izateko esperientzia polita da.

Split (3 gau)
Besteekin konparatuz, hiria handia da, eta zati batzuk, industrialak. Portu garrantzitsua du, eta alde zaharra dotorea da. Han ere jendeak etxea eskaintzen du. Gauetan jende asko ibiltzen da, eta tabernak 06:00etan ixten dituzte. Portuko kafetegi eta tabernak gauetan diskoteka bilakatzen dira.
Spliten trena hartu eta gaua trenean pasatu ostean, Zagreben esnatu.

Zagreb (1/0 gau)
Zati batzuk eraberritzen ari diren arren, hiria zaharkitu samarra dago, oro har. Udan kroaziarrak kostara joaten direnez, ez dago giro handirik. Jaarun aintzira, katedrala eta zentroa politak dira. Aste barruan ez dago girorik gauean, eta asteburuetan aipatutako aintziraren inguruan tabernak 05:00ak arte daude zabalik. Lo egiteko, Youth Hostel-a zaharkitu eta zikina da.
Oharra: Bidaiako lekuren bat kendu nahi izanez gero, hau kentzea gomendatzen dugu. Udan kroaziarrak kostara joaten direnez, ez dago ez giro ez ezer ikusteko.

Ljubljana (2 gau)
Oso hiri polita da Esloveniako hiriburua. Oso txukuna da eta eraberritua dute. 300 mila biztanle ditu hiriak. Erdi-erdian dagoen mendixkako gaztelua eta hiriaren erdigunea oso politak dira. Gau giroa diskoteketan oinarritzen da eta jende asko ibiltzen da. Hango jendea oso adeitsua eta jatorra da. Lo egiteko, Youth Hostel dotoreak daude. Bitxikeria gisa, euskaldun izatea oso gauza ontzat ikusten dute, eta hango jendeak gauetan euskaldun direla esaten omen duenez, euskaldunei ere ez diete sinesten benetakoak direla.

Pula (3 gau)
Berriz ere kostara itzuliz, herri polita da hau. Italiar giroa dago, mugatik gertu baitago. Koliseoa, hondartza eta alde zaharra ikusgarriak dira. Gauetan, ondoko herrira joaten da jendea autobusez, Medulin herrira, eta herri hartan diskoteka besterik ez dago. Jende asko ibiltzen da hemen, horretarako dago prestatua. Youth Hostel-a hondartzan bertan dago. Bungalowetan egiten da lo, eta, aurretik ordaindu behar den arren, gomendagarria da hartzea. Hemen ere, egun-pasarako barkuak antolatzen dituzte eta, ahal izanez gero, hartu barku bat lagun-taldearentzat soilik.

Venezia (2 gau)
Berriz ere Italiara bueltan, hiri ezagun, polit eta ametsetakoa. Filmetan bezalakoa. Hala ere, oso garestia da. Ez dute ezta hiriko mapa oparitzen ere eta, adibide gisa, kafe batek San Marko plazan 10 € balio ditu. Ez dago gau girorik, alde batetik bestera ibiltzen diren barku-busak gauean gelditu egiten direlako, eta ateraz gero, bueltatzerik ez dago. Ikusi beharrekoa da San Marko plaza. Turista mordoa ibiltzen da han. Youth Hostel-a gaueko 11:00etan ixten dute, eta gela bakoitzean 20 pertsona inguru sartzen dira.
Goizean goiz trena hartu, eta eguerdirako Milanen (Italia)

Milan (0 gau)
Modaren hiriburua. Polita, baina oso handia. Duomo katedral txundigarriaz gain, denda famatuak dauden gunea eta futbol zelaia ikustea gomendatzen da. Tren geltokia artelan bat da, ikusgarria. Garesti samarra den hiri honetan dirulapurrak ibiltzen dira. Beraz, kontuz.
Gaua trenean pasatu eta Bernan esnatu (Suitza).

Berna (0 gau)
Bankuen hiriburua. Oso hiri polit eta zaindua. Aarne ibaiak korronte oso handia du eta jendea bertan bainatzen da. Parlamentua oso ederra da eta plaza batean hartzak daude. Horiek ikusi ostean, atseden hartzeko igerilekuak dauden parke publikoan eguna pasatuz azken eguna aprobetxatzea polita da. Prezio aldetik garestia da, eta hango txokolateak famatuak dira. Lo egin nahi izanez gero, Youth Hostel-a ere badago.
Gaua trenean pasatu eta Euskal Herrira iritsi.

GUZTIRA, 28 gau eta mila oroitzapen.

Keep on keeping on!

Keep on keeping on!

THE REDSKINS
Musika munduan bere aztarna utzi duen talde mitiko hau 1981ean Ingalaterran Chris Dean-en gidaritzapean hasi zen punkaren ukitua zuen soul bizia jorratzen. Hasiera batean, “No Swastikas” izena bazuen ere, hurrengo urtean aldatu egin zioten. Hasiera-hasieratik oso letra ezkertiar politizatuak kantatzen zituzten eta pixkanaka-pixkanaka indarra hartzen joan ziren. “The Supremes” eta “The Clash” taldeak zituzten eredutzat; baina The Redskins zerbaitek bereizten bazuen, sozialismo iraultzailearekin zuten lotura zen. Politikan buru-belarri sartuta zeuden eta hiru partaidetatik bi “Socialist Worker Party”ko kide ziren. 1985ean, meatzarien greba jazo zenean, guztiz irauli ziren langileen alde eta talde honen eraginez beste hainbat talderekin kontzertuak egin zituzten meatzarien alde. Euren hitzetan, ez zuten fama diruagatik bilatzen, baizik eta, euren letrak zenbat eta jende gehiagorengana iristeko. “The Clash” eta “Dead Kennedys” bezalako taldeekin jo zituzten kontzertuan eta diruaren zati handi bat borrokan ari ziren langileei ematen zieten. Skin naziak kontzertu batzuk saboteatzen saiatzen ziren hauek kantatutako letrengatik eta hauetako batzuek jarraitzaile eta saboteatzaileen arteko borrokoetan bukatzen ziren. 1986an “Kick over Apartheid Tour” biraren barnean Londresen ospaturiko kontzertuan grabatu zuten zuzeneko lana. Lean on me, Unionize eta Keep on keeping on bezalako kantuak aurki daitezke energia eta ilusioz beteriko ingurugiro batean murgildurik. 2004eko abuztuan lan honen beste edizio bat atera zuten taldearekiko omenaldi gisa.
(Matraka: #1; 2004ko urriaren 18tik 24ra)
Lander Arbelaitz

Langileen eguna bezalakoek zerbaitetarako balio dutela uste duzu?

Langileen eguna bezalakoek zerbaitetarako balio dutela uste duzu?

Peio Etxeberria. 38 urte. Gernikarra. Igeltseroa.

Ez dakit zerbait lortzeko balio izango duten egun hauek, baina badakidana zera da, kalterik behintzat ez digutela egingo. Langileok baditugu zenbait eskaera, eta maiatzaren bata bezalako egunik ez balitz existituko, askoz ere oihartzun txikiagoa izango genuke eskaera hauek egitean.

Hala ere, egun hauetan ateratzen dugun gure eskubideen aldeko borrokarako grin hori urte osoan mantendu behar genukeela uste dut, dena ez baita egun batean eskatuz lortzen. Demostratu beharra dugu langileok ere badugula zer esana.

Ohituren aitzakian joango al zara sagardotegira?

Ohituren aitzakian joango al zara sagardotegira?

Julen Kortajarena. 19 urte. Donostiarra. Biologia ikaslea

Folklorea sagardotegira joateko aitzakia aparta baldin bada ere, aurten ere orain arteko moduan joaten jarraituko dut, lagunekin giro ezin hobe batean eta sagardoari egurra eman ondoren farra ederra botatzeko asmoarekin.

Nola ikusten duzu emakumearen egoera Euskal Herrian?

Nola ikusten duzu emakumearen egoera Euskal Herrian?

Mikel Enziondo. Biologia ikaslea. 18 urte. Lekeitio

Emakumearen egoera hoberantz aldatu dela uste dut, gure gizartean behintzat. Aitortu beharra dago Europa mendebaldea dela emakumearen egoera “onena” duena munduko beste lekuekin alderatuz, adibidez, Asia, Afrika… baina honek ez du esan nahi emakumearen egoera hemen perfektua denik eta berdintasunerako borroka utzi behar dugunik. Oraindik ere badaude hobetu beharreko esparru batzuk, adibidez, lan mundua, tratu txarrak, etab. Etorkizunean nik uste arazoak hobera egingo duela, baina horretarako bai gizon eta bai emakumeak inplikatu behar gara.

Isil ezineko ahots solidarioa

Isil ezineko ahots solidarioa

BANDA BASSOTTI
1981ean Erromako inguruetan eraikuntzan lanean ari zirela ezagututako lagun talde bat zen hasieran eta Nikaragua, Salvador, Palestina eta Euskal Herriarekin elkartasuna adierazteko ekintzak egiten zituzten. 1989an musika talde bat eratzea erabaki zuten eta Italia osoan zehar jo zuten etxe okupatu eta manifestazioetan. 1992an Erromako beste hiru talderekin batera Italiako ezkertiarren aldeko disko bat atera zuten. Arrakasta izan zutela ikusita, bakarka disko bat kaleratzea pentsatu zuten eta Figli Della Stessa Rabbia LPa grabatu zuten. Kontzertuak ematen hasi eta Euskal Herrira ere etorri ziren. 1995ean Kaki Arkarazoren IZ estudioetan sartu ziren Avanzo di Cantiere grabatzeko. Euskal Herrian kontzertu asko eman zituzten eta Negu Gorriak taldeak Galindorekin izan zuen aferan ere izan ziren Oiartzunen solidaritate internazionalaren seinale, gainontzeko euskal talde guztiekin batera. 1996 urtearen erdialdean taldeak uztea erabaki zuen pilatutako nekea eta musika eta eraikuntzako lana bateratzeko ezintasunak zirela eta, baina Negu Gorriak-ek Galindoren aurkako auzia irabazten bazuen, hau ospatzeko kontzertu bat joko zutela hitz eman zuten. 5 urte beranduago, NG-k auzia irabazi eta hitza bete zuen talde italiarrak Baiona eta Donostiako kontzertuetarako bueltatu zirelarik. Italiatik jende asko etorri zen kontzertu hauetara. Ondoren, oraindik gauza asko zutela esateko eta berriz biltzea erabaki zuten. Un altro giorno d’Amore zuzeneko lan bikoitza atera zuten 2001eko martxoan, 2002ko apirilan L’altra Faccia dell’Impero eta 2003ko otsailan Amore e Odio euren azken lana.

Matraka: #10
Lander Arbelaitz

Punketik ska dantzagarrira

Punketik ska dantzagarrira

THE SPECIALS
Britainiako ska berpizteaz gain, puri-purian jarri zuten, punk taldeen energia eta jarrera, ska dantzagarriarekin nahastuz. Estilo berri baten sortzaile izango ziren polika eta arazo sozialez kutsaturiko giro hartan.
1977an, Coventryn (Ingalaterra), The Automatics punk-reggae talde bat sortu zen, baina Monkey Man kantuarekin ska klasikoa probatu eta arrakasta izan zutenez, estilo honetan murgiltzea erabaki zuten.
Momentu honetan The Specials izena izatera pasa ziren eta 2-Tone diskoetxera deitu zuten, laster musika estilo honekin lotutako taldeen diskoetxea izango zena.
Lehenik Gangsters, baina gero arrakasta bat bestearen atzetik iristen hasi ziren: Rudi a message to you, Too much too young, Rat Race, Stereotype, Rude Boys Outta Jail... diskoak ikusgarriak ziren, eta taldeko hiru abeslariak nabarmentzen ziren: Staple, Golding eta Hall.
1981 urterako, arrakastak amaitzen ari zitzaizkien, eta honela jarraitzea zail izango zutela ikusi zutenean, Ghost Town abestia sortu eta taldea banantzea erabaki zuten. Fun boy Three sortu zuten hiru abeslariek, eta beste batzuk Special A.K.A. baina 83rako biak banandu ziren. 1995ean, Terry Hall gabe taldea elkartu eta Too Much Too Young eta Ghost Town diskoak atera zituzten, baina 98an berriz ere utzi egin zuten.

Matraka: #?
Lander Arbelaitz

Ohituren aitzakian joango al zara sagardotegira?

Ohituren aitzakian joango al zara sagardotegira?

Alex Salgado. 19 urte. Donostiarra. Biologia ikaslea

Folkloreagatik ez, baina sagardotegira joaten jarraituko dudala ziur daukat 2005ean. Nik argi daukat sagardotegira joaten banaiz sagardo eta txuletarekin bapo-bapo gelditzeko izango dela, eta honen aitzakiaz gero lagun giroan parranda ederra botatzeko.

Europako Konstituzioa interesatzen al zaizu?

Europako Konstituzioa interesatzen al zaizu?

Ion Caceres. Produkzio ikaslea Andoainen. Donostiarra. 19 urte.

Interesatzen zait, baina herritarrongana ez zaigu ideia oso orokorrik ez den beste ezer iristen. Badakit talde politiko batzuk alde daudela eta beste batzuk aurka, baina ideia pare batengatik, bestela ez dakit ezer. Nola egongo naiz Europako Konstituzioaren alde edo aurka ez banaute informatu.

Gabonetan bestela baino solidarioagoak garela iruditzen al zaizu? Zergatik?

Gabonetan bestela baino solidarioagoak garela iruditzen al zaizu? Zergatik?

Aitor Esnal. 19 urte. Donostiarra. Ingenieritza ikaslea.

Jendearen gehiengoa behintzat bai. Gabonetan zure ingurukoengan gehiago pentsatzen duzulako eta eskaleren bat edo norbait bakarrik ikusten baduzu, askoz ere pena gehiago ematen dizulako urteko bete edozein garaitan baino. Ez luke horrela izan behar, baina hala da.

Sakeleko telefonoari loturik bizi al zara?

Sakeleko telefonoari loturik bizi al zara?

Mikel Urkia. 20 urte. Ingenieritza ikaslea. Donostiarra

Nahiz eta jende asko egon lotuta, ni astean zehar etxetik kanpo bizi naizenez, gurasoei deitzeko soilik erabiltzen dut; eta aste bukaeretan, berriz, lagunekin gelditzeko. Galderari arrapostu eginez, ez nago batere lotuta.

Nire egoeraren erantzule izan daiteke duela denbora gutxi eta gogoz kontra erosi nuela. Ez zait batere gustatzen egun guztia kontrolatuta bizitzea eta horregatik erabiltzen dut hain gutxi.

Sakeleko telefonoari loturik bizi al zara?

Sakeleko telefonoari loturik bizi al zara?

Danel Lizartza. Biologia ikaslea. Donostiarra. 18 urte

Ezta hurrik ere! Dirudienez nire kasua Atacama basamortuan elurteak ikustea bezalakoa da, ez baitut mugikorra erabiltzea atsegin. Tramankulutxo horren xedea nire bizitzan, gurasoen nireganako kontrola bermatzea da.

Hala ere neskaren batek telefonotik zintzilik bizi dela esaten badit, gai naiz hipokresiaren hipokresiaz ni ere hala ibiltzen naizela onartzeko. Zergatik ez?

Bai, etorriko dira gurera

Bai, etorriko dira gurera

U2 Donostiarako bisita.

Azkenean baieztatu dute: U2 irlandar taldea Donostian izango da. Erresuma Batuko komunikabide batzuek taldearen bira zehaztu zuten, eta abuztuaren 9an Anoetako Estadioan How to dismantle an atomic bomb azken diskoa aurkeztuko dutela esan zuten. Egun batzuk beranduago, informazio hori baieztatu egin dute. Anoeta estadioan izango da kontzertua, eta sarrerak otsailaren 17an jarriko dituzte salgai. Joan nahi duenak, ordea, hasi beharko du dirua aurrezten, garesti xamarrak izango baitira sarrerak. 40 euroren bueltan ibiliko omen dira. Halere, talde mitiko hau zuzenean ikusteak hori baino gehiago merezi duela uste dueneko asko dira, eta seguru sarrerak ahi baino azkarrago agortuko direla.

Matraka: #16; 2005eko otsailaren 2tik 9ra
Lander Arbelaitz