Blogia

Landerren Txokoa

Azterketek nola eragiten dizute eguneroko bizitzan?

Azterketek nola eragiten dizute eguneroko bizitzan?

Aitor Agirrezabalaga. Zumaiarra. 20 urte. Enpresaritza ikaslea.

Azterketa garaian klasera ez dudanez joan behar, ez daukat inongo presarik jaikitzeko eta lo berandu arte egin dezaket.

Oso deskantsatuta egoten naiz garai honetan eta orduan buruak ere hobeto funtzionatzen dit.

The Story of the Clash. volume 1

The Story of the Clash. volume 1

THE STORY OF THE CLASH, volume 1

 

Punk talde mitikoenetako baten errekopilazio diskoa dugu hau. Disko bikoitza izan ere. Taldea banandu eta bi urtera atera zuten, baina edizio ezberdinak izan ditu. Bertan Ingalaterrako taldearen diskoetatik abestirik onenetakoak hautatu dituzte, guztira 28. Disko bikoitz honekin, musikaren ibilbidean izan zuten eboluzioa ikus daiteke: punk gogorretik hasi eta nola pixkanaka estilo berrien munduan esperimentatzen egin zituzten saioak. Honez gain, taldearen historia laburtzen duen liburuxka dago. Bertan oso ongi kontatzen dute taldearen bilakaera, hori bai, dena ingelesez. Eta ingelesez ulertzen ez duenak, argazkiei begiratzearekin konformatu beharko du edo bestela, Paddy Rekaldek idatzi duen The Clash: punk, rock'n'roll, reggae matxinada liburua erosi. Arrakasta guztiak daude bertan, Rock The Cashbah, Spanish Bombs, London Calling, Guns of Brixton eta askoz gehiago. Taldearen zaletuentzat altxortxo bat; eta taldea oraindik deskubritu ez dutenentzat, aukera ezin hobe bat, abestirik onenak entzunaz taldearen sareetan erortzeko.

 

 

 

Lander Arbelaitz

Coldplay: xarmagarri

Coldplay: xarmagarri


 Ama Naturak ez zuen bat egin nahi izan ostiralean Donostiako belodromoan bizitu zen pop festa handiarekin eta eurite gogorrak bidali zituen, bost gradu inguruko tenperaturako giroarekin. Guzti honek Anoeta inguruan auto-ilara luzeak sortu zituen eta hau dela eta, jende askok ezin izan zuen Goldfrapp taldearen taularatzera garaiz iritsi. Giro hotzak, eszenatoki handiegiak eta soinu txarrak Alison Goldfrappen, Will Gregory eta gainontzeko hiru musikarien ikuskizuna zapuztu zuen. Ordu bete inguruko kontzertua eskaini zuten eta txistu hotsak ere entzun ziren publiko artetik.

 


Coldplay taldekoak ere oso puntualak izan ziren eta ordurako, masa jada guztiz egonkortuta, belodromoak bete itxura hartua. Euskal Herri osotik eta kanpotik (batik bat Frantziatik) etorritako 10.000 pertsonarekin topatu ziren britainiarrak. Atzealdean kokatua zegoen pantaila horizontaletik erloju digital erraldoi batek atzetik aurrera, minutu bat kontatuz Square One abestia iragartzen zuen. Abesti puska honek X&Y diskoa irekitzen du, zeinak sei milioi eta erdi kopia baino gehiago saldu diotela dioten iturri ofizialek.


Lehen abestiek jendea berotzeko balio izan zuten (Square One, Politik, Yellow eta Speed Of Sound). Hala eta guztiz ere, gero kantu ‘ez hain ezagunekin’ erritmoa jaitsi zuten (God Put A Smile Upon Your Face, See The World, White Shadows, The Scientist, Til Kingdom Come, Don't Panic eta Green Eyes). Kontzertuaren erdialdean, publikotik oso gertu abesten ari zela, lehen lerroko zaletu baten sakelako telefonoa hartu zuen eta norbaiti zuzenean abestu zion. Txalo zaparrada eragin zuen horrek guztiz bereganatua zuen zaletuen artetik. Neurria oso ongi hartua dio bitxikeria horri, ia kontzertu guztietan egiten baitu.


Coldplay taldeko frontman-ak bere 28 urterekin badirudi ordu beteko yoga saioa egiten duela kontzertu bakoitza hasi baino lehen. Nekaezina lehen minututik kontzertuak iraun zuen ordu eta erdiren azkenekoraino. Taldeko beste edozein kide ordezkatzea ez litzateke hain zaila izango, baina Chris Martin Britainiako bandako lider eztabaidaezina da, ordezka ezina.
Zuzeneko emanaldietan erakusten du Martinek berezko karisma duela, oso fisiko eta gertukoa. Publikoarekin harremanetan jarri eta jendea eserita zegoen lekura igotzeko gai izan zen eta keinu linguistikoen bitartez eskerrak eman nahi izan zituen (kosta zitzaion “eskerrik asko”-ren bigarren erdia gogoratzea).


Baina urrezko galderak bi zati ditu: Bonoren ondorengoa al da Martin eta bere taldea U2ren bigarren zatia? Eta duena baino garrantzi handiagoa eman zaion pop proposamena al da? Ukatu ezinezkoa dirudi, pop-rock doinu hauek, behin eta berriz botatako mezu sentikorrek (batzuetan sentikorregiak),  tentsio emozionalak eta beren gitarrek U2ren antza ikaragarria dutela.

Duena baino garrantzi handiagoa eman zaiela? Poparen makronegozio osoa da gehiegizkoa, salmentak egitea lortzen denean, behintzat. Coldplay taldekoak oso originalak direla ezin esan, musikalki begiratuz, ez dute berrikuntza gehiegirik ekarri eta. Baina beren kantuen indar emozionalak ongi jasaten du zuzeneko emanaldia. Ziurrenik zatirik arriskutsuena zati akustikoa izan zen, hirukoitza eta batzuetan xarma gehiegirik gabekoa. Baina amaieran beren arrakastarik handienak jo izanak Belodromoan bildutakoen gozamena ekarri zuen. Ez da estadioetara joateko taldea (oraindik ez behintzat). Horretan ari dira eta etorkizunak esango du izango diren edo ez. Donostian atzo eginiko bidetik jarraitzen badute urrutira iritsiko direla gauza jakina da.

Testua: Lander Arbelaitz. Argazkia: Xabier Adrian

COCK SPARRER

COCK SPARRER

Taldea 1975ean sortu zen Londresen 11 urteetatik ikaskide izanak ziren McFaull, Mick Beaufoym Steve Burgess eta Steve Brucekin. 3 urte lehenagotik beste taldeen bertsioak egiten zituzten. Tabernetan jotzen zuten, baina Sex Pistols bezalako taldeen igoerak aukera eman zien euren doinuak aireratzeko eta Pistols-en managerraren atentzioa bereganatzeko. 1977an Cock Sparrerrek Deccarekin sinatu zuen,  ordura arte beste Oi! talde batzuen disketxe zena, eta lehen lana grabatu zuten: Running Riot eta Rolling Stones taldearen bertsio We Love You. Hala ere, eztabaidak izan zituzten disketxearekin soinuaren kalitatea zela eta, eta zenbait arrazoi medio, taldearen izen bereko lehen diskoa Espainian bakarrik kaleratu zen.
80. hamarkadan, Sham69, the Angelic Upstarts eta the Cockney Rejects bezalako taldeek langile klasea punk sensibilitatearekin nahastu zuten eta oi! azpigeneroa indarra hartzen joan zen. Sunday Stripper abestia Oi! Errekopilazio batean atera zen eta arrakasta lortu zuten. Berehala hasi zen grabaketak egin asmoz eta 1982an England Belongs to Me hit singlea kaleratu zuten. Cock Sparrerren Erresuma Batuko lehen album ofiziala Shock Troops izan zen urte berean kaleratua eta luzaroan Oi!ko faboritoen artean egon zen. 1983an gitarrista aldatu zuten. 1984an Runnin’ Riot in ’84 kaleratu zuten eta 87an Live & Loud. Berriz ere arazoak izan zituzten taldekideen artean eta baita diskoetxearekin ere.
1992 amaieran, kontzertu erraldoi batean jotzeko gonbidatuak izan ziren eta hasierako laukotea bueltatu zen harrituta zeuden 2000 pertsonaren aurrean. 1994ean Guilty as Charged diskoa atera zuten lehen aldiz material berriarekin eta tartean kontzertuak eman ostean, 1997an Two Monkeys diskoa atera zuten, material berria zuen taldearen azken diskoa izango zelako zurrumurruen artean. Ondoren, errekopilazioak, zuzeneko grabaketak eta kontzertuekin jarraitu zuten. 2000 urtean banantzea erabaki zuten.
Lander Arbelaitz

Disko berriari atea irekiaz

Disko berriari atea irekiaz

Skunk

 

14 urte munduko leku ezberdinetako bazterrak alaitzen daraman talde honek, Giltzak diska berria atera du. Europa osoan, Libanon, Kanadan jo dituzte kontzertuak. Gitarra jotzeaz gain, taldeko abeslaria den Rafarekin aritu gara hizketan.

 

1-     Zer topa dezakegu disko berrian?

 

Beti bezala, estilo eta erritmo ezberdinen nahasketa bat. Batzuek diote gero eta gogorragoak garela, baina, badaude gauza lasaiak ere. Ska, reggae, punk, rock, hardcore eta ekialdeko doinu batzuk ere hor daude. Toke flamenkoa duen kantu bat ere egin dugu. Giltzak-eko ia abesti guztiak euskaraz dira, bi frantsesez eta bat gazteleraz. Bilduma baterako egin genuen Nolakoak Gara abestia ere sartu dugu. Hirugarren diskoko Dirua kantaren ordenagailurako pista bat ere ikusgai dago.

 

2-     Lehen, zuen zigilu propioa den “Skunk Diskak” ekin kaleratzen zenituzten diskoak. Kinki Metak-ekin, eta orain berriz,, Giltzak Gor disketxearekin. Zer dela eta aldaketa hau?

 

Guk ekoizpena gure zigiluarekin egiten dugu, baina gero, Frantzian lizentzia bat dugu hango zigilu batekin eta Espainian Gor-ekin aterako da. Kinki, gure azken diska, berdintsu egin genuen: ekoiztu gure zigiluarekin, lizentzia bat Metak disketxearekin eta Frantzian beste batekin.

 

3-     Zer esan nahi duzue izenburutzat jarri duzuen Giltzak-ekin?

 

Alde batetik, Giltzak izena duen abesti bat dago eta hor hizkuntza ezberdinetan errepikatzen da askotan: “nork dauzaka furgonetareno giltzak?”. Baina horrez gain, diska osoan zehar errepikatzen den beste ideia bat da aurrera jotzearena, ateak ireki egin behar direla.

 

4-     Izan al duzue sekula oztoporik Euskal Herrian, Iparraldekoak zaretelako?

 

Arazoak ez, baina nire ustez askotan aurreiritziak daude eta hori ez da batere ona. Adibide bat jartzearren, Irurtzunen jo genuen duela bi aste, Pikurock festibalean. Jotzen azkenak gu ginen eta baten batek, talde bat falta zela esan beharrean, “Iparraldekoak falta dira” esan zuen. Ez dugu ulertzen zergatik. Euskal festibal bat zen eta gu euskaldunak gara. Aspalditik daramagu muga hori ezabatu nahian eta badirudi ezin dugula. Gauzak bai Iparraldean eta bai Hegoaldean egiten saiatzen gara gure ustez ez baita batere ona bereizketa hori egitea.

 

5-     Prestatu duzue birarik azken disko hau aurkezteko?

 

Bai. Suitzan izan gara, Frantzia osoan baditugu kontzertuak eta hemen, Irurtzunen, jo genuen diska atera eta berehala. Abenduaren 1ean kontzertua izango dugu Iruñean. Belgikara ere joango gara. Ia beti mugimenduan gabiltza.

 

6-     Talde orok izaten du talderen bat mitifikaturik, euren estiloa eredutzat harturik. Zein izan dira Skunk-entzat talde horiek?

 

Talde asko dira oso mitikoak guretzat, baina asko garenez eta gustu ezberdinetakoak gainera, ag ian, norbaiti gehien The Clash gustatzen zaio, beste bati Slayer, eta horrela. Nik uste gustu ezberdinak ditugulako ateratzen dela hainbeste estiloren arteko nahasketa.

 

7-     Giltzak zuen seigarren lana da. Etorkizunera begira zer plan daukazue?

 

Datorren urtea arte, diskoa aurkezteko kontzertu asko joko ditugu. Horrez gain, datorren urtean, DVD bat atera nahi dugu eta irudiak jada baditugu, Toulouse eta Herri Urrats-en 3 kamerekin grabatua. Bestalde, musikari askorekin diska bat egiteko asmotan gabiltza. Ez da gure asmoa, guk gure diska bat sortu eta koroak egiteko jendea gonbidatzea; baizik eta, hasieratik abesti bakoitza norbaitekin lantzea. Jada egina dugu abesti bat italiako abeslari batekin eta baita Kuraia-ko Fernandorekin ere Iruneko AEK-k Durangoko Azokarako aterako duen bilduma baterako. Niko Etxart-ekin ere egin nahi dugu. Hau gutxi balitz, orkesta sinfoniko batekin kontzertu bat egin nahi dugu. Iparraldeko Euskal Kultura Erakundea eta Okzitaniakoarekin elkarlanean, telebista grabatzeko interesatua dagoen kontzertu bat edo bi egingo genituzke.

 

8-     Nola ikusten duzu Euskal Herriko musikaren egoera?

 

Denetarik dago, estilo ezberdinak, batzuk oso interesgarriak eta niretza beste batzuk ez hainbeste (barreak). Kontzertuena beste kontu bat da. Badaude Berri Txarrak, Kuraia, Gatibu eta Ken Zazpi bezala jendea mugitzen duten talde batzuk, baina oso talde gutxi dira. Batzutan oso kontzertu interesgarriak egiten dira eta ez da jende gehiegi joaten. Ag ian ohiturak aldatu egin dira, ez dakit. Guk adibidez, gero eta gehiago jotzen dugu kanpoan.

Curriculumaz informatuz Tafallatik Durangora

Curriculumaz informatuz Tafallatik Durangora

Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) taldeak ‘Euskal Curriculuma Herriz-Herri’ izeneko ekimena hasi berri du.

EHBE ez da zuzenean parte hartzen ari Euskal Curriculumaren sortze prozesu honetan, baina hala ere, herritar eragile bezala bere ekarpena egiteaz gain, proiektu honi buruzko informazioa gizartaratzea erabaki du. Taldeko kide den Edurne X-en hitzetan, “jendeak ez daki curriculum bat zer den ere, ezta Euskal curriculuma sortzen ari direla eta datorren ikasturtean eskuartean izango dugula”. Horretarako, Euskal Curriculuma Herriz Herriz ekimena hasi zuten urriaren 22an Tafallan eta 34 herritatik pasa ostean, abenduaren 3an amaituko dute Durangon Euskal Herriko. Euren lana jendea informatzea eta sorkuntzan parte har dezaten motibatzea da.

Herri bakoitzetik pasatzen direnean, ikastetxeetara joan eta irakasle-ikasle taldeekin bilkurak egiten dituzte. PowerPoint aurkezpen bat prestatu dute eta Euskal Curriculuma zer den azaltzeko hizlari batzuk dituzte. Gauza bera egiten dute guraso elkarteekin eta arratsaldeetan saio batzuk prestatu dituzte herritarrengana irits dadin informazio hori.

Honez gain, ekimenak ere badu alde sinboliko bat. Curriculumean joan behar lukeen herri horri buruzko jakintzak biltzen doaz EC sinbolizatzen duen artxibategi handi batean. Herri bakoitzetik igaro ostean, txostena loditzen eta edukiz aberasten doa. Edurneren hitzetan, “Curriculuma Euskal Herriko erreferentzi pedagogiko bat bada, izan behar du herrien erreferentziaren bat. Sinbolizatu egin nahi izan dugu”. Herriz-herriko ekimena aurrera eramateko, herrietako lan taldeekin, kultur-elkarteekin edo elkarte jakinekin elkarlanak burutzen dituzte.

Tokian-toki aldatzen den arren, “kualitatiboki parte-hartze polita” eta EHBEk proposatutako ekimena izanik herri-taldeak laguntzen ari direlako pozik daude taldekoek Edurne. Bere ustez horrek ere aberasten du, beren helburuetako bat kolektibo horiekin elkartzea baitzen. Honez gain, unitate didaktiko bat ere prestatu dute eta lehen hezkuntzako haurrekin ari dira lantzen. “Ezberdindu behar da irakaskuntza euskaraz eta irakaskuntza euskalduna. Gauza bat da hizkuntza eta bestea berriz, edukiak. Horri egin nahi diogu EC-rekin aurre”.

2006rako erreferentzi pedagogiko hori amaituta izango da eta hor ikusi beharko da nola aplikatzen den, baina hori beste eztabaida bat da EHBEko kidearen ustez eta oraindik ez dute sartu nahi aplikazio fase horretan.

Euskal Curriculuma zer den

Curriculuma edozein hezkuntza sistemaren oinarria da, Alemaniak berea du, Irlandak, Frantziak… eta Euskal Herriak berea izan dezan sortutako proiektua da Euskal Curriculumarena. Erreferentzia horretan aipatzen da 16 urteko Euskal Herriako ikasle batek derrigorrezko hezkuntza jasotzean, zer oinarri, trebetasun eta balore izan behar dituen gutxienez. Curriculum hau Euskal Herriari buruzko edukiak bideratzen dituen txosten bat da. Adibide gisa, Frantziar Iraultza aipatzean, ez da agertzen terminoarekin zerikusia duen guztia, baizik eta nola eragin zuen Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako herritarrengan, zein ondorio izan zituen… Azken finean, Euskal Herria bere osotasunean eta bere beharrak aintzat hartzen dituen erreferentzia pedagogiko bat da. EAEn, Nafarroan eta Iparraldean badira curriculum batzuk, baina inola ere ez dute kontutan hartzen Euskal Herria.

2003an sinatu zuten hitzarmen bat Udalbiltzak, Sortzen-Ikasbatuaz-ek (S-I) eta Ikastolen Konfederazioak (IK) konpromezua hartuz gaur egun ez dagoen EC sortzeko. Pausu batzuk zehaztu zituzten eta ardura hartu zuten aurrera eramateko. Bost fase zehaztu zituzten eta gaur laugarrenean daude: Herritarren ekarpena bideratzeko fasea. Sortzen-Ikasbatuaz-ek bere sare publikoan sartzen diren ikastetxeetan ekarpenak jasotzeko metodologia zehaztu eta laster hasiko dira hauek biltzen. Ikastolen Konfederazioa gauza bera egiten ari da bere sarean eta Udalbiltza herritarren ekarpen konkretuak jasotzen ari da.

Fase horiek igarota, 2006-2007 ikasturterako prest egotea espero dute eragile guztiek.

EC-ren urratsak:

1. urratsa: Egitasmoaren oinarri filosofiko eta pedagogikoak bilduko dituen eta lanaren metodologia zehazten duen txostena adostea.

2. urratsa: EC osatuko duten jakintzagaiak zehaztu eta jakintzagai horietan adituak direnen ekarpenak bilduko dituen azterlana egitea. Lan hau Ikastolen Konfederazioak hartu zuen bere gain eta EAEko Hezkuntza Sailarekin dirulaguntza batzuek hitzartu zituen. Gero lan horren aurkezpena egin zen Donostian: “Euskal Curriculuma: kultur ibilbidea. Adituen ekarpena” izeneko liburua.

3. urratsa: Euskal irakaskuntzan diharduten irakasle adituek EC-z egingo duten proposamen teknikoa biltzea. Proposamen tekniko bat izan zen. Hemen S.I. eta I.K.-k lana gauzatzeko ardura hartu zuten eta berau osatzeak beharrezkoa duen aniztasun eta adostasunari erantzuteko asmoz, zenbait hezkuntza eragilerekin (Euskal Haziak, Eskola Kristauak…) eta EAEko Hezkuntza Sailarekin bi elkarteok akordioa lortu zuten.

4. urratsa: Hezkuntza erkidegoaren zein orohar herritargoaren parte hartzea ahalbidetu eta ekarpena biltzea. Sortzen-Ikasbatuaz, Ikastolen Konfederazioa eta Eskola Kristauak arduratu dira fase honetaz. Bestaldetik Udalbiltza ibiliko da.

5. urratsa: Jasotako ekarpenekin aberastutako txostena onestea.

The Redskins-i buruzko informazioa Hala Bedi Irratirako

The Redskins-i buruzko informazioa Hala Bedi Irratirako

 


Dena 1981ean hasi zen Leeds-eko taberna batean. Gauza oso ongi ulertzen ez zuen ikuslegoaren aurrean, York-eko 3 skinhead-ek osatzen zuten “No Swastikas” izeneko talde batek jo zuenean hasi zen.

 

Abeslariak, komikietako Tintinena bezalako ile mozketa zuen. Punk-rock-a jotzen zuten, ez Oi zakar, mozkor eta arroa. Nolabait esateko, The Clash-en hasierako estilora hurbiltzen ziren. Hirukote hau gerora The Redskins bihurtuko zen.
1982 urtean kokatuz, Oi!a desagertua dagoeneko eta talde gutxi batzuk arrakasta zuten arren, modaz pasea zegoen rock-eko talde errebelde bat izatea; eta batez ere, rock-a jotzen zuen talde skinhead-a izatea. Hala ere, Redskins-ekoek euren sorreraren berria zabaltzea lortu zuten eta Ingalaterrako NME aldizkariak eurei buruzko datuak argitaratzen zituen, baina inork ez zekien pertsonalki nor ziren Redskins-ak.
INORK EZ ZEKIEN NOR ZIREN?
Ez, jendeak ez zekien aurpegiz nor ziren. York-eko CNT zigiluak “Peasant Army” single-a kaleratu zien eta Langileen Eskubideen aldeko martxa batean aurpegiak estalita atera izanak aldizkarien haserrea ekarri zuen eta IRArekin konparatu zituzten, ez zekitelako nortzuk osatzen zuten taldea.
Beranduago jakin ahal izan zen Chris Dean, bandako abeslaria, lehen aipaturiko NME aldizkarian lanean aritu zela ezizen batekin eta bera zela taldeari buruzko datuak sartzen zituena, esamesak zabalduz. Jada, mundu guztiak bazekienean nor ziren taldeko partaideak, euren nortasunak ezkutatzeari utzi zioten.
HASIERA MUGITUA TALDE BERRI BATENTZAT…
The Clash eta Dead Kennedys bezalako taldeekin kontzertuak jo zituzten eta kazetariekin elkarrizketak izaten hasi ziren.
BAINA REDSKINS-AK BESTE TALDEETATIK BEREIZTEN ZITUENA EZ AL ZEN POLITIKAN OSO BARNERATUAK ZEUDELA?
Bai, hala da. Redskins-ekoak Partidu Sozialistako partaide aktiboak ziren, eta garai haietan, taldea izaten ari zen arrakasta partidua bultzatzeko erabiltzea pentsatu zuten.
Garai hartan kazetari gehienek politikan bustitzen ez zen pop musika nahiago zuten arren, baina Redskins-ak ez ziren inoiz publiko bila aritu. Skin antirrazista eta ezkertiarrak, punkaren politikarekin lotuak sentitu eta islatuak ikusten ziren, mugimendu berri bati hasiera emanaz.
1984rako, Redskinsekoen letra eta jokabide iraultzaileek 70. hamarkadaren garrantzirik gabeko biharamuna zirudien, baina non zeuden hainbeste aipatzen zituzten klase langilearen amorru eta borrokarako gogoak?
Eta orduan meatzarien greba konfliktiboa iritsi zen.++
HAU EZ AL ZEN INGALATERRAKO GREBARIK LUZEENA IZAN?
Ba bai, urte eta erdi iraun zuen eta gainontzeko banda guztiak estudioan sartuta beren lehen LPa lantzen ari ziren bitartean, Redskinsekoak estatu guztian zehar bidaiatzen aritu ziren meatzarien aldeko kontzertuak emanez. Chris Dean, abeslariak, NME aldizkarian artikulu luze eta distiratsu bat idatzi zuen beste taldeek meatzariei bizkarra eman zietela kritikatuz eta bat-batean, talde guztiak politikaz hitz egin nahi izatera pasa ziren.
Nonbaitetik denbora atera zutenean, “Keep On Keepin On” kaleratu zuten, euskarara itzulita “Jarraitu jarraitzen” edo antzeko zerbait litzateke, meatzariei animoak emanaz, noski. Redskins-ak modan jartzen ari ziren, ziurrenik lehenengo eta azken aldiz. Baina hala ere, bazirudien tentsioa handitzen ari zela.
Redskins-eko partaideak benetako iraultzaileak ziren, baina hala ere, negozio diskografikoko parte ere bazirela esan behar da eta kontraesanak argiak ziren, eta laster garrantzi handia hartuko zuten.
BAINA REDSKINS-EKOEK EZ AL ZITUZTEN ISTILUAK IZATEN KONTZERTUETAN EDO ANTZEKO ZERBAIT?
Bai, zeramaten denbora laburrean, kontzertuak eman zituzten, bateria jolea aldatu zuten, album bat egin zuten, “Neither Washington Nor Moscow” eta naziek jipoitu zituzten kontzertu batean.
Egun triste hartan, “Lean On Me” kantuaren erdian, skin faxista batek botila bat bota zion taldeari eta hori seinale izan zen National Fronteko beste 30 bat skin agertokira igo eta taldekoak jotzen hasteko.
Bost minutu lehenago taldearekin gozatzen ari zen ikuslegoak, ihes egin zuen, zale batzuk eta skin antinazi batzuk taldekoei laguntzera joan ziren bitartean. Honen segidan, inguruko kaleetan jarraitu zuen jazarpenak, non jendeak ez zuen ezer ulertzen, skin batzuk beste skin batzuk jotzen ari zirela ikusi baitzuten.
Gertakari tamalgarria ezkertiar militanteek, erantzun bezala, eskuin muturreko taberna bat erasotu zutenean amaitu zen.
HAU GERTATU OSTEAN, TENTSIO HANDIKOAK IZANGO ZIREN KONTZERTUAK, EZTA?
Bai bai, izan ere hori zen naziek lortu nahi zutena. Borroken bidez kontzertu aretoen jabeek Redskinsekoei beren musika iraultzailea jotzeko lekurik ez uztea lortu nahi zuten. Orduzkeroztik, Redskinsen kontzertuak skin antinaziek zaintzen zituzten eta hauek ziren sarrerak banatzearen arduradun.
Badakigu, gainera, taldea beti kontzertuak salneurri baxuan egiten saiatu zela. Doan jotzen zuten edo bestela hainbat kausa sozialen alde: antiapartheid-a, meatzarien greba, etab.  Decca disketxeak adibidez, “Kick Over The Statues” diskoa meatzarien alde ateratzeari uko egin zionean, ez zuten dudan jarri beste diskoetxe batekin editatzea.
Hitz gutxitan, alternatiboak ziren hitzaren zentzurik zuzenean.
Taldekoak beren karrera motzean zehar askotan kexatu ziren hedabideak ez zutela objetibitate nahikoarekin epaitzen beraiek egiten zuten musika. Beren musika entzulego oso handi batengana iritsi zen (Ingalaterran) eta kalitate oso handiko musika egiten zuten; handiegia akaso.
TALDEAREN AMAIERA NOLATAN ETORRI ZEN?
Beren ospea taldea desegiteko orduan faktore garrantzitsua izan zen, diskoetxeak presioa egiten baitzien beraiek nahi zituzten gauzak baino gehiago produzitzera. Partidu Sozialistako egunkari ofizialean soilik eman zen beren banaketaren berri. Oso komunikatu motza, gai politikoak gehiago jorratuz musikalak baino. Taldekideak beste talde batzuetan sakabanatu ziren eta horrela amaitzen da estilo berri bat asmatzen jakin zuen talde baten historia. Mezu modernoa eramaten zuten, orainarekin lotua beti. Euren proletalgo egoerak kausa horrekin benetan militante egin zituen. Beste inongo taldek baldintza horietan lortuko ez zuena lortu zuten.
ETA AMAITZEKO, NOLA LABURTUKO ZENITUZKE REDSKINS-AK?
Skin modernoak izan ziren, tradizioari begiratu baina beti etorkizunera zuzentzen ziren. Mugimendu berri bati sorrera eman zioten eta skinhead gazteentzat bigarren aro bat izan ziren.
Lander Arbelaitz
Hala Bedi Irratian eginiko lehen irratsaioa

Gabonetan bestela baino solidarioagoak garela iruditzen al zaizu? Zergatik?

Gabonetan bestela baino solidarioagoak garela iruditzen al zaizu? Zergatik?

Aitor Esnal. 19 urte. Donostiarra. Ingenieritza ikaslea.

 

Jendearen gehiengoa behintzat bai. Gabonetan zure ingurukoengan gehiago pentsatzen duzulako eta eskaleren bat edo norbait bakarrik ikusten baduzu, askoz ere pena gehiago ematen dizulako urteko bete edozein garaitan baino. Ez luke horrela izan behar, baina hala da.

Gustuko al duzu elurra?

Gustuko al duzu elurra?

Mikel Martinez. 20 urte. Zuzenbide ekonomiko ikaslea. Irun.

 

Alde batetik gustuko dut elurra, eta askotan joan ohi naiz eskiatzera. Hala eta guztiz ere, azken asteetan gertatutako elurteek arazo asko sortu dituzte errepideetan eta alde horretatik esango nuke elurraren aurka ere banagoela. Gauza askok bezala, alde on eat txarrak ditu elurrak. Hala ere, elurra dela klasera ezin banaiz joan, ez naiz kexatzen.

Gazteel sexuaz askatasunez hitz egiten al dute?

Gazteel sexuaz askatasunez hitz egiten al dute?

Makel Irazabal. 21 urte. Arrasate. Enpresa Administraritza eta Zuzendaritzan Lizentziatura (EAZL)  ikaslea.

Askatasunez hitz egin beharko genukeen arren, askotan lotsa ematen digu. Sexuaz hitz eginaz, nik uste denok ikasten dugula zerbait besteen esperientziekin. Hala ere, azpimarratu nahi dut batzuekin ezin dela ezta gaia atera ere, guztiz ‘tabu’-a baita. Penagarria.

Batere moztu gabe

Batere moztu gabe

DEAD KENNEDYS

Jello Biafra Londresen izan zen 1977an, punk-aren iraultzan, bete beterik. AEBtara itzuli zenean, The Ramones-en kontzertu batean izan zen eta guztiz txundituta geratu zela aitortu zuen. Hasiera batean, AEBtako punka New York inguruan kontzentratzen zen, baina gero Los Angeles eta San Francisco inguruak hartu zuen garrantzia. Dead Kennedys San Franciscokoak ziren. Bigarren punk olde hau gogor eta basatiagoa zen, AEBn sortu zen lehena baino. 1980n, DK-k lehen diskoa atera zuten era guztiz independente batean, ‘Fresh fruit for Rotting Vegetables’ (Fruitu freskoak usteldutako berdurentzat). Diskoetxe hau Jello Biafra kantariak zuzentzen du eta Alternative Tentacles du izena. Diskoak tapatik eta guzti inpresionatzen du, polizia autoak sutan agertzen baitira. Abestien artean ‘Kill the poor’ eta ‘California Über Alles’ bezalako kantuak daude. Jende askorentzat taldearen diskorik onena. Letrak zuzenak dira, baina ironia erabiltzne du Biafrak etengabe mundu guztiarekin sartzeko.

Lehen aldiz ozeano Atlantikoa gurutzatu eta Ingalaterrara joaten dira, non Biafrak borroka mediatiko bat burutzen duen Exploited taldeko abeslariarekin. Biafrak esan zuen ez zitzaiola Ingalaterrako bandarik gustatu eta besteak gezurti bat zela, lehenago aitortua baizuen gustatu zitzaiola batenbat. Orduan, Biafraren erantzuna: “Exploited eta polizia gauza bera dira”. Exploited irudi matxista eta biolentoa duen talde bezala hartua da, ultra eskuindarra. Ordutik aurrera bi talde hauen arteko erlazioak asko gogortuko dira.

1982an bateria aldatu zuten eta D. H. Peligro sartu zen. Gainera ‘Plastic Surgery Disaster’ bigarren lana kaleratu zuten, beste askorentzat diskorik onena. Hurrengo urtean, ‘In God we trust, INC’ atera zuten, diskorik polemikoena. Azalean jesus ageri da dolarrez eginiko gurutze batean iltzaturik. Letrak extremoraino eramaten dituzte, ironia utzi eta gauzak argi eta garbi esanaz, horren adibide ‘Nazi Punks Fuck Off’ abestia.
1985ean diskorik famatuena atera zuten izandako arazo judizial batzuengatik, ez ordea onena. Binilozko edizioan ateratako poster batean H. R. Giger-ek eginiko marrazki bat ateratzen zen, Penis Landscape (zakilaren paisaia). 1986an materiale obszenoa adin txikikoei zabaltzeagatik akusatuak izan ziren. Kasu hau zentsuraren aurkako sinbolo bihurtu zen.
Epaiaren erdian, 1986an ‘Bedtime for democracy’ atera zuten, hasierako garaietara itzultzeko saiakera bat. Kantu batzuek oso letra onak dituzten, hala nola, ‘do the Slag’ , ‘I spy’ eta ‘Chickenshit conformist’.
1987an Alternative Tentacles-ek ‘Give me convenience or give mie death’ diskoa kaleratu zuen ordura arte grabatuta zituzten baina kaleratu gabeko kantuekin.

Honen ondoren etorri zen taldearen banaketa eta taldekideen arteko liskarra. 1994an punky batzuek Biafrari ikaragarrizko jipoia eman zioten eta hanka eta kostilla batzuk hautsi zizkioten. Bestalde, biafrak Levi’s markari ‘Holiday in Cambodia’ abestia anuntzio baterako 200.000$ en trukean saltzeko ezezkoa ez zuten ongi ikusi beste taldekide ohiek eta liskarrak areagotu egin ziren.

Azkenik, beste hiruek beste abeslari batekin Dead Kennedys-ekin jarraitu zuten eta Jello Biafrak bere aldetik jarraitu zuen.

Lander Arbelaitz

Irakurtzeko doinuak

Irakurtzeko doinuak

Itoiz, The Clash, Ramones eta Public Enemy taldeak, albiste dira berriz ere. Oraingo honetan ez disko berririk atera dutelako, euren historiari buruzko lau liburu kaleratu berri dituelako Gaztelupeko Hotsak disketxeak, euskaraz.

“Beste hizkuntzetan bai, baina euskaraz ez genuen musika taldeei buruzko irakurgairik. Hori zela eta, batzuk premia ikusi genuen eta hortik sortu zen proiektua”. Honela hasi zuen aurkezpena Joxe Felix Azkarate Xarra-k, Gaztelupeko Hotsak disketxeko arduradunak, bere hitzaldia. Aipatu disketxeak liburu sail berri bat kaleratu du, Bosgarren Harian izenekoa, eta lehen lau liburuak kalean dira jada. Bakoitzak talde mitiko bat du solasgai: Jon Eskisabelek Itoiz, hari xingle bat liburua idatzi du; Asier Leozek Public Enemy beltzegi, indartsuegi; Gotzon Hermosillak Ramones familia maitagarria; eta Paddy Rekaldek The Clash, punk, rock’n’roll matxinada.

Paper Hotsak duela bi urte sortu zuten, baina poesia eta bertsogintza liburu batzuk besterik ez zeuden. Bosgarren Harian “datu objektiboak, baina idazlearen ikuspegitik” eman nahi dituzte eta helburu batzuk finkatu zituzten hasieratik: itzulpenik ez, sakelako liburuak izatea eta liburu didaktikoak baino, dibulgaziozkoak egitea. Irakurterrazak dira eta ikuspeegi historiko-kritiko bat bildu nahi izan dute. Idazleak pozik agertu ziren liburuak kalean ikusteaz eta Asier Leozen hitzetan “hutsune handi bat dago, eta hutsune hori euskaraz dago; bilduma hau proiektu eder baten hasiera bezala ikusten dut”. Honez gain, Dokumentazio grafikorako El Tubo eta Musikaria-ren artxiboa erabiltzen uzteagatik eskertuta agertu ziren. Koldo Izagirre arduratu da liburuak gainbegiratu eta zuzentzeaz. Bakoitzak 10-12 euro bitartean ibiliko dira eta denak euskaraz dira. Aurkezpena amaitzeko, Asier Leozek behin baino gehiagotan azpimarratu zuen “proiektu bati aurre egiteko modurik onena, hastea izaten da; ezin da bizi osoa planeatzen ibili”.

JON ESKISABEL: Euskal pop mitikoa

Bilduma honen ideia azaldu ziotenean, hasieratik ikusi zuen antzeko zerbaiten beharra. Itoizen izena etorri zitzaion berehala, euskal musikan eta pop musikan izan zuen garrantziagatik. Eta taldearen beraren bilakaeragatik bere 14 urteetan.

Liburua gehienbat elkarrizketen bidez egina dago: taldekide, manager, lagun, musikari eta abarri ateratako hitzen laguntzaz. Idazlearen hitzetan, “ez da musika liburu bat, ez baitago taldearen musikari buruzko saiakerarik.” Hemeroteketara jo du diskoek nolako harrera izan zuten jakin eta aipatzeko. Taldekideekin modu humanoago batean egin nahi izan ditu elkarrizketak, gertutik, biografia bat gorespen hutsean geratu gabe. “Talde arrakastatsu baten istorioa kontatu nahi nuen.”

Liburuak bi zati ditu, lehena taldearen zatirik ezezagunena, Indar Trabes taldearen sortzetik Alkolea diskoa kaleratu zuten arte eta bigarrena, Musikaz Blai diskotik 1988an taldea desegin arte. Itoizek bere 14 urteetan lehen eskutik bizitu duen bilakaera guztia kontatzen du ‘Itoiz, hari xingle bat’ liburuan.

GOTZON HERMOSILLA: Historiaren aldatzaileak

Historia aldatu zuten, rockaren norabidea. Ramonesek bezala gutxik lortu izan dute estilo berri bat sortzea eta ondorioz, gaur egun milaka taldek imitatzen dute hauek eginiko bidea mundu osoan. Punkaren aitzindari, asmatzaile eta esanguratsuena Sex Pistols eta The Clash-ekin batera.

Barakaldoko idazleak batez ere taldearen filosofia azpimarratu nahi izan zuen: alaitasuna, nerabezaroaren bizipoza, amorrua eta oldartzeko animo hori. Bere ustez Arkaitz Canok ezin hobeto zehaztu zuen taldea “nerabe eternoak” esan zuenean.

Ramones familia maitagarria liburuan oreka mantentzen saiatu da. “Oso gustuko talde bati buruz idaztean, fanzineetatik, bideoetatik… informazioa metatzen hasi eta arriskua baitago zu bezalako gaixo batzuentzat bakarrik egitea liburua.” Alde batetik, informazio asko ematen duen eta bestetik, irakurterraza izan dadin saiatu da. An American Band edo On the road with the Ramones ingelesez dauden liburuak ez itzultzen saiatu da. Euskal Herrian lehen kontzertua jo zuenean joandako jendearen iritzi eta testigantzak bildu ditu Hermosillak. Honez gain, zein eragin utzi duen Euskal Herrian eta hainbat letra euskarara itzulita aurki daitezke liburuan. “Ramonesen historia geure artetik kontatuta”, honela deskribatu zuen idazleak bere lana. Beste aldetik, sakelarako, gazte nahiz zaharrentzat eta lehen aldiz talde haietara iristen diren jendearentzat egin nahi izan liburua.

Aurkezpenean, amaitzeko, Nuevo Catecismo Catolico taldeko baxulari Gonzalo Ibañezen laguntza eskertu zuen.

PADDY REKALDEK: Matxinatuen doinuekin bat

Liburua idaztearen proposamena iritsi zitzaionean, The Clash taldea aukeratu zuen oso gertuko gelditzen zitzaiolako. Ez da Rekaldek idatzi duen lehen liburua, izan ere, hainbat bildumatan parte hartua baita eta gainera, hainbat aldizkaritan kolaboratzen ere ibiltzen da.

Eleberria idatziz joan hala, konturatu zen ez zuela liburu “konpleto” bat egin nahi eta hori dela eta, nolabait esateko, atalak ez ditu oso-osorik kontatu. Ez da xehetasun gehiegi ematen ibili eta irakurleari pistak ematen doa liburu osoan zehar. Irakurleak atal jakinei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, bibliografiarekin osa ditzake.

Liburuan The Clash-en sorrera, bere garaian bizi zuten giroa, diskoetxeekin izan zituzten gora-beherak, diskoek izan zuten harrera kapitulu eta kapitulu artean kantuen letra zatiak eta askoz elementu gehiago aurki ditzake irakurleak, beti ere The Clash zale amorratu baten ikuspegi kritikotik.

ASIER LEOZ: Poligonoaren beste alde bat

Hutsune bat beteko zuen liburu bat idatzi nahi izan du. Proposamena egin ziotenerako beste hiru liburuak zeintzuk ziren bazekien eta hiru talde horietan bazegoen gaur egun eraginkorra izan daitekeen musikaren isla, Ramones, The Clash eta Itoiz. Buruan talde asko izan arren, “poligono batek zenbat eta alde gehiago izan, hobe” pentsatu eta Public Enemy taldea aukeratu zuen.

Kosta egin zitzaion nondik hasi erabakitzea, “musikazalea izanagatik, mugak mantendu behar baitira beti” bere hitzetan. Libururik inoiz ez idatzi izanak buruhauste handiak ekarri zizkiola aitortu arren, Koldo Izagirreren laguntza benetan eskertu zuen liburuaren aurkezpen egunean.

Public Enemy beltzegi, indartsuegi liburuan korrontearen aurka hasi eta merkatuak onartu ondoren, bereganatu egin duen taldea da mintzagai. Mugimendu musikal eta sozial bat izan da. Taldeak beltzen ‘nazioa’ erakusten du nolabait esateko eta disko jartzailea taldekide bezala onartu zuen lehenari omenaldi egin nahi izan dio idazle bilbotarrak.

 

 Lander Arbelaitz

 

“Amonak prestatzen dizkidan afariak botatzen ditut faltan”

“Amonak prestatzen dizkidan afariak botatzen ditut faltan”

Iban Aizpurua donostiarra Bordelen dago ekaina arte. Esandakoarekin ez dirudi batere gaizki dagonenik behintzat.


1- Zer dela eta joan zara Bordelera? Espero zenuena bezalakoa al da?
Enpresaritzan ez zegoen joateko lekuen aukera handiegirik. Hasieran ingelesa hitz egiten den leku batera joan nahi nuen, baina gero, frantsesa pixka bat dominatzea gustatuko litzaidakeela bururatu zitzaidan. Iparraldera batzutan joan izan naiz eta frantsesa hitz egin ahal
ez izateak ez zitzaidan gustatzen. Azkenean, Paris eta Bordeleren artean aukeratu behar izan nuen. Lehena sei-hileko bat bakarrik zenez eta nik urte osorako joan nahi nuenez... “goazen Bordelera, ze arraio!” esan nion neure buruari.
 

2- Zerk harritu zaitu gehien?
Hemen daukadan sentimenduak. Lotsatiak lotsa galtzen du eta gainera, guztiz aske naiz nahi dudana egiteko. Nire etxean bizi naiz, bakarrik nago etxeko lan guztiak egiteko (bizilagun askorekin, hori da onena!). Lehenengo egunetan familia bat hezitzeak dituen zailtasunak ikusi nituen. Garbigailua jarri, janaria prestatu, gela garbitu, astean bitan edo erosketan egin, bankuan gauzak egin behar dira hasieran, etab. 
 

3 - Zer botatzen duzu faltan Euskal Herritik familia eta lagunak kontatu gabe?
Amonak prestatzen dizkidan plater goxoak ezin ditut jan. Gabonetan ondo-ondo jateko irrikitan nago. Taberna batean tortila bokadilo bat eskatu ahal izatea ere faltan botatzen dut. Donostian dena gertu dago; hemen, aldiz, denbora gehiago behar da leku guztietara joateko. Donostiako bidegorriak ikaragarri botatzen ditut faltan. Hortaz aparte, lokal kanpoko mus partidak, soziedadeko afariak. A! Sagardoa izango da Donostiara itzultzean afaltzen edango dudan lehenengo gauza.
 

4 - Euskal herritar bat eta bordeletar bat ezberdintzen al dira zerbaitetan?
Galdera ona. Bordeleko jendea batzutan ez da batere atsegina. Nire ustez gutxi diren arren, batzuk oso gaizki tratatzen gaituztela pentsatzen dugu nik eta nire lagunek. Hemen atzerritarren aurkako zerbait badutela nabari da. Bordeaux IV-ko Erasmuseko bulegoko arduradunak gehienetan nazkagarriak dira (jefa batez ere!) eta oso gaizki tratatzen gaituzte. badirudi lan gehiago ematen diegula, baina beraien lana gu laguntzea da; ez dut uste beste ezer egiten dutenik. jajaja!
 

5- Egia al da Erasmusekoak parranda eta parranda ibiltzen direla?
Erasmus parrandarekin guztiz erlazionatua dagola argi dago, hori aitortu beharra daukat. Kar, kar! hemengo bizitza ikaragarria da. Nahi dudana egiten dut eta denbora libre dexente daukat. Urte bete aukeratu izanaz ea naiz batere damu! Hemengo kanpotar batzuentzat bekaren ehuneko 80a edo gehiago parranda dela diote. Pittin bat exageratzen dutela uste dut.
 

6- Eta zer moduz Bordele parrandan ibiltzeko?
Ondo. Ostegun, ostiral eta larunbatetan festa handia dago eta aste barruan beti aurki daiteke zerbait irekita. Hala ere, asko ateratzen banaiz, Erasmuseko bekarekin ez dut nahikoa izango, edariek asko balio baitute. Diskoteketan Heineken txiki batek 8 euro balio du. Etxera itzultzeko, ostegun, ostiral eta larunbatetan, orduro autobusa daukagu. Hau batzutan gaueko gauzarik onena izaten da eta Donostiako ‘Ilunbe’rako bidearen antzekoa izaten da. Badirudi rally batean gaudela. jajaja!

7- Neska aurkitu duzula enteratu gara. Errazagoa al da Erasmus bekarekin joanda ligatzea?
Asko gara eta festa asko daude. Alkoholak eragin ere izaten du gauetan dauden erlazioetan...
Hona bikotearekin etorri diren neska asko ezagutu ditut, eta oso zaila egiten ari zaie. Proba ikaragarria da beraientzat; mutil edo neska laguna benetan maite duten hemen ikusten dute. Mutil eta neska asko ezagutzen dira eta gure artean gauzak gertatzea ezin dela saihestu uste dut. Neska frantsesekin ez dut erlazio handirik izan, baina oso politak direla uste dut. Kar, kar, kar!
 

8- Oraingoz ikusiarekin, gomendatuko al zenioke norbaiti denbora baterako kanpora joatea?

Dudarik gabe! Esperientzia ahaztezina da. Independizatzen hasteko, beste hizkuntza bat ikasi, beste kulturak ezagutu, bidaiatu, zure gauzetan pentsatzeko denbora piloa daukazu… Gauza bat gaineratuko nuke: Kanpora joan nahi duzuen guztiontzako mezua: bidaiatu eta kanpoan zaudela aprobetxatu!

Lander Arbelaitz

Negu Gorriak 1991-2001

Negu Gorriak 1991-2001

Aterako zutela jakin genuenetik egutegian egunak ezabatzen eduki gaituen lana. Hobe, maisulana. Fermin Muguruzak ohiturik gauzkan mailako DVDa, irudiz leporaino betea.  Orotara 3h 30 minutuko materiala. Bertan sartu dute beren historia guztian grabaturiko material guztia: Orain arte VHSn zeuden lehen kontzertu Herrera de la Mancha, 91+1, Negu Gorriak TB, Hitz Egin kontzertuko 4 kantu; bideoklipak, euren making-offak (Borreroak Baditu Milaka Aurpegirenak aipamen berezia merezi du, helikoptero eta guzti!), eta orain arte horrenbeste denboraz zain eduki gaituena: azken kontzertuko irudiak. Ezin aipatu gabe utzi azken kontzertuko irudien nahasketa, atzerriko talde famatuenen mailako irudiak. Hala ere, DVD honen alderik txarrena zera izan daiteke, ez dituztela jo zituzten 30 abestiak jarri, 12 soilik eta ez gainera onenak. Hala ere, dena ere ezin da eta abesti onak dira denak, kontzertua nolakoa izan zen irudikatzeko balio dute. (Ez da inolaz ere ahaztu behar talde hau izan zela Euskal Herriko lehen taldea kalitate handiko bideoklipak egiten).

Liburuxka landu bat ere badu: kontzertuetako sarrerak, egunkari zatiak, argazkiak, kartelak… eta amaieran, banaka-banaka, beren historian jo zituzten 164 kontzertuen zerrenda. CDan azken kontzertuko 16 abesti jarri dituzte. Olentzerori badakizue zer eskatu, edo bestela, ezin baduzue horrenbeste itxoin, Durangon erosi.

25 urteren ondoren, DVDa

25 urteren ondoren, DVDa

Iban Toledo errealizadore eta Iker Barandiaran kazetari-produkzio lanetan, RIP taldetik bizirik dauden Jul eta Txerra kideekin elkarlanean egin dute ‘RIP. Punkaren 25 urteko historia bizia’. Guk Barandiaranekin aritu gara solasean.

 
Nola hasi zen dena? Hasiera batetik egin behar al zenuten DVDa?
2003an urrian Karlos Agirreurreta –Mahoma‑ hil zenean Iban Toledo eta nik erabaki genuen Goiena TBrako dokumental bat egitea RIPen omenez, konturatu ginelako taldekideen erdiak hilda zeudela, Portu 1997an hil baitzen. Hasiera batean, bizirik geratzen direnei elkarrizketak egiten hasi ginen ‑Jul eta Txerra‑ eta ondoren, garaiko beste musikari batzuk, euren lagunak... Hitz bitan, materiala biltzen hasi ginen, argazkiak, bideo-irudiak... Momentu batean konturatu ginen arte osatuagoa zen zerbait egin genezakeela. Taldekoei proposatu genien, gero Goienakoei tea  ados zeudenez hainbat diskoetxerekin harremanetan jarri ginen. Gaztelupeko Hotsak-ekin harremanetan jarri ginen eta hau izan da emaitza.
 
Bi urte igaro dituzue materiala biltzen. Zer nolako lana izan da materialaren bilketa, gogorra?
Bi urte esanda badirudi buru-belarri igaro ditugula, baina ez da hainbesterako izan. 2003an hasi ginen gogor, eta gero lan batzuk izan ditugulako aparkatua eduki genuen. Gero 2004an berriz hartu genuen sasoi batean eta 2005ean, uda hasieran, erabaki genuen oso gogor hartzea eta iraila arte jo ta su ibili gara. Bestetik, materiala biltzen gauza batzuk kasualitatez irten dira:  gauza asko RIPekoek zeukaten, elkarrizketatutako jendeak, guk gure telebistako artxiboan...
 
Nola hartu zuten RIP taldekoek proiektuaren berri?
Hasiera batean esan genienean, lotsatu antzera. Baina gero DVDa egingo geniela proposatzean, harrituta. Beraientzat RIP ez zen ezer garrantzitsua izan. “Harrera edukiko du?” zioten, baina gero, proiektua nola zihoan ikustean, geroz eta ilusionatuago, eta orain, produktua ikustean, hedabide eta jendearen aldetik izandako harrera ikusira, pozik daudela uste dut.
 
Nolatan atera duzue CDa?
Zalantza geneukan, guk lehentasuna bideo irudiei ematen baikenien, DVD baten punturik garrantzitsuena. Orduan, zenbait kasette grabazio azaldu ziren zuzenean jotzen zituzten kantu batzuekin. Kanturik gehienak RIPekoek eta Doble Zerokoak ziren, pertsona batek jasoak kontzertuetatik. Taldekoek zituzten gehienbat, baina garrantzi handirik ematen ez zietenez, hor zituzten, besterik gabe. RIPekoen laguna zen Mac-ek komentatu zigun hasierako abestiak jendeak ez dituela entzun, eta horiek ere historiaren parte izan direla. Balio erantsi bezala, batuta genituen abesti batzuk jartzea erabaki genuen. Ez denak, baina 14 bai; batzuk bertsioak dira, baina beno, RIP zer izan zen ikusteko.
 
Zaila izan al da elkarrizketatuak lortzea?
Egia esan, RIPi buruz zela esaten genuenean jendeak oso ondo hartu gaitu. Kuriosoa da adibidez, Pablo Cabeza hasierako momentutik prest azaldu zen, eta asko dakien arren, ez da erreportaia askotan azaltzen; Tijuanako Jimmy ere bai. DVDan agertzen ez den Manolo Gil bideo ekoizleak ere musutruk utzi digu materiala RIPi buruz zelako... Egia esan, jendeak estimua dio taldeari eta ez dugu arazorik izan. Hala ere, gertatu da pertsona bat ez dela agertu denbora falta edo alferkeriagatik, baina nahiago nuke ez izenik esan.
 
Elkarrizketatuko al zenuke agertzen ez den norbait?

Portu, RIPeko abestien sortzailea berau; Mahoma, zeharka agertzen bada ere; eta adibide bat ematearren, Nacho Cicatriz, hitz batzuk sartu ditugun arren,  berak ere edukiko zuen zer esana, oso tipo bitxia izan baitzen.

 
Dokumentalean elkarrizketatutako norbaitek aipatzen du DVD honek balioko duela RIP zuzenean ikusteko aukera izan ez zutenek ideia bat izan dezaten ikusteko taldea nolakoa zen. Zer uste duzu zuk?
Nire ustez bai gazteentzako eta bai garai hura bizi izan zutenentzako balio du DVDak, nostalgia moduan, berrafirmatzeko bizi izan zutena, gogoratzeko... 30 urtetik gorakoentzat diot. Baina hala ere, jakina da orain ere badela punk zale asko eta RIP hauentzako erreferente bat izan zela bagenekienez, taldea nolakoa izan zen eta 80ko hamarkada nolakoa izan zen erakusteko balio du. Orain dagoena nondik etorri den. DVDarekin islatu nahi dugu zelakoak ziren garai haiek. Adibidez bi kontzertu bakarrik izaten zirela asteburu batean, ‘Bat, bi, hiru...’-n ikusten zutela non ziren hauek, kontzertuetara gitarrekin bakarrik joaten zirela autostop-ean, eta horrelako gauza mordo bat. Pixka bat baloratzeko orain estetika bezala ikusten dutena jarrera bat izan zela: kontzertuak jotzea 1500 pezetaren truk eta abar.
 
Gehituko al zenioke jarri ez diozuen zerbait? Adibidez, liburuxka bat?
Behin baino gehiagotan pentsatu dugu liburuxka bat ez zatekeela batere gaizki egongo, baina beno, DVDa egiteak gastu handiak ditu eta azken finean, gastuak merkatzearren, pentsatu genuen liburuxkarik ez ateratzea. Gainera, DVDan badago informazio guztia, RIPen historia eta abar.
 
Laburbilduko al zenituzke DVDaren atal bakoitza oraindik erosi ez duen jendearentzat?
4 atal nagusitan dago DVDa: Lehenengo, ia ordubeteko dokumental batean laburbiltzen da RIPen historia guztia, sortu zenetik, Karlosen heriotzarekin utzi zuten arte. Hor barruan daude abeslari aldaketa, kontzertuak, Maximun Rock&Roll nazioarteko aldizkarian zelan izan ziren Espainiatik ateratako talde bakarra eta nola hauek ingelesez ez zekitelako ez zituztela gutunak erantzuten, hitzak, itzulera kasualak, eta errekonozimendua. Bigarren puntuan, kontzertuen grabazioak. Hirugarrenik, 75 argazki ere badaude. Eta amaitzeko, Estrak atalean, jaso genuen materiala baina beste ataletan lekurik ez zutena. Testimonio bezala ere balio dute. Adibidez, Manolo Gilek utzitako materiala: Anarquia en Euskadi Iruñean abesten hainbat talde, Mahoma tartean, Cicatriz, Kortatu eta abarrekin. Bestetik, Jimmyk Tijuana in Blue Enamorado de la Muerte abesten Karlos hil eta berehala eta Escroto hil baino lehenago, backstage-a, toma faltsuak...
 
Galdera pertsonalagoak. Zer izan da RIP?
Neretzat, arrasatearra izanik, talde erreferentziala. Lehen punk taldea. Baina hala ere, 20 urte inguruko jendea ikusiz, musika estilo hori gustatzen zaienek badakizkite RIPen abestien hitzak. Bestalde, eurek eduki zuten jarrera: ez zitzaien dirua ajola, ez famatu izatea, beraiek ongi pasatzea nahi zuten eta pentsatzen zituzten gauzak plazaratzeko erabiltzen zuten taldea.Talde eredugarri eta onestua. Euren jarrera nabarmenduko nuke.
 
Zein da gehien gustatzen zaizun abestia?
Ba kantu asko, baina bat hautatzearren, Revolución. Baina hau esaten dudan moduan, esan nezakeen beste bat. Nabarmendu nahi dut, hitz askok oraindik ere gaurkotasuna dutela zoritxarrez duela 20 urte idatziak izan arren, horrek baduela zeresana.
 

Lander Arbelaitz

Panpinen jauna

Panpinen jauna

METALLICA
Dudarik gabe 80ko hamarkadako talde honek mundu mailako musikaren historian bere lekua oso ongi irabazia du. Los Angeles eta San Franciscoko lagun batzuk elkartu eta taldea eratzea erabaki zuten inondik-inora heavy metalaren aroa ez zen honetan.

Taldeak kaleko gauzez eta kaleko jendeak bezala hitz egiten zuen eta musikari abiadura eta bolumena emanaz, Thrash estiloaren mugak zabaldu zituzten. 1983an Kill ‘Em All atera zuten, heavy metalaren panoraman leku garrantzitsua hartuz. Hasierako garaietan, ateratzen zuten disko bakoitzarekin, jotzeko eta kantuak idazteko modua hobetzen joan ziren eta Master of Puppets beren maisulana 1986an kaleratu ostean, Europan barrena itzulia egiten ari zirela, Suedian autobusak zoritxarreko istripua izan zuen eta taldeko baxujole Cliff Burton hil zen. Taldeak jarraitzea erabaki zuenean, Newsted hartu zuten baxu posturako.

Bi urte beranduago, intentzio handiarekin eginiko …And Justice for all kaleratu eta MTVren laguntza apur bat, baina inongo irratirik gabe, top10ean sartu ziren. 1991an, Metallica diskoarekin, kantuen egitura luze eta landuekin, AEBn bakarrik, zazpi milioi ale saldu zituen eta mundu osoan zeharreko bi urteko itzuli bati ekin zioten. Ordura arte, inongo heavy metal talderrik ez zen hain urrun iritsi.

Hala ere, 1996an ileak moztu eta itsurak aldatzea erabaki zuten. Musika ere aldatu uzten, rock alternatiboagora. Load kaleratu zuten eta hurrengo urtean Re-Load, aurreko diskotik kanpo utzi zuten materiala berriarekin nahastuz. Ez zituen oso kritika onak izan.

1998n Garage Inc. bikoitza kaleratu zuten, bertsio berri, ezohiko abestiak… 1999an beren produktuen uholdearekin jarraitu zuten, eta S&M atera zuten San Franciscoko orkestrarekin.

Hala eta guztiz ere, Napster zerbitzuarekin izandako aferan, hain herrikoia zen taldearen izena zikindu egin zen, eta bat-batean afera alde batera uztea erabaki zuten. 2002an St. Anger kaleratu zuten Robert Trujillo baxulari lekuan zutela.

Lander Arbelaitz

Bidea Argituz

Bidebat (2D1) taldeak bere lehen diskoa atera berri du irailaren bukaeran eta Iluntzean du izena. Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin kaleratu dute eta irailaren 21ean aurkeztu zuten Bilboko SGAEren aretoan. Talde gaztea da eta 24 urte inguru dituzte laukoteko kideek.

 

10 kantuko diskoa da Iluntzean, denak euskaraz eta azkena gazteleraz (indiferente). Beraiek sortutako kantuak dira guztiak. Hitzei dagokienez, “gai solidarioak” dira ia denak: hirugarren munduko emakumeak, biolentzia, eta batez ere, inguruan ikusten dituzten kontuen ingurukoak. AEBtako taldeak dituzte eredu: Korn, Papa Roach, Incubus, Tap Root, P.O.D., Disturbed eta Crazy Town adibidez.

 

1999an sortu zen Arrigorriagan (Bizkaia) bi talderen banaketa gisa eta azken bost urteotan aldaketatxo batzuk izan dituzten arren, elkarrekin ari dira lanean. Maketa grabatu eta 2000 urtean Euskadi Gazteako IX. Maketa lehiaketako finalistak izan ziren. Handik bi urtetara, bigarren maketa grabatu eta Euskadi Gazteako XI. Maketa lehiketako entzuleen saria eraman zuten. Azken, eta hirugarren, maketa 2003 urtean grabatu zuten. Emergenza lehiaketan bigarren postuan amaitu zuten eta Bilboko San Inazio maketa lehiaketa irabazi egin zuten.

 

Gaur egun entzun dezakegun Iluntzean diskoa 10 urteko lanaren emaitza da, baina, denbora horretan, aldaketa ugari izan dira taldean. Bi dira hasieratik gaur arte dirauten partaideak: Borja Gomez (ahots eta baxua) eta Raul Paz (gitarretako bat), Juanjo Ramirez eta Gorka Martinez dira berriz, taldean azken sartu direnak; lehena, bigarren guitarra gisa eta bigarrena, baterian. Orain dela bost urte, taldeak gaur egun duen forma hartu zuen eta rocketik metalera pasa ziren. Honez gain, diskoan kolaborazio bat sartu dute, Fjord taldeko abeslariak “Nortasun Berekoia” kantuan abesten baitu.

 

Gitarren indar eta pisuak abeslariaren ahots melodikoarekin nahastuta “zuzeneko indartsuak” lortzen dituztela aipatzen dute. Arrigorriagatik hurbil dagoen baserri batean entseatzen dute astean lau aldiz. Taldearen ezaugarri nagusia zuzeneko kontzertuaren indarra da eta agertoki gainean dena ematen saiatzen dira.

 

Gaztelupeko Hotsak, Gor y Oihukara bidali zituzten maketak, eta hiruen eskaintzak izan zituzten arren, Gaztelukeko Hotsak-ena izan zela onena aitortu dute. Beraiekin sinatu izana nolabaiteko ‘retu’ bezala ikusten dute, baina baita abantaila bezala ere, katalogoko metal talde bakarra baitira eta diskoetxeak sektore honekiko dituen beharrak beraiekin hasetuko dituztelakoan daude.

 

Lehen sigle-a zein izango den erabakia dute, “Itxaropen Uhartea” izango da eta emakumeek jasandako tratu txarrak dituzte hizpide.

 

2005/09/07 Bermeon jaietan
2005/07/21 Iruñean
2005/07/16 Arrigorriagan. Bidebat + Hamlet Jaiak
2005/07/08 Bilbon  Indautxuko Gazte Egunean
2005/06/19 Amurrion Bidebat + Urgabe, Txapelpunk, Kauta - Araba Euskaraz
2005/06/18 Madriden Bidebat + 14 talde - Divino-Aqualung Aretoa, Emergenza jaialdian gonbidatuak

Hegoa ez dagoenean hain urrun

Hegoa ez dagoenean hain urrun

Donostian urriaren 15ean ekin zieten ‘Hegora Hurbilduz’ ikastaroei, duela lau urte hasi zuten bideari jarraituz. Aloña Bracerasekin aritu gara hizketan eta berak azaldu dizkigu ikastaroaren nondik-norakoak.

Ikastaroak urriaren 15etik abenduaren 17ra izango dira eta orotara 72 ordu, gazteleraz. Asteburuetan izaten dira hitzaldiak eta 20 € balio du inskripzioak. Aloña ez da Alboan taldeko kidea, soilik ‘Hegora Hurbilduz’ ikastaroan ari da parte hartzen. Kritiko hasi du elkarrizketa: “jendea kooperazioaren alde dago, hala ere, jendeari ezin zaio ezer ere eskatu, ez baitago lan egiteko prest; horregatik egiten ditugu ikastaro hauek, ea kontzientzia pixka bat ukitzen diegun”.

40 pertsonako taldea joaten da eta adin-tartea 20 eta 60 urte artekoa da, gehienak noiz edo noiz bolondres-munduarekin zer ikusirik izan dutenak; baina hala ere, badira besterik gabe, esperientziarik izan gabe, gainontzekoen bizipenak entzunez garapenaz eta herritartasunaz ikastera joan direnak. Aurtengo taldea “oso partehartzailea” delako pozik dago Braceras, beste batzuetan gertatu izan baitzaie talde interesatua bai, baina hitzaldia bukatzean ixil-ixilik geratzea denak. Orain arte, Bilbon egin zituzten aurreko edizioak, baina aurten Donostiara aldatzea erabaki dute, inolako arrazoi indartsurik gabe, “probatzeko”. Donostiako San Inazio eskolan kokatu dira.

Adibide gisa, herritartasuna hartuz, jendeak gaiaz hitz egiten du, baina hitz horrek zer esan nahi duen ez dakiela uste dute Alboanekoek. Kontzeptu honek lankidetzarekin, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko eta hiritar bakoitzarekin duen harremana bezalako puntuak jorratzen dituzte ‘Hegora Hurbilduz’ ikastaroan.

Herritar izateak munduan duen erantzukizunaz ohartzea da antolatzaileen ustez. “Egiturak, portaerak, bizimoldeak eta abar kritikatzeak pertsonen protagonismoa berreskuratzea adierazten du, nahi dugun gizartea eta mundua eraikitzen denok parte hartzeko”.

IKASTAROAREN EGITARAUAZ

Ikastaro honekin, antolatzaileek Ipar-Hego erlazioei buruz pentsa arazi nahi dute hiritarra, aldaketarako esperientziak, lekukotasunak, kontzeptuak, baliabide eta lanabesak emanez. Helburua, garapenari, lankidetzari eta borondatezko esperientziari lotutako gaietan trebatzea da.

Hiru multzotan banatu dute ikastaroa. Lehena, ‘Ni multzoa’ eta bertan hiritarron erantzukizunaz hitz egingo dute. Alboan taldeko hezi eta boluntariotza arloa arduratuko da herritartasunaz, parte-hartzeaz eta borondatezko langileez hitz egiteaz, eta hau gutxi balitz, mahai-inguru bat ere egin dute hainbat boluntarioren esperientziak azalduz.

Bigarren taldea ‘Zu multzoa’ da eta mundu berri bat eraikitzeko ildoak zehaztea izango du helburu. Bolondres munduan esperientzia duten hiru hizlari ekarri dituzte sail honetarako. Luis Guridi garapenaz, kontzeptuaz eta honen bilakaeraz, Juan Pagola Komunikazioaz, Garapenaz eta GGKEz eta Beatriz Zalacain Jabekunta eta generoaz mundu globalizatu honetan. Multzo honetako azken puntu bezala, ekonomiaren, politikaren, gizartearen eta kulturaren globalizazioaz hitz egingo dute.

Azken taldea ‘Elkargunea Multzoa’ izango da, aldaketarako arrasto eta iradokizunei buruz. Azken multzo honetan, besteak beste, kulturen arteko harremanez hitz egingo dute, gizartearen partaidetza bultzatzeko informazio eta baliabideez, eta Gernika Gogoratu taldekoak gatazkak nola maneiatuz ariko dira.

Pixka bat sakontzea eta aldaketa laguntzeko gogoetetara, esperientzietara, bizipenetara, baliabideetara eta tresnetara gehiago hurbiltzea interesatuko litzaioken publikoari zuzenduta dago ikastaroa. Baina jada ezin daiteke inor sartu, okupatuak baitaude leku guztiak, eta gainera, zerrenda bat dago oraindik, beraz, garapenerako lankidetzaren hastapenei buruzko ikastaro honetan interesa lukeen edonork hurrengo urtera arte itxaron beharko du.

Berri Txarrak - Jaio.Musika.Hil

Berri Txarrak - Jaio.Musika.Hil

Bere izen ona lanaren bidez irabazi duen Lekunberriko talde honen bosgarren lana: jaio.musika.hil. Izenburuarekin musikari, eta batez ere rockari, omenaldia egin nahi izan diote, eta a zer omenaldi puska! Agertokietan 11 urte eta beste lau disko bizkar gainean izateak ematen duen esperientzia nabari zaie azken lanean. Aurreko diskoetakoa baino estilo lasaitxeagoa erabiltzen duten eta hirukote izatera igaro diren arren, Berri Txarrak-en usaina urrutitik har daiteke, eta hori beti da ona.
12 kantuz osatua eta ohiko legez, denak euskaraz. Doinu melodikoak, gitarra zorrotzak, letra kritiko eta sakonak Urbizuren ahots bereziaz abestuak, diseinu erakargarria eta kalitate oneko soinua. Kantuak bata bestearekin lotuta daudela diruditen honetan, Berri Txarraken eta musika onaren zaleak pozik egoteko moduan daude Gor disketxearekin atera duten disko puska honekin.

Soziedad Alkoholikaren diskak Corte Inglesetik baztertuta

Soziedad Alkoholikaren diskak Corte Inglesetik baztertuta

Espainian zentsurarekin arazoak izan dituztenen zerrenda gero eta luzatzen ari da —zoritxarrez— azken aldian. Su Ta Gar, Berri Txarrak, Fermin Muguruza, Soziedad Alkoholika, Julio Medem… Soziedad Alkoholika taldekoentzat ez da gauza berria, AVT taldekoen ikuspuntuan jarri zituztenetik, hainbat kontzertu utzi baitizkiete bertan behera. Apirilean Japonian egin zuten biratik itzuli ostean, bi kontzertu utz dizkiete bertan behera, bata ekainaren 18an Huertan (Espainia), eta azkena, abuztuaren 24an Astorgan (Espainia). Jasaten ari diren jazarpen eta kriminalizazio hau dela eta, beren webgunean ez dituzte etorkizunean joko dituzten kontzertuak jarri, “talde ultra-eskuindarrek ez dezaten boikot kanpainarik antolatzeko denborarik izan eta kontzertu aretoko jabea ez dezaten —mehatxuak eta beldurra erabiliz— kontzertua suspenditzera behartu, orain arte egin izan duten bezala”. Lehengo astean berriz ere talde arabarrari tokatu zaio zentsuraren euri-jasa honetan bustitzea, izan ere, El Corte Ingles multinazionalak bere denda guztietatik Soziedad Alkoholikaren produktu guztiak kentzea erabaki baitu.

Kontua irailaren 19an minutodigital.com webguneak kaleratu artikulu baten ostean hasi zen. ‘¿Qué hace el Corte Inglés vendiendo discos de Soziedad Alkoholika?’ (Zertan dabil Corte Ingles Soziedad Alkoholikaren diskoak saltzen?) izenburupean, Arabako taldea ETA erakunde armatuaren aldeko taldea zela aipatzen zuen eta Corte Inglesen bere diskoak saltzen zituztela jakitera ematen zuen. Idatzian taldearen abesti baten letra irakurgai izateaz gain, irakurlea presio kanpaina bateko partaide izatera bultzatzen zuen. Multinazionalera emailak bidaltzeko zenbait lotura eta telefono zenbaki ageri ziren amaieran. Azkenik, taldearen eta ETAren logotipoak konparatzen zituzten, nolabait oso antzekoak direna esanez.

Beren hitzekin, “hiritar xumeok multinazionaleek Soziedad Alkoholika bezalako taldeak finantziatzeari uztea lortu dugun bezala, orain ere, hiritarron ekimen bati esker, Corte Inglesek duen izen ona edukita, terrorismoaren aldeko eta biktimez barre egiten duten mezuak zabaltzen dituzten diskoak dendetatik kentzea lortu behar dugu”. Corte Ingleseko Eroslearen Zerbitzurako telefonora deituta, MATRAKAk baieztatu du informazioa egia dela eta zuzendaritzaren erabakia izan dela produktu guztiak “berehala” kentzea, gainera. Hala eta guztiz ere, zenbat jendek egin duen presioa galdetzean, datu hori ezin zigutela eman erantzun digute.

Esan bezala, astebeteren ondoren, El Corte Ingleseko zuzendaritzak, taldearen produktu guztiak kendu ditu bere 80 saltokietatik.

Hala eta guztiz ere, txanponaren beste aldea da Euskal Herritik, Kataluniatik eta Espainiako leku askotatik ere izan dituzten elkartasun mezuak. Lehenago ere bai, baina zentsuraren arazoa hasi zenetik batez ere, kontzertua ematea lortzen duten lekuetan jende andana izaten dela beti, elkartasun gisara edo. Informazio gehiagorako taldearen webgunea: www.soziedadalkoholika.com

Lander Arbelaitz