Blogia

Landerren Txokoa

Kantu Berriak biran

Kantu Berriak biran

Oasis Disko Berria.

Datorren maiatzaren 16an argitaratuko dute Oasis taldeko lagunek estudioko disko berria. Oraindik izena zehaztu ez dioten arren, orain arteko diskorik onena izango dela adierazi zuen Noel Gallagherrek Radio1 irrati britainiarrean. Manchesterko taldea bira prestatzen ari oma da, eta, Erresuma Batuan jada kontzerturen bat zehaztuta duten arren, Euskal Herritik pasako diren edo ez, ez dute zehaztu. Bira horretan, disko berriko kantuako joko dituzte, betiere orain arte egindako lanak ahaztu gabe. Izan ere, urte asko daramatzate musika munduan, eta entzuleek haien kantu arrakastatsu asko dituzte gogoan. Pozik daude disko berria izango denarekin, eta grabazio estudiotik gustura atera dira.

Matraka: #15; 2005eko urtarrilaren 26tik otsailaren 2ra
Lander Arbelaitz

Ustelkeriari hitz eginez

Ustelkeriari hitz eginez

NEGU GORRIAK
Zaila da hain hitz gutxian lehen diskoa atera zutenetik, Ustelkeria kantuagatik Galindorekin izan zuten auzia irabazi izana ospatzeko jo zuten azken kontzertura bitartean igaro ziren 11 urteetan horrenbesteko zeresana eman duen taldearen historia laburbiltzea. 1990ean Fermin Muguruza ahots, Iñigo Muguruza eta Kaki Arkarazok osatzen zuten hirukoteari Negu Gorriak lehen diskoa kaleratu ostean Mikel Kazalis eta Mikel Abrego gehitu zitzaizkien. Zuzenean transmititzen zuten energia eta indar hori letra oso landu eta zuzenekin nahastuta koktel lehergarri ziren. 1991n Gure Jarrera, 1992an Gora Herria eta 1993an Borreroak Baditu Milaka Aurpegi diskoak atera zituzten. Orokorrean denak onak, baina azken hau, Euskal Herrian egin den diskorik onenetakoen artean kokatua. Kantu arteko loturak eta oso estilo ezberdinak jorratuz, lehen kantua den Bi Doberman Beltzen rock potentetik hasi eta Kolore Biziaren ska alai horretaraino heltzen dira 21 abestiak, inoiz ere NG-en bidetik urruntzen ez den benetako arte lana. 1993an Hipokrisiari Stop! Zuzenekoa Bilbon, 1995ean Ideia Zabaldu eta Ustelkeria, eta azkenik, 1997an hainbat talderen bertsioak jasoz Salam, Agur diskoak atera zituzten. Askoren aburuz, Euskal Herritik pasa den talderik on eta internazionalistena.

Matraka: #17; 2005eko otsailaren 9tik 16ra
Lander Arbelaitz

"Hemengo gaugiroa bikaina da"

"Hemengo gaugiroa bikaina da"

Bradi Ching Hawaiitik etorri da gurera. Bereziki gustatu zaio gure kultura.

Brad Ching hawaiiarra da, eta 20 urte ditu. Hango olatu handiak eta giro epela utzita etorri da Euskal Herrira. Gure herriaz esaten diren kontu asko gezurrak direla ikasi duela aitortu digu, eta euskarak eta euskal kulturak txunditu egin dutela. Bilbon egongo da abenduaren 20ra arte.

Zergatik etorri zara Euskal Herrira?
Madril ez dudalako gustuko eta Euskal Herriaz zer edo zer entzuna nuelako. Interesgarria iruditu zitzaidan euskal kultura eta euskara ezagutzera etortzea.

Ezagutzen al zenuen Euskal Herria etorri aurretik?
Zurrumurruren bat entzuna nuen. Jende askok esan zidan hemen terrorista asko dagoela, baina hori gezurra da. Horrez gain, esana zidaten hemen denek euskaraz hitz egiten dutela, baina pena bat izan arren, hori ere gezurra da.

Noiz arte geratuko zara hemen?
Abenduaren 20a arte.

Oraingoz, gustura al zaude?
Bai, oso gustura nago.

Zer da gehien gustatu zaizuna?
Euskara, euskal kultura, hemengo jende irekia eta jende berria ezagutu dudala.

Eta zer gutxien?
Hemen edateko ohitura duzuen esne epela (barreak). Guk Hawaii-en esnea oso hotza edaten dugu eta hemen hotza deitzen diozuen esne hori epela dago.

Zer eramango zenuke zure herrialdera Euskal Herritik?
Hemengo gaugiro eta ordutegiak. Hawaii-en gauez ateratzen garenean, goizaldeko 2tarako denok etxera joaten gara eta hemen berriz, goizaldeko 6-7tan oraindik badago zeozer irekia. Horrez gain, asko gustatu zaidan ohitura eta hara eramango nukeena siesta da.

Ba al dakizu euskaraz hitzik?
Bai, 5. Kaixo, agur, bai, ez eta iepa. Baina joan aurretik gehiago ikastea espero dut.

Matraka: #4; 2004ko azaroaren 8tik 14ra
Lander Arbelaitz

Sofan deseroso

Sofan deseroso

LOR
Durangoko Kafe antzokian emandako kontzertuarekin amaitu dute ia urte eta erdiko bira. Ondo merezitako atsedena hartuko dute orain. Arurretik gurekin hitz egin dute

Hamalau urte zituztela bildu ziren aurreneko aldiz eta abentura moduan hasitakoa benetako proiektu bihurtu da: Lor taldeak diskoa kaleratu du jada eta makina bat kontzertu eman dute Euskal Herri osoan. Taldeko partaide Kimetzekin aritu gara euren iraganaz, orainaz eta geroaz hizketan.

1-Birako azken kontzertua Durangoko Kafe Antzokian eman zenuten abenduaren 5ean. Baina nola joan da bira?
Bira 2003ko ekainean CDa atera genuenean hasi genuen. Hasieran, gaztetxeetan, CD-ak nolako harrera zuen ikusteko, eta nork esango zigun orduan urte eta erdi emango genuela kontzertuak eskainiz.Euskal Herri osoan jotzeko parada izan dugu, baina batik bat Bizkaian jo dugu. Hala ere, kontzerturik jendetsuena Itxasondoko Gazte Topagunekoa izan zen. Esan beharra dago momentu onak eta ez hain onak igaro ditugula. Jende asko ezagutzeaz gain, esperientzia berri ugari bizi izan ditugu.

2-Zer nolako musika jorratzen duzue?
Rock metala pop ukitu melodiko batekin. Baina hau talde ugari ezberdin askok esan dezakete. Nik uste, bakoitzak bere estilo propioa duela. Hasieran, heavyagoak ginen, baina sei urte daramatzagunez elkarrekin jotzen, taldeak eboluzionatu egin duela esan dezakegu.

3-Berrizgo gaztetxeko Maketa saria irabazi izanak ateak ireki dizkizuela esan al daiteke?
Bai, hala da. 2002an irabazi genuen eta maketa bat grabatzeko aukera izan zen saria. Lorentzo Records-era joan ginen eta bost abesti grabatu genituen bertan. Ondoren, diskoetxe ezberdinetara bidali genuen eta Gor-en erantzuna jaso genuen. Maketa berziklatu genuela esan daiteke eta abesti berri batzuekin diskoa osatu.

4-Baliagarriak al dira Maketa leihaketak talde berriak atera daitezen?
Bai, nik hala uste dut behintzat. Horrelako ezer ez balego, talde berriak ateratzea oso zaila litzateke, talde batek ezin baitezake bere kabuz disko bat grabatu, zabaldu, etab. Gu hirutara aurkeztu gara.

5.-Sofa Erosoak kantuaren bideoklipa egin duzue eta laster izango dugu ikusgai. Nola moldatu zarete hau grabatzeko?
Meritorik handiena Ramirorena izan da. Berak egin baitzuen nahasketa guztia. Donostiako Bulean hartu genituen irudiak eta zuzeneko beste batzuekin eginiko nahasketaren emaitza da. Zuzeneko irudiak lagunek grabatu zizkiguten kontzertuetan. Elorrioko gaztetxearen irudiak ere badaude. “Sofa erosoak” kantaren lema, ezin dugula lo hartu da, izan ere jendearen mugimendu eza salatzen du.. Elorrioko gaztetxearen 15.urteurrena zela eta atera genuen abestia.

6.-Bira amaitu duzuen honetan, ze plan duzue etorkizunera begira? Ondo etorriko zaigu atseden txiki bat, aspaldiko partez lokalean sartu eta entseguak egiteko. Ea kantu berriak sortzen ditugun eta beste disko bat ateratzeko gai garen. Momentuz patxadaz hartuko dugu, baina ideia berriak ahaztu gabe.

www.lortukodugu.com

Matraka: #11; 2004ko abenduaren 29tik 2005eko urtarrilaren 5era
Lander Arbelaitz eta Ander Altuna

Teilatuz teilatu

Teilatuz teilatu

ITOIZ
1974an, Indar Trabes izenarekin bildu ziren 16 urteko bost lagun. Horien artean, azkeneraino iraun zuten Juan Carlos Perez eta Jose Garate Foisis. 1978an, lehen diskoa grabatu zuten Xoxoa diskoetxean, Itoiz, eta Durangoko Azokak urteko disko onenaren saria eman zien. Kantuen artean zegoen Lau Teilatu. Kontzertuek sortutako nekeak eta bi partaidek soldaduskara joan beharrak taldea banatzea ekarri zuten: Itoiz izenarekin kontzertu bakarra eman zuten. Handik bi urtera, kantu batzuk grabatzera joan zen Juan Carlos Perez Xoxoara, eta disketxekoek Itoiz izenarekin egitea proposatu zioten. Ezekiel, Euskal Herrian, 1980an gehien saldutakoen artean egon zen, nahiz eta kritikek lagundu ez. Handik bi urtera, taldeko kideak aldatu eta Alkolea atera zuten. 1983an, Jean Mari Ecay gitarristak taldea gogortu eta progresibotasunera eraman zuen Musikaz Blai laugarren diskoan. 1985ean, Espaloian grabatu zuten, Itoizen diskorik salduena. Espainiara ateratzen hasi ziren. Ambulance atera zuten 1987an eta Frantzian jotzen hasi ziren. ...Eremuko Dunen Atzetik Dabil azken lana grabatu zuten Getxon, zuzenekoa, eta taldea banatzea erabaki zuten. Amaitzeko, Frantzian azken bira bat egin zuten.

Matraka: #9; 2004ko abenduaren 15etik 22ra
Lander Arbelaitz

Manu Chao, azkenengo geltokitik

Manu Chao, azkenengo geltokitik

Hiru urte ezer grabatu gabe bazter guztietan kontzertuak ematen igaro ondoren, Manu Chao abeslari ezagunak disko-liburu bat atera du. “Sibérie m’etait contéee” (Siberia kontatu egin zidaten) 132 orriko Chao eta Wozniak karikaturista poloniarraren elkarlan bat izan da. Testuak abeslariarenak dira eta marrazkiak Wozniak-enak. 23 abesti ilun eta tristurari buruzko testuz osatua dago. Ordura arte, idatzitako testuak abestietan letra bezala erabiltzeko idazten zituen; baina gordeta zituen testu batzuk beste zerbaitetarako ere balio zezaketela konturatu zen. Oraingoz, Frantziako liburu dendetan bakarrik dago salgai eta oso osorik frantsesez dago. Abeslariak esan duenez, ez du uste liburua itzuliko duenik, poemek zentzua gal baitezakete.

Matraka: #7; 2004ko azaroaren 29tik abenduaren 5era
Lander Arbelaitz

Beste Bat!

Beste Bat!

Euskal Rock Erradikala

80ko hamarkadan indar handia hartu eta egun oraindik gazteon belarrietan dagoen fenomenoa landu dute Fito Rodriguez eta Miren Jaiok. Urriaren 21etik abenduaren 5a arte Bilboko Rekalde aretoan Euskal Rock Erradikalari buruzko bideoak, hitzaldiak, musikariekin mahai-inguruak, ekitaldiak, kartelak, fanzineak izango ditugu. Duela 2 hamarkada punk-a bezalako fenomeno sozialak egun izan duen eragina aztertzeko aukera paregabea.
(Matraka: #3; 2004ko azaroaren 1tik 7ra)
Lander Arbelaitz

“Hemen dinamikoagoa da gaua”

“Hemen dinamikoagoa da gaua”

Italia hegoaldetik etorri da, baina ez du hotz handirik sentitu Euskal Herriko neguan.

Claudia Di Spiezio Sardo italiarra da; Napolikoa. 21 urte ditu, eta Ekonomia ikasten dihardu. Aurtengo ikasturtea Bilbon egingo du, eta orain arte ikusi duena, behintzat, gustatu zaio. Esperientzia berria bizi du gurean, eta asko ikasten ari den sentsazioa dauka; pozik dago.

Zergatik etorri zara Euskal Herrira?
Bilbo, Almeria eta beste hiriren bat neukalako aukeran, eta niri Bilbon zen gehien gustatzen zitzaidana, besteak baino handi eta politagoa delako.

Ezagutzen al zenuen Euskal Herria etorri aurretik?
Ez, ez nuen ezagutzen.

Noiz arte geratuko zara hemen?
Otsaila arte.

Oraingoz, gustura al zaude?
Bai, oso pozik nago. Oso polita da hau.

Zer da gehien gustatu zaizuna?
Tabernak eta Bilbo hiria. Euskal jendea ere asko gustatzen zait, oso parranderoak zarete.

Eta zer gutxien?
Ikastetxe Nagusiko janaria. Horrez gain, hemen ezagutu dut gurekin (kanpotarrokin) oso itxia den jendea kanpokoak garelako, eta jarrera hori ez zait gustatu.

Zer botatzen duzu faltan zure herrialdetik?
Italiar baten erantzun tipikoa botako dizut: pasta, jajaja.

Zer eramango zenuke zure herrialdera Euskal Herritik?
Hemengo jaigiroa. Han gaugiroa diskotekekin lotzen da beti. Hemen berriz, oso gustuko dut gauaren hasieran Alde Zaharreko tabernetara joatea eta hauek ixtean beste batzuetara joatea. Hemen gaua dinamiko eta luzeagoa da.

Ba al dakizu euskaraz hitzik?
Bai, kaixo eta agur.

Matraka: #7; 2004ko azaroaren 29tik abenduaren 5era
Lander Arbelaitz

Oraindik ere ez gaituzte bakean utzi

Oraindik ere ez gaituzte bakean utzi

HERTZAINAK
Euskal Herriko rock-aren historian letra larriz idatzita geratu den talde honek, 1981 urteko Gabon Zaharrean jo zuen lehen kontzertua Gasteizen. Zenbait jaialditan jotzen hasi ziren eta uda iristearekin batera, Gammak, geroago M-ak taldeko abeslaria izango zenak, taldea utzi zuen, Garik bere lekua hartuz. 1983an, zuzeneko kontzertuak jotzen zituzten bitartean landutako maketa grabatu zuten IZ estudioetan. Bertan, Pakean utzi arte bezalako kantuak aurki zitezkeen. Beraiek arduratu ziren salmentaz, eta kopiak segituan agortu zituzten jarraitzaileek. 1984ko urtarrilan, Egin egunkariaren irakurleek, Arabako rock talderik onena hautatu zuten eta Hertzainaken ospea Arabatik kanpora zabalzen hasi zen. Hertzainak izeneko lehen diskoa arrakastatsua suertatu zen eta 1984 urtean gehien saldu ziren diskoen artean kokatu. 1985eko udan, jaialdi batetik itzultzean, kotxe batek Tito kolpatu zuen eta horren ondorioz, laukote bihurtu zen taldea. Hurrengo urteetan, “Hau dena aldatu nahi nuke” eta “Salda badago” lp-ak kaleratu zituzten, honekin, Euskal Herriko talde garrantzitsuenetariko bat izatera iritsi zirelarik.

80. hamarkadan sortu eta 90.ean desagertu zen talde hau The Clash-en euskal bertsioa bezala hasi ziren, baina beren estilo propioarekin bukatu zuten. Azken urteetan konturatu ziren Euskal Herria txiki geratzen zitzaiela eta estatu mailan oso zail zegoela ezer egitea euskaraz abesten baitzuten.

Hiru maxi-single, hainbat single eta ondorengo Lpak atera zituzten: Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1986), Salda badago (1988), Amets prefabrikatuak (1990), Onenak (1991), Zuzenean (1991) eta Denboraren orratzak (1992). Azken kontzertua Donostian izan zen 1993ko urtarrilaren 24ean eta honen ondoren, taldea banandu egin zen.

Matraka: #7; 2004ko azaroaren 29tik abenduaren 5era
Lander Arbelaitz

“ENAK oraindik badu balioa, ez duela balio zabaldu duten arren”

“ENAK oraindik badu balioa, ez duela balio zabaldu duten arren”

Urtzi Ihitza Sainz bere Bilboko ENA Elkartean aurkitu genuen lagun batekin solasean Maiatzaren 9ko arratsalde triste hartan. Euskal Nortasun Agiria sortu zuen eta zer nolako ibilbidea izan duen eta daraman jakin nahi izan dugu. Harrera beroa egin zigun eta elkar aurkeztu ondoren, mahaiaren alde banatan eseri eta elkarrizketa hasi genuen.

Nolatan bururatu zitzaizun proiektu honetan sartzea?
Hasieran egin nuen kartoizko eredu bat, Euskal Nortasun Agiria izena mantentzen zuena eta 2000 ale banatu nituenean, 2 lagun euskaltzalek proposatu zidaten eredu hobeagotu, eta modernoago bat egitea, elkarte oso bat eratuz. Nik esan nuen zer edo zer sendoa izan behar zuela, zeren aurretik bazeuden 300 ale saldu barik eta horiek 60 000 pezeta ziren. Planteatu zen elkarte ireki bat egitea, euskaltzalea eta nik baietza eman nuen eta hor hasi ginen. 97ko urrian hasi ginen kontaktuan eta 97ko azaroaren 18an egin genuen 4-5 pertsonak lehen batzar formal eta ofiziala.

Aurreproiektua zuk egindakoa zen?
Dokumentuaren asmoa nirea da, baita elkarte bat eta milaka eta milaka zabaltzearen asmoa ere, hala ere, gauza praktikoa egitearen asmoa ez da nirea. 90. urtetan esaten nuen, lan hau HB bezalako batek egin zezakeela eta udal bakoitzean nolabaiteko bulego bat jarri eta hor ere egin. Baina ez zuten nahi, eta KAS-ek beste gauza ezberdin bat atera zuen kanpaina moduan. Urteak aurrera joanda, 95eko maiatzean atera nuen kartoizko eredu hori, ENA izenarekin, eta 2 urte eta erdi beranduago elkartea eratu genuen.

Ba al du beste aurrekaririk?
Esan dudan moduan, kartoiz egindako hori. Beste bat ere bai, 85ean eskuz egindako 2 edo 3 eredu. Hasieran ez ziren ezta plastifikatzen ere eta zeuden eginak zeloz. Honen jarraipen bezala, datorren urtean kartoizkoa eta plastifikatua. EAk gerra garaian atera zuen beste bat, Eusko Izat Agiria. Nik hau gero jakin izan nuen eta hor harreman bat izan zen, Euskal Nortasun Agiria-rekin.

Hori zuk bakarrik zeneukan?
Nik eta beste batek, hau dena 86. urtean, hirugarren bat egiteko asmoa ere bagenuen, baina tartean KASek Herritartasun Agiria atera zuen. Nik kartoizkoa lan egiten nuen aldizkari batean atera nuen, hau da, Urtziadarra euskara hutsezko aldizkarian. 95. urtean jada, nik inprentan ondo egindako kartoizko bat atera nuen eta bi mila inguru banatu.

Nola hasi zen hau?
Elkartea eratu genuen eta 1.en aurkezpen publikoa egin genuen lanean hasi eta urte eta hiru hilabetetara. Ordurako eginak genituen 300 dokumentu eta aurkezpenera 9 komunikabide ezberdin etorri ziren. Bitxikeri bezala esan behar, TeleBilbaok horren berri eman zuela, dokumentua erakutsi zuten, baina modu barregarri batean “un carné vasco” esanez. Hurrengo urtean, 1 999an, 3 000 egin genituen; eta hurrengoan, 2000an, 8 000; eta hurrengo urtean, 2001ean, 17 000 Garzoni esker (barreak); 2002an, ezker abertzaleko Udalbiltzak sortu zuen Nazio Aitorpenerako dokumentua eta 2000 inguru eta 2003an, ez gara ezta 2000ra ere heldu.

Horren azkar zabaltzeko laguntzarik edo izan duzue?
99an edo hasi ginen publikoki esaten, udalei eskatzen geniela dokumentuari ofizialtasuna deklaratzeko eta herritarrak dokumentua egitera bultzatzeko. Tartean izan zen Udalbiltzaren sorrera, eta han ere izan ginen kalean. Jarri ginen harremanetan eta esan beharra dago, kalean egonak garela 200 herritan. Guk argi genuen hasiera-hasieratik herritarren eta instituzioen partaidetza beharrezkoa zela honetarako.

Nola deskribatuko zenuke zuen lana? Zein helburu dituzue?
Ekimen herritarra eta euskaltzale bezala deskribatzen dut gure lana. Elkarte bezala bi helburu ditugu: lehenengo, euskal nortasunaren kontzientzia sakondu; hor sartzen den euskalduntasuna, abertzaletasuna, lurraldetasuna…kontzeptu horiek denak landu eta nortasunari inplikatuz. Hala ere, gu ez gara elkarte abertzale bat, euskaltzalea baizik, eta ekimen euskaltzalea bultzatzen dugu. Gero, argi dago gehienak abertzaleak direla, eta bereizi egin behar dira abertzale eta euskaltzale, Euskal Herrian milaka abertzale baitira erdaldun hutsak. Gure helburuak, euskaraz identifikatzearen beharretik datoz. Bigarren helburua, ENA agiria ahalik eta gehien egin, erabili, erabilarazi eta ofizialtasuna lortzea da.

Esan duzunean zuen helburuetako bat dela ENA erabili eta ofizialtasuna lortzea, horretarako ze bide proposatzen dituzu? Desobedientzia adibidez?
2000 urtean, ofizialtasuna eskatuz, eta eskaera orriak banatzeko eskatuz 680 eskutitz bidali genituen beste horrenbeste udaletara. Orain Udalbiltzakoak egiten ari direna, guk lehendik egina genuen. Beno, 680 eskutitz bidali genituen, eta horrek esan nahi du ikaragarrizko lana. Bermeoko udala izan zen 1.en udala ofizialtasuna ematen, eta garai hartan, Euskal Herritarrok ere alde zegoen. Bigarrena Lekeitio izan zen, gero Alonsotegi, Turtzioz, Aduna, Amoroto, Astigarraga, Sopuerta, Mendexa, Etxalar, Dima, Ea, Ubide Berriz eta Arruazu, hurrenez hurren. Beste 20 udalek, ez dute pleno bat egin baina esan digute praktikan onartzen dutela. Orduan, bidea hasita dagoenez, horrela jarraituko dugu. Tartean etorri zen Udalbiltzaren apurtzea, su-etenaren amaiera… Nire ustez, desobedientzia bideetako bat izan daiteke. Egia esan tratatu genuen, baina soluzioa ez da gutxi batzuk egitea. Konpromisoa beharrezkoa da. Ni pertsonalki desobedientzia zibilaren alde nago, baina ez 3 bakarrik bagara. Nik esan izan dut Batzar Nagusi batean DNIa erretzearena, baina ez zen onartu. 200 pertsona lortuko balira, ondo, baina ez bi.

Zer eragin izan zuen ezker abertzalearen Udalbiltzak zuen lanean?
2001 urtean 17 000 dokumentu egitetik, hurrengo urtean 2000 egitera pasa ginela. Izugarrizko eragin negatiboa gainera. Ez bakarrik ENArentzat, baizik eta milaka eta milaka herritarrentzat ere. Lehengoan irakurri nuen 41 000 dokumentu eginak dituztela, baina ez dagokigu guri haietaz hitz egitea. Gu Udalbiltza sortu zen egun berean, 666 hautetsi batu zirenean orain 5 urte, Iruñako Carlos III zineman ere egon ginen. Udalbiltzak “nortasun nazionala” izeneko batzorde bat zegoela jakin eta hurrengo astean hasi ginen beraiekin harremanetan egoteko gogoz faxak, oharrak, eskutitzak, mezuak…bidaliz, baina urte eta erdi pasa zen beraiekin batzartu arte.

Holako oinarrizko gauza batean ere ez batasunik egotea gizartearen isla dela uste al duzu?
Neurri handi batean bai, baina ez neurri geometriko batean. Batzuk uste zuten gu EAkoak ginela, beste batzuk uste zuten gu EAJkoak ginela, aldi berean, EAJkoek uste zuten gu ezker abertzalekoak ginela. Printzipio honekin eskema guztiak apurtzen dira. Guk dokumentua egiten diogu euskal herritarra den orori.. Orain partidu gehienak bustitzen dira herritartasunaren gai horrekin. EAJ, EA, Aralar, Zutik, Batasuna, baita Ezker Batua bera ere. Horren harira etorri ziren “ENA Egunak”.

Zer da ENA Eguna, eta zenbat ospatu dira?
Festa bat da eta urte bakoitzean gai bat aztertzen da. Denera 4 ospatu dira eta beti ENA ofiziala den udalerritan ospatzen dugu. Lehenengoa Bermeon ospatu zen eta 1000 pertsona bildu ziren. “Euskal herritartasuna” landu genuen partidu politikoak ez zirelako mugitzen gai honekin. Bigarrena, Etxalarren eta 300-400 pertsona bildu ziren. “Herritartasun bikoitza” tratatu genuen. Euskal Herrian bizi diren galegoak, euskaldunak dira eta galegoak aldi berean. Hirugarren eguna Alonsotegin izan zen. Bertan, %6a da euskalduna eta 40 pertsona etorri ziren. Ez genuen diru iturririk, eta “paperik gabekoak eta herritartasuna” gaia landu genuen. Saharaui bat, Kolonbiako beste bat eta beraiekin lan egin zuen abokatu bat izan genituen. Eta laugarrena eta azkena, Arruazun, Herritartasuna eta Europa. Nafarroako Sakanan, herri txikia da. Gainera, herri bakarra da ENA eta EHNA ofizialdu dituena. 55 bat pertsona bildu ginen.

Izan al duzu jazarpenik edo kriminalizaziorik Espainiar Estatuaren aldetik?
Jazarpen batzuk Estatuarenak baino okerragoak dira, baina beno, utz dezagun. 2000ko urriaren 5ean etorri ziren Garzonen 4 “lagun”, AEKren aurka egin zuten egun berean. Nik euskaraz hitz egiten nien eta haiek: “o me hablas en Castellano o te vienes con nosotros a Madrid”, baina ez nengoen beraiekin Madrilera bidaiatzeko prest, eta ez nuen heroiarena egin nahi. Esertzeko esan nien, baina presaka zirela esan zidaten. 2 orduz dena miatzen ibili ziren, ez zuten ezer aurkitu. Aurretik gu zelatatzen ibili ziren, eta bazihoaztenean, gazteleraz zegon paper bat sinatzeko eman zidaten eta euskaraz zegoen bat eskatzen nuela idatzi zutenean sinatu nuen. “Sabemos como te llamas, pero firma” esan zidan batek amaieran. Handik bi egunetara, semearekin oinez nindoala, ondoko kalean auto batean aurreko eguneko 2 poliziak ikusi nituen kaleko arropak jantzita oraindik zelatan. Bestalde, ENArako lanagatik, Asegurantza Sozialetik alta eman genuen lagun pare batek, eta gero jada ez zegoen dirurik eta kontua da, orain 1113 € eskatzen dizkidala Asegurantza Sozialak. Eta ezin zaio ordaindu, zeren kalerako elkarte euskaltzale bat bagara, jende guztiarekin izan behar dugu elkarte euskaltzale bat. Eta gogorra izan arren, pultso hau irabazi egin behar zaio nahiz eta ez daukagun dirurik eta gutxi garen. Eta berdin, udaletxearekin, eta Agentzia Tributariarekin, horiek paper guztia gazteleraz dituzte, eta ez dago inor horiei aurre egiteko. Bakarrik. Hizkuntza Behatokia dago, errekurtsoak bildu eta bidaliz.
Herri honek badaki gauzak eskatzen, gauzak ondo planteatzen, baina gero ez daki behar diren lekuetan bideratzen. Nik 25 urtez amnistia eskatzeagatik ez dut lortuko, abokatuengana jo beharko da, Europara, epaileengana, etab. arlo guztiak jorratuz. Baina kasu hau ezberdina da, nik planteatzen dudan hau ideologia mailako kontua izan daiteke. Ez dagola euskara hutsezko erakunde politikorik da nik planteatzen dudana. Euskararen aldeko aldarrikapenak egiten dira, baina ez dugu gauzetaz behar bezala euskaraz eztabaidatzen. Gutxi garela? Ez gara hain gutxi, ia 800 000 lagun. Ikaragarrizko mugimendu abertzalea daukagula kontutan hartuta, euskararen aldeko mugimendu erraldoia, kontua da ez dakigula hori aprobetxatzen. Eta aprobetxatzen dakitenak momentu honetan legez kanpo daude, Euskal Herritik kanpo hartutako erabaki batzuengatik gainera. Herri bat ezin da egon hainbeste gorabeheraren arabera. Erakunde sendoak sortzearen beharra badator honekin, zeren gure nahia beti izan da elkarte sendo bat egitea. Zeren gainera behin egunkarian, modu interesatu batean, atera zen: “eta gainera, ez dute desobedientzia zibilerako deia egiten”, baina hori ezin da testuingurutik atera. Batzutan aipatu izan dugu kaleak indar handia duela, baina indar hori neurtzen jakin behar dela. Gaur egun, indar handia egon daiteke kalean, eta hurrengo egunean ezer ez. Eta ni ez naiz atzo goizean jaioa. Badira modu zuzenagoak kalean borrokatutako gauzak lortzeko.

Bai, egia da hori, zeren ni denda hontara etorri nintzen arte uste nuen jada ENAk ez zuela baliorik, eta EHNA egin behar zela…Ba balioa badu, guk eman nahi dioguna lehenengo, eta bigarren 55 000 herritarrak bizi dira ofiziala den udalerri horietan. EHko populazioaren %2a bizi den udaletan da ofiziala dokumentua. “Besteena” ez da ofizialagoa. Urtebetez ofizial izan zen udalerri gehiagotan, baina gero ilegalizazioa etorri zen eta orain, teorian bada, baina praktikan ez. Eta gurean antzera, aritu izan direla indarrak ahultzen. Orain atera dira kartzelatik Loren Arkoxa eta hau eta beste, eta Udalbiltza berrosatu eta berrindartuko da, baina ez dira 2 Udalbiltzak elkartuko ETA tartean dagoelako. Nik ez dut ez alde ez aurka hitz egingo, hori beste kontu bat da. Gu egon gara 2 Udalbiltzekin eta EA eta EAJren Udalbiltzak argi esaten du ETA tartean badago ez dagoela ezer egiterik. Eta alde biek dute arrazoi pixka bat. Gatazkan gauden edozein lekuetan 2 aldeek dute arrazoi pixka bat, nahiz eta batzuk agian besteek baino gehiago izan. Baina kontua da, gure lana oso zehatza dela eta guztiei esaten diegu hori. Ibarretxerekin hitz egin nahian gabiltza urte betez, plan bat egin du eta euskal nortasuna juridikoki jasota egotea gauza zuzena da.

Ibarretxe Planak euskal nortasun nazionalaz mintzo denean zer eragin izan dezake ENAgan?
Hori batek daki.

Eta estatu mailan?
Catalunyan ere ari dira autonomi berri batez solasean, eta suposatzen dut beraiek ere nahiko dutela beren nazio aitormena eta guzti hau. Aurretik beste gauza bat esan behar da, guk hasieratik Euskal Nortasun Agiria deitu izan diogula, baina praktikan herritartasuna ari garela lantzen, eta gehiegi ulertzen ez duen jendeak hori oso ondo onartu du. Zer eragin izango duen? Ez dakigu hau noraino iritsiko den, heltzen bada nonbaitera. Baina guri dagokiguna da hau eskaini diogun jendeak hau erabil dezala bestea balitz bezala. Guk lantzen dugun gaiari buruz, ari gara prestatzen hurrengo liburua izango dena, titulua: “euskal herritartasunaren atarian”. Hor jasoko dugu guk urte hauetan landutakoa eta dauden nolabaiteko proposamenak: nazio aitorpena, Ibarretxeren plana, Ezker Batuaren proposamena…

Helburu hau lortuko balitz zuen lana Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko prest zeundekete?
Hori zientzia fikzioa da. Guk berez, Udalbiltza egin zenean, publikoki esan genien, honelako dokumentu bat egiteko asmoa azalduko balute, guk beren esku utziko genukeela gure lana; hori esana eta idatzita dago. Orduan, Batasunako Udalbiltzak hori esan izana aurpegiratu izan digu, “Udalbiltzak hau egitea erabaki du, beraz, utzi zuen lana gure esku”, baina gauzak guztiz aldatuak ziren. 1 800 hautetsi izatetik, 700 izatera paseak ziren. Gu bertan egon ginen bozkatu zen egunean eta askok ez dute jakin zeri eman zioten botoa, bizpahiru kontzejalekin hitz egin nuen gero eta “naziotasunari” eman ziotela eta hau eta ENA gauza bera ez ote zen galdetu zidaten. Askok ez zuten jakin zeri eman zioten botoa Kursalean 2001eko otsailaren 24an. Hauek zer edo zer egiterako 2-3 urte pasa daitezke, eta herri honetan 2-3 urtetan gauzak asko aldatzen dira.
Gu gure alor txiki honetan, eraikuntza nazionala lantzen ari gara.

Amaitzeko, gainontzeko herriekin zer nolako erlazioa izan duzu?
Kantabriakoekin harremanetan jarriak gara eta poliki-poliki ari garen arren, laguntzen ari gara. Catalunyan bada eredu zahar bat, indarrean dagoena eta 70 000 ale banatuak dituenak. Egonak gara hau eramaten duen 92 urteko gizonarekin harremanetan, eta irrikitan geunden ENA Egunera etor zedin, baina adinagatik ezin zuela etorri esan zigun. ENA egin nahi izan zuen baina ez da hemen bizi, ez da hemen jaioa, gurasoak kataluniarrak dira… ba ezin izan genion egin. Hauekin harremanetan gaude. Berez eredu hau egiten laguntzen dugu, eskaera orriak banatzen laguntzen diegu.

Unibertsitaterako lan bat. 2004ko martxoan egina Bilbon

Betagarri, Japoniara zuzen-zuzenean.

Betagarri, Japoniara zuzen-zuzenean.

Zuzeneko diskoa atera berri dute Betagarrikoek eta Japoniara joan dira bigarren aldiz hegazkinez ibiltzea astun egiten zaien arren. Lehengo urtean ere izan ziren eta baita oso gustura itzuli ere. Euren hitzetan “txip-a” aldatzeko ondo dator.

1-Arrazoi bereziren batengatik joan zineten Japoniara?
Euskal Herrira Japoniako talde bat etorri eta haiekin harremana egin genuelako joan ginen hara. Komentatu ziguten ea gurekin jo zezaketen eta pare bat kontzertu egin genituenean elkarrekin, beren managerrarekin harremana sortu zen. Zuzenean ikusi gintuen, gustatu zitzaiola zuzeneko emanaldia eta bazegoela aukerarik Japonian jotzeko. Fermin Muguruza eta Banda Bassotti hara eramaten dituena da eta Betagarri ere linea horretan ikusten zuela esan zigun. Pasa den urtean eraman gintuen eta horrexegatik joan gara aurten ere.

2-Pasa den azaroan joan zineten eta aurtengo azaroan ere berriz han izan zarete.
Bai, hala da.Gutxi gora behera tour bat sortu genuen eta horrek aukera sortu zigun berriz ere hara joateko. Leku batera joaten zarenean harremana egiten duzu bai taldeekin, bai managerrekin eta badakigu ze baldintzapean joko dugun, ze salak aurkituko ditugun… Oso baldintza oneko salak daude jotzeko eta soinuaren aldetik dena askoz garatuagoa. Badakigu nora goazen eta zer aurkituko dugun.

3-Nolako harrera izan zenuten Japonian euskaraz kantatzeagatik?
Jendeak ez dio hizkuntzari erreparatzen, doinuari baizik. Haientzat lehen aldia da euskara entzuten dutela eta agian gazteleraren antza hartzen diote. Beraiek kontzertuetara ongi pasatzera joaten dira eta hizkuntza bost axola zaie. Behin azalduz gero, interesa ager dezake norbaitek, baina kontzertu batean daudenean, ez.

4-Anekdota berezirik gertatu zaizue?
Japonia bere osotasunean anekdota bat da. Adibidez, Japoniako DJ bati euskal abestiak erakutsi genizkion. Euskal talde bezala ezagutzen gaituzte Euskal Herrian, Espainiar Estatuan, Herrialde Katalanetan eta Europan. Baina Japonian ez dute basque terminoa ezagutzen eta kontutan hartzen duten gauza bakarra europarrak garelakoa da. Herriak kokatzea ere kostatzen zaie. Gu saiatzen gara Euskal Herria “between Spain and France” dagoen herrixka txiki bat dela esaten, baina beraiei berdin zaie. Anekdotatxo moduan, lehen kontzertukoa. Ska festibal batean jo genuen Japoniako banda haundiekin eta kontzertu amaieran hango ohituretako bat, taldeei nota jartzekoa da, gero taldekoiei emateko. Guk jaso genituen notak izan ziren: “Spain is the best”, “Spain is different”, “Viva España” eta holakoak. Hurrengoan ez dakigu zer egin beharko dugun, agian ikurrina jarri eta haiek Espainiako bandera dela pentsatzen dute. Europan euskarak ezberdintzen gaitu, baina Japonian ez.

5-Metak diskoetxeak Diwphanlax diskoetxe japoniarrarekin “Arnasa Hartu” zuen azken lana Japonian kaleratzeko akordioa sinatu berri du. Zuen karrerarako pausu handi bat da Japonia bezalako leku baten diskoak saltzea ezta?
Ba bai, diskak saltzea bezain handia, hara joatea. Duela urte pare bat ez genukeen sinistuko. Eman ditugun pausu txiki guztiek ekarri dute pausu handi hau eman ahal izatea. Diska bat dago banatua Suitzan eta agia n laster Alemanian ere bai. Orain Japonia bezalako leku batean ere banatzea guretzat aberasgarri eta onuragarria dela uste dut.

6-Zer moduz moldatu zarete han jendearekin komunikatzeko?
Egia esan behar badut, zail, zeren han jendeak ingelesez gutxi daki. Sarritan gu soilik moldatzen ginen, baina batzuetan japoniarrez eta gazteleraz zekien itzultzaile baten beharra izan dugu. Gure kontaktua argentino-japoniar bat zen, guk gazteleraz hitz egiten genion eta hark itzuli egiten zuen. Ingelesez badakite, baina ez guk pentsatzen genuen adina.

7-Nola ikusten duzue Euskal Herria Japoniako esperientzia ondoren?
Norbaiti entzuna diot zenbat eta mundu gehiago ezagutu, orduan eta txikiagoa ikusten dela Euskal Herria, bertan sartuta bageunde bezala, inguruari erreparatu gabe. Baina nik uste, geroz eta gehiago atera, orduan eta gehiago maitatzen duzula herrialde hau. Nahiz eta puntutxo bat izan Munduko mapan, esperientzia guzti hauek ezagutu eta gero, gero eta argiago ikusten dut herri honi bere nahiak betetzen utzi behar zaiola. Euskal Herria oso txiki ikusten da, baina zenbat eta herrialde eta kultura gehiago ezagutu, konturatzen zara Mundua ez dela hain handia. Batzuei lelokeria bat irudituko zaie, baina gauza asko daukat antzeko japoniar eta euskal kulturak. Mundua bat da, kultura asko daude elkarrekin eta biztanlerien nahiak errespetatu egin behar dira. Herri handi eta txikiek elkarrekin bizi behar dute.

8-Japoniako bira alde batera utzi eta zuzeneko lana hizpide hartuz, askotan, taldearen amaieraren seinale izaten da. Betagarriren amaieraren aurrean gaude?
Zuzeneko lana, etapa baten amaiera da. 10 urte pasa dira lehen maketa atera genuenetik eta ez dugu eszena utzi nahi, oraindik ez behintzat. Honek eman digu eta emango digu aurrera jarraitzeko indarra. Guretzat disko berri hau berriz jaiotzea bezala izan da. Gure ustez zuzeneko disko honek indarra emango digu aurrera jarraitzeko, haizea emango digu.

9-Non grabatu duzue zuzeneko disko hau?
Obrint Pas taldearekin “Encenguem la flama dels pobles; piztu dezagun herrien garra” lemapean egin genuen bira batean. 4 kontzertu nagusitan grabatu genuen. Bartzelonako Apolo Aretoan; La Mironan, Salt-en, Gironan; Bilboko Kafe Antzokian eta Gasteizeko Azkenean. Baina azkenean, DVDa grabatzeko irudiak La Mironako kontzertua aukeratu genuen eta soinua azken finean ere bai. Beraz, hau izan zen, batez ere, kontzerturik garrantzitsuena.

10-Duela askotik zenuten pentsatua zuzeneko lan hau ateratzea?
Ba bai. Duela urte bete, “Arnasa Hartu” ostean, gure ustez taldea heldutasun batera iritsi zen eta bazen garaia zuzeneko bat ateratzeko. Japonian gure 500.en kontzertua joko dugu.

11-Kantuak zuen webgunean botoak emanda aukeratu dituzte entzuleek. Gustura zaudete aukeraketarekin?
Ba bai. Konturatu gara entzuleak guk nahi genuen kantuetan erreparatu direla. Ikusi dugu nola egin duten aukeraketa eta hori kontutan hartuz egin dugu aukeraketa.

12-Herrialde Katalanetan jotzeko ohitura handia duzue. Nolako harrera duzue han?
Orain arteko harrera, egia esan, itzela da eta gero eta indar handiagoa dugu han. Euskal Herrian fama hartzen joan ginenean, ugari jotzen genuen; baina gaur egun, HHKK aldean hemen adina jotzen dugu. Publikoaren harrera izugarria da. Eurak katalanak izanik, kontzertu askotan, badakizkite euskarazko abestiak Gu oso pozik gaude. DVDan zaleen grina ikus daiteke eta euskal publikoarekin batera, eurek izango dute guk jotzen jarraitzeko hitza.

13-Zer dela eta erabaki duzue berrargitaratzea zuen lehen bi Cdak Metak-ekin?Diskoen eskubideen afera bat izan da. Mil a Gritos etxearekin grabatu genituen gure lehen bi diskoak eta hemendik eskerrik handienak bidaltzen dizkiegu hasiera batean aukera hori eman zigutelako. Orain, gure lan guztiak diskoetxe batean egotea nahi genuen eta handik ateratzea proposatu genienean onartu egin zuten. Gure ustez hobeto daude disko guztiak diskoetxe batean, bitan banaturik baino, lan egiteko askoz ere errazagoa da horrela.

14-Galdetu ez dizudan zerbait esan nahi zenuke?
Ba ez, besterik gabe. Ea diskoa ongi saltzen den eta ea publikoak betiko moduan jarraitzen duen. Publikoari esan nahi nieke beraiengatik gaudela hemen eta eskerrak ematen dizkiegu horrengatik.

Matraka: #9; 2004ko abenduaren 15etik 22ra
Lander Arbelaitz

"Budweiser zerbezaren falta dut"

"Budweiser zerbezaren falta dut"

Hiri handiago batera joateak ikasketetan traba egingo ziola eta, Bilbora etorri da.

Patrick Byrne Chicagokoa da (AEB) izatez. Orain, baina, Bilbo du bizileku, eta gustura dago gurean; oraingoz behintzat. 22 urterekin ozeanoa zeharkatu du, ikasketak egiten jarraitzeko eta esperientzia berri bat bizitzeko.

Zergatik etorri zara Euskal Herrira?
Bilbora etorri naiz txikia delako eta nire ikasketetarako hobea delako adibidez Madril baino.

Noiz arte geratuko zara hemen?
Abenduaren 20a arte

Oraingoz, gustura al zaude?
Bai, oso gustora nago. Oso gustuko dut Euskal Herria.

Zer da gehien gustatu zaizuna?
Festa handiak ditut gustuko. Siesta ere gustuko dut. Hemengo jendea ere asko gustatzen zait, irekia iruditzen zait. Bai, jende jatorra dago hemen.

Eta zer gutxien?
Zerbaitez kexatzekotan, eguraldiaz kexatuko nintzateke

Zer botatzen duzu faltan zure herrialdetik?
Familia, lagunak, hanburgesak eta Budweiser garagardoa.

Zer eramango zenuke zure herrialdera Euskal Herritik?
Hemengo futbola. Hemengoan askoz ere maila altuagoa dago han jokatzen dena baino. Hemen izar handiek jokatzen dute eta han berriz ia erretiratu direnek.

Ba al dakizu euskaraz hitzik?
Bai, lehendakari (ahoskera amerikar batez esana) eta gudari (ondoko paretean dagoen pintada batetik irakurri du momentuan).

Matraka: #6; 2004ko azaroaren 22tik 28ra
Lander Arbelaitz

Ez da bidea

Bai, gure hizkuntzari buruz hitz egitera datorren beste bat naiz, baina nire idatziaren helburua ez da euskararen egoera salatzea (hori denok oso argi dugula zein den iruditzen baitzait), baizik eta hau ahalbidetzen duen jendearen utzikeria salatzea eta badakit sentsibilitate bereziko gaia dela, baina amorratu egiten nau.
Planteatzen dudan galdera hauxe da: zer gertatzen zaigu? Zer demontre egin nahi dugu “nire ama hizkuntza maitatu eta defendatuko dut” bezalako hitzekin, hori esan duenak gero ez badu erabiltzen bere lagunekin zer bazkalduko duten eztabaidatzeko orduan? Argi dagoena da hori ez dela bidea.
Lehengo egunean Leioako unibertsitatean Euskal Eskola Nazionala eskatzen zuen Ikasle Abertzaleak taldeak deitutako paroak. Bertan “euskaraz ikasi, Euskal Herria ikasi” bezalako oihuak entzun ahal izan genituen, baina zoritxarrez, zenbait manifestari elkarrekin gaztelaniaz hizketan ere iritsi zen nire belarrietara. Ez dut uste bakarra izan nintzenik horrek harritu zuena. Eta txarrena ez zen kontraesaneko egoera hortan, euskara eskatu eta euskara baztertzen zuten horiek entzun izana, baizik hizkuntza arrotz hortan hitz egiten zutenen kopurua ez zela ez bat eta ez bi. Nahi genuen ikasketa euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzen genuen bertan bildu ginenok besteak beste. Baina nire ustez ez da nahikoa Montero jaunari aurpegiratzea karrera guztiak euskaraz izan nahi ditugula gero eskaria egin duenak ez badu hizkuntza salbatzeko funtsezkoena dena egiten: hitz egin.
Hala ere, Leioan gertatua mila adibideen arteko bat soilik da, zoritxarrez. Basterretxeak Aurkari Ikusezina liburuan ongi esaten duen bezala, “gazteak euskara maite du baina gero ez du erabiltzen”. Badakit hitz gogorra dela, baina horrelako jendea arduragabe baino faltsua dela iruditzen zait, zeren gero kontzientzia lasai-lasai dutela joango dira euskaraz bizi nahi dutela garrasika, baina berriro ere, ez da bidea.
Amaitzeko, hori aldatzeko, euskal herritarrengan iraultza ideologiko bat edo nolabaiteko kontzientziazio prozesu bat gertatu ezean, egoerak bere horretan jarraituko duelakoan nago eta honela ez goaz inora, eta azken aldiz, ez da bidea.
(Berria egunkarian 2003ko abenduaren 7an argitaratua, zuzendariari sailean)
Lander Arbelaitz

Negu Gorriak, liburua interneten

Negu Gorriak, liburua interneten

1995ean Negu Gorriak taldeak, Ideia Zabaldu diskoa argitaratu odoren, bira bat egin zuen Europan barrena. Garbiñe Ubedak Ideia Zabaldu Tour 95 liburuan idatzi zituen biraren nondik norakoak. Ia 10 urte igaro direnean, Susa argitaletxeak interneten jarri du liburu osoa irakurtzeko moduan. Hona helbidea: Susa argitaletxea
(Matraka: #1; 2004ko urriaren 18tik 24ra)
Lander Arbelaitz

Rammstein. Reise, Reise

Rammstein. Reise, Reise

Alemaniako mugak gaindituta datorzkigu Rammstein-ekoak, beti bezala, beren hizkuntzan kantari. Hainbat musika estilo nahasi dituzte, horien artean, technoa, musika klasikoa eta rock gogorra. Nahiz eta berrikuntza ugari sartu dituzten, beren estilo nahastezinez zipriztindutako lana da. Alemaniako taldeak estudioak grabatzen duen laugarren lana dugu ‘Reise, Reise’, Malagako “El Cortijo Studio”n hain zuzen ere. 2 formatu ezberdinetan jarri dute 11 kantuko lana salgai: digipack-en edizio limitatu batean eta jewelcase edizio normalean. “Mein Teil” single-a izan zen lehena kaleratzen eta ondoren “Amerika” etorri zen, biek ala biek, arrakasta itzela izan dutelarik. Oso disko landu eta osoa dugu ‘Reise, Reise’; musikaren industrian serioago hartua izatea merezi duen horietakoa. Behin baino gehiagotan entzuteko “lana” hartu behar da ‘Reise, Reise’ benetan baloratzeko, baina behin ondo entzuna edukitzean, asko gustatzen den horietakoa dugu. Agian, Mutter-ekin batera, atera duten onena da nahiz eta besteak baino ukitu komertzialagoa duen. Ezin aipatu gabe utzi, Europan disko salduena izatera iritsi dela. Biran Euskal Herrian ikusteko aukera ere izango dugu irailaren 12an Donostiako Anoeta belodromoan, hala eta guztiz ere, aldez aurretik esan, sarrera guztiak urriaren erdialdetik agortuta daudela.
(Matraka: #2; 2004ko urriaren 25etik 31ra)
Lander Arbelaitz

www.310 project.com : Proiektu bat baino gehiago

www.310 project.com : Proiektu bat baino gehiago

20 eta 23 urte arteko Zarautzeko koadrila honek ikusmina sortu du azken aldian. Hasiera batean web orri pertsonal bat zena, gaur egun, argazki eta bideo txundigarriz horniturik surf, skate, BMX eta snowboard zaleentzat bisitatu beharreko beste bat izatera pasa da. 2001 urtean Manex Aranburuk berak ateratako argazkien inguruan sortu zuen, afizio gisa. Koadrilako beste kide batek kamara bat erosi eta jendeari bideoak ikusteko aukera gehitu ziotenean hasi zen eboluzionatu eta indarra hartzen. Jada ez zen web orri pertsonal bat, jende gehiagok hartzen zuen parte.

Herri mailan jendea hasia da koadrila honetako kideak ezagutzen, baita inguruko herrietako jendea ere, herriz-herri ibiltzen baitira kirolarekin zerikusia duten bideoak grabatzen. Web orrian ikus daitezkeen zenbait bideok kirolarekin zerikusi zuzena ez izan arren, momentuan bururatutakoak izaten dira, hau da, ez dira horren bila joaten, baina askotan emaitza espektakularrak lortzen dituzte.

Jendeari gehien gustatu zaionetako bat horietakoa da, Zarautzeko portuan grabatua. Surfean aritzeko uretara sartu nahi zuten koadrilako kide batzuk, baina itsasoa handiegia zenez, olatu erraldoiak portuaren aurka talka egiten zutenean itsasora jauzi ikusgarriak egitea bururatu zitzaien. Oso harrera ona izan duen beste bat, eurek “sandboard” bezala izendatzen dutena izan da. Moto bati loturik snowboard-eko taula batekin mendixka batean saltoak egitean datza.

Orain snowboard denboraldia datorrenez, etorkizunean egingo dituzten bideoak batez ere elurrarekin zerikusia izango dute. Horrez gain, hainbat bideotan ikusgai dagoen ranpari akople handiago bat egin diote oraindik salto handiagoak egiteko.

Zaurituak sarritan izaten dituzte. Adibidez, kide batek skate-arekin aldapa bat jeisten ari zela, eskua hautsi zuen; aurreko batean beste eskua hautsi zuen pertsona berak. Beste bat bizikletarekin zebilela, koadroa hautsi eta hortz batzuk hausteaz gain, aurpegian 8 puntu eman zizkioten. Ibiltzen denari gertatzen zaizkio holako gauzak.
(Matraka: #2; 2004ko urriaren 25etik 31ra)
Lander Arbelaitz

Fermin Muguruza. Dvd Berria

Fermin Muguruza. Dvd Berria

Argitaratu gabeak eta abar

Azaroaren 25ean argitaratuko du Fermin Muguruzak “99 – 04” DVD + CD-a. DVDan zuzeneko zenbait kontzerturen irudiak, erreportaiak, bideo-klipak, beraien making off-ak eta askoz gehiago aurkitu ahal izango dugu. Horrez gain, CDan, orain arteko diskoetan aurki ez daitezkeen 18 kantu, horien artean, bertsioak, erremixak, beste taldeei eskeinitako kantuak, soinu bandetarako eginikoak… Bere web orrian azaltzen denez, oraindik materiala biltzen ari da eta norbaitek zer edo zer interesgarria izanez gero berari bidaltzeko eskatzen du. Informazio gehiago ondorengo helbidean: www.muguruzafm.com
(Matraka: #3; 2004ko azaroaren 1tik 7ra)
Lander Arbelaitz

Pikurock, Gazte jaialdia Irurtzunen

Aurreko urteetako arrakasta ikusita, 3.en urtez jarraian, Irurtzungo gazteek Pikurock gazte jaialdia antolatu dute bertako polikiroldegian. Urriak 30ean izango da gaueko 21:00tatik aurrera. Aurten 7 talde ariko dira: Fjord, Kuraia, S.A., Skunk, Trikizio, Zorabiok eta Batukada. Sarrerak jada salgai jarri dituzte eta 10 € balio du bakoitzak aurretik erosiz gero, bertan erosita berriz, 12 €.

Euskararen alde lan egiten duten taldeetako partaideak dira antolatzaileak eta hauen hitzetan “txoznagiroa” izango da nagusi. Horrez gain, bideo proiekzio eta bokadilo salmentaz aparte, lehengo urtean baino leku gehiago ere izango da. Aurreko urtean, Berri Txarrak, Reincidentes eta Gatibu aritu ziren jaialdi honetan eta antolatzaileen hitzetan, “esperientzia positiboa izan zelako jarraitzen dugu aurten ere jaialdiarekin”.

Sarrerak ondoko lekuetan jarri dituzte salgai: Irurtzunen Pikuxar Euskal Txokoan eta Martxuetan; Iruñan Xalem, Xalbador eta Planet Rock-en; Donostian Bilintx megadendan; Gasteizen Arriagan; Altsasun Lurrazpin; Etxarri Aranatzen Lekuonan eta Leitzan Gaztañaga Tabernan.

Lehengo urteko garraioaren arazoa konpontzeko, autobusak ere jarri dituzte bai Iruña, bai Leitza eta bai Sakanatik joan eta etorri egin ahal izateko. Bidai txartelak Iruñeko eta Leitzako sarrera salmenta puntuetan jarri dituzte salgai.
(Matraka: #2; 2004ko urriaren 25etik 31ra)
Lander Arbelaitz

Mano Negra

Mano Negra

1986an, Parisen jaioak ziren Manuel Chao eta Santiago Cassariego-k talde bat eratzea erabaki zuten eta talderako partaideak bilatzen hasi ziren Pariseko auzogune pobreenetan. Auzogune hauek Argelia, Senegal eta Marrakex bezalako herrialdeetako jedearen emigrazio masiboa jasan zuten eta aurkitu zituzten gehienak jatorriz Afrikarrak ziren Frantziarrak ziren. Mano Negra izena, Andaluzian eraso terroristak egin zituen Yugoslavia ohiko talde extremista batetik hartu zuten.
Lehen Hit-a gazteleraz kantaturiko Mala Vida izan zen. Pixkana-pixkana, irratietan indarra hartzen joan zen, eta honek, Virgin transnazionalarekin kontratua sinatzera eraman zituen. Erabaki honek hautsak harrotu zituen, baina euren erantzuna barruan baino, kanpoan arrakasta izateko askoz aukera gehiago zituztela izan zen, eta horretarako bide bakarra transnazional batekin akordio batera iristea zela.
1988an Patchanka euren lehen lana kaleratu zuten. Hurrengo urtean, kritikek eta salmenta zerrendek diotenez, euren historiako diskorik onena grabatu zuten: Puta’s Fever (Prostituten Sukarra). Album honetan, King Kong Five eta Pas assez de toi bezalako kantuak aurki ditzakegu. Album honetan estilo askoren nahastea aurki dezakegu, hip hop-a, rock-a eta ska, batzuk aipatzearren. Lan honekin, Europako panorama musikalean indarra hartu zuten eta lan hau aurkezten munduari bira eman ziotela esan daiteke.
Hurrengo urteetan, King of Bongo (1991), Amerika Perdida (1991), In The Hell of Patchinko (1992 zuzenekoa, Japonian) eta Bande Originale du Livre (1994) lanak kaleratu zituzten, baina euren estilotik urruntzen ari zirela konturatu ziren. Horrez gain, taldekideen artean liskarrak ere sortu ziren eta batzuk taldea utzi zuten. 1994an estilo latinoamerikarreko Casa Babylon diskoa kaleratu zuten, kritikoen iritzien arabera, diskorik landuena. 1995ean, taldekide-ohiekin arazo legaletansartu ziren eta Manu Chaok Radio Bemba Sound System proiektua sortzea erabaki zuen Mano Negra-ko partaide batzuekin. 1995ean, arazo ideologiko eta ekonomikoek Mano Negra-ren amaiera ekarri zuten. 1998an euren kantarik onenekin “The Best of” CDa kaleratu zuten.
(Matraka: #4; 2004ko azaroaren 8tik 14ra)
Lander Arbelaitz

Rammstein kaxa beltza

Rammstein kaxa beltza

Rammstein-ek kaleratu berri duen Reise, Reise diskoan inork gutxik dakien sekretua topatu dugu ustekabean MATRAKAn. CD originalarekin soilik entzun daiteke ordenagailua ez den edonon. Reise, Reise kantua hastean, atzeratu -00:36 jartzen duen arte eta hegazkin batek istripua izan aurreko azken uneak entzuten dira. Soinua ez da oso garbia. Pilotu bat garrasika entzun daiteke eta ondoren hegazkineko soinu arraro batzuk. Jarraian, hegazkinaren istripuko golpea entzuten da eta hortik aurrera, makina hautsi soinua. Kaxa beltz bat. CDa irekitzean barnean istripua izan duen hegazkin baten argazkia ageri da. Interneten darabilen zurrumurruetako bat, hegazkinean alemaniako taldekoen lagun bat zihoala eta oso adi entzunda “Aeromexiko” diola, baina zurrumurruak besterik ez dira. Kaxa beltz honetatik, oraingoz atera dezakegun ondorio garbi bakarra, Rammstein-ekoei sekretuak asko gustatzen zaizkiela da; baina beste zerbait deskubritzen badugu, jakinaren gainean jarriko zaituztegu hurrengo MATRAKAren aleetan.
(Matraka: #5; 2004ko azaroaren 15etik 21era)
Lander Arbelaitz